Amiantoaren biktimentzako funtsa eratzea onartu du Kongresuak
Maitane Ipiñazar (EAJ), Eva Blanco (EH Bildu) eta Gloria Sanchez (PSE) euskal legebiltzarkideek defendatu eta azaldu zuten, Madrilen, lege egitasmoaren edukia eta espiritua, eta ezkerreko zenbait talde politikoren aitortza eta eskertza jaso zuten Legebiltzarrean «egindako lanarengatik». Horiek horrela, amiantoak minbizia eragindako beharginentzat eta behargin izan ez direnentzat ere konpentsazio funts bat sortzeko bidea hartu du Kongresuak, eta hura kudeatzeko organismo bat ere bai, arautegi zehatz batekin. Baina tramiterako onartu den lege egitasmoan zenbait zuzenketa iragarri dituzte alderdi batzuek, PPk esaterako, funts hori elikatzeko moduan aurreikusten baita lokarririk gogorrena aurrerantzean.
Izan ere, Eusko Legebiltzarraren idatziak jasotzen du, estatuaren ekarpenez harago, enpresek ere beren alea jarri beharko dutela funts hori elikatzeko, eta zenbait hizlarik iradoki dute lokarri hori legea tramitatzean askatu beharko dela. Baina, atzo, Iñigo Barandiaran diputatu jeltzaleak azpimarratu zuen lege proiektua onartzea zela «garrantzitsuena», eta «aurrerago» eztabaidatuko dela «funtsa nola elikatu». Amiantoak sortu dituen biktimen auzia «justizia sozialaren kontua» dela gaineratu zuen, eta eskerrak eman zizkien Madrilgo Kongresuan zeuden Asviamieko kideei, «egindako lan handiarengatik». Gogoratu zuen Belgikak, Herbehereek eta Frantziak pareko konpentsazio funts ereduak garatu dituztela, eta Espainian ere garatuko dela bat, eta hori dela oinarrizkoa orain, konpentsazio batekin aitorturik egon daitezen «biktima guztiak, amiantoarekin lan egin zuten enpresetako beharginak eta beste hainbat; beren bikotekideak, adibidez».
Arropa garbitzen zutenak
Oskar Matute EH Bilduko koalizioko ordezkariak Asviamie amiantoaren Euskadiko biktimen elkarteari eskaini zion hitz egiteko bere denbora, elkartearen gutun bat irakurriz. Funtsa eratzeak esan nahi du «amaiezinak diren prozesu judizialak» saihestuko direla, hein handi batean; Asviamiek esplikatu zuen, gutun horretan, «ateak ireki» zaizkiela biktima askori aitortza jasotzeko, «ez bakarrik enpresa handietan aritutako biktimei». Lan kontratuz jardundako behargin horien lan arropak, amiantoz zipriztindurik, «beren emazteek, amek eta alabek» garbitu zituztelako.
Dena den, Asviamiek, ezeren aurretik, nahi du 2017an gertatutakoa «berriro ez gertatzea»; Kongresuak antzeko proposamen bat tramitatzea onartu zuen, aurretik Eusko Legebiltzarrean onartua izan zena, baina bertan behera geratu zen, 2019ko apirilean hauteskundeetara deitu eta gero. Gutxienez beste bi alditan ere eten dute tramitazioa, epe eta forma arazoak argudiatuta.
PSEko Maria Guijarro bizkaitarra harro azaldu zen Eusko Legebiltzarrean lortutako akordioarekin, eta gogoratu zuen Patxi Lopez lehendakari zen garaian hasi zuela bere bidea ganberan. Vox taldeari «biktimentzako errespetua» eskatu zion, eta 2001etik amiantoa Espainian debekatua dagoen arren «oraindik aitortzarik gabeko biktima ugari» daudela esan zuen; «horietako asko, lan kontraturik gabe aritu ziren emakumeak».
Adituek diote 125 milioi pertsona daudela munduan amiantoaren arriskupean. 88.000 hil dira hark eragindako minbiziarekin Europan, agiri mediku batek horrela esana. 1999tik 2018ra bitartean, 825 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian; 2019an, 30 langile hil ziren, baina biktimen elkarteak ohartarazi du kasuen %10 baizik ez direla horiek.
Konpentsazio funtsa eratzeko lege egitasmoa tramitatzean ez dira faltako oztopoak, ordea, eta handiena izan daiteke enpresek funtsa elikatzeko izan dezaketen derrigorrezko ekarpena. Asviamieren arabera, «ez da zalantzarik enpresen erantzukizun bat badela amiantoak eragindako minbizien epidemian». Enpresa askok urratu zuten legea, baina elkarteak uste du «estatuak ere» baduela erantzukizuna, hamarkadetan gertatutakoan «modu pasiboan» jokatu zuelako.
Aernnovako langileek kaleratzeak indargabetzeko itxaropena dute
Epaiketa atzo goizean egin zen, Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian. Juan Carlos Benito Butronek idatziko du ebazpena, baina erabakia lan arloko salako hiru epaileen artean hartuko dute. Dokumentazio bolumen handia ikusita, litekeena da hilabete inguru behar izatea ebazteko. Erregulazioak 82 lanpostu desagertzea eragin du —55 kaleratze zuzenak dira, eta beste 27ak, kaleratze ordainduak eta erretiro aurreratuak—, eta, abokatuen ustez, hura indargabetzeko nahikoa arrazoi badago. Hala balitz, enpresak berriz ere kontratatu beharko lituzke hala nahiko luketen langileak.
Dokumentazio horren zati handi bat atzo aurkeztu zuen Aernnovak Berantevillan (Araba) duen plantako zuzendaritzak. Sindikatuek aurrez eskatuak zituzten agiriak ziren, eta hor fede txarra ikusi dute. Agiri horietan, besteak beste, Aernnova Aeroestructuras Alava eta Aernnova Aerospace talde osoaren arteko harremana argitzea espero dute. Taldea da plantaren jabea, eta era berean bezero bakarra, gero hark banatzen baititu ekoitzitako gaiak. Sindikatuen ustez, argi gelditu da Berantevillako plantak ez duela erabakitze ahalmenik, eta horren aurrean talde osoak duela erantzukizun solidarioa;ondorioz, talde osoaren informazioa beharko litzakeela uste dute.
Abokatuek, halaber, auzitan jarri zuten enpresaren txosten teknikoaren inpartzialtasuna, Aernnovak ez baitzuen aurkeztu egilearekin izandako harremana: kontratua, eskakizunak… Teknikoak berak aitortu zuen agiri horiek badirela. Abokatuen ustez, ez dago kaleratzeak egiteko arrazoirik, baina azken alegatuan hipotesi hori kontuan hartu zuten, eta «egongo balira» COVID-19ak eragindako krisiarekin «lotura zuzena» luketela esan zuten; horrenbestez, aldi baterakoak direla. Izan ere, Aernnovak aurreikuspen onak zituen, eta haren txosten teknikoak dio 2020koa krisi «koiunturala» dela. Espainiako Gobernuak dekretu bidez debekatu zuen kaleratzeak egitea pandemiarekin harreman zuzena duten arrazoiengatik.
Enpresaren defentsak aurkakoa esan zuen: agiriak eta txostenak legeak eskatzen duena direla, hegazkingintzaren krisia estrukturala dela, eta pandemiaren eraginaz harago doala. Bere garaian aurreratu zuenez, 2024ra arte ezingo da itzuli krisi aurreko ekoizpen mailara.
Aernnovako langileek greba egin zuten atzo, eta asko epaitegiaren aurrean bildu ziren. Tubacexekoak eta ITP Castingekoak batu zitzaizkien. Bi horietan kaleratzeak egon dira, eta ITPkoek hilaren 27an dute epaiketa. Juan Carlos Gomez Aernnovako batzordeko presidenteak babesa eskertu zuen, eta berretsi zuen kaleratzeak ez direla beharrezkoak: «Aldi baterako erregulazioa 11 egunez luzatu izan balute, 55 kaleratzeak eragotzi ahal izango ziren. Enpresak ez zuen negoziatu nahi izan».
Milaka langile kaleratzeko asmoa iragarri du BBVAk
Milaka langile kaleratzeko asmoa iragarri du BBVAk. Sindikatuak bilera batera deitu ditu, lan-erregulazio espedientearen baldintzak negoziatzen hasteko.
Kongresuak babestu egin du amiantoaren biktimei kalte-ordaina emateko funtsa…
Espainiako Kongresuko alderdi guztiek, Voxek izan ezik, babesa eman diote amiantoaren biktimei kalte-ordaina emateko estatu mailako funtsa sortzeari.
Sanchezek Susperraldi Planaren inbertsioak iragarri ditu
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak 20 inbertsio aurreikusten dituela datozen 3 urteetarako
Hegazkingintza, auzitara
ZER EPAITUKO DUTE?
Erregulazioari hiru helegite jarri zizkieten sindikatuek: ELAk eta USOk bana Berantevillako plantako zuzendaritzari, eta langile batzorde osoak Aernnova taldeari. ELAren helegitea martxoaren 16an zen epaitzekoa, baina abokatu batek joaterik izan ez zuenez, gaur arte atzeratu zuten, batzorde osoaren epaiketarekin bat egiteko. Egoera ikusita, hirurak bateratzea erabaki du epaitegiko agintaritzak. Juan Carlos Benito Butron izango da epailea. Hasieran, Garbiñe Biurrun zegoen izendatua langile batzordearen epaiketarako.
ZER DIO ALDE BAKOITZAK?
Sindikatuek kaleratzeak indargabetzea nahi dute. Bi dira argudioak: pandemia garaian eginiko kaleratzeak direla; eta hegazkingintzaren krisia koiunturala denez, ez direla beharrezkoak. Alegia, aldi baterako neurriekin aski dela. Iruzurra ere egozten diote enpresari: Aernnova taldea da Berantevillako plantaren bezero bakarra, eta eskaeren arabera fakturazio datuak baldintza ditzakeela diote sindikatuek. Enpresak, berriz, esaten du bere fakturazioa %37 jaitsi zela iaz eta 2024ra arte ez dela itzuliko aurreko erritmora.
ZER EBATZ DAITEKE?
Epaiketa gaur izango da, baina ebazpena hilabete barru irtengo da. Hiru aukera daude: kaleratzeak legezkotzat jotzea, bidegabekotzat, eta kaleratzeak indargabetzea. Sindikatuek azken hori nahi dute, enpresa langile guztiak berriz hartzera behartzeko. Beste biek ez lukete eraginik izango. Kaleratze bidegabe izendatuko balituzte, kaleratzeen kalte ordainen zenbatekoan bakarrik izango luke eragina, eta dagoeneko badira kaleratze bidegabeen adinakoak. Ebazpena edozein izanda ere, helegiteak egongo dira.
BA AL DA AURREKARIRIK?
Bai, baita pandemia garaiko kaleratzeetan ere; eta ebazpen ezberdinak, gainera. EAEko Auzitegi Nagusiak bi langileren kaleratzea indargabetu zuen otsailean: bata Emtesport enpresan, eta bestea Jesdan. Bigarren enpresa hori hegazkingintzakoa da. Erregulazio handiei dagokienez, bakarra egon da: GTS eta Matricerias Deustokoa. Gestamp taldeko enpresak ziren. 200 kaleratze inguru izan ziren, eta bi planten itxiera eragin zuen. Orduan, Benito epaileak kaleratze bidegabeak direla ebatzi zuen. Neurria ez zela ez «arrazoizkoa» eta ez «proportzionala» deliberatu zuen, baina hala ere ez zuen indargabetu erregulazioa.
Aurrekaria da, baina baditu aldeak Aernnovarekiko. Gestampen kasua ez da aeronautikakoa, autogintzakoa baizik, eta langile batzordeko gehiengoak kaleratzeak onartu zituen negoziazioan. Aernnovaren kasuan, batzordeak ez ditu sinatu.
KASU BAKARRA AL DA?
Ez. Hegazkingintzako kaleratzeen hurrengo epaiketa gaur zortzi izango da, epaitegi berean. Kasu horretan ITP Castingsen erregulazioa epaituko dute. 87 kaleratze izan ziren eta batzordeak ez zituen sinatu. Tubacexen erregulazioak ere epaitegian bukatuko du. Hura altzairugintza sektorea da.
Hidrogenoa sortzeko mintz erreaktorea proban dute Markina-Xemeinen
Hidrogenotik sortutako amoniakoa, zaborretatik sortutako biogasa eta halakoak askoz ere errazagoak dira garraiatzeko eta biltegiratzeko hidrogenoa bera baino, eta H2sitek badaki haietatik gero nola sortu hidrogenoa, hura beharrezkoa den tokian bertan. Izan ere, duela urtebete start-up-a sortu zuten Tecnaliak, Engiek eta Eindhovengo Unibertsitateak (Herbehereak) urteak daramatzate gasak bereizteko mintzak garatzen, eta orain erabat esklusiboak diren teknologiak dituzte.
Urte honen bukaeran, mintz horiek ekoizteko lantegia zabalduko du H2sitek Loiun (Bizkaia). Eta bitartean, lehen mintz erreaktorea probatzen hasiko dira Markina Xemeinen (Bizkaia), Azaro Fundazioaren instalazioetan. Biogasetik %97tik gorako purutasuneko hidrogenoa ekoizten duen lehen erreaktore hori ezagutzen izan ziren atzo Bizkaiko Aldundiko hainbat kargudun, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatua buru zutela.
H2sitek ez ditu erreaktore horiek salduko, enpresaren zuzendari nagusiak, Andres Galnaresek, azaldu duenez. Asmoa «teknologiari eustea delako». Erreaktoreen jabea H2site izango da, eta negozioa bezero industrialei hidrogenoa sortzeko zerbitzua ematea izango du.
Errenta-aitorpen presentziala abiatu dute Araban, 5.000 hitzordu baino gehiagorekin
Errenta-aitorpen presentzialaren aurkezpena abiatu dute Araban, 5.589 hitzordu-eskaerarekin, guztira. Arabarren % 22ak baliatuko du izapide hau.
Erretiroa atzeratzen dutenei urtean 12.000 euro arte ematea proposatu…
Reforma pensiones 2021: El Gobierno plantea pagar 12.000 euros por cada año que se retrase la jubilación y endurecer la reducción de quienes se retiren antes.