Nafarroak 54 milioi eskatu ditu eskola eta osasun etxeak…
Next Generation inbertsio plan zabalaren barruan, EBren tresna nagusia Suspertze eta Erresilientzia Funtsa izango da, eta Nafarroako Gobernuak 125 proiektutan inbertitzeko asmoa aurkeztu zuen urte hasieran. Inbertsio horiek sei urterako epea dute; React-EU funtsak finantzatuko dituen egitasmoek, berriz, 2023rako gauzatuta egon behar dute, eta, horregatik, gobernuak garrantzitsutzat jo zuen aurreratuta diren inbertsioak aukeratzea. Maria Txibite lehendakariak azpimarratu zuen «apustu irmoa» egin dutela: «Baliabideekin, eta ez murrizketekin, aurrera jo besterik ez dugu, ez baitugu utziko krisi honek beste krisi bat eragitea».
Alde batetik, 54,5 milioi erabili nahi dituzte zerbitzu publikoak sendotzeko. Hezkuntzan, zehazki, 8,7 milioi eta 3,6 milioi jasotzea proposatu dute Iruñeko Lezkairu auzo berrian eta Erriberako Sesma herrian eskola bana eraikitzeko. Horrez gain, 10,5 milioi baliatuko dira Agoizko eta Zudairiko ikastetxe publikoa eta Iruñeko hezkuntza bereziko Andres Muñoz Garde ikastetxe publikoa berritzeko.
Osasun arloan, berriz, hiru milioi euro proposatu dira pandemiak ezarri dituen beharretarako. Halaber, bost osasun etxe eraikiko dituzte, Zarrakaztelun, Cascanten, Garesen, Atarrabian eta Zizur Nagusian, eta, horretarako, 18 milioi euro eskatuko dituzte. Gainera, Berriozarko osasun etxea zabaldu egingo da, eta 1,2 milioi eskatuko ditu horretarako. Proposamenak jasotzen duenez, 7 milioi inbertitu nahi dituzte erradioterapia eta onkologia zerbitzuak berritzeko.
Enpleguaren arloan 36,6 milioi inbertitzea aurreikusten du, eta digitalizaziorako eta trantsizio ekologikorako, 47,6 milioi euro. Besteak beste, bioerregaien laborategirako 7,6 milioi eskatu ditu, eta 4,4 milioi euro Naveac egitasmorako: ibilgailu elektriko eta autonomoen proiektuak bultzatu nahi ditu.