Tubacexeko sindikatuek ezetz esan diote enpresaren proposamenari
Agiri baten bidez, langileen ordezkariek arrazoi bat nabarmendu dute enpresaren proposamena baztertzeko: ez duela atzera egin 129 langileen kaleratzean. Zehazki, zuzeneko 95 kaleratze izan ziren; beste 22 langilek enpresak eskainitako ordaina onartu zuten, eta beste hamabik erretiro aurreratua hartu zuten.
Otsailaren 11n hasi zuten lanuztea, kaleratzeak salatzeko. Prest azaldu dira «pandemiaren eraginari aurre egiteko behin-behineko neurriak» negoziatzeko, baina, horretarako, enpresak berriro hartu beharko lituzke kalean geratutakoak, eta enpresaren geroa bermatuko lukeen industria plan bat aurkeztu beharko luke. Sindikatuek ez dute, ordea, lan ituna berriro negoziatu nahi, eta gogorarazi dute enpresak ez dituela bete enpleguaren sorrerari buruz, soldatak eguneratzeari buruz eta inbertsioei buruz agindutakoak.
Hain zuzen ere, Aiaraldeko bi plantetan inbertsioak areagotuko direla agindu zuen Tubacexek, hidrogenoari eta autogintzari lotutako premium produktu gehiago egin ahal izateko —gaur egun, petrolioa eta gasa ustiatzeko hodiak dira han egiten direnetako gehienak—. Horrez gain, aparteko ordainsari bat ere planteatu zuen, soldataren %1en parekoa litzatekeena, eta «planta bakoitzean bideragarritasun planaren helburuak lortzen direnean» pagatuko litzateke.
Electroacerosen, grebara
Greba mugagabea hasiko dute Electroaceros enpresako 37 langileek ere, Iruñean. Azkenaldian arazo handiak dituzte soldata garaiz jasotzeko, eta azkenekoa oraindik ez dute eskuratu.
Astibia familia da enpresaren jabea, eta azken urteetan kudeaketa «negargarria» egin dutela eta langileei «eraso» egin dietela salatu dute LABek (bi ordezkari) eta ELAk (bat). Enpresak galerak zituela argudiatuta, enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat proposatu zuten, baina kontsulta aldian atzera bota zuten. Ondoren, soldatak «nabarmen» jaisten saiatu ziren, baina «langileen batasunak eta borrokak» oztopatu egin zuten saio hori.
Horrela zeudela, familiak bilatutako bazkide batek 80.000 euroko soldata jaso zuela salatu dute.