Autoak erosteko laguntza emango du Jaurlaritzak; «azkenekoa», ahal dela
Jaurlaritzak ez du zehaztu noiz izango den indarrean, baina «lehenbailehen» izatea espero du, administrazio prozedura amaitzen denean. Bai, ordea, bateragarria izango dela Espainiako Gobernuak apirilean abian jarritako Moves planarekin. Haren bidez, auto elektrikoak edo hibrido entxufagarriak erosten dituzten Hego Euskal Herriko herritarrek 7.000 euro jaso ahal izango dituzte, trukean erreketa motorreko bat txatartegira bidaltzen badute; 4.500 euro izango dira, berriz, auto zaharra kentzen ez badute. 45.000 eurotik beherako auto elektriko bat erosten dutenek eskatu ahal izango dute laguntza.
3.000 eta 2.000 euro artean
Apalagoak izango dira, berriz, Jaurlaritzak emandako laguntzak. Tapiak ziurtatu du 2020ko planekoen «oso antzekoak, berdinak ez esatearren» izango direla. Hala balitz, 3.000 euro arteko laguntza jasoko lukete auto elektrikoaren erosleek, 2.500 euro hibrido entxufagarria aukeratzen dutenek, eta 2.250 euro, berriz, sarera konektatu behar ez diren hibridoa nahi dutenek. Gasolina edo gasolioa erretzen dutenentzat 2.000 euroren laguntza izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietakoak izan ziren aurreko planaren laguntza jaso zuten 5.000 auto gehienak.
Urtarriletik apirilera bitarte 10.300 auto saldu dira, Hego Euskal Herrian baino %21 gehiago. Edonola ere, kontuan hartu behar da iazko martxoaren erditik maiatzera bitarte itxita izan zirela saltokiak. 2019ko lehen lauhilekoarekin alderatuta, berriz, %42 gutxiago saldu dira aurten.