Aztik nahi gabe arrantzatutako arrainen % 95a itsasora bueltatzeko…
Aztik nahi gabe arrantzatutako arrainen % 95a itsasora bueltatzeko teknika sortu du. “Hopper” gailuaz baliatzen dira eta Bolton Fooden atunontziek probatu dute.
ELAk, CCOOk eta UGTk Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu zituzten manifestazioak. Baita LABek ere, baina Baionako deialdi partekatura ere gehitu zen, eta manifestazioak antolatu zituen hainbat udalerritan, gainera. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du manifestatzeko eskubidea ez dela nahikoa arrazoi itxiera perimetralak urratzeko, eta, hala ere, hiriburuetan manifestazio jendetsuak egin ziren. Ez ziren izan debekurik gabeko urteetakoak bezalakoak, baina sindikatuetako ordezkariek ontzat jo zituzten.
ELAk «aldaketak» egiteko garaia dela aldarrikatu zuen Maiatzaren Lehenean, 2008ko krisiaren formulak ez errepikatzeko. Hori eragozteko, «ezkerreko atea» joko duela aurreratu zuen Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak: «’Eskubide gehiago, murrizketa gutxiago’ dioen atea, hain zuzen». Bilbon hartu zuen hitza, eta sindikatuak azken hilabeteetan eginiko hainbat eskaeraren garrantzia azpimarratu zuen. Besteak beste, erreforma fiskala ezinbestekoa dela gogoratu zuen, «krisi honen faktura zeinek ordainduko duen baitago jokoan». «Gehien dutenek gehiago ordaindu» behar dutela argitu zuen. Europako funtsak ere aipatu zituen, haien «opakutasuna» eta «isilpekotasuna» salatuz: «Albiste onak balira, ez lituzkete ezkutatuko».
Funtsen harira, EAJri eta EH Bilduri duela hilabeteko mezu bera bidali zien: «Ez gaitzazue saldu Madrilen». Espainiako Gobernuarekin izan daitezkeen harremanetan bi marra gorri ezarri zituen: «Batetik, ez dugu onartuko eragozpenik gure hitzarmenak hemen, Euskal Herrian negoziatzeko. Euskal hitzarmenak hobeak badira, ez da kasualitatea: hemengo errealitate sindikala ezberdina delako da. Eta, bestetik, kaleratze kolektiboak daude, eta ez da onargarria enpresek jendea hain erraz kaleratzea». Azkenik, Jaurlaritzari mintzatu zitzaion. «Benetan axola» duten auziak Euskal Herrian erabaki beharko liratekeela esan zion, eta egun ez dagoela horretarako mahairik.
LABek mezu argi eta zuzena bidaltzeko baliatu zuen Maiatzaren Lehena: «Momentu honek beste greba orokor bat eskatzen du, eta LAB greba orokorrerako adostasunak sortzen hasteko prest dago». Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilboko udaletxearen parean bota zuen enbidoa, eta ikusteko dago zer erantzungo duten «beste eragile, sozial eta politikoek». Aranburuk azaldu zuen «pandemiaren osteko garaian indartsu sartzeko» litzatekeela greba, eta egungo politika publikoen norabidea aldatzeko. Datak zeintzuk diren ikusita, udazkenerako litzateke deialdi saioa.
Aranburuk salatu zuen haien jardun sindikala kriminalizatzen saiatzen ari direla, eta Iruñean atxiloturiko ordezkariak hartu zituen gogoan. Halere, argitu zuen ez dituztela «bidetik aterako», eta «borrokarako indarra» dutela. Borroka hori maila politiko instituzionalean, lantokietan eta kaleetan antolatu nahi dute, «sinergiak bilatuz», eta mugimendu feministaren, pentsiodunen eta gazteen bidelagun izaten jarraituko dute: «Kapitalismoaren alternatiba eraikitzea mundu mailako erronka da, baina alternatiba hori herri gisa abiatu behar dugu, herri burujabetza bultzatuz. Aldaketa ezker subiranismotik eta langileen lidergotik bultzatuko da, edo ez da izango». Azkenik, sindikatuaren ikur diren bi egitasmo jakinen premia gogoratu zuen: Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzarako lege propioa.
Egindakoa itzultzeko unea
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eskutik helduta atera ziren kalera COOO eta UGT, eta iaz Maiatzaren Lehena ospatu ezina izan zuten lehenik gogoan. «Kalea berreskuratu dugu», aldarrikatu zuten. Osasun arloko langileak, zahar etxetakoak eta, oro har, funtsezko jardueretan lehen lerroan lanean izan diren guztiak omendu zituzten euren mezuetan, eta aldarrikatu zuten egindako esfortzu hori aitortzeko garaia dela: batetik, langile horien guztien baldintzak duinduz, eta, oro har, Mariano Rajoyren agintaldiko ondarea «ahantzaraziz».
Iruñean, eguerdian irten zen manifestazioa Merindadeen plazatik, erritmo motelean, Sarasaten ELA egiten ari zen ekitaldi nagusiarekin bat ez egiteko. Ehunka lagun elkartu ziren, eta bi sindikatuen kartelak nonahi ikusten ziren, kolore gorriz eta morez. Sarasaten, foruen monumentuaren aurrean jarritako oholtzan, Itziar Perezek eta Carmen Urizek hitz egin zuten, osasun arloko eta funtsezko langileen izenean. Nabarmendu zuten pandemian egoera oso zailak bizi izan dituztela, batik bat hasieran. «Oztopoak gainditu ahala, ikusi genuen sufrimenduak fruituak ematen zituela, eta pandemiak min egin arren ez zuela lortuko gu garaitzea».
Ondoren, bere mezuan, Txetxu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak azpimarratu zuen langileei zor zaiena itzuli behar zaiela. Hain zuzen ere, bi sindikatuen aurtengo leloa Betetzeko ordua da izan da. Zehazki, 2012ko lan erreforma eta 2013ko pentsio erreforma indargabetu behar direla aldarrikatu zuen. Gainera, galdegin zuen lanbidearteko gutxieneko soldata igotzea, negoziazio kolektiboan ultraaktibitatea eta sektoreko itunetan gutxieneko erreferentziak berreskuratzea, azpikontratak arautzea, eta lan munduan hitzemandakoa betetzen dela kontrolatzea. «Atzoko txaloak modu eraginkorrean aitortu behar ditugu».
Jesus Santos Nafarroako UGTko idazkari nagusiak aitortu egin nahi izan zuen Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak nola egin dioten aurre pandemiari. «Okerren geundenean, PPren gobernuak lan erreformarekin eman zigun labankadaren aldean, babes soziala ezarri dute: hor dago aldea». Dena den, haren ustez, «egoera kezkagarria» da, eta oraingo krisiaren aterabideak aurrekoaren diferentea izan beharko du. Nafarroan enplegu plan bat behar dela gaineratu zuen.
Lan erreformari ez
Martxa bateratua egin zuten Bilbon Steilas, ESK, CGT eta ELE sindikatuek, «pobrezia, langabezia izugarria eta lan baldintzen prekarizazioa» salatzeko, besteak beste. PSOEren eta PPren lan erreformak «berehala indargabetzeko» eskatu zuten, krisiaren jokalekuan «areagotu egin delako langileen egoera ahula».
Deialdi bateratua
CGT, SNUIPP eta LAB sindikatuez gain, Gazte Ekintza kolektibo sortu berria, EBA Egiazko Berdintasunaren Alde, Etorkinekin kolektiboa, Bizi, eta Baionako antzokia okupatu duten kultur eragileak batu ziren sindikatuen deialdi bateratura Baionan. «Atzoko, gaurko eta biharko» langileen batasunera deitu zuten, «mundu justu, garbi, sozial, solidario, berdinzale eta feminista» baten alde. 11:00etan abiatu zen manifestazioa, lan burtsatik; aurretik, Bizi kolektiboak «aberatsen martxa» ironikoa ere egin zuen, aberastasunen metaketa salatzeko.
Argitxu Dufau LABeko kideak azaldu zuen aurten «bereziki» zaindu nahi izan dituztela gazteak, «prekaritateari aurre egin behar diotelako». Salatu zuen azken hamarkadetan zerbitzu publikoak «suntsitu» dituztela Frantziako agintariek, eta osasun krisiak agerian utzi duela «sistema kapitalista». Elise Dillet Biziko kideak azpimarratu zuen krisi garaian «kapitala azkarki emendatu» dela. Aberastasunen metaketa «guti batzuen esku» geratzen dela salatu dute.
Argi gorri bat pizten ari da ikusi nahi duenarentzat. Espainiako Lan Ministerioak arrisku psikosozialak detektatu eta salatzeko irizpide berri batzuk ezarri dizkie lan ikuskatzaileei. Iragan apirilaren 14an sartu ziren indarrean, eta lan araudiaren urraketak aurkitzeko eremua zabaldu diete. Isunak ere aurreikusten dira, 40.000 eurorainokoak. Beste tankera batzuetako lan gaitzekin ikusi da ikuskaritzak zorroztea ez dela konponbide magikoa, eragin eremu mugatua dutelako, baina deigarria da lan agintaritzak arrisku psikosozialetan arreta jartzea.
Arrisku psikosozialek aurpegi asko dituzte: jazarpen moral edota sexuala areagotzea, lan erritmoak gogortzea, langileak bakartzea… Eta beste hainbat ondorio: antsietatea, estresa, gaitz psikologikoak… Patroi bat markatzea ez da erraza, esparru publikoan zein pribatuan gertatzen direlako, baina sindikatuak eta Osalan bat datoz bi ohiko aldagai nabarmentzean: batetik, emakumeek maizago jasaten dituzte, eta, bestetik, arrisku handiagoa dago zenbat eta lan prekarioagoa izan. Beldurra aspaldikoa da, baina koronabirusak areagotu egin du mehatxua, eta pandemiak lan munduan eragindako aldaketetako asko luzerako iritsi dira.
Soldatapeko edo autonomo?
Etxetik lan egiteko aukera da aldaketa nabarmenetako bat: telelana, alegia. Alde positiboak ukaezinak dira: COVID-19aren zabalkundea murrizteko erreminta baliagarria da, eta langile askori lanerako joan-etorria arindu eta merkatu die. Baina ez da idealizatu behar. Telelanaren irudi bukolikoa balio erantsi handiko eta soldata oneko lanpostu liberalei lotuta doa: ingeniariak, arkitektoak, etxean lanerako gela bat eduki dezaketenak… Baina pandemiak langile prekarioak ere etxera bidali ditu, eta, orain, 1.000 euro irabazten dituzten telefonistek edo komertzialek etxeko sukaldeko mahaitik dihardute.
Era berean, pandemiak telelangile eredu berri bat sortu du: etxera bidalitako langile finkoa. Lantegi fisikoko baldintzak etxean mantentzen dituzte behargin horiek, baina ez da ahaztu behar pandemiaren aurretik etxetik lan egiten zuten gehienak autonomoak zirela, eta hor datza arriskua, enpresa askok orain ikusi dezaketelako soldatapekoek egiten duten lana autonomoen bitartez bete dezaketela. Esan gabe doa egoitza fisiko baten alokairua ez ordaintzea goxoki erakargarria dela enpresentzat.
Telelanak, baina, arrisku gehiago ditu. Lantokiaren eta etxearen arteko banaketa fisikoak deskonektatzen laguntzen du, eta zehaztasun handiagoz ezartzen da lan egunaren hasiera eta amaiera: lankideak etxera badoaz, zu haiekin. Etxean, aldiz, errazagoa da eternizatzea, eta horrenbestez eguna luzatzea. Telelanak, halaber, langileen atomizazioa dakar: lantaldearen babesetik urrundu eta bakartu egiten du. «Beti konektatuta eta bakarrik dagoen jendetza bat» osatzen dute telelangile horiek, Remedios Zafra filosofoak El entusiasmo saiakeran deskribatu dituen bezala. Ondorioz, langileen arteko elkartasuna lausotzen da, zailagoa da eskubideen alde borrokak ehuntzea eta sendotzea, eta lan arazo kolektiboak arazo pertsonal eta indibidual bilakatzen dira. Jazarpena edo tratu desegokia jasan eta ematea ere errazagoa da: bideodei bat izan daiteke boterekeriaren lekuko bakarra.
Etxetik jarduteak zaintza orduak ere areagotzen ditu. Adinekoen eta umeen zaintza amaiezina delako berez, eta telelanean diharduenak zama handiagoa hartzeko arriskua du: etxean denbora gehiago igarotzen duenak gehiago zainduko du. Eta, jardunaldi murriztuekin gertatzen den bezala, emakumeak nagusi dira telelanera igarotako lanpostu prekarioetan. Harekin datoz lanaldi bikoitza gogortzea, kontziliazioaren balizko oreka haustea, eta gaitz psikosozialak areagotzea. Eta etxea lantokia denean, zer da lan gaixotasuna? Nola ezberdindu zerk eragin duen antsietatea edo estresa? Hori erabaki behar duen mutualitateak zer esango du? Serio hartzen badute, lan ikuskariei ez zaie lanik faltako.
2 Zer altxorri buruz ari zara, bada? Hego Koreako altxorrik baliotsuenetako bati buruz ari naiz: Samsungi buruz. Enpresaren presidentea zena, Lee Kun-hee, iragan urrian hil zen, eta haren aberastasun guztia oinordekoen esku geratuko da orain. Ez da nolanahiko altxorra: munduko enpresarik handienetakoa da, eta haren negozioa Hego Koreako BPGaren % 20 da.
3 Jo, nik altxorraren bila jolastu nahi nuen… Ez dago jolasik. Haren emazteak eta seme-alabek jasoko dute ondare guztia. Kalkulatzen da 14.900 milioi euro baino gehiago balio duela ondare horrek; %80 akzioak lirateke, Samsung taldeko hainbat enpresatako akzioen jabe baitzen Lee. Samsung Electronicsen %4 inguru zuen. Oinordekoek ogasunean eskuratu beharko dute giltza aurrez, halere.
4 Eta zein da giltza? Zergak dira giltza, noski. Oinordekotza zerga, zehatz esateko. Izan ere, senitartekoek, aberastasuna eskualdatzeko, ia 9.000 milioi euro ordaindu beharko dizkiote ogasunari. Hego Korean inoiz ordaindu den kopururik handiena da hori. Eta Samsungek esan du, gainera, ondarearen balio guztiaren erdia baino gehiago dela. Atera kontuak!
5 Ene bada! Herentziak arriskutsuak direla esan ohi da, baina hainbeste… Hala esan ohi da, bai. Bati baino gehiagori eman diote ustekabekoren bat. Baina, kasu honetan, ez dirudi kontrako eztarritik joan zaienik; jakinaren gainean zeuden. Izan ere, Hego Koreak oinordekotzaren gaineko araudi zorrotza dauka, eta zerga tasa handia: %50 baino gehiago da, baina %60 izan daiteke enpresa bateko akziodun nagusiari mesede egiten badio. Munduko tasarik handiena dauka, Japoniarekin batera.
6 Oinordeko izatearen zama zein pisutsua den batzuetan… Nola ordainduko dute dirutza hori? Bost urteren buruan ordainduko dute kopuru osoa, sei ordainketatan banatuta. Halere, bidesari horri aurre egin ahal izateko, iragarri dute artelan baliotsuak herrialdeko museoei emango dizkietela. Horien artean daude Picasso, Miro, Dali, Monet edo Gauguinen obrak: 23.000 baino gehiago denera. Baita Hego Koreako Altxor Nazionalen zerrendan dauden hamalau pieza ere.
7 Eta zer, negarrez hasi zaizkie agintariei hauek ere ordaindu nahi ez dutelako? Ez dira gozoak egongo. Baina publikoki egin dituzten adierazpenetan iduri du zuk hasieran aipatzen zenuen ongizate estatuan sinisten dutela. «Gure betebeharra eta erantzukizuna da zerga guztiak ordaintzea», esan dute oinordekoek. Eta nabarmendu dute dohaintzek Leeren legatuari eusten eta gizarte hobe bat eraikitzen lagunduko dutela.
8 Asiarren kultura izango da hori… Ez pentsa, han ere txakurrak ortozik! Semea, egun konpainiaren buru dena, kartzelan dago. Bi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten auzitegiek eroskeria delitua egotzita. Mesedeen truke aurreko gobernuko kideei eskupekoak ematea leporatu zioten.