Christian Layk uko egin dio Azpeitiko Corrugadosen lantegia zabaltzeari
Enpresak Azpeitiko lantegiko jarduera Trukutxora eramateko aukera baztertu du. Alkateak azpimarratu du ez dela inoiz proiekturik iritsi bere mahaira.
«Gaur, etorkizunera begira, eskualdeko fronteak bide berri bati ekin dio». Aiaraldeko Greba Batzordea osatzen duten eragileek hala adierazi dute gaur Amurrion egindako ekitaldian. Argi utzi dute eskualdearen etorkizuna «kezkagarria» dela, besteak beste, enpresen itxierengatik, kaleratzeengatik, lan baldintzen prekarizazioagatik eta erakundeek «eskualdearen aldeko apustu sendorik egiten ez dutelako»: «Etorkizunik gabe geratzen ari gara».
Hori salatzeko, mobilizazioak iragarri dituzte datorren ekainaren 2rako. Lau orduko lanuzteak egingo dituzte (10etatik 14etara), baita manifestazio bana ere Laudion eta Amurrion. Laudiokoa goizeko 11etan izango da, eta Amurriokoa 19etan.
Agerraldian azaldu dute egoerari «eskualde gisa» erantzuteko asmoa dutela. Izan ere, hainbat arlotako eragileek osatutako sare zabal bat osatu dute Aiaraldean: tartean daude enpresetako langile batzordeak, sindikatuak, gazte mugimendua, mugimendu feminista, pentsiodunak eta abar.
Horregatik deitu dute ekainaren 2ko greba sektore guztietan. «Indar erakustaldi bat egitea» da asmoa, eta eskualdeko eragile eta pertsona guztiei mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete. «Aiaraldea larrialdi egoeran dago. Babes dezagun gure etorkizuna» esanez amaitu dute agerraldia.
Bankuetako langileak eta bezeroak izaten ari dira horren ondorioak nabaritzen lehenak. Arretaz aztertuz gero, duela hamar urte zeuden bi bulegotik bat itxi egin dute, eta, horrekin batera, lana erregulatzeko espedienteak kateatuz joan dira. Aurrera begirako aurreikuspenak ere beltzak dira: datozen asteetan, Hego Euskal Herrian 300dik gora langile kaleratuko dituzte BBVAk, Caixabankek eta Santanderrek.
Horrek, nola ez, ageriko eragina du bankuek eskaintzen dituzten zerbitzuetan edo, bestela esanda, bezeroengan. Aurrez-aurreko arretaren ordez, Internet. Sektorean gertatzen ari den digitalizazio prozesu azkarra dela-eta, «finantza bazterketaz» ere hitz egiten ari dira zenbait esparrutan. Norbanakoek, familiek eta enpresek jasan dezakete bazterketa hori, egoera berrira egokitzeko zailtasunengatik: kredituak baldintza egokienetan lortzeko, adibidez.
Baina bankuak zergatik ari dira erabaki horiek hartzen? Adituen arabera, 2008. urtean hasitako krisi ekonomikora egin behar da atzera. Aitor Zurimendi EHUko Merkataritza Zuzenbideko katedradunak dioenez, ordutik aurrera banku zentralek nabarmen txikitu dituzte interes tasak, eta dirua uzteagatik lortzen zuten mozkina murriztu egin zitzaien bankuei. Gainera, krisia dela eta, berankortasuna ere areagotu egin zen. Hori guztia kontuan hartuta, errentagarritasuna lortzeko, komisio gehiago eta handiagoak kobratzen hasi ziren, «horietako batzuk zalantzazkoak legearen ikuspuntutik». Eta kostu operatiboak txikitzeko beharra handitu eta bizkortu egin zuten, bulegoak itxiz, lantaldeak murriztuz eta, bereziki, negozioa mundu digitalera bideratuz.
Etekina helburu
Zurimendik argi du orain, COVID-19arekin, berregituraketa prozesu hori azkartzen ari direla. Bankuek beren hornidurak handitu behar izan dituzte, etor daitekeen berankortasunaren beldur. Gainera, interes txikiak hor daude oraindik. Eta, hori gutxi balitz bezala, teknologian oinarritutako finantza enpresa berrien —fintech deiturikoen— itzala nabarmen handitu da. Konpetentzia izugarria da. «Erakunde berri horiei erraza eta oso merkea egiten zaie bankuak orain arte egon ez diren merkatu berrietan sartzea: ez dute ia azpiegitura fisikorik behar, langileen kostuak ere oso txikiak dira, eta horretan guztian aurrezteak aukera ematen die oso lehiakorrak izateko eta bezeroei ohiko bankuek baino prezio txikiagoko ondasunak edo zerbitzuak eskaintzeko».
Arrazoibide horretan, hitz gakoa digitalizazioa da. Horri beste bat gaineratu dio Zurimendik: nazioartekotzea. «Online zerbitzuen ondorioz, bankuen merkatuak inoiz ikusi gabeko nazioartekotzea bizi du gaur egun. Ohiko bankuek errealitate berri horretara eta bezeroen eskaera berrietara egokitu behar dute, online bankuekin lehiakorrak izateko, inguruan gero eta eskaintza handiagoa duten bezeroei eusteko eta beste herrialde batzuetan bezero berriak erakartzeko».
Horri guztiari azken hamarkadan sendotu den beste joera bat gehitu dio irakasleak: bat egiteak. Espainiako Bankuaren arabera, duela hamar urte 60 finantza erakunde zeuden bere zaintzapean; egun, hamabi baino ez. Banku handi guztiek egin dituzte fusioak edo absortzioak. Aurrera begira, Zurimendik ez du baztertzen mugimendu gehiago egotea norabide horretan, baita Euskal Herrian egoitza duten erakundeen kasuan ere: «Nazioarteko merkatuan daude, eta eraldatzen ari dira errealitate berriari aurre egiteko: lehiakorragoak izateko, zerbitzu digitalak garatu dituzte, bulegoen kopurua murriztu dute, eta bat egiteko prozeduretan parte hartu dute, eta ziurrenik parte hartuko dute aurrerantzean ere».
Irabazleak eta galtzaileak
Horrek guztiak hezur-haragizko ondorioak ditu: bezeroengan, adibidez. Irache Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak jasotzen dituen hamar kexetatik bik daukate zerikusia bankuekin, eta sektore horri buruzkoak izan dira, hain justu, azken urtean gehien ugaritu diren salaketak. Produktu «klasikoekin» (hipoteka maileguekin eta kontsumorako kredituekin) loturiko arazoei gehitu zaizkie, orain, bankuen funtzionamenduari buruzkoak. «Bezeroak gogaituta daude komisio gehiago ordaindu behar dituztelako, eta bulegoak ixten eta arreta zerbitzua izugarri murrizten ari direlako», azaldu du elkarteko bozeramaile Alberto Lazkozek.
Komisioekin loturikoak dira salaketa gehienak. Informaziorik gabe edo behar bezala informatu gabe heltzen zaizkie kontsumitzaileak elkartera. Horri loturik, azkenaldian ugaritzen ari den fenomeno batez ohartarazi du Irachekoak: gero eta ohikoagoa da bezeroei produktu batzuk eskaintzea komisioetatik libratzeko «amu gisa»: etxeko asegurua, telefono mugikorrak, bidaiak… «Katalagoa izugarri handitu dute. Komeni da arretaz aztertzea zer den onuragarriagoa; izan ere, batzuetan garestiagoa da bankuekin produktu horiek kontratatzea, komisioak ordaintzea baino».
Horrekin batera, azkenaldian nabarmen egin dute gora eragiketa arruntak eta kontsultak egiteko ordutegi mugatuei buruzko kexek. Banku gehienek soilik astelehen eta astearteetan ematen diete aurrez-aurreko zerbitzua bezeroei, eta bederatzietatik hamaika eta erdietara. Kontsultetarako, berdin: ordua eskatu behar dute. Horren ordez, kutxa automatikoa, Internet eta telefono zenbaki bat eskaintzen diete.
Lazkozek argi du aurrerapen teknologikoek aukera handiak eskaintzen dizkiotela bezeroari, baina uste du bultzatzen ari diren aldaketak modu «progresiboagoan, arretatsuagoan eta pedagogikoagoan» egin beharko liratekeela. «Sumatzen dugu pertsona asko, bereziki adinekoak, zailtasun ekonomikoak dituztenak edo prestakuntza gutxi dutenak, babesik gabe sentitzen direla eta zailtasunak dituztela. Gainera, bulegoak ixten ari dira, bereziki hiriburuetatik kanpokoak eta herri txikietakoak. Aurrera begira, arriskutsua iruditzen zaigu gertatzen ari dena: bezero guztiek ez dute sarbide bera izango bankuen zerbitzu eta produktuetara».
Ivan Garciak gertutik ezagutzen du egoera hori. Santander bankuko langilea da, eta CCOOko ordezkaria, sektoreko sindikatu nagusikoa. Argi mintzo da: «Bankuetan oso gaizki tratatzen dugu bezeroa». Gainera, ohartarazi du digitalizazioa dela-eta haien arteko «bereizkeria» sortzen ari dela; uste du bezero batzuk behar ez dituzten produktuak kontratatzen ari direla, ezjakintasunagatik edo bankuen salmenta politika oldarkorrengatik. «Haientzat eta modu digitalean aritzen direnentzat ere beharrezkoa da produktuei buruzko informazio zintzoa jasotzea, baina bankuek ez dute halakorik nahi: ez dituzte halako langileak nahi; komertzialak baino ez dituzte nahi, lanegun osoan produktuak saldu besterik egiten ez dutenak. Eta, horretarako, ez dute bulegorik behar».
Kaleratze «pribilegiatuak»
Garciaren arabera, gertatzen ari dena ez da berria, eta azpimarratu du beharginek ere denbora daramatela horren eraginak pairatzen: «Gure lan baldintzak asko okertu dira. Bankuetako langileei buruz zabalduta dagoen irudia ez dator bat gaur egun daukagun egoerarekin. Zuzendariek-eta jasotzen dituzten soldata eskandalagarriek estigmatizatu egin gaituzte. Gure sektoreak du soldata arrakalarik handienetako bat».
Horrekin batera, beste «mito» bat gezurtatu nahi izan du: lan egonkorrarena. Azken urteetan lan erregulazioak ugaritu egin dira, eta Hego Euskal Herrian «ehunka» langile kaleratu dituzte. Espainiako Gobernua bera ere oso kritiko agertu da horrekin, eta neurriak iragarri ditu, «milaka milioiko irabaziak izan dituzten enpresen kaleratze oldeak gelditzeko».
Azken hilabeteetan aurkeztutakoetan, enpresek bi argudio eman dituzte: digitalizazioa eta bankuen bat egiteengatik lanpostuetan duplizitateak daudela. «Benetako arrazoia, baina, beste bat da: bankuetako zuzendari eta goi kargudunen irabaziei eustea», salatu du Garciak.
Kaleratzeen baldintzen inguruan, berriz, CCOOkoak dio oro har ez direla txarrak: borondatezkoak dira gehien-gehienak; soldataren %60-75 artean jasoko dute erretiroa aurreratu ahal dutenek, eta besteek, legeak ezarri baino kalte ordain nabarmen handiagoak. «Gure baldintzak beste sektore batzuetakoekin konparatzen baditugu, pribilegiatu batzuk garela esan dezakegu, bai». Hori aitortuta ere, Garciak dio bankuen sektoreak dituen «berezitasunengatik» gertatzen dela hori: «Sektore honek ezin du esan beste batzuek esaten dutena: alegia, ez daukatela dirudik kaleratzeak ordaintzeko. Aurtengo lehen hiruhilekoan lortu dituzten etekinei begiratu besterik ez dago. Bidezkoak eta logikoak iruditzen zaizkigu gure eskaerak».
CCOOkoak uste du lan erregulazioena beste aldaketa handiago batzuen lehen urratsa dela: «Pandemiaren hasieran esan zuten herritarrak lagunduko zituztela, eta, orain, kaleratze izugarriak egiten ari dira. Jendeak pentsa dezala zergatik esan zuten hori».
Aldaketa handiak datoz sektorean, eta, adituen esanetan, egokitzeko gaitasunaren araberakoa izango da hori. Garciak etorkizun iluna irudikatzen du «langile eta bezero arruntentzat», eta argi du nor izango den «irabazle»: «Leloak dioen moduan, bankuak beti garaile».
Kooperatibak pandemiatik indartuta irten direla esan duzu. Azaltzerik bai?
Iazkoa urte gogorra izan zen, baina enpresek ezagutza handia pilatu dugu. Kooperatibok ezohiko neurri asko hartu behar izan genituen: malgutasunaren inguruan, soldatetan… Baina kooperatibetan erabakiak hartzea ohikoa da, eta modu bizkor eta demokratiko batean hartzen ditugu. Pragmatismoz jardun dugu, erresilientziaz, eta horrek lagundu digu hemendik sendoago irteten. Konfekoopi dagokionez, positibotzat jo dugu urtea. 2.500 lanpostu berri ditugu elkartearen enpresetan, eta, kooperatiba batzuk desagertu diren arren, gehiago dira sorturikoak.
Aldi baterako erregulazioak, soldatak izoztea… Kooperatiba batean errazagoa al da halako neurriak hartzea?
Bai. Kooperatiba ez diren enpresetan, administrazio kontseilu bat dago, bertikalagoa da. Kooperatiba, aldiz, behetik gora doa; langileak daude erabaki organoetan. Horrelako une bat iristen da, eta horrelako prozesuak naturalagoak dira. Enpresa batzuetan eztabaidak egongo zirela? Ziur asko, bai: normala da.
Urtebete da kooperatiben legea aldatu zela. Nabaritu al duzue?
Enpresen aldetik ez da asko nabaritu, batez ere erabakiguneetan koronabirusa izan delako lehentasuna. Baina konfederazioaren aldetik lan handia egin dugu erreminta berri horiek azaltzeko: estatutuak aldatu, gidak egin…
Kooperatibak ez diren enpresekin bat egiteari atea ireki zaio. Izpiritua arriskuan al dago?
Bat egiteak, zatiketak, langile ez-kooperatibisten kopurua %30era handitzea… Malgutasun pixka bat behar genuen lehiakorrak izateko. Nazioarteko lehia gero eta zorrotzagoa da, eta behar genuen arnasa pixka bat. Baina guk ez dugu gure idiosinkrasia galduko. Gu gizarte transformaziorako apustua gara, eta horren oinarria pertsonekin lan egitea da.
Porrot eginez gero kooperatibisten ondasunak arriskuan ez egotea aldea da.
Ondasun erantzukizuna kapitalean sarturikora mugatzen da. Kooperatiben aurka erabiltzen zen argudio bat zen: «Mozkinak badaude, irabazi egiten duzu, baina galtzen baduzu…». Bada, orain, jarritako kapitalera mugatzen da. Ekintzaile askok jotzen dute kooperatiben bidetik, eta aldaketa hori garrantzitsua da haientzat.
2008ko krisiaren ondoren, asko ugaritu ziren kooperatibak. Antzeko zerbait espero duzue orain?
Hala izaten ari da. Aurtengo lehen lau hilabeteetan, 50 kooperatiba sortu dira, eta, egoera ekonomikoa ikusita, ez da oso normala. Ekintzailetza kolektiboa irteera on bat da, eta ez bakarrik krisi garaian: ixtera doazen familia enpresak mantentzeko, negozio jakin batzuk biziberritzeko…
Enpresa elkarteek onartu dute familia negozio batzuk funtsen esku eror daitezkeela.
Hala da eta. Kooperatiba bilakatuz gero, lurraldean errotuko da. Funts bat badator, dirua kanpokoa da, eta auskalo non errotuko den.
Kooperatibak badu mistizismo moduko bat: elkartasuna, ardura soziala… 2021. urtean mantendu al daiteke halakorik?
Ez da mistika: balioak dira. Pandemian elkartasun handia egon da kooperatibetan, barnekoa zein kanpokoa. Postu bateko jendea beste batera igaro da, eta kooperatiba handiek beste batzuetan tokirik gabe gelditutako jendea xurgatu dute. Nekazaritza kooperatibek salmenta kanal propioak partekatu dituzte.
Nolakoak dira kooperatiba berriak?
Zerbitzuen sektorekoak batez ere. Denetarik dago: eraikuntza, ostalaritza…
Kooperatibismoa Debagoieneko enpresa handiekin lotzen da. Hori aldatzen ari al da?
Eredua, ez. Industria sendo hori hor dago, eta iraun dezala. Egia da kooperatiba berriak ez daudela industrian. Erronka bat dugu: tailer txikiak, fabrikak, lekukoa hartuko duenik ez dagoelako ixtera doazenak… horietara iristea.
Kooperatibismoa ekonomia alternatiboarekin lotzen da egun.
Bai, beste eredu bat delako. Ez du zerikusirik ohiko enpresa ereduarekin. Sartzen denak egitasmoan pentsatzen du; ez duzu erortzen uzten. Nire kooperatiban ikusi dugu orain: gizarte zerbitzuen sektorean gaude, 500dik gora pertsona gara, eta iaz erabaki asko hartu genituen.
Zaila dirudi orain kooperatiba handi bat sortzeak: zurea bezalako bat, 500 lagunekoa.
Baina 32 urteko bidea dugulako da hori. Nire kooperatiba 1986an jaio zen, eta 30 emakume ginen. Hazi egin gara, dibertsifikatuz. Daudenei hazten laguntzea da bidea.
Lanbiden sartu nahi duzue, eta zuk esan duzu borondate politikorik eza dela traba.
Elkargin gaude, Osalanen, eta Lanbiden egon nahi dugu, Jaurlaritzarekin, Confebaskekin eta sindikatuekin. 2019an txosten juridiko bat eskatu genuen, eta hark dio eskubidea dugula. Nafarroako enplegu zerbitzuko kontseiluan bagaude, eta Euskadikoan ere egon gaitezke. Partidako epailearen borondatea falta da, eta epailea Jaurlaritza da. Ez diogu aulki bat kendu nahi Confebaski; guk gure iritzia eman nahi dugu, eta begirada berri batekin sartu.
Oraindik ere, Atlantikoaren bi aldeetan, interes tasek oso apal jarraitzen dute, baina inflazioaren tenperatura igotzen hasi ote den lehen zantzuak ageri dira. Hego Euskal Herrian, urte arteko KPIa %2,5era heldu zen apirilean, eta eurogunean, %1,9ra. Aurretik ere, iragan hamarkadako garai jakin batzuetan, inflazioak islatu ditu halako igoerak Europan eta Euskal Herrian.
Oraingoz, kezka batik bat AEB Ameriketako Estatu Batuetatik dator. Han, apirilean %4,2raino heldu zen inflazioa, eta berehala sortu dira zalantzak. Zenbat denbora iraungo du goranzko joerak? Hasiko ote da Erreserba Federala interes tasak igotzen? Pandemia osteko suspertzean, nola eragin dezake horrek?
Prezioen goranzko joera mundu mailakoa da, eta, atzean, faktore nagusi moduan, lehengaien salneurrien igoera dago. Nabarmenetakoa petrolioa da. Brent upela 69,5 dolarrera heldu zen asteazkenean, eta urtea 51 dolarrean hasi zuen iazko konfinamendu garaian, 25 dolarreraino jaitsi zen-. Gorakada handiagoa erdietsi dute beste lehengai batzuek, hala nola kobreak eta burdinak. Txinako ekonomia abiada betean hazten ari da berriro, eta nazioarteko lehengai merkatuak astindu ditu berriro.
Hegoaldean, bada faktore bereizgarri bat: argindarra. KPIa kalkulatzeko, familiek egunerokoan gastatu ohi dituzten 500 produktu eta zerbitzuren prezioak hartzen ditu aintzat INE estatistika erakundeak, eta saski horretan %3ko pisua du elektrizitateak. Alabaina, apirilean KPIak izandako igoeraren erdia baino gehiago argindar fakturari zor zaio.
«Hain azkar eta hainbeste»
Beste arrazoi batzuk gaineratzen dira AEBetan. Alde batetik, semieroaleen hornidura arazoek bigarren eskuko autoak erostera bultzatu dituzte estatubatuar asko, eta, merkatu horretan, prezioak %10 igo dira batez beste. Bestetik, Amazon, McDonald’s eta beste enpresa handi batzuek soldatak igo dizkiete beren langileei, pandemian egindako ahalegina saritzeko. Ondorioa? Apirilean prezioak %0,8 igo zirela eta urte arteko tasa, berriz, %4,2ra.
Larry Summers Barack Obamaren ekonomia aholkulari izandakoak piztu zuen alarmaren botoia Twitterren: «Inflazioarekin kezkatuta zeudenen taldean nengoen, baina ez nuen uste hain azkar eta hainbeste igoko zenik».
Haatik, urrats oro oso ondo neurtzeko garai berezia da oraingoa. Izan ere, pandemiak gogor jo du ekonomia, eta, burua altxatzen hasteko garaia heldu denean, tasak azkarregi igotzeak ekonomiari onura baino min handiagoa eragin diezaioke. Horregatik, ondo neurtu behar da goranzko joera hori behin-behinekoa den ala sakona. Oraingoz, Erreserba Federalak uste du aldi baterako baino ez dela, eta iritzi hori bera azaldu zuen atzo Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak. «Datorren urtean berriro jaitsiko da».
Banku zentral ororen xedea prezioen egonkortasuna zaintzea bada ere, AEBetakoak adi erreparatzen dio ekonomia hazkundeari ere. Inflazioa zaintzeko lan horretan, inflazioa %2an izateko helburu klasikoari, malgutasun dosiak aplikatu dizkio azken urteetan: epe luzerako, %2 jarri du xede gisa, baina, epe motzera, %3tik gora joateko lizentzia eman dio bere buruari.
Europan, zailagoa da hori. Beti daude erne Alemaniako belatzak EBZ urrunegi joan ez dadin errealitateren interpretazio malguan. Urteak daramatzate agertzen ez den inflazio baten arriskuaz ohartarazten. Goiz da benetan otsoa etorri ote den jakiteko; are gehiago pandemiaren garai nahasian. Baina komeni da ez ahanztea inflazioa ez dela asmakizun huts bat, eta arazoak sortzen dituela, gutxien dutenei batez ere.
Berez, Ekonomia Sailak termometroa sortu zuenetik, 2018ko irailean, ez du halako mailarik izan. Azalpena erraza da: une honetan shock ekonomiko handi baten ondoren ari da suspertzen ekonomia, eta, gainera, aldagai gehienetan aurreko urteko datuekin egiten ari da konparazioa; 2021eko apirileko kasuan, konfinamendu gogorrenaren hilabeteekin. Horrela uler daiteke industria produkzioa %53,8 handitu izana, zerbitzuetako negozioa %55,4, eta kontratuak %121,3, hiru aldagai baizik ez aipatzearren. Konparazioak are datu eskandalagarriagoak ematen ditu hegazkinez iritsitako bidaiarien kopuruan (+%4.550) eta hoteletako gaualdietan (+%1.241), nahiz eta bi sektore horiek egoera normal batetik oraindik oso urrun ibili, turismoak oraindik ez baitu abiadarik hartu.
Datu hobeak eurogunean
Txertaketak aurrera egin eta COVID-19 kasuak gutxitu ahala, suspertzea orokorra da Europan ere. Datu makroekonomikoen faltan, enpresen erosketa arduradunen iritziekin osatutako indizeek erakusten dute jarduera ekonomikoa abiada hartzen ari dela. Indize horien artean sonatuena, IHM Markit-ena, 56,9 puntura iritsi da maiatzean eurogunean, handiena 2018ko otsailaz geroztik, eta analistek espero zuten kopuruaren gainetik (55,1). 50etik gorako zenbakiek esan nahi dute enpresa gehienek jarduera handitzea espero dutela.
Suspertze bizkor horrek sortu ditu arazoak: osagai batzuen hornidura arazoak daudela esan dute Alemanian, eta langile faltaz kexu dira Frantzian.