Nafarroa helmuga “lasai, egungo eta kalitatezko” gisa aurkeztu da…
Erakundeen ordezkariek Nafarroako turismo proposamena aurkeztu dute gaur Madrilen, aurten ‘Ezagutzen al duzu Nafarroa efektua?’ leloa daramana.
600 orrialde baino gehiagoko txosten bat da Espainia 2050 izenekoa. Ez du, berez, gobernuak berak idatzi, «askatasun osoz» aritutako aditu talde batek baizik. Baina plana Sanchezen kabineteburuak koordinatu du, eta hainbat atal moldatu dituzte oraingo gobernuaren ildo nagusiekin talkarik ez egiteko. «Eztabaida nazionala» sortu nahi du haren inguruan, eta eztabaida berehala sor dezakete etorkizuneko mugikortasuna aztertzen duen zatiko proposamenekin. Izan ere, garbi uzten du dieselaren gaineko zerga bakarrik ez, gasolinarenak ere igotzeko helburua duela gobernuak. Errepideko garraioarekin batera, airekoa ez du ahaztu txostenak, eta zerga berriak ezartzeko asmoa islatu du, hegazkin bidaiei dagokienez.
Edonola ere, Espainia 2050 agiriak argi utzi du zerga igoera orokor bat dagoela pandemiaren tunel luzearen amaieran. Europako Batasunarekiko Espainiak duen arrakala fiskalari aurre egin nahi dio Sanchezen gobernuak, eta hamarkada honetan bertan desagerrarazi nahi du zerga presioaren batezbestekoarekin duen bost punturen aldea. Izan ere, EBren presio fiskala BPGaren %40,1 da, eta Espainiarena, %35. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %32,3 da, eta, Nafarroan, %31, ELAk aste honetan emandako datuen arabera.
Erabilera zergapetuz
Gasolioaren eta gasolinaren zergak igoko ditu gobernuak, eta zerga berri bat ezarriko du autoen «erabilera errealaren» batezbestekoarekin lotua; azken zerga horrek matrikulazio zerga ordezkatuko luke. Zerga igoera horiek guztiak zero isuriko motor garbiak sustatzeko politika batekin lotzen ditu gobernuaren agiriak. Baina, bien bitartean, EBko zortzi herrialde nagusien batez besteko zerga tasak jarri nahi ditu erregai bietan.
Hiri barruko joan-etorriei dagokienez, kutsadura apaltzeko, hiriko bidesariak ezartzeko aukera aipatzen du txostenak. Herritarren osasuna zaintzeko premia eta isuri apaleko eremu zabalak sartzen ditu autoak hiri barruan mugatzeko ekuazioan. Auto partekatua eta garraio publiko garbia zabaltzeko helburuak lehentasuna duela esplikatzen du agiriak, eta hiri barruan mugitzeko errealitate berri horretara egokituko den fiskalitate berria sortzeko atea zabaltzen du.
Bidaia motzik ez
Frantziak hartutako bidetik, trenean bi ordu eta erdiz egin daitezkeen tarteetan hegaldiak debekatzeko proposamena aztertzen ari da gobernua; hegazkinen kutsadurari aurre egiteko neurria da hori. Agiriak dio neurri hori ez litzatekeela oztopo handia izango aire konpainientzat, haien negozioaren muina hegaldi luzeak direlako. Halaber, zerga berriak ezartzeko aukerak aztertzen ditu txostenak: esaterako, ohiko bidaiari edota tarte laburreko bidaien txartelei.
35 orduko lanaldia
Lan merkatuari ere begirada bat eman dio Espainia 2050 txostenak. Bi helburu handinahi jarri dizkio bere buruari: enplegu tasa %62tik %80ra handitzea tarte horretan —batez ere emakumeen parte hartzea handituz eta «legezko» immigrazioaren bidez—, eta langabezia orain %18tik %7ra jaistea, horixe baitzen azken krisiaren aurretik EBk zuen batezbestekoa —Euskal Herriak %8,7koa zuen 2019an—. Gazteen langabezia tasa ere txikitu nahi dute, %40tik %14ra.
«Produkzio sistemaren defizientziak zuzentzea eta errealitate sozial, ekonomiko eta teknologiko berrietara egokitzea» da horretarako bidea. Aldatu beharrekoen artean dago lan araudia bera, «lan harremanen behin-behinekotasunaren kultura» ezabatzeko, krisi garaietan langabezia asko handitzea ekartzen duelako. Berez, ez da 2050 arte itxaron beharko horretarako, Yolanda Diaz Lan ministroak helburu hori jarri baitio esku artean duen lan merkatuaren erreformari. Aurten bertan egingo duela agindu du ministroak, nahiz eta gobernuaren barruan desadostasun handiak dauden azken erreformen zati handi bat ezabatu nahi dutenen —Diaz bera— eta atal batzuk findu nahi dituztenen artean —Nadia Calviño Ekonomia ministroa—.
Enplegu gehiago sortzeko neurrien artean legoke asteko lanaldia laburtzea, eta gaur egungo batezbestekotik (37,7 ordu asteko) 35 orduetara iristea 2050ean.
Langileen trebakuntzari ere eman dio lekua txostenak. Onartu du gaur egun diru asko bideratzen dela langabezia sarietara —enplegu politika pasiboak—, eta helburua dela gehiago bideratzea politika aktiboetara, hau da, lanik gabe geratu direnei formakuntza eta jarraipena egin ahal izatea, enplegua aurki dezaten.
Hainbat eragilek aspalditik eskatzen ziotena bete du azkenean IEAk: asteartean, txosten mardul bat aurkeztu zuen bide orri bat marrazteko, datozen 30 urteetan munduko energia sektoreak karbono neutraltasunerantz bete beharreko mugarriekin. Askok espero baino mezu indartsuagoarekin, aho zabalik utzi du bat baino gehiago.
Ez baitira nolanahiko mugarriak lortu behar direnak, nolabait, orain gobernu eta enpresen betebehar bihurtu direnak. Fatih Birol IEAko zuzendari nagusia, behintzat, ez da epelkerietan ibili: «Petrolioaren, gasaren eta ikatzaren eskariak izango duen gainbehera handiari begira, jada ez dago beharrik erregai fosilen eskaintza handitzeko inbertsioetarako. Hemendik aurrera, ez da eraiki behar karbono harrapaketarik gabeko beste ikatz zentral termikorik. 2035etik aurrera, ez da saldu behar barne errekuntzako auto berririk, eta auto elektrikoak %5 izatetik %60ra pasatu behar dira 2030erako. 2040an, argindar sistema globalak karbono isuririk gabea izan behar du».
OCDErekin lotutako gobernu arteko erakundea da IEA, eta, beraz, herrialde aberatsak ditu kide. Haren txostenek eta gomendioek jarraipen zuzena izaten dute herrialde horien energia politiketan, baina beste hainbat herrialdeentzat ere erreferentzia sendoa dira, baita inbertsiogile eta merkatuentzat ere. Eta hortik IEAren bide orri berriaren garrantzia eta eragin ahalmena.
Ingurumenaren aldeko taldeek hainbatetan leporatu diote IEAri ez duela azterketa fundamentuzkorik egin klima larrialdiari aurre egiteko jokalekuei buruz, eta berriztagarrien garrantzia gutxietsi duela. Baina herrialde aberatsak euren buruari deskarbonizazio helburuak jartzen hasi izanak eta batez ere Joe Bidenekin AEBak ere bide horretan jartzeak erraztu egin du IEAren beraren transformazioa, bai mezuan, baita haren izaeran ere.
Erregai fosilen hornikuntzaren disrupzioei aurre egiteko eta sektoreari buruzko informazioa biltzeko eta lantzeko sortutako agentzia bat da IEA, baina orain beste helburu batzuk dituela iragarri zuen iazko urrian Birolek berak: «Erabakia dugu IEA energia garbirako trantsizio globalerako agentzia bihurtzea».
IEAko zuzendari nagusia jada jarri da rol horretan. Aste honetan, deskarbonizazio helburu arranditsuetatik harago ekitera deitu ditu gobernuak eta enpresak: «Aurtengo isurien hazkundea handienetan bigarrena izango da. Ikusten ari gara handitzen ari dela tartea gobernuen erretorikaren eta bizitza errealean gertatzen denaren artean. Hainbat konpromiso eta promesa entzuten ari gara, baina zenbakiak, emisioak, gora doaz».
IEAren arabera, gero eta denbora gutxiago dago gauzak aldatzeko, eta berehala egiten hasi beharreko «etxeko lanak» jarri ditu: «Hiru etxeko lan guztientzat, gobernu, industria eta herritarrentzat. Bat: energia baliabide garbiak ahalik eta gehien erabiltzea. Bi: berrikuntzaren botoiari ematea, teknologia berriak garatzeko, ahalik eta lasterren egon daitezen prest merkatuan, batez ere industriarako, garraio astunerako, hegazkinetarako eta itsas garraiorako. Hiru: erregai fosilen erabilera nabarmen murriztea».
Hori bai, dirutza beharko da inbertsioetan urtero mugarri horiek betetzen joateko. IEAren kalkuluen arabera, energia sektorean urtero munduan egin den inbertsioa ia 1,9 bilioi euro inguruan ibili da azken urteetan (2,3 milioi dolar). Bada, karbono neutraltasuna lortzeko inbertsioetan jauzi ikusgarria egin beharko da, urtero lau bilioi euroren inbertsioak egin beharko baitira iturri berriztagarrien hedakuntzan, elektrifikazioan… Hots, munduko barne produktu gordinaren %1 gehiago jarri beharko da urtero.
Enpleguari dagokionez, gaur egun energia alorrak mundu osoan zuzeneko 40 milioi langile dituela kalkulatu du IEAk, eta, bide orria betetzen joango balitz, datozen hamar urteetan hamalau milioi lagun gehiago beharko lirateke energia garbietan. Aldiz, 2030erako, bost milioi enplegu galduko dira petrolio, gas eta ikatz hornikuntzan eta haiek erabiltzen dituzten zentraletan.
Nahiko argi dago deskarbonizazioa, iristekotan, lehenago iritsiko dela herrialde garatuetan eta garabideko herrialdeek laguntza beharko dutela egin beharreko inbertsioetarako. Guztien mesederako. Hori esan nahi izan zuen Birolek astearteko aurkezpenean: «Lasterketa honetan, denak ez dira abiatzen leku beretik. Lasterketa ez da herrialdeen artekoa, zenbakiei begirakoa: denboraren kontrako lasterketa bat da. Ez da arrakastarik izango herrialde guztiak ez badira iristen helmugara. Klima aldaketari aurre egiteko, garrantzi kritikoa izango du herrialde garatuen eta garatzeko bidean direnen arteko kooperazioak».
IEAren bide orriaren garrantzia inor gutxik jarri du auzitan, baina, hala ere, zalantza batzuk agertu dira sare sozialetan eta erakunde batzuetan. Adibidez, energia nuklearrak deskarbonizazioan jokatu beharreko zereginaren inguruan. 2050. urteko energia hornikuntzan, nuklearrei %11ko zatia aitortzen die bide orriak, eta gaur egun %5 betetzen du.
Bestalde, bide orriak efizientzian eta teknologian aurreikusten dituen hobekuntzen inguruan ere zalantzak agertu dituzte aditu batzuek. IEAk herrialde aberatsenen BPGrako aurreikusitako hazkundea baino txikiagoa da energia beharren hazkundea, eta horrek ere piztu ditu dudak.
Deskarbonizazioan karbono harrapaketarako, erabilerarako eta biltegiratzerako IEAk iragarritako partearekin ados ez daudenak ere badaude; batetik, harrapaketa teknologiak oraindik ia garatu gabe daudelako, eta, bestetik, haiek ingurumenean eragin dezaketen kaltearengatik.
Edonola ere, orain ez hainbeste sinestezina zirudiena gertatzeak gero eta aukera errealagoa dirudiela nabarmendu du IEAren txostenak: petrolio, gas eta ikatz asko lurpean geldituko da.
Ibilgailu astunen deskarbonizaziorako, hidrogenoak teknologia egokiagoa dirudi elektrifikazioak baino, oso bateria handiak beharko bailituzkete bestela, eta denbora asko horiek kargatzeko. Baina, ibilgailu astunetarako ez ezik, portuko eta aireportuko zereginetarako eta industria kimikoa energiaz hornitzeko modu bat ere badela azaldu du Iberdrolak.
Argindar konpainiak ziurtatu du 37 milioi euro inbertitu nahi duela hidrogenoaren euskal Y-aren proiektuan, eta haren eraikuntzak eta erabilerak 1.700 lanpostu sortuko dituela, zuzenean eta zeharka.
Elektrolizagailuak, bertan
Erabilitako hidrogenoa lekuan bertan sortzea da Iberdrolaren asmoa. Hamar megawatteko potentzia duten elektrolizagailuak jarriko ditu kargalekuetatik hurbil. Elektrolizagailuak, hain zuzen, uretatik hidrogenoa modu garbian bereizteko aparatuak dira, eta, eguzki plakekin elikatuko dituzte. Plakek nahiko argindar sortzerik ez dutenean, Iberdrolak agindu du energia berriztagarriez hornituko dituela. Plaka fotovoltaikoek beharrezkoa den baino argindar gehiago ekoizten dutenerako, berriz, bateriak jarriko dira soberakin hori gordetzeko, eta beharrezkoa denetan hidrogenoa bereizteko edo argindar sarera bidaltzeko.
Iberdrolak Next Generation EU planaren diruak erakarri nahi ditu hidrogenoaren euskal Y-a finantzatzeko. Erakunde publikoen babesa ere lortu du: Eusko Jaurlaritza; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak; Gasteizko Udala; eta Bilboko eta Pasaiako portuak. Gainera, enpresa batzuek konpromisoa hartu dute hidrogenoa erabiltzeko, haien artean CAF, Irizar, Alsa, Aena, .PepsiCo, eta Primafrio.
Proiekturako behar diren materialaz, makinez eta zerbitzuez hornitzeko 30 euskal enpresa bildu dituela adierazi du Iberdrolak. Horien artean daude Ampo, Arteche, Babcock Valves, Betico, Idom, Indar, Ingeteam, Iointek, Jema, Ksb, Ormazabal eta Tubos Reunidos.
Beste proiektu batzuk
Bizkaia hidrogenoari lotutako industriaren erdiguneetako bat bilakatzeko bidean da. Helburu horrekin aurkeztu zuten otsailean BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorea izenekoa. Petronorrek bultzatutako proiektu bat da, hidrogenoa industriarako, ibilgailuetarako eta etxebizitzetarako erabil dadin. Hark ere iragarri du kargaleku bat jarriko duela, Abanton egiten ari diren parke teknologikoan (Bizkaia).
Korridore horren lehen zutabeetako bat abian jarri dute Petronorrek eta Senerrek. Elektrolizagailu alkalinoen lantegi bat egiteko akordioa sinatu zuten martxoan. Ziur aski, Portugaleten (Bizkaia) egingo dute lantegia, eta datorren urterako nahi dute martxan, 50 edo 60 langilerekin. Urte horren amaierarako izango lukete lehen makina, Abantoko parkerako.
2023aren bukaeran hamar MWekoa izatea nahiko lukete, eta Bilboko portuan Petronorrek, Enagasek eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak jarriko duten erregai sintetikoen lantegirako izango litzateke. Denbora gehiago beharko lukete 100 MWeko elektrolizagailua prest izateko, 2025erako edo 2026rako. Petronorren findegiaren hidrogeno berdearen beharrak betetzeko erabili nahi dute, baina baita BH2Cko beste proiektuetarako ere.
Elektrolizagailuak egiteko beste proiektu bat ere badute esku artean Iberdrolak berak eta Ingeteamek. Beste bazkide baten bila ari dira, eta Jaurlaritza izan daiteke. Fabrika «Euskadin jartzeko ahaleginak» egingo dituela agindu du Jose Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak.
Itxierek ez dituzte zertan kaleratzeak ekarri derrigor, multinazionalaren arabera, CCOOrekin eta UGTrekin egindako akordioan konpromisoa hartu baitu saltzaileari beste nonbait lanpostu bat emateko. Alabaina, ELA sindikatuko Merkataritza ataleko arduradun Amaia Pintadok garbi azaldu du «ezkutuko kaleratze erregulazio bat» dela Inditexen gertatzen ari dena: «Donostiako langile bati Sevillan enplegua eskaintzea edo lanaldi murriztu bat eskaintzea zer da ba?».
Primarken zain Bilbon
Enplegua kolokan duten behargin horiek noiz jakingo dute, orduan, zer eskaintzen dien arropa konpainiak? Bada, enpresak denda itxi aurretik jakinarazi behar die non dituen lanpostuak libre haientzat, eta, horren arabera, hautu bat egin beharko dute: lanpostu berria onartu ala langabeziara joan. Gertatzen dena da lanpostu berriaren aukera ez dela «benetakoa» sarri askotan, baldintzak ez direlako bideragarriak, lanpostua urrunegi dagoelako.
«Komertzio tradizionala aldatzen joateko plana oso pentsatua dute Inditexek eta beste hainbatek, eta aspaldian ari dira bezeroa horretara bideratzen. Pandemiak azkartu egin du plan hori, argi dago, baina online salmentak bultzatzeak ez du zertan ekarri guztiz errentagarriak diren dendak ixtea». Pintadok H&M jarri du horren adibide gisa. Suediako enpresak 56 langile bota nahi ditu Euskal Herrian: lau Nafarroan, beste lau Araban, hamasei Gipuzkoan, eta 30 Bizkaian.
Bien bitartean, Irlandako low cost-eko erraldoi Primarkek saltoki handi bat zabalduko du gaur Bilbon. Bilbao Dendakeko presidente Rafa Gardeazabalek esan du «onartu» egin behar dutela irekiera hori: «Negozio gisa ez dugu ezer esateko, baina eredu komertzial gisa ez da ona hiriarentzat».
Donostiako COS H&M dendan ari dira pairatzen eredu horren ajeak: «Hilero hilero iristen da kateak ezarritako gutxieneko salmentara», dio ELAko kide Pintadok, eta, hala ere, hango hamalau langileak kaleratzea erabaki du konpainiak. Emakume langile horiek greba mugagabean daude maiatzaren hasieratik. «Itxiera horren atzetik ez dago arrazoi ekonomiko jakin bat, online salmentak bultzatzeko estrategia oso bat baizik». Denden alokairua eta pertsonal gastuak kentzen dituzte, baina inbertsio berriak egin behar dira sarerako.
Pintadoren ustez, pertsonal gastu horiek ez dute pisu handirik konpainia handientzat: «Hamalau lanpostu kentzeak ez die askorik eragiten; estrategia zabal baten barruan ulertu behar da kaleratze kolektibo hori, eta, aurrerantzean, gehiago iritsiko dira». Inditexek Txinan itxitako denda mordoa gogorarazi du. «Joera hori indar handiagoarekin iritsiko da hona, eta, Inditex bezala, beste kate handiak ere badakigu norantz doazen», ohartarazi du ELAko Merkataritza ataleko arduradunak.
Eta, horrelako egoera baten aurrean, zer proposatzen du ELAk irtenbide gisa, langileen lanpostuak salbatzeko? Digitalizazioaren itzalean egiten ari dira itxierak eta digitalizazioak berak lanpostuak sortzen dituela uste du Pintadok: «Enpresek konpromisoa hartu behar dute ixten dituzten denda horietako langileak digitalizazioak sortuko dituen horietan jartzeko. Arrisku handia baitago atal digitalean azpikontratazioak egoteko, eta lanpostu prekarioak sortzeko. Lan hitzarmena alda dezakete, eta arreta telefonikoa atzerritik egin. Zenbat diru aurrezten dute horrela?».
Pintadok badaki batek edo bestek lor dezakeela digitalizazioarekin lotutako lanpostu berria, baina Inditexeko asko langabeziara joango direla ere bai, «40 orduko lanaldia edukita 24ko batera aldatzea, urrutira joanda, adibidez, ez delako bideragarria».