Productos Tubulareseko lehen grebaldiak erantzun zabala izan du
420 langilek dihardute TPn, eta, ELA sindikatuaren arabera, lehen greba eguna arrakastatsua izan zen. Enpresa hitzarmenaren negoziazioa berriro hasteko ekin diote grebari PTn, aurrekoa duela lau urtekoa baita. Sindikatuek uste dute lan itun horrek hiru baldintza bete behar dituela: langileek galdutako erosahalmena berreskuratzea, lantaldea berritzeko neurriak hartzea eta zuzendaritzak bere industria proiektuaren berri ematea, «langileen ordezkariek askotan eskatu arren, susmagarriki ezkutatu egiten baitu».
PTko langileek badute beste eskaera bat: indarrean dagoen aldi baterako erregulazioa bertan behera geratzea. Sindikatuek uste dute ez dela beharrezkoa, eta lantegi barruan malgutasuna ezartzeko tresna bat baizik ez dela. Iazko azaroan ezarri zuen enpresak, eta 382 langileri eragiten die.
Tubos Reunidos egoera zailean dago, pandemiak are gehiago okertu baitu haren aurreko egoera ahula. Bosgarren urtez jarraian, galerekin amaitu zuen 2020. urtea: 101,3 milioiko zuloa iaz, 2019an izandakoa halako bi. Horregatik, erreskatea eskatu dio Espainiako Gobernuari. Sindikatuak kexu dira zuzendaritzak Tubos Reunidosen kinka txarra argudiatu duela lan hitzarmenari buruzko negoziazioak ez hasteko: «Zuzendaritzak ez du esaten talde horren barruan Productos Tubularesek gaur egun bideragarritasuna eta etorkizuna duela».
Gainera, kexa azaldu dute enpresako presidente berriari ordainsari «neurrigabea» emango diotelako —urtean 450.000 euro ingurukoa, 160.000 euroko hobariarekin—, noiz eta langileek azken lau urteetan soldatak izoztuta eduki dituzten honetan: «Aitzitik, administrazio kontseiluak %81 igo ditu ordainsariak 2019an jasotakoarekin alderatuta».
General Mills, Aernnova…
Negoziazio eguna izan zen atzokoa enpresetan, eta General Millsen, esaterako, lan hitzarmena berritu zuten ELA, USO eta UGTren babesarekin. LABek eta CCOOk, berriz, ez zuten sinatu. Enpresa San Adrianen (Nafarroa) dago, eta Nafarroako Erriberan langile gehien dituenetako bat da: 955. Elikadura industrian dihardu, eta Old El Paso markako gari tortillak eta beste produktuak egiten dituzte.
Hitzarmen berriak %1,8ko soldata igoera aurreikusten du, eta KPI gehi %0,5 berrituko da urtero. Enpresak 50 kontratu mugagabe gehiago egingo ditu, horietatik hogei antzinatasunaren araberakoak. Era berean, ezabatu egingo da azken bi hitzarmenetan langile berrientzat indarrean egon zen soldata eskala bikoitza. Azken hori puntu garrantzitsua da, aurten 300 langile berri kontratatu baitituzte.
General Millsen azken hilabeteetako giroak zerikusi gutxi du Aernnova Aeroestructuras Alavak duenarekin. Aeronautika sektoreko enpresak 82 langile kaleratu ditu aurten Berantevillan (Araba), eta EAEko Auzitegi Nagusiak legezkotzat jo zuen neurria. LABek salatu duenez, baina, enpresaren luze gabeko aurreikuspenak ez dira epaitegietan azaldu zituen bezain txarrak.
Aernnovak, izan ere, %13 murriztu du egun indarrean duen aldi baterako erregulazio espedientearen iraupena. LABek dioenez, hasieran 69 egunerako erregulazioa beharko zuena bederatzi egunetan laburtuko diete langileei. Are gehiago, egun 370 langilek dihardute Berantevillan, eta hamazazpiri 38 egunetan laburtuko diete aldi baterako neurria.
Sindikatua «ziur dago» azken aurreikuspenak ez direla hobeak izango, eta aldi baterako erregulazioa are gehiago laburtuko duela zuzendaritzak. Egoera ikusita, LABek berretsi egin du kaleratzeen aurreko negoziazioan izandako jarrera, alegia, «trantsizio neurrien» aldekoa: «Hasieran aurreikusitako aldi baterako erregulazio egunak aski zitezkeen kaleratzeak eragozteko».
Gometeguik 30 langile kontratatuko ditu
Duela 40 urte baino gehiago sortutako enpresa da Gometegui Industrial, eta osagai metalikoak egiten ditu industria astunerako eta energia sektorerako. Kinka zailean izan berri da enpresa, eta, 2018ko urrian, hartzekodunen konkurtso baten ondoren, Diego Sanchez Moreno enpresaburuak erosi zuen, eta merkatu gehiagotara zabaltzeko estrategia abian jarri.
Horri esker, sektore eolikoko, hidroelektrikoko eta meatzaritzako nazioarteko bezero handien kontratu ugari lortu ditu. Horiek egiteko, hamar langile finko hartu ditu azken hilabeteetan, eta aldi baterako beste 28.
Bi emakumezko hautagai diskriminatu zituzten sexu joeragatik Arkautin
Gasteizko auzitegi batek ebatzi du Ertzaintzaren 27. promozioko ebaluazioan bi emakumezko hautagai diskriminatu zituztela sexu joeragatik.
Pentsionistek EAEko eta Nafarroako Parlamentuetara eraman dituzte beren eskariak
Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduko ordezkariak Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan izan dira beren aldarrikapen nagusien dokumentua eramateko.
Lan eta Enplegu Sailak 100.000 euro bideratuko ditu aurten…
EAEk helmuga seguru, askotariko eta jasangarri gisa aurkeztuko du…
FITUR, 2021eko maiatzaren 19tik 23ra. EAEk helmuga seguru, askotariko eta jasangarri gisa aurkeztuko du bere burua turismo azokan, pandemiaren bigarren udan.
Erriberako merkatutik, hornidura polo izatera
Bilboko Erriberako udal merkatuko beherengo solairuan egoten ziren arrain saltzaile handizkarien postuak; besteak beste, Jose Crespo SA handizkari enpresako ugazaba, Alma Cresporen aita Jose Crespo. Inguruko Erronda, Goienkale eta Artekale kaleetan, berriz, fruta eta bazkarien alorrekoen eta bestelakoen biltegiak; tartean, Ortiz Ciges SL enpresako Ruperto Ortiz Ciges eta bere anaia. «Francisco Francoren erregimenak handizkarien merkatuak sortzea erabaki zuen: lehena Salamancakoa izan zen [Gaztela eta Leon, Espainia] eta ondoren etorri ziren gainontzekoak; besteak beste, Bilbokoa. Zazpikaleetan geunden handizkari guztiok Basaurin eraikitako azpiegitura berrira joatera behartu gintuzten». Astelehenean, maiatzaren 10ean, 50 urte bete ziren MercaBilbo inauguratu zela.
Ortizek aitortu du ez zitzaiela aldaketa gustatu: «Bilboko biltegia gurea zen, ordaindua genuen. Basaurin, berriz, tarifa bat ordaindu behar genuen: lokalaren alokairuagatik eta zerbitzuaren gastuengatik. Hasieran esan ziguten laster amortizatuko zirela inbertsioak, eta tarifa jaitsiko zela, baina ez zen halakorik gertatu». Crespo garai hartan ez zegoen aitarekin beharrean, baina ez du gogoan aitak kexarik izan zuenik. Berak uste du arrain saltzaileentzat, behintzat, hoberako aldaketa izan zela: «Erriberan zegoena baino leku gehiago eta hobea dugu Basaurin».
MercaBilbaoko zuzendari nagusi Aitor Argoteren esanetan, saihetsezina izan zen aldaketa, handizkariak Zazpikaleetan egoteak eragiten zuen kamioien joan-etorria jasangaitza zelako auzoarentzat. Esaterako, beren saltokietarako erostera joaten ziren Bizkaiko merkatariena. Basauriko merkataritza eremuak hamahiru hektarea baino gehiago ditu, 71 handizkari enpresak egiten dute han lan, eta egunero 3.000 ibilgailutik gora joaten dira, hura hornitzera eta ondoren handik elikagaiak banatzera. Mugimendu gehiegi Bilboren bihotzerako. Horrez gainera, beste onura bat ikusi dio MercaBilbaoren sorrerari: «Merkatu hori prezioaren arautzaile bihurtu zen, gardentasuna eta lehia errazteko».
Argoteren esanetan, Iberiar penintsularen iparraldeko jaki biltegia da MercaBilbao. Euskal Herritik kanpo ere badituzte bezeroak: Kantabria, Asturias, Errioxa, Burgosko zati bat, Valladolid iparraldea aipatu ditu Espainian; baita Frantzia hego-mendebaldea ere. 258 mila tona merkaturatu zituzten 2020an, eta hamabi milioi tona, berriz, 50 urteotan.
Produktua baino gehiago
Sorreratik asko aldatu da funtzionamendua. «Lehen, enpresa operadoreek beraien lokaletik saltzen zituzten produktuen mugimendua kudeatzen zuten. Ez ziren existitzen, orain bezala, banaketa kate handiak. Genero guztia MercaBilbaotik sartzen zen Bizkaira, hemendik dendetan banatzeko. Gaur egun, enpresek bezeroak bilatu behar dituzte, barruan eta kanpoan, eta beste zerbitzu mota bat eskaini behar dute, produktuez harago». Esan du produktuei balio erantsia ematen dieten zerbitzuak eskaintzen direla gaur egun. Esaterako, produktu ontziratuak, zurituak, zatituak edo, arrainen kasuan, garbituak saltzen dira. «Leku txikia dugulako, bestela ziurrenik gurean janari prestatuen enpresak ere izango genituzke».
Crespok eta Ortizek, biek azpimarratu dute euren bezeroak asko aldatu direla. «Lehen familia janari dendetakoak etortzen ziren gurera. Denda horietan, belaunaldi aldaketarik ez da egon, eta desagertu ez direnak edo sortu diren berriak migratzaileek kudeatzen dituzte gaur egun», azaldu du Crespok. «Fruta dendei begiratuz gero, nabarmena da», gehitu du Ortizek. Haren esanetan, eurei fruta eta barazkiak hornitzen dizkieten ekoizleen artean ere igarri dute aldea: «Garai batean familia ustiategiak izaten ziren. Orain, elkartuz joan dira, kooperatibetan biltzen edo enpresa handiak sortzen».
Fruta eta barazkien alorrean, hornitzaile gehien-gehienak Bizkaitik kanpokoak dira. «Betidanik Mediterraneo aldetik eta penintsula hegoaldetik ekarri izan dira», esan du Ortizek. Argotek eman du datua: tokiko produktuak MercaBilbaotik merkaturatutakoaren %0,1 dira, frutari eta barazkiei dagokienez. «Edonola ere, Bizkaiko biztanle guztiok tokiko produktuak kontsumituko bagenitu, herrialdeko ekoizpena ez litzateke nahikoa izango gu hornitzeko, ez dugulako ekoizpen eremu handirik». Arrainen kasuan, freskoaren jatorri nagusia Bizkaiko portuak dira; ondoren, Santanderko portutik [Kantabria, Espainia] eta Galiziakoetatik ekartzen dituzte.
Ohartarazi dute elikagaien saltoki handien lehia ere badutela gaur egun. «Gero eta handiagoa», azpimarratu du Ortizek, gaur-gaurkoz negozioa ondo doakiela esan arren. Esaterako, iaz, fruta eta berduren salerosketan markak hautsi zituen MercaBilbaok, pandemiagatik. Arrainetan ere «oso urte ona» izan dutela aitortu du Crespok, nahiz eta Gabonetako kanpainarako berandu iritsi zen produktua: «Itxiera perimetralak direla eta, jendea auzoko arrandegian erostera itzuli da. Ezin izan da saltoki handietara joan. Beraz, horrek guri mesede egin digu. Dena den, hasi da lehengoratzen». Denda txikien aldeko aldarria egin die erosleei: «Auzoan zenbat eta gutxiago kontsumitu, auzoko dendak ez ezik, handizkarion negozioak ere arriskuan egongo dira».
Argoteren esanetan, gizartearen bilakaerari aurrea hartzeko gai izatea da gakoa: «Merkatu hobi berriak aurkituko ditugu, aurreko 50 urteetan egin den bezala. Elikagaien industriaren oinarrietako bat logistika dela ikusita, eta, Atlantikoko ardatzean produktua berriz bidaltzeko leku ezin hobean egonik, hazteko bidea egon badago». Elikagaien Euskal Herriko «poloa» izan nahi du MercaBilbaok.
Zailtasunak zailtasun
Erronkak ez zaizkie inoiz falta izan. Aurretik ere une zailak gainditu dituzte. Ortizek, bereziki, 1983ko uriolak azpimarratu ditu: «Dena geratu zen urpean. Baina Bizkaiko Diputazioak San Mamesen zegoen erakustazoka utzi zigun, eta bizpahiru egunetan han geunden gure produktuak saltzen. Ez genion Bizkaia hornitzeari utzi». Bilboko portuan izaten ziren grebak ere gogoratu ditu; kontatu du grebalariak MercaBilbaora joaten zirela euren hornitzaileei sarbidea galaraztera.
Lana, berez, ez dela zaila esan du Crespok. «Ordutegia da gogorra: 04:00etan esnatzen naiz ni». 06:00etatik 12:00etara egiten dute salmenta han. Bezpera arratsaldean jasotzen dituzte produktuak, eta biharamunerako dena txukunduta uzten dute. Orain, teknologia berriei esker, errazagoa da salmenta. «Nik WhatsApp bidez erakusten dut produktua eta handik edo telefonoz jasotzen ditut enkarguak. Bezeroa datorrenerako, dena prest izaten dut, berak nahi duen eran», esan du Crespok. Halere, Ortizek esan du oraindik bezeroei gustatzen zaiela produktua bertatik bertara ikustea, eta tratuan ibiltzea.
Cresporen negozioan Gabon aurrea izaten da lan gehien duten sasoia. Itsas denboraleek ere asko eragiten diote: «Arrantzaleak ez badira itsasoratzen, ez dago arrainik». Ortizek urte osoan berdintsu saltzen du. «Hemen ez bada sasoia, munduaren beste puntan izango da. Gaur egun frutak eta barazkiak beti ditugu eskura. Ez dago hornidura arazorik».
Oposizioak bidesariekin «tematzea» egotzi dio Gipuzkoako Aldundiari
Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1 eta A-15 autobideetan kamioiei jarritako bidesariei eusteko hirugarren arau bat iragarri izana kritikatu dute oposizioko taldeek. Epaitegiek lehen bi arauak baliogabetu ondoren, ordainsariekin «tematzea» eta «jarrera arduragabea» izatea aurpegiratu diote Markel Olanoren gobernuari. Beldur dira garraiolariei dirua orain ez itzultzeak kostuak handituko dituela.
Oposizioko talde nagusiak, EH Bilduk, hitz gogorrak erabili ditu aldundiaren jarrera epaitzeko. «Txapuza, harrokeria eta kudeaketa txarra» leporatu diote Juan Karlos Eizagirre eta Estitxu Elduaien batzarkideek. Haien ustez, EAJren eta PSEren gobernuak alde batera utzi beharko lituzke «arduragabekeria, inprobisazioa eta inposaketa», eta ordainsariak berehala eten beharko lituzke. Gainera, kobratutako dirua itzuli beharko lieke 2018az geroztik N-15 eta A-15 erabiltzeagatik pagatu duten kamioilariei. 35 milioi euro dira, koalizioak kalkulatu duenez.
Antzeko hitzak erabili ditu Arantza Gonzalez Elkarrekin Podemoseko batzarkideak ere: «Erabat ulertezina da foru gobernua ordainsariekin tematzea, badaezpada ere logikoena izango litzatekeelako [ordainsaria] etetea, eta ez hainbat milioiren itzulketari aurre egin behar izatea». Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretarako diputatuak «segurtasun juridikorik gabe» beste arau bat iragarri izana gaitzetsi du Gonzalezek, «kalte handia egin diezaiokeelako foru kutxari».
PPko batzarkide bakarrak, Juan Carlos Canok, «egia judizialari egokitzeko» eskatu dio Olanoren gobernuari., «ez baita nahikoa arrazoia duela pentsatzea».
Hiruk dirua bueltan nahi du
Ordainsarien aurkari historikoa izan den aldetik, Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak gustura hartu du Espainiako Auzitegi Gorenak aldundiaren azken helegitea onartu ez izana. Eta, gaizki, berriz, aldundiak hirugarren arau bat iragartzea. «Hiruk ez du ulertzen foru aldundiaren jokabide temati eta zentzugabe hori, auzitegiek behin eta berriz baliogabetutako sistemari eustea, jakinik interesak, errekarguak, zehapenak eta kostu bidegabeak sortuko dituela, guztion diruarekin ordaindu beharko direnak. Administrazioa arduragabe ari da, argi eta garbi».
Horregatik, bi eskaera egin ditu Hiruk: behin-behinean sistema bertan behera uzteko, eta garraiolariei «bidegabeki» kobratutakoa berehala itzultzeko ofizioz, eskaeren zain egon gabe. «Sistema automatikoa da, zuzenean kobratzen zaie garraiolariei kamioia errepide horietatik pasatzen den aldi bakoitzeko, eta itzulpena automatikoki egiteko zailtasunik ez dago; datu guztiak dituzte, eta erabiltzaileak ondo identifikaturik; beraz, ez dago itzultzeak atzeratzeko arrazoirik».
Bidesarien aurkako bere argudioak gogorarazi ditu Hiruk. «Bide-azpiegiturak ondasun publikoak dira, denok ordaintzen ditugu zergen bidez, guztiok gara horien erabiltzaileak. […] Bidesariak garraiolariei bakarrik ezartzea baztertzailea da, errepideen berrordainketa azkenari kargatzea, katearen zatirik ahulenari. Azken finean, errepideen erabiltzailea produktua bera da, kontsumitzailearengana iritsiko dena. Garraiolaria bitartekaria besterik ez da».
BEHITEGI HANDIENA, ETXEAN
Handia da esne sektorearen kezka ere. Azken finean, Nafarroako bost esne behitik bat Caparroson dago. Valle de Odieta enpresa da makrobehitegiaren jabea, eta, Alberto Gerendiain Azpiroz arduradunaren hitzetan, esne sektorearen arazoa ez da jarduna, «belaunaldien errelebo falta baizik». Orain arte hamasei milioi euro inbertitu dituztela adierazi du, eta 80 enplegu zuzen sortu dituztela aldarrikatu. «Inbertsio eta lanpostu horiek ez dira deslokalizatuko, eta inguru honen mesederako izango da».
Guztiz alderantziz pentsatzen du Alesbesko eta Martzillako herritar talde handi batek —Caparroson bertan, proiektuaren aurkako jarrera apalagoa da—. Martzillan, Makroproiekturik ez dioten kartelak eskegi dituztehainbat etxetako balkoian. «Gurea herri lasaia da; oso gutxi mobilizatu ohi da, eta, lehen aldiz, protesta egin dugu, arriskuan ikusten ditugulako geure osasuna eta elikagai industria», azaldu du Marcilla Viva plataformako kide batek —nahiago du izenik ez eman, enpresaren presioaren beldur baita—.
Izan ere, aspaldidanik kezka bizia dute: behitegiak kalte larria egiten ari ote zaion ingurumenari, batik bat Aragoi ibaiko arro aberatsari eta haren akuiferoei. Otsailean, ohartarazi zuten digestato gehiegi isuri zuela makroetxaldetik gertu diren lur eremuetan. Marcilla Vivako kideak «40 metro altuerako mindaz [behi pixa eta gorotz arteko nahasketa] edo digestatoz osatutako benetako jauziak» ikusi zituen labarretatik behera.
Handik egun batzuetara, beheko urmael bateko ur beltzetan nitrato maila neurtu zuten bai Greenpeacek, baita Martzillako Udalak ere: 81,7 miligramo litroko; hots, behar baino lau aldiz gehiago —25 miligramotik gora arriskua dago, eta 50etik gora toxikoa da—. Ia hiru hilabete geroago, putzua urez hustu dute, eta simaur usaina duen lokatz beltz moduko bat geratu da. Aragoi ibaia gertu dago, eta ingurua kontserbazio bereziko eremua da.
Salaketa horrek eta enpresaren beraren asmoek alarma piztu dute. Izan ere, Valle de Odietak instalazioen tamaina handitu eta orotara 7.200 behi izateko helburua du aspaldidanik. Nafarroako Gobernuak atzera bota zion eskaera, eta, foru dekretu bidez, ganadutegien tamaina mugatu zuen 2019an. Baina Nafarroako Auzitegi Nagusiak bi aldiz arrazoi eman dio Valle de Odietari. Epaitegiek behartuta, martxoan, gobernuak beste ingurumen baimen bat eman zion enpresari, asmo horiek gauzatzeko. Hondakinak kudeatzeko baldintzak zorroztu bazaizkio ere, iraganean kontrol neurriei izkin egiteko ahalmena erakutsi du Valle de Odietak. Gobernuak asteon iragarri du ofizioz beste baimen bat prestatuko duela eta are zorrotzagoak izango direla baldintzak zein zaintza.
Hala ere, aurrera doa. Alberto Gerendiainek azaldu du zabaltzea «2022 amaierarako» prest izango dutela. Haren hitzetan, beste bederatzi milioi euro inbertituko dituzte, eta 30 lanpostu gehiago sortu. Eredua bera defenditu du: «Ez dugu gustuko makroetxalde hitza, familia kooperatiba bati kalte egiteko sortu baita. Bioustiategi honetan, ingurumenaren eta animalien errespetua ez dago zalantzan jartzerik». Hala al da, ala bada larritzeko arrazoirik? Horretarako, 11 urteotako ibilbidea ulertu behar da.
HASTAPENAK
Odieta haraneko Ziaurritz herrian 70 urtez abeltzaintzan aritutako etxalde batean du jatorria ibarraren izena duen sozietate kooperatiboak. Atzean, Gerendiain eta Zilbeti familiak daude. Alberto Gerendiainen arabera, etxaldea txiki geratu zitzaielakoan, Caparrosora mugitzea deliberatu zuten. Ziurtatu zien enplegua eta aberastasuna ekarriko zuela Nafarroa erdialdeko herri horretara, eta udalak 59 hektareako lur komunalak utzi zizkion 30 urterako, 2007an —beste 30 urtez luzatu dezake—. Gerora, beste 50 hektarea utzi zizkion. Kontratuan datorrenez, erregu lur bakoitzeko (898,5 metro koadro) hamar euro gehi KPI ordaintzen dizkio. Enpresak konpromisoa hartu zuen 40 lanpostu sortzeko, «gehienak herrikoak». Gainera, festetan behi bat oparitu izan du.
Caparroson hasieratik begi onez hartu zen proiektua. 2009an, UPNren gobernuak ingurumen baimena eman ondotik, egitasmoa abian jarri zen 2010ean, 1.500 behirekin. Alesbesen eta Martzillan jarrera bestelakoa izan zen hasieratik. Makroetxaldea gertuago izateaz gain, ibaian behera daude bi herriak. Onura ekonomikorik jaso ez eta digestatoen arriskua handia zelakoan, Alesbesko Udalak auzitara jo zuen proiektuaren aurka, eta hura geldiarazteko aukera izan zuen.
Izan ere, 2011n, Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoi eman zion udalari, eta baliogabetu egin zuen ingurumen baimenaren inguruko gobernuaren ebazpena. Epaiak ondorioztatu zuen enpresaren proiektuak «gabeziak» zituela. Batetik, hirigintza arloko txostena orri batekoa baino ez zen; eta, gobernuak balekotzat jo arren, auzitegiak ebatzi zuen «baliogabea» zela. Gobernuak zioenaren kontra, epaiak esan zuen biometanizazio planta ez zela abeltzaintzako instalazio bat, «jarduera industriala» baizik, eta «bereziki kaltegarria» izan zitekeela akuiferoentzat eta ingurumenarentzat.
2014ko uztailean, Espainiako Auzitegi Gorenak, enpresaren eta Nafarroako Gobernuaren kasazio helegitea onartu, eta ingurumen baimena berraktibatu zuen. Aurrera jarraitzeko aukerak zabalik izan arren, auzibidea han amaitu zuen Alesbesko Udalak. Zergatik? Nafarroako Parlamentuan EH Bilduk aipatu du akordiora heldu zirela hiru aldeak. UPN zegoen agintean udalean, eta UPN zegoen agintean gobernuan —Javier Esparza zen Landa Garapeneko kontseilari—. Duela gutxi, Mari Carmen Segura Alesbes ko alkateak gogorarazi du auzi hark 15.000 euroko kostua eragin ziola udalari.
BIOMETANIZAZIO PLANTA
Behitegitik gertu, biometanizazio planta dago. Valle de Odietak azpimarratu du Europako araudiek gomendatutako tratamendua dela eta «ingurumenarekiko arduratsua» dela, gas emisiorik ez dagoelako. Guztiz alderantziz pentsatzen du Jesus Arbizu 3R Taldeko kideak: «Biometanizazio planta ez da hondakinak tratatzeko metodoa, argindarra sortzekoa baizik». Materia organiko bidez, biogasa sortzen du plantak aldi berean elektrizitatea ekoizteko, baina hondakin gisa digestato likido zein solidoa geratzen da.
HTN enpresa kudeatzailea eta Valle de Odieta urtero behartuta daude zehaztera noiz, nola eta zenbat digestato zabaldu duen lur sail bakoitzean, baita zein den hondakinen osaera kimikoa ere. 2014an, hori gaizki egiten ari ziren lehen mezuak heldu zitzaizkion Arbizuri. Nafarroako Gobernuari plan horien informazioa eskatzerakoan ohartu zen hutsune handiak zeudela, batik bat metal astun kantitatearen eta analisi kimikoaren ingurukoak.
2015 eta 2016 artean, hiru aldiz egin zieten eskaera, eta Landa Garapen Departamenduak onartu zuen enpresak ez zizkiela datu horiek bidaltzen. Arbizu: «Gure harridurarako, ez zegoen daturik. Orduan nola kontrolatzen da? Linbo moduko bat sortzen da, enpresak ongi egingo duen halako uste bat».
Alberto Gerendiainek azaldu duenez, biometanizazio plantan etxaldeko hondakin organikoez gain, «inguruko beste etxaldetakoak» iristen dira. 2014ko datuetan ikusten denez, 90 enpresak euren hondakin organikoak bidali zituzten Caparrosora: hiltegietako odolak, olioak, industriak merkaturatu ezin duen esnea, lohiak, elikagai industriaren hondakinak… Enpresen erdiak inguru Nafarroakoak badira ere, gainerakoak Hego Euskal Herriko beste lurraldeetakoak eta Errioxa, Aragoi, Madril, Asturias, Gaztela eta Leon, Kantabria eta Kataluniakoak dira.
Beste urteetako informazioan enpresen identitatea eta jatorria agertzen ez bada ere, deigarria da eurentzat errentagarriagoa izatea hondakinak Nafarroaraino eramatea gertuagoko beste plantaren batera baino. Prezioen inguruko bi zantzu daude. Batetik, 2014ko datuetan zaborra kudeatzen duten hiru erakunde ageri dira: Iruñerriko Mankomunitatea, Goi Erriberako Mankomunitatea eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa. Estatuko Aldizkari Ofizialean ageri denez, 2017an, GHK-k 2,1 milioiko kontratua esleitu zion HTNri eta Artaxoako Ecofert konpost plantari «abantaila handieneko eskaintza» egin zutelako —nahiz eta bertan ez zehaztu zenbat hondakin bidaltzen duen, 2014an GHK-k 1.526 tona igorri zituen—. Bestetik, Iruñerriko Mankomunitatearen kasuan, bosgarren edukiontziko zabor organikoa Caparrosoko plantara joaten da, 23 euro tonako salneurrian. 3R Taldeak gutuna igorri dio Iruñerriko Mankomunitateari hori egiteari utz diezaion eskatzeko.
«Bi negozio batean, horixe dira», dio Arbizuk. Esne produkzioa negozioaren aurkia den moduan, biometanizazio planta da ifrentzua. Hondakin organikoen planta horretatik ateratako digestatoa ongarri gisa erabiltzen da, eta hori barreiatzeko 3.200 hektarea ditu Valle de Odietak. Hala ezarri zuen 2009ko ingurumen baimenak eta indarrean egon da martxora arte. Bitarte horretan, etxaldetik plantara iristen zen mindaren eta kanpoko enpresen hondakinen kopuruek handitzen jarraitu dute. Nolatan ez dute behartu enpresa digestatoa barreiatzeko eremua handitzera? Aldea handia da: martxoan emandako baimen berriak 8.000 hektareako eremua ezartzen du, eta Tafallatik Tuterara arteko 23 udalerritako zoruak jasotzen ditu.
ZIGOR ESPEDIENTEAK
Gobernuak jakinarazi duenez, hemeretzi zigor espediente ireki dizkio Valle de Odietari. Gerendiainen arabera, «hamar urtean pilatutako kontu txikiak» dira. Alde batetik, baimendu baino behi gehiago dituela erreklamatu zaio hainbat aldiz. Berez, 2013an, enpresak makroetxaldea bikoiztu eta 7.200 behi izateko eskaera egin zuen; baina, lau urte geroago, gobernuak atzera bota zion. Hala ere, apurka, Valle de Odietak behi kopurua handitu du: 2017ko martxoan, 4.918 behi eta 893 txekor eta txahal zituen; 2019ko ikuskaritza baten arabera, 5.192 behi eta 1.780 txahal eta txekor. Alta, ez du eraginik izan. Enpresak argudiatu du administrazioak birritan ez diela euren eskaerei erantzun, eta atzerapenak ez duela justifikaziorik.
Horri lotuta, 2009ko baimenean jasota ez zeuden azpiegiturak eraikitzea edo epez kanpo egitea leporatu zaio. Azken hiru urtetako sateliteko argazkietan egiaztatu daiteke nabeak eraikitzen jarraitu duela enpresak, nahiz eta hori ahalbidetuko liokeen ingurumen baimena martxoan jaso duen. Epaileek azkenean arrazoi eman badiote ere, ustiategia zabaltzeko auzia epaitegietan zen bitartean, enpresak aurrera jo du.
Zigor espediente gehienek ingurumen baldintzak ez betetzea egotzi diote. 2016ko irailaren 26an, basozainek egiaztatu zuten ur zikinak isurtzen ari zirela makroetxaldetik kanpo, eta La Espartosa izeneko arroila azpiko urak behien mindarekin kutsatu zirela «inguruko landareriaren heriotza eraginez». 2016ko azaroaren 11n, Ekonomia Zirkularraren Zerbitzuak egiaztatu zuen lur sail batzuetan behar baino nitrogeno gehiago zabaltzen ari zirela, ez zutela modu homogeneoan zabaltzen, baimendu gabeko hondakinak barreiatu zituztela, metal astunen analisia sei hilean behin egiten zutela eta ez hilean behin, simaurren kudeaketa plana epez kanpo aurkeztu zutela…
2017an, Nafarroa erdialdeko hainbat lur sailetan baimendutakoa baino nitrogeno kopuru gehiago hedatu zuela egiaztatu zuten; kasu batzuetan, bikoitza, eta Melidako sail batean, baimendutakoa baino sei aldiz gehiago.
Haatik, denborarekin isunak bildu egiten dira, eta enpresak auzitegietan erreklamatzen ditu. Adibidez, gobernuak 2018an jarritako 45.000 euroko isun baten azken ebazpena otsailean heldu zen, eta partzialki Valle de Odietaren alde egin zuen.
INGURUMENA
Noviercaseko egitasmotik tiraka heldu zen Caparrosoko makroustiategiaren xehetasunak ezagutzera Luis Ferreirim Greenpeace erakundeko ordezkaria. «Kutsadura handia egon da uran nitratoekin, eta praktika irregular horiek jarraituko dutela uste dugu». Otsailean digestato isuria izan zen Aragoi ibaiaren arroan, Soto de la Cueva izeneko eremuan. «Lehen eskutik ikusi genituen kalteak. Usain txarreko putzu bat zegoen». Ia hiru hilabete geroago, urmaelean ez dago urik eta inguru guztian isuriaren arrastoak ezabatu dira. Nafarroako Gobernuak landaredian eta inguruko animalietan eragindako kalteen inguruko txostena landu du, eta epaitegien esku utzi du.
Zein da, baina, 11 urteko jardunaren ondorioa? Marcilla Viva taldeak denbora darama arriskuaz ohartarazten. Duela gutxira arte enpresak digestatoa zabaltzeko 3.200 hektareako eremua izan du, baina Marcilla Vivak susmoa du etxaldetik gertu diren lurretan kontzentratzen duela gehiago. Taldeko kideak apirilean lur horietan izan ziren: «Horiztatuta zeuden [laboreak]; ikusten zen ez zutela burutuko. Bat-batean lehortu ziren. Ezin zuen digeritu lurrean zegoena». Valle de Odietak digestatoa barreiatzeko aukera ematen die laborariei, eta hasieran askok hartzen bazuten ere, gehienek nahiago dute ez egin. Zenbaitek inguruko lurrak saldu dituzte.
Zein da inguruetako uraren kalitatea? Marcilla Vivak azterketa bat egin du. Aragoien arroan, Martzillako eta Alesbesko hiru estazioek nitrato igoera «esanguratsua eta iraunkorra» izan dute 2009tik. EBk galbahe gisa litroko 37,5 miligramoko maila jarri du eta hiruak 50 miligramotik gora dira egun. Historikoki eskualdean txerri ganadutegi ugari izan badira ere, hamasei urtez nitrato maila «egonkorra» izan da. «Hiru ur estazioetan joera aldaketa dator makrobehitegiak ekarritako nitrogeno igoerarekin», dio txostenak. Marcilla Vivak gogorarazi du akuiferoetatik hartzen dutela ura nekazariek zein ganadutegiek. Horregatik, nitrato maila jaisteko neurriak hartzeko eskatu dio gobernuari.
Arazo orokorra bada ere, makrobehitegiak ingurumenean utzitako lorratza sakona da. Nafarroako Gobernuak animalien osasunerako legea aldatu eta etxaldeen tamaina mugatzeko urratsak eman ditu. Bitartean baimenik ez emateko urtebeteko epea ezarri du. Luis Ferreirimen ustez, eskualde bakoitzak arautu behar egin du ganadutegi kopurua: «Gidaririk gabeko tren baten gainean goaz bitartean».