Nafarroako Gobernuak 700 milioi euro erabiliko ditu enplegu planean,…
Atzo eguerdiko sinadura ekitaldian, pozarren ziren lau elkarteetako ordezkariak: Txibite bera, Juan Miguel Sukunza CENeko presidentea, Txetxu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusia, eta Jesus Santos UGTko idazkari nagusia. Era berean, gobernuko hainbat kontseilari izan ziren bertan.
Sinatu ostean, Txibitek nabarmendu zuen «aldaketen eta eraldaketen garai historiko batean» heldu dela bosgarren enplegu plana. «Ez gara ari soilik behin-behineko arazoak konpontzeko neurri zehatzez: eredu aldaketa bati buruz baizik. Eraldaketa sakona izango da, eta azkar egin behar da». Erronka horri aurre egiteko ikuspegi bateratuak eta elkarrizketa soziala behar direla azpimarratu zuen.
Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluan eman da negoziazioa, eta ELAk eta LABek ez dute parte hartu, organo antidemokratikotzat jotzen dutelako, besteak beste. Horri buruz galdetuta, Txibitek esan zuen «hor egon nahi izan duten sindikatuak» hor daudela, eta ez dutela inor baztertu. Haren esanetan, aurrera jo beste erremediorik ez dute izan. Akordioa aurrera atera duelako, «ausardia» eskertu zion Txibiteri UGTko Santosek, eta deitoratu zuen aurreko legealdian ez zela posible izan enplegu plan bat aurrera ateratzea: «Ez zen guregatik izan».
Planaren 701,7 milioi euroak Nafarroako aurrekontuetatik eta Europako Batasuneko laguntzetatik helduko dira, baina oraingoz ez da zehaztu gobernuak zenbat jarriko duen. Sukunzak aipatu zuen jada Europako laguntzak iristen hasi direla, eta Nafarroako ekonomia «uste baino hobeto» dagoela oraintxe. Aurten, adibidez, neurrietan 173 milioi inbertitzea espero da.
Enplegu planak 23 helburu estrategiko ditu, eta horiek betetzen diren gainbegiratzeko, sinatzaileek eurek jarraipen batzorde bat osatuko dute. Hiru hilean behin bilduko da. Planaren aurrekontu nagusia lehiakortasun arloko neurriek (300 milioi) eta enplegu politika aktiboen laguntzek (277 milioi) jasoko dute.
Berritasunen artean dago segurtasun arloko lurraldeko ordezkariaren figura berreskuratu egingo dela. Enpresetan, berdintasun planak bultzatzeko alor horretako ordezkari bat egotea ere bultzatuko da. Gainera, lehen eta bigarren hezkuntzan derrigorrezko ikasgaien artean egongo dira herritartasuna, ekintzailetza eta fiskalitatea, 2022-2023ko ikasturtetik aurrera.
LABen kritika
Ohar bidez, LABek salatu du Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluaren ordezkaritza sindikala ez dela iristen %50era, CCOOk eta UGTk ez dutelako gehiengorik. LABek uste du beste sindikatuei betoa jarri zaiela. Sindikatuaren ustez, «propagandaz harago», akordioak ez du jasotzen «prekaritatea amaitzeko eta enplegu duina bermatzeko neurririk». Segurtasun arloko ordezkaria berreskuratzea ontzat jo du, baina ohartarazi du erne egongo direla sindikatuen finantzaketa iturri bihurtu ez dadin.