Aernnova barnean izango duen talde bat lehiatuko da ITP…
Vocento taldeak eta hainbat egunkari ekonomikok kaleratu dutenez, Aernnovak amore eman die azkenean Espainiako Gobernuaren presioei, eta prest azaldu da eskaintza bat aurkezteko ITP Aeroren truke. Azken asteetan aipatutako hautagaietako bat zen Aernnova, eta, neurri batean, logikoena ere bai, enpresa aeronautikoa baita hura ere. Baldintza hori ez zuten betetzen Madrilek animatutako beste askok, CAFek eta Gestampek, besteak beste.
Azken horien merituak ziren bandera eta industria sektoreko enpresa indartsuak izatea; bi baldintza horiek betetzen zituen talde bat nahi baitzuen Espainiako Gobernuak, ITP ez zedin geratu inbertsio funts baten esku. Izan ere, funts horien inbertsioak epe laburrekoak izan ohi dira —erositako prezioa baino gehiago lortutakoan alde egin ohi dute—, eta Madrilek ez zuen nahi ataka berean egon bospasei urte barru.
Pedro Sanchezen gobernuak badu arma bat operazioa baldintzatzeko: ITP enpresa estrategiko izendatu du, hegazkin militarren motorrak eta haien mantenimendu lanak ere egiten dituelako. Madrilek bere buruari eman dio azken hitza halako enpresen salerosketan. Horregatik, Rolls Roycerekin harreman zuzena izaten ari da Espainiako Industria. Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen du elkarrizketa horietan, ITP Bizkaiko enpresa izateaz gain, prest azaldu delako bere ekarpena egiteko, betiere ITP erosiko duen taldean euskal enpresa bat badago.
Aernnovaren zalantzak
Erosketan parte hartzeko zalantza handiak izan ditu Aernnovak. Batetik, hegazkingintzaren barruan bi atal desberdinetakoak dira ITP —motorrak egiten ditu—, eta Aernnova —hegazkinen egiturak egiten ditu—. Bi negozioen arteko sinergia eskasak ziren Arabako enpresako zuzendaritza uzkur izatearen arrazoietako bat. Bestetik, pandemiaren erruz sektorea larri dago, eta Aernnovaren egoera ekonomikoa ez da oso ona; beraz, horrek ere azal dezake haren uzkurtasuna.
Hain zuzen ere, Aernnovak diru galerak argudiatu zituen iaz bere lan taldea txikitzeko. Berantevillako fabrikako 450 langileetatik 82 kaleratu zituen abenduan.
ITP ere buru-belarri aritu da bere lan taldea murrizten. Lehenik, ez zien kontratua berritu aldi baterako 115 langileri, eta, gero, 121 langile kaleratu zituen Zamudioko egoitza nagusian. Beste 86 bota nahi zituen bere fundizioan, ITP Aero Castingen (PCB izandakoa), Sestaon eta Barakaldon (Bizkaia). EAEko Auzitegi Nagusiak, ordea, kaleratzeak baliogabetu ditu; ITPk kontratuak egin dizkie berriro, baina ez die lanik eman. Langileek salatu dutenez, Rolls Royceren baldintzetako bat lan taldea %15 txikitzea izan da, erosle posibleei enpresa erakargarriagoa egiteko.
Bazkide, etorkizunean ere
Aernnovak ez du baieztatu bere eskaintza mahai gainean dagoenik, eta informazio gutxi eman du Rolls Roycek ere. Efe agentziari honakoa esan dio:«Aurrera doan prozesu bat denez, ezin dugu komentariorik egin Espainiako prentsan agertu diren espekulazioei buruz».
Rolls Royce 2016an egin zen ITP Aeroren jabe bakar, Sener Bizkaiko ingeniaritza enpresaren zatia erosita (%53), 720 milioi euroren truke. Iaz jarri zuen salgai, azken urteetan pilatu duen zor handia arindu nahi duelako, guztiz estrategikotzat jotzen ez dituen adarrak kenduta.
Edonola ere, Ingalaterrako enpresak ziurtatu du etorkizunean ere ITP Aerorekin elkarlanean aritu nahi duela, eta proiektu asko egin behar dituztela bien artean, hala nola UltraFan motorra. ITPren jabe berriak teknologian eta berrikuntzan inbertitu beharko duela ohartarazi du Rolls Roycek.
EAJk eta PSE-EEk uko egin diote aholkularien kartela salatzeari…
EAJk eta PSE-EEk atzera bota dute Eusko Legebiltzarrean PP+Cs-ek eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztu duten ekimena aholkulariak salatzeko eta ikertzeko.
Kongresuak ‘Rider legea’ onartu du, baina zuzenketak sartzeko aukerarekin
Espainiako Kongresuak oniritzia eman dio gaur ‘Rider legea’ deiturikoari, enpresak banatzaileak kontratatzera behartzen dituenari.
Europako funtsen harira erkidegoei “erabakitze ahalmena” ematea eskatu du…
Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburuak Europako Next Generation funtsetan erkidegoei erabakitzen uzteko eskatu du. Jaurlaritzak Eudelekin lankidetza sinatu du
Behin-behinekotasuna murriztea xede duen erreforma lantzen ari da Espainiako…
Aldi baterako kontratuak eta behin-behinekotasuna murrizteko lan erreforma Espainian. Gehienez ere urtebeteko iraupena izango dute aldi baterako lan kontratuek.
Knorr-Bremsek Iruñeko planta handituko du, eta 142 enplegu sortu
«Enpresak hazkunde handia izan du azken hamarkadan, baita azken urtean bizi dugun egoera zailarekin ere. Enpresaren aurreikuspenen arabera, hazkunde horrek jarraitu egingo du», esan zuen Irujok, Knorr-Bremsen. Enpresa egitekoa den inbertsioa ez da lantegia handitzeko besterik gabe, Irujok berak azaldu zuenez. «Ikerketaren eta garapenaren inguruko ezagutza guztia Nafarroan kokatzeko modua emango luke inbertsioak. Horrek Nafarroa osorako eragin traktorea izango lukeela sinetsita nago», erantsi zuen.
Manchester eta Chicago
Alemaniako multinazionala merkatuko liderretako bat da trengintzaren galga sistemen azpisektorean. Hiru fabrika nagusi ditu ekoizpenari dagokionez: Manchesterren (Erresuma Batua), Chicagon (AEB) eta Iruñean. Nafarroan, galga organikoen eta marruskadurarako osagai sinterizatuen diseinua eta ekoizpena egiten du. Bere produktuak Renferen, Euskotrenen eta FEVEren trenbideetan ezarri dituzte, esaterako. Bilbo, Madril eta Sevillako metroetan ere erabiltzen dituzte Iruñean ekoitzitako piezak. Dena den, Nafarroako fabrikaren ekoizpenaren gehiengoa nazioartean saltzen du enpresak.
Trengintzan aritzen den Nafarroako beste enpresa handi bat Trenasa da, Castejongoa, baina CAF beasaindarraren adarra ixteko mehatxupean dago iazko abendutik. Trenasa batik bat autobus elektrikoaren negoziorako erabiltzen du CAFek, eta Poloniako Solaris erosi ondoren lan kargarik gabe geratu dela esplikatu du enpresa gipuzkoarrak. Castejongo plantari eusteko Renferen eskaera berriak nahi ditu CAFek, baina, oraingoz, ez dira iritsi Espainiako konpainiaren kontratuak Trenasa salbatzeko, eta lantaldeak protestak egin ditu azken asteetan. Itxiera arrisku handia dago; ez alferrik, denbora aurrera egiten ari baita soluziorik gabe.
BBVAk azkenean 3.000 kaleratze egitea adostu du sindikatuekin
BBVAk akordioa egin du sindikatuekin kaleratzeak, azkenean, 3.000 baino gutxiago izateko, 2.935 zehazki, plantilla osoaren % 10 inguru.
LABek salatu du irregulartasunak izan zirela Hondalearen esleipenetan
Donostiako Udaleko LABek Hondaleako esleipenekin lotutako ustezko irregulartasunen dokumentazioa jarri du Fiskaltzaren esku.