ELA: “Enpresa handiek zergak ez ordaintzearen konplize dira gobernuak”
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak esan du “enpresa handiek zergak ez ordaintzearen konplize” direla Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua.
Markarik ez du Gizarte Segurantzaren afiliazioak, baina enplegu sorrera sendoa adierazten du batez beste apirilean baino 8.200 langile gehiagok kotizatu izanak.
Baina datu guztiek dute beren ifrentzua. Langabeziarena da gaur-gaurkoz oraindik 10.000 langabe gehiago daudela koronabirusa hedatu aurretik baino; enpleguarena, berriz, artean 2020ko otsailean baino 5.000 lanpostu gutxiago daudela, eta kontratazioaren prekaritateak ez duela etenik: kontratuen %7 baizik ez dira mugagabeak izan.
Lan merkatuaren ahulgune horiei erreparatu diete sindikatuek. «Prekaritateak bere horretan jarraitzen du», nabarmendu du ELAk, eta gogorarazi du Hegoaldeko langabezia tasa (%12,2) EBkoaren (%7,3) gainetik dagoela. Lan erreforma aldatzeko eskatu du ELAk, eta ildo horri eutsi dio LABek ere: «Prekaritatearen rankinean ere Europako buruan gaude, baina azken lau hamarkadetako erreformek ez dute lagundu aldi baterako kontratazioaren abusua murrizten». Maiatzeko datuek «hobekuntza» erakutsi arren, «ezin da triunfalismoan erori, egoera txarra baita», EAEko CCOOren arabera.
Baikorrago agertu da Mari Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialetako kontseilaria, Nafarroan inoiz baino jende gehiago ari delako Gizarte Segurantzan kotizatzen: «Enpleguari eta afiliazioari dagokienez, pandemiaren aurreko egoerara itzuli gara».
Hobera, baina okerrago
Lanbideren eta Nafar Lansaren 161.178 langabe zeuden erregistratuta maiatzaren amaieran, hilabete lehenago baino 7.549 gutxiago. Lurralde guztietan apaldu da langabe kopurua, baina batez ere Nafarroan (-3.185). Lurralde horrek eman ditu daturik kaskarrenak azken hilabeteotan, eta hura izan da azkena urte arteko tasa negatiboetara itzultzen.
Iazko maiatzean baino 21.614 lagun gutxiago daude langabezian; datu ikusgarria da, baina tentuz hartu beharrekoa. Izan ere, iazko maiatzean konfinamendutik poliki-poliki ari zen ateratzen euskal ekonomia, eta udazkenera arte ez zen murrizten hasi langabeen kopurua.
Agian egokiagoa da urte arteko konparazioak 2019arekin egitea, eta hor ikusten da koska ederra dagoela oraindik gainditzeko, orduan baino 16.000 lagun gehiago baitaude langabezian. Oso litekeena da kopuru hori txikitzea ekainean eta uztailean, hilabete onak izan ohi baitira enpleguarentzat. Turismoan, esaterako, hobekuntza nabaria espero da.
Maiatzean langabeen kopuruak izan duen jaitsiera pandemiaren aurkako murrizketak arintzearekin lotu daiteke; izan ere, zerbitzuak izan dira orain arte mugatuenak, eta sektore horretan aritzen direnen artean txikitu da gehien langabezia (-4.810). Edonola ere, nabarmendu behar da industriak jarraitzen duela urratsez urrats enplegua berreskuratzen (-1.123 langabe). Udaberria iristearekin batera, uzta batzuen bilketak ia 500 langabe gehiago ekarri ditu nekazaritzara.
Sexuen arteko arrakala pixka bat gehiago zabaldu da: langabeen %56,7 dira emakumeak (%14,3ko langabezia tasa), eta %43,3 gizonezkoak (%10,2). Lan merkatuaren inguruko inkestek ez dute alde handi hori erakusten.
Zerrenda arintzen ari da
Aldi baterako erregulazioan dauden langileen kopurua ere behera doa pixkanaka. Apirilean, 2.522 lagunek utzi zuten egoera hori, eta beste 3.479 izan dira maiatzean. Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera, 28.995 lagun daude aldi baterako erregulazioan. Horietatik, %61ek lanaldi osoa dute etenda, eta %39ek, berriz, partzialki.
Galdu dena berreskuratzen
Pandemiaren lehen lau hilabeteetan Gizarte Segurantzak galdutako ia 39.000 kotizatzaileak berreskuratzeko beste urrats bat egin du maiatzak, 8.200 afiliatu gehiagorekin. Kopuru handia da, baina are handiagoak izan ziren udazkenaren hasieran, udan kalera joandako hezkuntzako langileak lanera itzuli zirenean.
Bat eginda, eskualde gisa erantzun nahi izan zioten, eta sektore guztiei egin zieten deia protestara batzeko; izan ere, Tubacexentzat ez ezik, garai zailak baitira beste askorentzat ere. Bada, deialdiarekin bat egin zuten eskualdeko enpresa askotako langileek eta langile batzordeek —Tubacex, Tubos Reunidos, Artiach, Envases, Guardian…—; pentsiodunen elkarteek; osasungintza, zaintza eta garbiketa sektoreetako beharginek; hezkuntza alorreko langileek —horien artean ziren Amurrioko Zabaleko eskola ez ixtea eskatzen dutenak—; mugimendu feministako kideek eta gazteek… Hiru zutabetan banatuta, nor bere pankarta eta aldarriarekin batu zen manifestaziora.
Goizean goiz hasi zituzten mobilizazioak. Lau orduko lanuzteak egin zituzten, 10:00etatik 14:00etara, merkataritzan eta ostalaritzan ez beste sektore guztietan. Horiek, halere, pertsianak jaitsi eta afixak jarri zituzten erakusleihoetan, manifestazioaren orduan, elkartasuna adierazteko. Izan ere, saltoki eta ostatu askoren egoera «muturrekoa» dela nabarmendu zuten protestaren deitzaileek.
Manifestazio jendetsua Laudioko herriko plazatik abiatu zen, 11:00ak aldera. SOS Aiaraldea leloaren albora batu ziren milaka lagun, eskualdean duintasunez ikasi, lan egin eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Etengabeko sirena hotsekin eta «Aiaraldea defenda dezagun!», «Kaleratzerik ez!» edota «Tubacexen inor ez dago soberan!» oihuekin, herriko kaleak zeharkatu zituzten, ordubetez, eta berriz ere herriko plazan bukatu zuten gero.
Eskaera erakundeei
«Borrokak markatutako eskualde batean bizi gara. Kolpeka kendu nahi dizkiguten eskubideen alde borrokatzen ohituta dagoen eskualde bat gara», adierazi zuten deitzaileek manifestazioaren amaierako irakurraldian. Eta zera salatu zuten: «Nazkatuta gaude belaunaldi berriek duela berrogei urteko eskubide berberen alde borrokan jarraitzen dutela ikusteaz. Zer aldatu da? Ezer ere ez».
Bada, Eusko Jaurlaritzari eta gainerako tokiko erakundeei galdegin zieten herritarren eta gizarte eragileen aldarrikapenei bide ematea eta erantzukizunak hartzea. «Beharrezkoak diren politika eta ekinbideak artikulatu ditzaten exijitzen diegu, bizitzak erdigunean jarri arte». Eta ohartarazi zuten egoera bideratu artean protestan, kaleak hartzen jarraituko dutela. «Ez dugu onartuko beste behin ere gure eskualdea eta bertako bizilagun eta langileak albo batera uztea».
Arratsaldean, beste manifestazio bat egin zuten, Amurrioko kaleetan barrena, 19:00etan. Orduan ere, ostatuek eta dendek ordubetez itxi zuten, elkartasun keinu eta protesta gisa.
Hainbat urtez ehuneko batek baldintzatu du EBko estatuen diru politika: defizit publikoa gehienez %3koa izatea. Era berean, Egonkortasun eta Hazkundearen Itunak finkatzen du zor publikoak ez duela gaindituko BPG barne produktu gordinaren %60. Betetzeko kopuru zailak izan dira hainbatentzat, tartean Espainiarentzat eta Frantziarentzat. Lehenak defizit muga gainditu zuen 2008tik 2017ra, eta azken bietan soilik lortu du behetik geratzea, ozta-ozta bada ere: %2,5 2018an, eta %2,8 iaz. Frantzia ez dago askoz hobeto: 2008 eta 2016 bitartean, urtero gainditu zuen muga, eta 2019an, %3an geratu zen, Emmanuel Macron presidenteak Jaka Horien mugimendua baretzeko gastu soziala handitu zuelako eta zerga emendatzeak bertan behera utzi zituelako. Zor publikoari dagokionez, Espainiarena BPGaren %117raino igoarazi du pandemiak, eta Frantziarena %115eraino. Dena den, 23 kidek urratzen dute defizitaren %3ko muga ofiziala, eta hamahiruk zor publikoarena.
Laguntza fiskalei, eutsi
2023an kontu publikoen orekari eusteko betebeharrak iristen diren bitartean, ordea, Bruselak laguntza fiskalei eusteko dei egin du. Laguntza horiek «goizegi» kentzearen arriskuak nabarmendu ditu, eta Europako Suspertze Plana «ahalik eta modurik hoberenean» baliatzeko esan die Batasuneko kideei. «Suspertze Planari lotutako inbertsioek eta erreformek susperraldi ekonomikoa lagunduko dute, eta hazkunde handiagoa ekarri, enplegu gehiago sortu eta desorekak gutxitu». Zorpetze maila handia duten herrialdeek, hegoaldekoek batez ere, «aparteko inbertsioak egin beharko lituzkete», Suspertze Plana baliatuta, baina «jarrera fiskal zuhur batekin»
Batzordeak gogoratu du estatu kide guztiek zaindu behar dituztela modu berezian «estatuek finantzatutako inbertsioak», eta, aldi berean, inbertsio publiko horiek «kontrolpean» izateko dei egin die zor handia dutenei.
Dena den, 2023an abiatuko den aro berriko joko arauak baldintzatu ditzaketen aldagaiak ez ditu ahaztu Bruselak: «susperraldiaren indarra», batetik, eta «ziurgabetasun maila», bestetik. Baina Batzordeak garbi dio herrialdeek «egoera fiskal zuhur bat» lortzeko politikak aplikatu beharko dituztela, egoerak hori ahalbidetzen duenean.
Auzitegi Nazionalak zamaketarien lan jarduna arautzen duen IV. marko akordioaren hainbat artikulu indargabetu ditu: besteak beste, subrogazioarena. Enpresen aldetik Anesco elkarteak sinatu zuen akordio hori zamaketa sektorearen %85 kontrolatzen du. Hor daude, besteak beste, Bilboko portuko lau enpresetatik bi eta Pasaiako portukoa. Beste %15, baina, Asoport elkarteko kideen esku dago, besteak beste, Bilboko portuan diharduten beste bi enpresak, eta hark jarri zion helegitea akordioari. Espainiako Gobernuak zamaketariak libreki kontratatzeko modua egiten duen dekretu bat sinatu zuen 2017an —Europako Batasuneko epaitegiak behartuta—, eta, Asoporten iritziz, indargabeturiko akordioak askatasun hori zapuzten zuen.
Muinean 1986ko akordioa dago. Hartaz geroztik zamaketariek lan erregimen berezia izan dute. Garai hartan, langileak kudeatzeko zentroak sortu ziren portuetan, SAGEPak edo CPE delakoak. Zamaketa enpresak zentro horien akziodun izatera behartzen zituen, eta aurretik zeuden zamaketariak kontratatzeko lehentasuna ezartzen zien. Akordioa 2018an berritu zen Anescoren eta sindikatuen artean, eta jarduna arautzeko balizko V. marko akordioan sartu zen subrogazioa, baina, orain, legez kanpokoa da.
Auzitegi Nazionalaren iritziz, akordio horrek 2017ko Europako Batasuneko Auzitegiaren ebazpena urratzen du, eskulanaren kudeaketaren «monopolio sistema» bat ezartzen duelako, «espresuki legez kanpokotzat» jo dena. Era berean, ebatzi du langile berriak onartzeko prozesuko eskaera ugariak dekretuak ezarritako betekizunetatik haratago doazela, eta «kontrol sindikala» eragiten dutela prozesuan; alegia, langileen ordezkaritzaren oniritzirik gabe ezin dela lortu.
2017ko eskaerak, airean
Iragan ostiralean BERRIAn argitaratu zen Espainiako Gobernuak Bilboko portuko zamaketarien lan gatazka konpontzeko diseinaturiko formula. CPEa mutualitate bihurtzea da eskaintza, eta, hura desegingo balitz, zamaketa enpresak zamaketariak langile gisa hartzera behartzea. Ebazpen berriarekin, baina, zaila dirudi akordioa indarrean sartzea, subrogazio eskubidea baita hura sustengatzen duen oinarrietako bat.
Ikusteko dago zamaketarien sindikatuek nola erantzungo duten; ebazpen horrek, Hego Euskal Herriko portuetakoaz gain, Espainiako portuetako lan harremanak baldintzatuko baititu. 2017an grebara jo zuten, eta protestaldi hartan lorturiko hainbat eskubide kolokan daude orain.