Pentsioen erreformari buruzko aurreakordioa lortu dute
Espainiako Gobernuak, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek pentsio erreformaren inguruko aurreakordioa egin dute. 2021eko ekainak 28.
Neoliberalismoak, Friedmanen eta Fiedrich Hayeken ideietan oinarritutako pentsaera ekonomikoak eta haren errezeta nagusiek erabateko nagusitasuna izan dute munduan 1970eko urteez geroztik, salbuespenak salbuespen. Merkatu askea, liberalizazioa, zerga diziplina, estatuaren ahalik eta esku hartzerik txikiena… Horri deitu zaio Washingtongo Kontsentsua.
Haren aurretik, paradigma nagusia Depresio Handiaren eta II. Mundu Gerraren ostean gailendutako keynesianismoa zen herrialde garatuenetan, besteak beste, estatuari ardura eta botere gehiago aitortzen ziona, ez soilik merkatuaren akatsak zuzentzeko, baita norabideak ezartzeko ere. Keynesianismoak, esaten dute historialariek, 30 urte loriatsu ekarri zituen, hazkunde ekonomikoarekin, enpleguarekin eta toki batzuetan ongizate estatuarekin. Baina 70eko hamarkadan ez zen gai izan irtenbidea emateko petrolio shock-ekin inflazioa, moteldutako ekonomia eta langabezia handia bateratzen zituen egoerari.
Friedmanen eta enparauen ideiek ongarritutako lurra topatu zuten Ronald Reaganen eta Margaret Thatcherrengan. Urteak aurrera, globalizazioarekin batera, haien errezetak zabalduz joan ziren, eta eskuinetik dena blaitu zuten, baita gobernu demokratak AEBetan eta sozialdemokratak Europan ere.
2008ko krisia
Inflazioa kontrolatu zen, defizit publikoak murriztu ziren, baina milurteko berriak erakutsiko zuen merkatu askeak zer aje zekartzan, nola areagotzen ziren desberdintasun sozialak, eta gehiegikeriak. 2008ko krisiak errezeta neoliberalen gabeziak bere gordinean azalarazi zituen, eta Davosko eta antzeko foroetako inklusiorako eta pobreziarekiko ardura deiak ez ziren gai arrakala haiek alfonbra azpian ezkutatzeko.
Oraingoa ez da neoliberalismoa lurperatzen den lehen aldia. Krisialdi guztietan, neoliberalenek ere, politikak keynesiarrak eskatu izan dituzte, estatu salbatzailea behar zuten; hori bai, gero errekuperazioko unean berriz haiek arbuiatzeko. 2008ko garai larrienetan, Frantziako orduko presidenteak, Nicolas Sarkozyk berak, ere esan zuen kapitalismoa irauli beharra zegoela, igaro zela merkatu askeak beti arrazoia zuela sinesteko garaia.
Baina, ez. Europan austeritatea nagusitu zen, eta ordura arteko errezeta neoliberalei —zerga jaitsierei, desregulazioei, globalizazio araugabeari— ordoliberalismo alemaniarretik beste estualdi bat gehitu zitzaion, defizitak murriztu behar ziren bai ala bai: estatuek gerrikoa estutu behar zuten.
Neoliberalismoa oraindik bizirik zegoen, eta austeritateak krisia luzatu besterik ez zuen egin Europan. Jean Claude Junckerrek aitortuko zuen hori 2019. urtean, oraindik Europako Batzordeko presidente zela. Eta murrizketa haiek guztiak gogotik ordaindu dituzte batasuneko herrialdeek. Pandemiak gobernu eta sistema publiko batzuk ahul eta beste batzuk are ahulago topatu ditu, gabeziez josiak bat-bateko eta itzelezko krisiari aurre egiteko.
Dena den, pandemiaren aurretik jada pitzatuz zihoan paradigma neoliberala. Pobrezia, globalizazioa eta desberdintasun sozialak aztertu eta kritikatzen zituzten ekonomistak indarra hartzen ari ziren, baita gobernuaren esku hartze handiagoa eta zerga politika bidezkoak proposatzen zituztenak ere. Thomas Piketty, Dani Rodrik, Mariana Mazzucato, Emmanuel Saez, Gabriel Zuckman…
Paradigma aldaketa
Dirudienez, pandemiarekin iritsi da paradigma aldaketa, eta ideia horietako batzuk iritsi dira gobernuetara. Estatuaren eta sektore publikoaren protagonismoa aldarrikatzen duen olatu horretan, industria politika moda-modan jarri da, batez ere Txinaren estatutik gidatutako industriaren erreferentzia gero eta agerikoagoa delako.
Joe Bidenek AEBetarako presidentetza hartu, eta estatuaren protagonismoa, sindikatuen garrantzia eta halakoak defenditu ditu, industria eta azpiegiturak berpizteko itzelezko dirutza jarri duenean. Europako Batasuna ere bere eredua bilatzen ari da, arrastaka, beti bezala, baina Next Generation funtsetarako zor bateratuaren jaulkipenak gehiago du industria politiketatik pandemiaren zauriak sendatzetik baino.
Dena den, belatzak ez dira desagertu. Austeritatearen liderretako bat, Woflgang Schaueble Alemaniako Ekonomia ministro zena, jada hasi da gerrikoa estutu behar dela esaten. Beharbada orain ere goizegi da Washingtongo Kontsentsua behin betiko lurperatzeko. Baina astindu ederra jaso du, eta etorkizuneko eredu kapitalista hegemonikoa asko baldintza dezakete, besteak beste, zer helburu eta zer estrategia hautatzen diren moda-modan jarri den industria politika horietarako.
Mendebaldeko herrialde eta lider batzuen diskurtso berritzailea, eta itxurazko jokamolde aldaketa hobeto uler daiteke, beharbada, fokua haien kezka eta beldurretan jarrita. Ekonomia eta (geo)politika, noizbait bereizita egon badira, elkartzen diren puntu horretan.
Askoren ustez joanak dira neoliberalismoaren garai onenak. Merkatu askea, globalizazioa, diziplina fiskala, liberalizazioak… Washingtongo Kontsentsu izenarekin ezagututako errezeta ekonomikoak eta hari lotutako jokaera politikoak jada ez zaizkie baliagarri agintariei, ezta haien bizitza artifizialki luzatu nahian azken urteetan hedatutako lehiakortasun, egiturazko erreforma eta abarrak ere.
Izan ere, arazo handiegia bihurtu dira eredu horren ondorioetako batzuk, hala nola merkatu aske horrek batzuentzat eta besteentzat ekarri duen etekinen banaketa gero eta bidegabeagoa. Teorian garatuak diren herrialdeen barnean sakonduz doazen desberdintasun sozialek erantzunak piztu dituzte; Donald Trump, eskuin muturrak, populismoa… Gillian Tett zutabegileak orain gutxi Financial Times-en esaten zuen moduan, «Mendebaldeko liderrak sarde politikoen [altxaldi populisten] beldur dira gaur egun».
Pandemiak ezinegon horiek areagotu egin ditu. Eta agerian utzi du globalizazioaren eta merkatu askearen beste ondorioetako bat: ekoizpen jakin batzuen kontzentrazio geografikoak zaurgarri egin ditu herrialdeak hornikuntza kate globalekiko. Ikusi da nola kate horiek jausi daitezkeen bat-batean. Lehen uda pandemikoan jada «independentzia ekonomiko handiagoa» aldarrikatu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta bere herrialdearen eta Europaren dependentziak azaleratu. Beste arrazoi indartsu bat pentsamoldeak eta jokaerak aldatzeko.
Herensugearen itzala
Baina gauzak aldatzen hasteko pisuzko beste arrazoi bat ere badago. Ingelesez «elefantea gelan» esaten diote agerikoa den baina inork zuzenean aipatzen ez duen horri. Beharbada, kasu honetan egokiago litzateke «gelako herensugeaz» hitz egitea, Txina dagoelako hor, Mendebaldeko liderren gogoan, haien hitzen eta ekintzen unean.
Ez da soilik konturatu direla Txinan egiten direla txip gehienak, edota zenbait puntako teknologietan Asiako erraldoiak aurre hartu diola Mendebalde delakoari. Tentsioa gero eta agerikoago da Mendebaldeko demokrazien eta Txinaren artean, eta batez ere AEBen eta Txinaren artean, nor gailenduko: AEBen ustez, giza eskubideen urratzailea, autoritarioa eta lehiakide desleiala den Txina; edo Txinaren ustez, erretorika eta moral bikoitza dituen, hainbat akats egin dituen eta gainbeheran dagoen Mendebaldea.
Horretan, Europako Batasuna, oraingoz behintzat, ez dago erabat lerratuta Atlantikorantz. Baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik kezkatuta, adibidez, bere lidergo eta eragin ahalmenaren galerarekin. Ez dagoenik kezkatuta herensugearen itzala gero eta handiagoarekin.
Eta nondik dator Txinaren arrakasta? Hein handi batean, arrakasta ekonomikotik, zeinak estatuak bultzatutako, bideratutako eta babestutako industria politikan duen oinarria. Garapen horretarako Txinak erabilitako tresnetako batzuk— egile eskubideen urraketa, atzerriko lehia mugatzea…— pentsaezinak dira Europako Batasunean erabiltzea. Kapitalismo eredu autoritarioa da Txinakoa, Branco Milanovicek definitu duenez. Baina une honetan, ikuspegi ekonomikotik eta geopolitikotik, eztabaidaezina da haren arrakasta. Eta arazo handiak eta erronka handiak dituen beste kapitalismoan, kapitalismo eredu demokratikoan, Txinaren adibideak, ezinbestez, gogoeta egitera behartu ditu ez soilik ekonomistak, baita agintari politikoak ere, industria politikari eta estatuak jokatu behar duen rolari buruz. Derrigorrez.
Navarroren ustez, orain gutxi arte politika ekonomikoen zeregin nagusia zera zen, batzuetan huts egiten zuen merkatuaren arazoak konpontzea. «Berrikuntzaren munduan hala zen, garbi asko: merkatuak, enpresek ez dute behar beste I+G Ikerketa eta Garapen egiten; beraz, estatuak lagundu behar du hori». Baina hori ez da nahikoa; ez du balio itzelezko erronkei aurre egiteko. «Iritsi da garaia non ikusten baita ekonomiak trantsizioak egin behar dituela, batzuetan oso sakonak, batzuetan ia-ia sistema osoa aldatu behar dela». Eta politiketan beste fase bat iritsi da.
Industria politikaren bidea
Erronka handiei aurre egiteko moduen gogoeta pandemiaren aurretik zetorren Europan. Hori ikusi zuen Cristina Oion SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun Sailaren zuzendariak 2018an. Batasuneko lehen Industria Estrategia izango zenari buruz aholkatzeko batzordea osatu zuen Bruselak hogei aditurekin, eta haietako bat zen Oion.
2030. urtera begira jarri ziren, eta esan du hainbat gauzari buruz «lehen aldiz ausardiaz» hitz egin zela. «Mahai horretan eman genion kontzeptuari forma, eredu industrial berri baterako transformazioari, ez soilik balio ekonomikoa sortzeko, baita ingurumen balioak eta balio sozialak ere. Batez ere, balio europarrekin».
Misio eta helburuetara bideratutako politikak
Txinako Gobernuaren industria planifikatuari begira, industria politikarako eredu propio bila dabil Europako Batzordea, eta horren eta beste hainbaten aholkulari ibili izan da Mariana Mazuccato ekonomialari italiarra, eta gero eta ezagunagoak dira haren proposamenak. Mazuccatoren izena aipatzen da, adibidez, Euskadin Next programaren sarreran, eta baita EH Bilduk Next Generationeko laguntzei buruz egindako proposamenean ere.
Mazuccatok dio estatuak askoz ere rol aktiboagoa izan behar duela ekonomian, haren lana ez dela dirua jarri eta merkatuaren akatsak konpontzea soilik. Berrikuntza eta industria politiken bidez, ekonomiaren diseinuan egon behar du, ekonomiak eta enpresak bideratuz misio-asmo-helburu jakin batzuk lortzera. AEBetako Gobernuak gizakia Ilargira eramateko hartutako helburua jartzen du adibidetzat..
«Ilargira joatearen atzean, funtsean, larrialdi nazional bat zegoen», baina Mikel Orobengoa Mondragon taldeko ISEA kooperatibako zuzendari jerenteak uste du misioena kontzeptu interesgarria izan daitekeela. Hori bai, haren ustez, arriskua dago izenarekin gelditzeko kontzeptuarekin gelditu beharrean. Espainiako Gobernuak Bruselara bidalitako Next Generationeko planaren izenburua, esaterako, XXI. Mendeko Industria da, «eta hori ez da misio bat. Minbizia amaitzea, edo alzheimerra: hori da helburu bat, misio bat. Baina industrian… Jarri beharko dira helburuak».
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak argi dauka gobernuak heldu behar diola sektore produktiboaren eta politika industrialen diseinuari; «inertziak ez duelako balio». Casanovaren aburuz, «guk industria ahaltsua daukagu XIX. mendean hartu genuelako trena. Horren ondorioa da estatuan industrian daukagun abantaila, eta ez dio erantzuten EAJk egindako politika ekonomiko eta industrialari». Aldaketa garaia iritsi da, «paradigma aldaketa eta aldaketen paradigma», dio Casanovak, «eta hori ulertzea inportantea da. EAJren orain arteko eskema guztia izan da egonkor mantentzea eta ez mugitzea, orain ez gaude inertzietarako».
Soilik Power Pointen?
Arrisku bat izan daiteke misio eta helburu horiek, deskarbonizazioa eta halakoak agintari ekonomikoen hitzaldietan gelditzea. Gordinago formulatu du Cristina Oionek: «Power Pointen gelditzeko arriskua, diozu? Esango nizuke aldaketa ez dela agerikoa, eta ez dela goizetik gauera etorriko. Baina uste dut gero eta enpresa gehiago daudela gero eta kontzienteagoak direnak beren ingurumen aztarnaz eta sozialaz. Eta gero eta pertsona gehiago daude prest beren erosketa ahalmenarekin gauzak aldatzeko».
Oionek dio gustuko dituela Mazuccatok esaten dituenak: «Baina agian oso teorikoa da; hor egiten du distira, eta ideiak oso ondo saltzen ditu; gero hori guztia indarrean jartzea ez da horren erraza eta agerikoa. Baina ondo dago ideia horiek sistema bustitzea».
Mikel Navarro, erronkei adi, ezkorragoa da: «Mundu erreala oso atzetik doa benetan errealak diren erronketatik. Pandemia, adibidez, akademikoek iragarria zuten aurretik, behin eta berriro, baina inork ez zuen sinetsi, eta zaplaztekoa ikaragarria izan da. Klima aldaketarekin eta erronka demografikoarekin berdin gertatzen da». Navarroren ustez, horren erakusle da Donostiak ez izatea gogoetarik itsasoko uraren igoeraz, edota jendeak ez onartzea gasolinaren gaineko zergak.
Administrazioak esku hartzeko moduak
Mikel Navarrok uste du kontratazio publikoa eta erosketa berritzailea bezalako tresnak oso garrantzitsuak izango direla ekonomiaren fase berri honetan, azken urteetan ia ez dela erabili erosteko ahalmena, eta administrazioak erabili egin behar duela berea. Adibidez, bio-zientzien alorra bultzatzeko, Osakidetzaren erosketa ahalmena erabiltzea litzateke aukera bat, «hemen ekoitzitako produktuak probatzeko, gure sistemak testatzeko…».
«Ez da erraza», aitortu du Cristina Oionek, tresna horiez galdetuta: «Baina hasi behar dugu enpresei eskatzen baldintza batzuk bete ditzatela, orain Gizarte Segurantzan eguneratuta egotea eskatzen diegun bezala». Azaldu du eskaerak egin daitezkeela digitalizazioan, jasangarritasunean, gobernantzako aniztasunean, «laguntzen onuradun izateko, edo puntu gehiago kontratazio publikoan».
Deustuko katedratikoaren aburuz, «Euskadi oso trebea izan zen bi kasutan. Guggenheimekin, hemengo arkitektoekin lan egin beharrean, Jaurlaritzak Frank Gehry hautatu zuen, baina behartu zuen hemengo ingeniaritzekin lan egitera. Eta haiek Gehryrekin ikasi zutenak eta lortu zuten irudi onak egin du posible Idom edota Sener munduan barrena nazioartekotzea. Beste adibide bat Bilboko Metroa da: tren horien enkargua CAFi egitean, halakoak munduan saltzeko oinarria eman zion tren konpainiari».
Elkarlan publiko-pribatua
Industria politikak ulertzeko modu berrietan gero eta gehiagotan agertzen da elkarlan publiko pribatuaren kontzeptua. Herritarrengan, dena den, kezka hor dago, elkarlan hori zenbateraino den egiatan administrazioak dirua jartzea eta etekinak arlo pribatuak jasotzea.
Navarroren iritziz, elkarlan publiko-pribatua ondo egiteko moduak daude, eta ondo antolatzen bada, gauza batzuetan «askoz modu efizienteagoa da» estatuak berak bakarrik egitea baino, edo enpresak berak egitea baino. «Gauza batzuk estatuak egin behar ditu, ezinbestez; Interneten sorrerarako beharrezko inbertsioak ez zituzkeen egingo arlo pribatuak». Baina, era berean, estatua ezin da denera iritsi; beharrezkoa da enpresek funtzio sozialak ere betetzea eta trebakuntzan esku hartzea. Navarroren ustez,«enpresak hori ikusten hasi dira, agian ikuspuntu berekoi batetik bada ere».
EH Bildu ere elkarlan publiko-pribatuaren aldekoa da: «baina kontua da batzuek elkarlan hori nola ulertzen duten», zehaztu du Iker Casanovak. «Jaurlaritzak gaur arte zera ulertu du kolaborazio publiko-pribatu gisa, gobernua izatea enpresen akuilua, dirua banatzea eta isiltzea».
Aurrera begirako gabeziak eta aukerak
Eta honetan guztian zein izan daitezke Euskal Herriaren bideak? Ezinezkoa da paragrafo bakarrean biltzea aditu bakoitzaren ekarria. Gabezietan, Navarrok enpresa handien falta aipatu du: «Batzuetan ez dute handitu nahi, hainbat arrazoirengatik: ez dutelako sindikaturik nahi, edo ez dutelako atzerriko kapitalarekin kontrola galdu nahi. Baina hainbat ligatan jokatzeko tamaina behar duzu, giharra. Horrekin batera, politikak neurri erdiko enpresetarako daude pentsatuak; ez dira enpresa txikietara heltzen». Navarroren aburuz, beste gabezia bat berrikuntza ez teknologikoan dago.
Mikel Orobengoak erronka nagusietan aukerak ikusten ditu: «Batetik, eraldaketa digitalean, adimen artifizialean, datuetan eta abar, gure enpresak erabiltzaileak izango direla uste dut, hor AEBetako eta Txinako enpresa erraldoiak direlako nagusi. Erronka sozialetan, hirugarren adinean eta zerbitzuetan, berriz, aukera asko daude, gure filosofiarengatik eta zaintzaren kemenagatik. Eta, hirugarrenik, jasangarritasunean, energia arloan aukerak izango dira, zeren horrelakoak egiten trebeak gara».
Norabideei begira, soldatak-zergak-lanaldia hirukoaren garrantzia azpimarratu du Casanovak: «Ezkerreko ikuspuntutik, errail sozialari dagokionez, hiru ardatz daude garbiak: batetik, soldatak igotzea eta aberatsen gaineko zergak handitzea, aberastasunaren banaketa minimoki onargarri bat izateko; eta, bestetik, lan orduak murriztea, gure bizitza berreskuratzeko. Hein batean hor dago haustura soziala: gero eta jende gehiagok sentitzea baztertuta sistemak eskaintzen dituen alternatibetatik».
Transformazioa dator, Cristina Oionek dioenez: «Urratsez urrats, uste dut barneratzen ari dela hori gure ekosisteman. Diotenez, 25 urte behar dira sektore industrial bat transformatzeko. Agian, orain denbora tarteak aldatu egin dira, eta hamar urtean egin beharko dugu. Ni oso ziur nago 2030ean gure inguruan ikusten duguna oso diferentea izango dela 2015ean ikusten genuenarekin alderatuta».
ELAk eta LABek grebara deitu zuten atzoko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkataritzan. ELAk du gehiengoa sektorean, eta bi sindikatuen artean %80tik gorako ordezkaritza dute. «Historikotzat» jo zuten deialdia, eragina gorabeheratsua izan zen arren. Zara, Cortefiel edo Carolina Herrera bezalako dendek itxi egin zuten, baina beste batzuk ireki egin zuten. «Gaur egun, langile batekin edo birekin ireki dezakezu denda. Era berean, badakigu Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko langileak ekarri dituztela, eta langile eta arduradun askok presioak jasan dituztela greba ez egiteko. Behin-behineko langileek batez ere», azaldu zuen atzo Marije Fernandez ELAren merkataritza ordezkariak.
Bilbon eginiko manifestazioaren aurretik egin zituen adierazpenak. Donostian eta Gasteizen ere egin zituzten mobilizazioak. Manifestazio koloretsuak izan ziren, hein handi batean emakumez osatuak. Merkataritza sektore oso feminizatua da. Jai giroko piketeak egin zituzten, saltokien atean dantza egin eta musika ozen jarriz. Ez zen istilurik egon, eta hainbatek pertsiana jaistea eta tarte batez ixtea lortu zuten. Antolatzaileek beherapen sasoiaren lehen eguna aukeratu zuten deialdirako, ikusgaitasun handiagoa lortu eta «min» egiteko.
Bilboko manifestazioa Cebek Bizkaiko enpresarien egoitzaren aurrean bukatu zen, eta hari zuzendu zitzaizkion deitzaileak. Egun hainbat lan hitzarmen ari dira negoziatzen, eta hor eragin nahi dute. «Lan itun asko iraungiak daude, oso zahartuak. Digitalizazioa bezalako prozesu berriak sartu behar dira, eta baldintzak duindu. Digitalizazioa iritsiko bada, lan baldintzak duintzeko izan behar du. Mahaian ez bagaituzte entzuten, kalean aurkituko gaituzte», aurreratu zuen Irati Sienra LABeko merkataritza arduradunak.
Merkataritzan lan hitzarmen asko daude, eta egia da asko aspaldian berritu gabe daudela. Ehungintza salmentarena da zabalduenetariko bat, eta hura 2015ean berritu zuten azkenekoz Bizkaian; 2017an Gipuzkoan, eta Arabakoa iazko abenduan amaitu zen. Larru eta oinetakoen salmentakoa, esaterako, 2007an amaitu zen Bizkaian. Sindikatuek lurraldeetako patronalekin negoziatzen dituzte itunak. Cecobi Bizkaiko merkataritza patronalak ez zuen grebaren baloraziorik egin.
Lan hitzarmenen auzia gatazkaren arrazoietako bat da, baina sindikatuek gehiago aipatu zituzten: «Ezin da onartu milioika euroko irabaziak dituzten multinazional handiek patrikak betetzen jarraitzea eta langileen lan baldintzak ez hobetzea», salatu zuen Fernandezek. Sienrak eredu bat jarri zuen: «Langile askori lanaldiak murriztu dizkiete. Esaten diete digitalizazioarekin lanordu asko soberan dituztela; bada, orduan, baldintzak hobetzeko baliatu ditzatela, lanaldiak murriztuz eta soldatak hobetuz».
«Mamua» ikusgai
LABeko ordezkaria oso grafikoa izan zen mobilizazioaren arrakastaren arrazoia azaltzean: «Mamua datorrela ikusten du jendeak». Mamua, hein handi batean, Internet bidezko salmenten zabalkundea da, eta kate handiak denda fisikoetan hartzen ari diren erabakiak: «Digitalizazioa aitzakia bat da. Argudio horren azpian erregulazio pila bat abian jartzen ari dira».
Merkataritzaren sektoreko azken lan gatazka ezaguna H&M arropa denda katearena izan da. Hego Euskal Herrian 47 kaleratze egiteko asmoa plazaratu zuen, eta hainbat denda ixtekoa. Langileek hilabete luzeko greba egin zuten, eta, azkenean, Fernandezen hitzetan, «nahi zutenek bakarrik» utzi dute lana. Espainian abian jarritako erregulazioak Hego Euskal Herrian eragin txikiagoa izatea lortu zuten sindikatuek, ELAk bereziki. Sindikatuaren ordezkariaren iritziz, aurrekari horrek piztu egin ditu sektoreko langileak: «Gako handi bat izan da. Estatu osoko erabaki bat zen, eta hemen hari buelta ematea lortu dugu. Langileen lorpen bat izan da, eta besteak animatu ditu».
Sindikatuek, halaber, nabarmendu zuten beren eskaerak ez doazela saltoki txikien aurka, kontrakoa baizik. Sierna: «Haien iraupenaren alde ari gara. Saltoki txikiek aurrera egiteko, beste merkataritza eredu bat sustatu behar da. Merkataritzan langileekin gertatzen ari dena gatazka sozial bat da. Kaleratzeak gelditzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko neurriak behar ditugu». Horretarako, erakunde publikoen inplikazioa eskatu zuten.
ELAk jakinarazi du ate hori irekitzeko akordiorako oinarri bat lortu duela Confebask Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresarien elkartearekin. Sindikatu horrek du gehiengoa (%47) hiru lurralde horietako ostalaritza sektoreko mahaian. ELAk dagoeneko sinatu du lehen hitzarmen bat, zehazki supermerkatuentzako banatzaileentzat. 1.200 euroko hamalau ordainsari jasotzen ditu lanaldi osoa egiten duten beharginentzat; subrogaziorako eskubidea aitortzen die, eta lan erreformaren aurkako klausulak jasotzen ditu, besteak beste. Ekainaren 24tik dago indarrean.
Ostalaritzarentzat lan egiten duten banatzaileen kasuan, ELAk azaldu du astelehenean deituko dituela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mahai sektorialak, lurralde bakoitzeko hitzarmenen soldatak, funtzioak, subrogazio eskubidea eta gainerako edukien aplikazioa negoziatzeko asmoz.
Bestelakoa da Nafarroako egoera. Han UGTk du gehiengoa (%42,34). Sindikatu horrek ere asmoa agertu du plataforma digitaletako banatzaileak lan hitzarmenetara batzeko. Helburu horrekin, LABek kanpaina bat abiatu du Riders por Derechos plataformako langileekin batera. Zehaztu dute bizikletako banatzaileak lurraldeko ostalaritza ituneko hirugarren kategorian edo taldean sartu nahi dituztela. Horrek esan nahi du 1.123 euroko hileko soldata oinarria izango dutela lanaldi osoko beharginek. Horrekin batera, hitzarmenean subrogaziorako eskubidea bermatzeko eskatuko dute, eta ‘rider’-en lan espezifikoari erantzuten dion erregulazioa txertatzeko, besteak beste.
Autonomoen kuotak
Lan hitzarmenaz gain, behargin horien egoera fiskala erregularizatzeko eskatzen ari dira sindikatuak. Azpimarratu dute haietako askok errenta aitorpenak autonomo gisa egin badituzte ere Espainiako Gobernuaren legediak aukera ematen diela soldatapeko beste edozein langilek bezala aitortuak izateko, baita 2020ko errenta kanpainan ere. LABek gogorarazi duenez, Nafarroako Ogasunak autonomoen kuotak itzuli dizkie bi banatzaileri: 3.000 eta 7.000 euro, hurrenez hurren.
Sindikatuek, halaber, gogorarazi dute Espainiako Kongresuak onartu duen legediaren arabera plataformek abuztuaren 12ra arteko epea dutela langileen egoera erregularizatzeko, soldatapeko egiteko. LABek salatu duenez, enpresa horietako arduradunak «kaleratzeekin eta lanaldi murrizketekin beldurtzen» ari dira langileak.