Argindarraren BEZa % 10era jaitsiko du Espainiako Gobernuak
Argindarraren BEZa % 10era jaitsiko du Espainiako Gobernuak. Unidas Podemosek egin du proposamena. Ekainaren 24ko ezohiko Ministroen Kontseiluan onartuko dute.
Hainbat faktore daude susperraldiaren atzean, baina, nagusiki, bat: eskaria izugarri handitu da; Txinan, gehienbat. Hango altzairu ekoizpena —mundu osokoaren erdia baino gehiago— han geratzen ari da, hango industriaren gosea asetzeko. Horrek, altzairua ekoizteko lehengaien prezioak garestitu baditu ere, badu bere alde ona Europako siderurgiarentzat, altzairu txinatarra baita haren arerio nagusia kontinentean eta hortik kanpo. Europako industriaren beharrak bertako altzairuarekin betetzen ari dira, eta, bereziki, mota batekin: planta elektrikoetan egiten denarekin.
Izan ere, Europako CO2 emisioen merkatuan izandako garestitzeak eraman dituzte ekoizleak produkzio hori lehenestera, labe garaien kaltetan. Eta hor Euskal Herriko altzairutegiek beren alde dute haizea, bertako galdategi guztiak elektrikoak direlako. Arrazoi batzuengatik zein besteengatik, garai gozoa da sektorearentzat.
Hori nabari da Arcelor Mittalen lantegietan, adibidez. «Zalantzarik gabe, egungo egoerak mesede egin die Euskal Herrian ditugun plantei». Alberto Carrera taldeko komunikazio buruak dioenez, Asturiasko (Espainia) labe garaietako produkzioaren zati handi bat ekarri dute. Bertako lantegiak, gainera, suspertzen ari diren beste bi sektorerentzako egokiak diren altzairu motak ekoizten dituzte: autogintzarentzat eta eraikuntzarentzat. «Behar handia dago arlo horietan: altzairuaren stockak hustu zituzten iaz, ziurgabetasuna oso handia zelako, eta orain eskaria dago».
Kasu adierazgarrienetako bat Sestaoko ACBrena da. Azken urteetako krisia gehien nabaritu duen altzairutegi bat izan da —duela pare bat urte plantaren bideragarritasuna ezbaian jarri zuen Arcelor Mittalek—, eta taldeak kontinentean duen nagusietako bat da orain. «Han egiten diren altzairu espezialek azken urteetan asko sufritu dute Txinako inportazioengatik. Baina orain horiek gutxitu izanak eraman gaitu planta hori indartzera. Gainera, gure taldeak produktu hori egiteko Europan duen galdategi bakarra da».
Zuhurtzia, halere
Sektore osoak bezala, urte zailak igaro ditu Arcelor Mittalek ere, eta iaz, koronabirusaren krisiaren lainoek are gehiago belztu zuten egoera. Taldeko altzairutegiek ekoizpena murriztu behar izan zuten pandemiaren lehen hilabeteetan, langileak aldi baterako erregulazioetan sartuta, baina urteko azken lauhilekoan eta, bereziki, urte berria hastearekin batera, izugarri handitu zitzaien lan karga, eta hala jarraitzea espero dute, «gutxienez urtea amaitu arte».
Iazko emaitzak, gainera, ez ziren osasun krisia hasi zenean aurreikusi zituzten modukoak izan. 2019koak hobetu egin zituzten: Hego Euskal Herrian hiru milioi tona baino gehiago ekoitzi zuen sektoreak. Eta aurtengo aurreikuspenak hobeak dira: azken bost urteetako emaitzarik onenak izango direla uste dute.
Baina zenbat iraungo du bolada onak? «Denbora batez jarrai dezakeen susmoa dago sektorean. Europako erakundeen babes handiagoa espero da, AEBetako muga zergen auziagatik eta Txinaren lehiari aurre egiteko Bruselak har ditzakeen neurriengatik. Hala ere, oraingo lan kargak eta prezioak fikziozkoak ere badira neurri batean», ohartarazi du Asier San Millan Siderex Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako siderurgien klusterreko buruak.
Sindikatuen arabera ere «garai onean» dago sektorea, baina horrek ez luke «itsutu» behar. «Zaila da epe ertainerako aurreikuspenak egitea», azaldu du Unai Martinezek, ELAko Industria federazioko idazkari nagusiak. Antzera mintzo da LABeko Zorion Ortigosa ere: «Arcelor Mittal eta Sidenor, adibidez, sekulako dirutzak lortzen ari dira, baina irabazi horiek egungo egoeran altzairuaren prezioa izaten ari den gorabeheren araberakoak dira. Ezin da esan arriskuak desagertu direnik eta sektoreak dituen erronkak atzean utzi behar direnik».
Egoera ona izanagatik ere, enpresa guztiek ezin dute gauza bera esan. Ekoizten dituzten produktuen araberakoa da: ona da autogintzarako eta eraikuntzarako altzairuak egiten dituztenentzat; ez, ordea, tutugileentzat. Tubacex eta, bereziki, Tubos Reunidos azken urteetako egoerari buelta eman ezinda dabiltza. Bereziki larria da bigarrenaren egoera: erreskate publikoa eskatu du. Tubacexek ere erabaki gogorrak hartu ditu dagoeneko: lantaldea %20 inguru murriztu du mundu osoan, eta 129 langile kaleratu ditu Laudioko eta Amurrioko plantetan.
Bihar eta etzi izango dute kaleratzeei buruzko epaiketa, Bilbon, eta hor ikusiko da behar beste arrazoituta dagoen zuzendaritzaren erabakia: enpresak argudiatutako krisia koiunturala ala estrukturala den. Ortigosak argi du: «Pandemiaren aurretik esan zuten hazkunde prozesuan zeudela. Egoera hau baliatu nahi dute enplegua prekarizatzeko».
Hodi ekoizleen kasuak, dena den, baditu bereizgarri batzuk: haien produkzioaren zati handi bat gas eta petrolio instalazioetara dago bideratuta, eta azken urteotan erregaien prezioak apaldu izanaren ondorioak nabaritzen ari dira; putzu gutxiago zulatzen direnez, hodi gutxiago behar dira. Asiako ekoizleen konpetentzia ere handia da, eta horri batu behar zaizkio AEBek, haien bezero nagusiak, Trumpen agintaldian Europako altzairuari jarritako zergak.
Aste honetan Boeing-Airbus auzian Washingtonek eta Bruselak sinatutako su-etenarekin batera, muga zerga batzuk kentzeko aukera adostu dute. Sektorean zain daude: «Txinarekin duen merkataritza gerraren ondorio izan ziren Europako altzairuari jarritako zergak, baina horrek ez du zentzurik. AEBetako industria ere eskatzen ari da kentzeko, hango siderurgia ez delako gai behar den guztia produzitzeko», azpimarratu du San Millanek.
Sindikatuek, oro har, faltan botatzen dituzte epe ertain-luzerako estrategiak. «Arcelor Mittalek, adibidez, inbertsio gutxi egin ditu azken urteetan Euskal Herrian. Ez dute benetako apusturik egin. Oraingo egoera aprobetxatu nahi dute ahalik eta etekin handiena lortzeko, eta langileen kontura egin nahiko dute, kontratazio gutxi eginda eta lan baldintzak okertuz», salatu du Martinezek.
Celsa da beste talde nagusia Euskal Herrian; hark ere eskatu du erreskatea. Lantegi bat du Trapagaranen (Bizkaia), eta arnasa hartu dute azken hilabeteetan, lan karga sartuta. Kataluniako konpainiak, halaber, beste planta bat du Baionan. Berriki aliantza bat sinatu du Frantziako Intersig-ekin, eta inbertsio handi bat iragarri dute altzairutegian laminazio tren edo egitura elektriko bat sartzeko. Bi konpainiek azaldu dutenez, beren asmoa da laminazioen «erreferente» bihurtzea Europan.
Eta batuko balira?
Euskal siderurgiak azken urteetan igaro duen krisia dela eta, kooperazio edo kontzentrazio hitzak maiz entzun dira sektorean. Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak 2020aren hasieran talde handi bat sortzeko proposamena luzatu zien Tubacexi, Tubos Reunidosi eta Olarrari, baina urtebete geroago esan zuen ez zuela interesik ikusi haien partetik.
Dena den, Jainagak ez du amore eman. Sindikatuek uste dute elkarrizketek aurrera jarraitzen dutela. «Jaurlaritza jakinaren gainean dago, baina ez digu ezer esan nahi. Langileen hitza entzun gabe egin nahi dute aurrera, eta uste dugu Tubacexen eta Tubos Reunidosen egin nahi dituzten doikuntzak horrekin dutela lotura. Bat egitea positiboa izan daiteke lanpostuak multinazionalen menpe gera ez daitezen, baina herri gisa hartu beharko litzatekeen erabakia da», azpimarratu du Ortigosak.
Ia hiru urte pasatu dira, eta gauza batzuk aldatu egin dira; horietako garrantzitsuena da Trumpek are denbora gehiago duela orain golf zelaietan igarotzeko, baina beste batzuk ez dira aldatu. Europako altzairuak eta aluminioak artean muga zerga gehigarriak pagatu behar dituzte AEBetan sartzeko, eta Washingtonen haize protekzionista dabil, lehen baino ufada txikiagoekin bada ere. Baina bada aldatu ez den faktore bat, garrantzitsuena ziur aski: Txinarekin daude kezkatuta AEBak, eta ez Europarekin.
Bidenek helburu garbi batekin ekin zion Bruselarako bidaiari: aliatu bila dabil, «Txinako Gobernuaren gehiegikeria ekonomikoei eta mehatxuei aurre egiteko». Beste guztia bigarren mailan zegoen, eta horregatik prest zegoen EBrekin izan duen eztabaida komertzialik luzeena lurperatzeko, duela zazpi urte hasi baitziren mokoka Boeingi eta Airbusi batek zein besteak emandako laguntza publikoei buruz. Auzi horrek eragindako muga zergak —ardoari, olioari, makinei…— ezabatu egingo dira, behin betiko konponbide bat aurkitu bitartean.
Oztopo hori kenduta, galdera bat dago orain mahai gainean: zer jarrera hartuko du orain EBk Txinarekin? Edo beste modu batera esanda: erosiko al du Europak AEBen kontakizuna Txinari buruz? Kontra egin behar zaion aurkaritzat joko al du, Washingtonek nahi duen moduan, ala haren bekatutxoak barkatuko dizkio, ondasunen fluxua ez trabatzeko?
Hasi da hortzak erakusten
Orain arte, AEBen eta Txinaren arteko lehia hegemonikoan harmailetan jartzeko tentazioa izan du EBk. Azken finean, ez da bere borroka, eta asko du galtzeko barrikada batean edo bestean jarrita: AEBak eta Txina dira bere bi bazkide komertzial nagusiak, eta hori oso faktore garrantzitsua da esportazioek EBren ekonomian duten pisua ikusita. Esanguratsua da Alemania izatea epelena Pekinekin.
Baina Berlinen ere ez dira inozoak. Badakite ezin direla beti ulerkor agertu Pekinekin, haien kalte ere badelako. Txinak bere araudi propioekin jokatzen du merkataritzaren partida —mugarik gabe laguntzen ditu bere enpresak, ez du zigortzen lapurreta industriala…—, eta Europaren interes propioa da horiei guztiei muga bat jartzea. Faktore politiko hutsak ere batu dira saltsara, hala nola uigurren eta tibetarren bazterketa, Hong Kongeko errepresioa, Hego Txinako itsasoaren militarizazioa…
Berez, EB jada hasi da Txinari hortzak erakusten. Bat egin zuen uigurren aurkako errepresioa salatzeko AEBek, Kanadak eta Erresuma Batuak Txinako buruzagi batzuen aurka jarritako zigorrekin; Pekinek erantzun zuenean, Europako Legebiltzarrak izoztu egin zuen Batzordeak eta Txinak abenduan sinatutako inbertsio akordioaren berrestea.
Azken asteetan ere, Europako Batzordeak arau berriak proposatu ditu Batasuneko konpainiak atzerriko enpresa publikoen esku geratzea zailtzeko; «atzerriko» jarri zuten, «Txina» jartzea agian itsusiegia zelako. Eta, azkenik, EBk bat egin du AEBek «munduko demokrazia nagusien» babesarekin abian jarri nahi duen egitasmo batekin: B3W Berreraiki dezagun mundu hobe bat. Txinaren Zetaren Bide Berriaren bidea itxi nahi duen proiektua, alegia.
Trump joan zen, koloretako txartelak ere bai, eta borroka hegemonikoak aro berri bat hasi du.
1 Zorionekoak. Gaueko zeruan ISS ikusi eta berehala dator gogoeta; gizaki batzuk daudela han goian, orbita batetik, hona begira. Ez dira bakarrak. Ostegunaz geroztik, hiru hilabetez, hiru astronauta txinatar daude, lurrazaletik 390 kilometrora orbitatzen, Txinak eraiki duen Tianhe espazio estazio propioan.
2 Txinatarrak, dedio, horretan ere! Lehen eta orain, espazioa jokaleku izan da herrialde boteretsuenen arteko partidan. Eta Txinak… bere indarra erakutsi nahi du, baita Lurretik gaueko zerua begiratzen dutenei ere.
3 Espaziora boterea erakusteko. Beharbada horregatik doa Jeff Bezos ere, negozio aukera baztertu gabe.
4 Amazonen jabea? Txinaren espazio estaziora? Ez, ez… Bezosena beste bidaia bat da. Badira urte batzuk Blue Origin enpresa sortu zuela, espaziorako bidaia pribatuak antolatzeko. New Shepard suziria probatzen bost urte daramatzate, eta lehen bidaia tripulazioduna datorren uztailaren 20an egingo dute. Espaziora iristean suziritik bereiziko den kapsula batean joango dira Bezos, haren anaia Mark eta beste norbait, zeinak enkante batean 23 milioi euro ordaindu dituen txartelarengatik.
5 Gure Bezos. Hori ere behar. Hala dirudi. Baina ez da horretan dabilen aberats bakarra. Gogoratzen nola Elon Muskek bidali zuen Tesla bat espaziora? Space X jada NASArentzat ari da lanean, baina haren jabe Musk ez da oraindik espaziora joan. Bezosek dio bere txikitako ametsa bete nahi duela, astronautek sentitu duten hori sentitu. Lurra osotasun moduan ikusi. Hiru minutu izango ditu horretako, tarte hori egingo du orbitatzen haren kapsulak.
6 Agian pentsatu behar da utzi behar zaion… Ez du Bezosek mundua menperatu nahi duten komikietako gaizto horien tankera? Agian horregatik zabaldu du norbaitek eskaera Change.org webgunean, Bezosi Lurrera itzultzen ez uztea galdegiteko. Milaka sinadura bildu dira…
7 Nora joango da, bada? Utzi beharko itzultzen. Itzuliko balitz, beste eskaera bat zain dauka Change.org-en, Bezosek Mona Lisa erosi eta jan dezala. Forbes aldizkariak egin ditu kontuak: Mona Lisa-k 50.000 milioi bat dolar balioko lukeela kalkulatu berri du enpresaburu frantses batek, proposatu duenean Frantziako Estatuak Da Vinciren artelana saltzea bere zorra murrizteko. Zenbateko hori ahoberokeria galanta dela erantzun diote arte industriatik. Dena dela, Amazonen jabeak ez luke arazorik hori pagatzeko, 163.000 milioi euroko ondarea baitu. Eta, pentsatzen jarrita, Mona Lisa jateak, horrek seguru aldatzen duela munduari buruzko perspektiba.
Europako funtsek itzal baino argi gehiago dutela diozue ikerketan. Zeintzuk dira alde argiak, eta zeintzuk ilunak?
Argiak lehenik. Batetik, asmoak; borondatea, alegia. Bestetik, onartzen da egungo eredu ekonomiko produktiboa ez dagoela prest pandemiaren edo klima larrialdiaren moduko krisiak kudeatzeko. Next Generation funtsak izan dira eraldaketa berdea bultzatzean arreta jarri duen lehen estimulu ekonomiko handia. Alde iluna? Gauza bat dela kontakizun ofizialak dioena, eta beste bat errealitatea. Prozesu guztiak aztertuz gero, itzalak gehiago dira.
COVID-19aren osteko Marshall plan baten moduan saldu da.
Bai, baina ez da hala. Hasteko, ez du izango Marshall planak bere garaian izan zuen eraginik. Hark inpaktu positiboa izan zuen jendearentzat, baina une hau oso ezberdina da. Eredu ekonomikoa eragile gutxi batzuen kontrolpean dago; banaketa haiek kudeatuko dute, eta ez dago hori eragozteko moduko eragile indartsurik.
Banaketa kritikatu duzu. Nora doa, bada, dirua?
Zantzu guztien arabera, enpresa handietara, energetikoetara bereziki: Naturgy, Repsol… Inbertsio oso handiak eskatzen dituzten proiektuak dira, batez ere.
Eta enpresa txiki eta ertainak?
Atal bakarra dute, digitalizaziora zuzendua. Hor presa sartu da jokoan; denbora gutxian diru asko banatu behar da. Zeinek du proiektuak bizkor aurkezteko ahala? Zeinek du erakunde publikoetan eragiteko ahala? Besteak beste, aholkularitza enpresa handiak kontratatu ditzaketenek.
Esan duzue enpresei eginiko «erreskate estali» bat dela.
Esango nuke ez dela oso estalia, agerikoa baizik. Enpresa handietara doan diru publikoa da. Plan nazional bat da, baina egitasmo publiko-pribatuetan ez da kide pribatuen izena argitaratzen. Ertain eta txiki batzuek onurak jasoko dituztela? Noski, baina ez dira eragile nagusiak.
Trantsizio energetikorako proiektuak babestea lehenesten dute funtsek.
Zuriketa berde asko dago. Enpresa energetiko handien curriculuma ikusi baino ez dago. Repsol, esaterako, kutsatzaile handienetakoa izan da, eta orain esaten ari da eraldatzaileena izango dela. Funtsen irizpideetan, EBk zehaztu zuen ingurumenari kalterik eragiten ez dioten proiektuak izan behar direla, baina ez du azalpen teknikorik ematen. Aholku zehatzagoak otsailean iritsi ziren, eta Espainiako autonomia erkidegoek urtarrilean entregatu zituzten beraien zerrendak. Alegia, ingurumenaren inguruko irizpide tekniko zehatzik gabe egin zituzten zerrendak. Erkidego bakoitzak bereak aplikatu ditu. Katalunian espaziontzientzako aireportu bat aurkeztu dute. Izango al du eraginik eraldaketa energetikoan? Haien irizpideen arabera, bai.
Dirudienez, ez da oso zehatza.
Ez behintzat irizpide eta baldintzetan. Presaka ibiltzearekin du lotura. Hautagai gehienek aurretik diseinatuta zeuzkaten proiektuak atera dituzte. COVID-19aren osteko egoerak eskatzen duen erresilientziarekin zerikusirik ez duten egitasmo zaharrak dira gehienak, aurreko krisiarengatik tiraderan zeudenak. Orain mahai gainean jarri dituzte, ea diru publikorik lortzen duten.
Egitasmoen lehen galbahea aholkularitza enpresek egin zuten. Zein rol jokatu dute?
Presaka bazabiltza, zer egiten duzu? Barnean serio lan egingo duen jendea kontratatu, edo azpikontratatu? Ia erakunde publiko guztiek pribatizatu dute lehen entresaka. Aholkularitza enpresa handiak kontratatu dituzte horretarako; kontua da haiek ez dutela bakarrik erakunde publikoentzat lan egin, beraien bezero pribatuen proiektuak ere bideratu dituzte. Aholkularitza enpresek zera esan diete bezeroei, «kontratatu nazazu ni, nik sarbidea dudalako erakunde publikoen zerrendara». Hori ikertuz gero, interes talka kasu asko aurkituko genituzke. Eta, gero, dirua nola kudeatuko da? Madrilen eta Galizian, esaterako, erabaki dute kudeaketa hori ere aholkularitzek egitea. Haiek kontrolatuko dute beraien bezeroek dirua ondo erabiltzen duten ala ez.
Eta besteek nola kontrolatuko dute funtsen erabilera?
Gardentasun gutxi dago. Erakunde publikoek diru horren zati bat hartu beharko lukete kontrol egitura zorrotz bat diseinatzeko.
Mailegu ez diren funtsak itzuli behar direla nabarmendu duzu.
Bai. Bi motakoak dira. Lehenak transferentziak dira, diru laguntzak, eta ez dira zor gisa agertuko estatuen kontabilitatean. Bigarren sorta mailegua da, eta hori zor moduan agertuko da. Laguntzak bideratzeko, baina, EBk eurobonuak jaulki ditu merkatuan. Europak eskatu du dirua; beraz, batasuneko 27 herrialdeek ere bai, eta hamar urtean itzuli behar da. Salbuespen neurria izan da; COVID 19arengatik ez balitz ezingo zitekeen hartu, ziur asko. Ñabardura bat egin nahi nuke: finantzaketaren zati handiena zor bidez egingo da, baina EBk aukera dauka Europa mailako tasen bitartez ordaintzeko. Hainbat zerga berri baitaude, plastikoen gainekoak, esaterako.
Kritikoak diren erakundeek diote funtsek aldaketa sozial batzuk behartzen dituztela. Nola ageri dira baldintza horiek?
Aski da funtsen atalak irakurtzea hori jakiteko. Atal jakin bat dago pentsioei buruzkoa, beste bat fiskalitatearen ingurukoa, lan mailakoa… Xehetasun handirik ez dago hor ere, baina ageri dira; hori garrantzitsua da: erreformen proposamena osagai moduan ageri da. ‘Erreforma’ hitza darabilte. Atal bakoitzean zehaztua ageri da zer den inbertsioa eta zeintzuk diren inbertsio horrekin harremana duten erreformak. Asteazkenean Ursula von der Leyenek esan zuenez, Espainiak bigarren diru sarrera handia nahi badu, ezinbestean onartu behar du lan erreforma. Batzordeko presidenteak badio, hala izango da.
Aurretik ere eskatuak zituzten.
Eta bizkortu egingo dituzte orain.
Alternatibarik ba al da?
Bai, eta garrantzitsua da aipatzea. Europako eragile ekonomikoek eta sozialek dirua behar dute. COVID-19ak kalte handiak eragin ditu. Baina beste toki batzuetatik bil daiteke: fiskalitatearen bitartez, auditoriak eginez… Borondate politiko kontua da.
Deitzaileak, baina, askoz gehiago dira: sindikatuak, pentsiodunen elkarteak, talde ekologistak, auzo elkarteak, gizarte laguntzako elkarteak… Azken multzo horretakoa da Berri Otxoak, gizarte bazterketaren aurkako Barakaldoko plataforma, eta hango kidea Sheila Fernandez. Martxa urtez urte beharrezkoagoa dela uste du: «Guk gizarte laguntzak eskatzen laguntzen dugu, eta lanez lepo gaude. Aste honetan, nire kideak 70 telefono dei jasoak zituen astearterako, eta hamalau posta elektroniko mezu. Jende asko ari da gaizki pasatzen».
%16ko langabezia tasa
Fernandezek nabarmendu du pandemiak are gehiago okertu duela eskualdearen egoera. Gaur-gaurkoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pobrezia kasuen %25 Ezkerraldean daude, eta biztanleen %11 baino ez dira. Ezkerraldeko biztanleen %5,2 pobrezia errealean bizi dira, %8,6k mantenu pobrezia dute, eta %13,6k hutsuneak dituzte ongizatean. Euskal Herriko tasarik handienak dira horiek, Erriberakoekin batera, eta handia da langabezia tasa ere: %16. Guztira 15.168 pertsona daude langabezian, iaz baino 2.406 gehiago, eta beste 5.000 inguru aldi baterako erregulazioetan. Langabe horien %67k ez dute inolako langabezia saririk. Guztira, 10.442 pertsona daude egoera horretan.
Arazoa, dena den, langabeziaz harago doa, eta Fernandezek egunero ikusten du beren egoitzan. «Lanean dagoen jende pila batek jotzen du gurera. Ezkerraldean behintzat, lanean egoteak ez du bermatzen pobrezian ez bizitzeak. Asko dira soldataz gain DBSE diru sarrerak bermatzeko errenta behar dutenak». Martxaren deitzaileek aurkezpenean salatu zutenez, kalitate gutxiko enpleguen zabalkundearengatik da hori. «Zerbitzuen sektorean ohikoak dira horrelako baldintzak»
Lehen, industria nagusi zen Ezkerraldean; egun, baina, merkataritza guneak eta biltegiak altxatu dituzte. PCBk Sestao eta Barakaldon ditu bere fundizioak, eta bertako langile batzordeek maiz salatu dute eskualdeko egoera. Gaur egun, langile gehien duen Ezkerraldeko enpresa nagusia Ikea da, eta lanpostu gehien batzen duen egitura, berriz, Megapark merkataritza gunea.