EAEren “eskaintza seguru, anitz eta jasangarria” nabarmenduko dute udako…
EAEko turismo kanpaina 2021: “Eskaintza seguru, anitz eta jasangarria” nabarmenduko du Jaurlaritzak, eta turistak erakarri nahi ditu, gastronomia ere baliatuz.
Eta zergatik ezkortasun hori? Uztailerako erreserba datuak ez direlako etxafuegoak botatzeko modukoak. Iazkoak baino hobeak dira, baina aurreko urteetatik nahiko urrun daude. «Bilbon, %30era ez gara iristen oro har, eta hori kontuan hartuta elkarteko bederatzi hotelek oraindik ez dutela ireki. Nik iazkoaren antzeko uda bat espero dut». Diazen hitzak dira, eta, berriz ere, Estonba harekin bat dator. Iazko udan %60 inguruan ibili ziren Donostiako hotelak, eta aurten «pixka bat hobea» espero du. Egun uztaileko erreserba maila %30 ingurukoa da, eta azken orduko bultzadarekin %65-70era iristeko itxaropena du. Urrun gelditzen da, beraz, duela bi urteko %97koa. Gainera, biek nabarmendu dute prezioak asko merkatu dituztela.
Antzeko datuak eman ditu Sara Martinezek, Berriobeitiko (Nafarroa) El Toro hoteleko zuzendari eta Iruñeko hotel elkarteko presidenteak. Hark, baina, analisi baikorragoa egin du: «Nondik gatozen kontuan hartuta, argi pixka bat ikusten hasiak gara». Zertan oinarritzen da hori esateko? Datuetan: uztailerako %59ko okupazio maila espero dute, eta abuzturako, %69koa. 2019ko %87koa urrun dago, baina iazko %44koa, are urrunago.
Martinezen itxaropena hauspotu duen beste aldagai bat maiatzeko termometroa da: «Iruñean hilabete garrantzitsua da. Ekitaldi asko daude: graduazioak, bilerak, ezkontzak…». 2019an %84ko okupazioa izan zuten maiatzean; iaz, aldiz, %7koa, eta aurten, %46,79koa. «Eta hori kontuan hartuta muga asko indarrean zeudela. Apurka, goraka goaz. 2020an galdutakoa ez dugu berreskuratuko, baina ea urteko bigarren seihilekoan kontuak orekatzeko moduan gauden behintzat».
Gertuko turistak
Cristina Lage Donostiako turismo zinegotzia da, eta, bere hiriko hotel jabeen hitza ezbaian jartzen ez duen arren, Martinezen antzeko ikuskera du. «Uste dut uda ona izango dela, eta ez zait iruditzen iazkoa eskasa izan zenik. Aurten Espainiako bisitariak erakartzeko kanpaina egin dugu, eta espero ditugu. Baita frantziarrak ere: autoz datorren jendea. Hegazkinez datorrenari itxaron egin beharko zaio oraindik».
Nicolas Martin Euskal Hirigune Elkargoko turismo bulegoko zuzendaria da, eta hura ere itxaropentsu dago: «Erreserba anitz ari dira egiten uztailerako, eta momentuz pixka bat gutxiago abuzturako; horrela segitzen badu, ohiko kopuruetara iritsiko gara». Ipar Euskal Herrian, izan ere, udaldi ona izan zuten iaz. Turisten %82 Frantziatik erakartzen dituzte, eta iaz are gehiago handitu zuten kopuru hori.
Bilbon antzera daude; han, baina, Espainiako eta Kataluniako turisten menpe daude: %80tik gora dira, eta aurten lan zaila da haiek erakartzea. Diaz Munio: «Madrilgo turista nora joan erabakitzen ari da orain. Espainiako hegoaldeko lekuak ondo dabiltzala badakigu; Bizkaiko golkoko kostaldeko hirietan, berriz, gauza motel doa, eta gurean, are motelago. Beste kontu bat dira landetxeak eta antzekoak». Iruñean, berriz, Martinezek azaldu du ari direla dei batzuk jasotzen.
Londres hotelean duela gutxi gertaturiko pasadizo bat kontatu du Estonbak. «Egun pare batez deirik jaso gabe egon ginen, eta telefonoa linea ondo zebilen begiratu eta guzti egin genuen. Harrituta geunden. Albisteak-eta ikusten genituen, ea neurririk edo aldatu zen. Baina ez, besterik gabe, ez zegoen deirik». Londres hotelak, izan ere, nazioarteko bezeroekin egiten du lan bereziki, eta horiek izango dira itzultzen azkenak: «Ziurrera jotzen dute, eta halako egoera batean herrialdetik irteteak beldurra ematen du. Urtero datozen bezero batzuekin hitz egin dut, eta hori azaldu didate: osasun mailan berme gutxiko herria garela iruditzen zaie».
Osasun egoerak bidaiarien erabakiak baldintzatzen dituela nabarmendu dute, eta Diaz Munio izan da grafikoena: «Egoera zuzendu nahi badugu, argazkian ederrago agertu behar dugu. Espainiarrentzat, hilabete askotan, intzidentzia maparen iparraldean agertzen zen orbain gorri bat izan gara». Estonbak arrazoia eman dio: «Datu txarrak izan ditugu, egia da. Hemen badakigu hein batean PCR gehiago egin direlako izan dela, arakatzaileengatik… Baina hori kanpora ez da iritsi. Helmuga segurua garela esango duen kanpaina handi bat behar dugu». Martin ere zuhur mintzo da: «Aurtengo uda ere ez da uda normala izanen. Eta ez dakigu oraindik osasun arloan nola izanen den, epidemiak berriz gora eginen duen, berriz neurriak hartu beharko diren…».
Azken orduko erreserbak
Lageren ustez, berriz, osasun irudia ez da hain txarra, eta nabarmendu du pandemia garaian turistek azken orduan erabakitzen dutela nora joan. «Pandemia latza izan da, baina bidaiariak ez dio begiratzen duela hilabeteko egoerari, berak bidaiatzen duen unekoari baizik. Ikerketa guztiek diote: pandemian bidaiak aurrerapen gutxiagorekin antolatzen dira». Bostek beren azalpenetan nabarmendu duten ñabardura bat da. Martinez: «Gertatu izan zait egun batean hamar logela erreserbatuta edukitzea eta hurrengoan hogeita lau. Iaz, kontrakoa zen». Alegia, oraindik badagoela sasoia txukuntzeko beta. Horretarako, baina, «erabaki azkarrak», eskatu ditu Estonbak: «Garrantzitsuena osasun egoera hobetzea da, txertatze kopurua handituz eta azkartuz, eta gero egoera horren araberako neurriak hartu. Kontuan hartu behar da bisitatzen gaituenak zer bilatzen duen». Diaz Muniok ostalaritza ordutegiak aipatu ditu: «Helmuga gastronomikoa gara, besteak beste. Duela astebete arte ezin zen inon afaldu; ezin badut afaldu, zertarako noa Bilbora? Horretarako ez noa; joango naiz beste urte batean».
Lagek, aldiz, oztopo fisikoetatik harago begiratu du: «Trabak hor daudela egia da, baina gauza garrantzitsu bat lortu dugu: jendearen imajinariotik ez gara desagertu. Ahal badu, bisitari hori etorriko da».
Martinezek ere neurriei begiratu die. «Nafarroan, luzaroan, murrizketarik gogorrenak izan ditugu. Arintzeak, ahal bada, lagunduko luke. Nik bi aste barru ezkontza bat dut hotelean, eta gaur-gaurkoz ezkontideek ez dakite zenbat jende elkartu ahal izango duten». Sanferminei buruz galdetuta, hotelek aspalditik zuten garbi oso zaila izango zela, eta horrek kolpea erraztu die: «Okupazioan, uztaila ez da hilabete onena, baina fakturazioan bai. Nazioarteko bezeroa dator, eta batez ere mundu mailako erakusleihoan jartzen gaitu, baina ez genuen itxaropenik».
Ipar Euskal Herrian, berriz, ostatuak irekiak dira dagoeneko, eta udan bisita leku batzuetako neurriak bigunduko dituzte. Martinen ustez, nabaritu egin beharko litzateke: «Ziurgabetasuna uxatzea funtsezkoa da».
Pandemia, baina, galga handia izan da, bai behintzat Hego Euskal Herrian. Iparraldean, ordea, iazkoa uda ona izan zen. Datu ofizialen arabera, 12.800 hotel oheen %93 okupatu ziren abuztuan. Alde horretatik, nabarmentzekoa da hotelez haratago duen kanpin eta bungalow eskaintza handia: 33.000 ohe guztira. Hegoaldeari erreparatuz, Bilbo da ohe gehien dituen hiriburua: 7.356 ziren 2019an, hotel guztiak irekita zeudenean. Europa Press agentziak hoteletako iturrien bitartez lorturiko datua da. Urte hartako abuztuan %86 okupatu ziren; iazkoan, aldiz, %38; eta aurtengo apirilean, %18 baino ez. Hotel horiek, garairik onenean, 1.303 langile zituzten.
Donostian, berriz, 2019an, 6.098 hotel ohe zeuden, eta 1.133 langilek ziharduten hoteletan azpikontrataturiko zerbitzuak ez dira zenbatzen. 2019ko abuztuan %88ko okupazioa izan zuten; iazkoan, aldiz, %63koa, eta aurtengo apirilean, %21ekoa. Hotel elkartearen arabera, hiriaren BPGaren %16k harreman zuzena du turismoarekin. Gasteiz da ohe gutxien dituen euskal hiriburua: 3.003 guztira, eta 270 langilek dihardute hoteletan. 2019ko abuztuko okupazioa %70ekoa izan zen; iazkoa, aldiz, %43koa, eta aurtengo apirilekoa, %25ekoa.
Iruñean, azkenik, Europa Pressen eta hotel elkartearen datuak ez datoz bat, baina aldeak txikiak dira. Agentziaren arabera, 2019ko abuztuan oheen %74 okupatu ziren; iaz, berriz, %39, eta aurtengo apirilean, %23. Elkartearen arabera, ordea, 2019ko udako okupazioa %87koa izan zen, eta iazkoa, %44koa. 3.456 ohe hotel daude, eta 2019ko uztailean 510 langilek ziharduten. Hiri guztietan 2019an iritsi ziren langile kopuru handienera. Egun, txikiagoa da; batetik, eskaintza txikiagoa delako, eta, bestetik, aldi baterako erregulazioengatik.
Baina akordioak mahai txiki baten bueltan lortzeak badu arazo bat: zazpik soilik indarrean jartzeak ez duela ezertarako balio. Horiek horrela, erdi prestatutako platera atera dute mahaira. Erabaki gabe utzi dute zehazki enpresen zein irabazi eta diru sarrera zergapetuko dituzten —zerga oinarria—, zer salbuespen egongo diren —finantza enpresak, esaterako?—, eta nola lortuko duten multinazional handienek beren irabazi erraldoien zati bat munduan zehar ongi banatzea. Letra txikia lan handia da, eta udazkenerako lotu nahi dute, OCDEn gaia aspaldi aztertzen ari diren taldean; aurretik, uztailean, G20aren Veneziako goi bileran bedeinkapen zabalago bat jaso beharko luke.
Sukaldeko lana, gainera, etxean hasi beharko dute G7ko kideek. Esaterako, Alemaniak, Frantziak eta Italiak ikusi beharko dute nola lortzen duten Europako Batasuneko sukaldaritza fiskalaren bi plater ezagun enpresa handien menuetatik desagertzea: irlandar bikoitza (double Irish) eta Herbehereetako ogitartekoa (dutch sandwich). Hala esaten diete multinazional handiek EBn ia zergarik ez ordaintzeko baliatzen dituzten sistemei; hitz bitan, dirua batetik bestera mugitzea, eta bide horretan ordaindu beharreko zergak txikitzea, batzuetan desagertzeraino. Izan ere, justizia sozialaren bandera gogoz astintzen duen arren, EBk zerga paradisuen ezaugarriak dituzten hainbat herrialde ditu barnean: Herbehereak, Irlanda, Luxenburgo, Malta… Haizea kontra dutela badakite horiek, baina kosta ahala kosta eutsi nahiko diete oraingo zerga egiturei, galtzeko asko dute eta.
Irlanda, totem baten defentsan
Argi gehienak Irlandara begira daude, han sozietate zergaren %12,5eko tasa ikur bat delako, totem bat. Harekin lotzen dute pobreziatik atera izana, eta adostasun politiko handia dago haren inguruan. Azken egunotan baizik ez dute auzitan jarri Sinn Feinek eta Laboristek, aho txikiarekin badaezpada ere. %12,5eko tasa «sutsuki» defendatuko duela agindu du Paschal Donohue Finantza ministroak. G7koen bileran izan zen Donohue, eurotaldeko burua ere badelako, baina argi du zeri zaion leial: patrikari. Kalkulatu duenez, urtean 2.200 milioi euro gal ditzake Irlandak, sozietate zergaren bilketaren bosten bat —pisu handia du, bilketaren %21; Hego Euskal Herrian ez da %8ra iristen—.
Eta nola da posible tasa handituta bilketa txikitzea? Multinazional handi batzuen ekarpena txikituko litzaiokeelako. Irlandan dituzte Europako egoitzak Applek, Googlek eta AEBetako beste multinazional askok, eta hango zerga sistemak erraztasunak ematen dizkie kontinentean irabazitakoaren gehiena hara bidaltzeko, eta gero zati txiki bat baizik ez ordaintzeko. Horixe eragotzi nahi du sistema berriak, hain zuzen ere.
Baina Joe Bidenentzat ere gauzak ez dira errazak izango etxean. Hark eman zion bultzada bat sozietate zergaren nazioarteko araudiari, onartu zuenean bere multinazional teknologikoak zergapetzeko sistema global bat ezartzea, gutxieneko tasa baten truke. Baina horrelako proposamen batek bi hereneko gehiengoa behar du AEBetako Senatuan, eta dagoeneko jaso du errepublikanoen ezetza.
Suitzak ere asteon iragarri du eginahalak egingo dituela zerga apaleko bere kantonamenduetan ezer gutxi gal dezaten.
G7aren labetik ateratako plater erakargarria urardotzeko gogoa duten sukaldari asko daudela, alegia.
Artechek transformagailu eta gailu elektrikoak ekoizten ditu, eta iaz 265 milioi euroko fakturazioa lortu zuen. 2.000 langile ditu munduan dituen 11 plantetan, eta horietatik 600ek Mungiako eta Gasteizko lantegietan dihardute. Kapitala bildu nahi duen enpresa batek normalean bi bide izaten ditu: mailegua eskatzea edo burtsara irtetea, eta enpresako buruek bide hori lehenetsi dute konpainiaren sorreraren 75. urteurrenean.
Akzio bakoitzak 3,94 euroko irteera balioa du, eta hasterako 90 inbertsore berri lotuak dituzte. Artetxek azaldu duenez, ez dago inbertsore berri handirik, «kartera orekatua» da, eta denetarik dago: bankuak, funtsak, beste enpresa batzuk… Akzio horiek atzo irten ziren merkatura, eta harrera ona izan zuten. Irten eta berehala, %1,5 igo zen haien balioa, lau euroraino hain zuzen, baina egunak aurrera egin ahala indarra galdu zuen, eta eguna parean bukatu zuen: 3,95 euroan, +%0,25.
Egoera ekonomiko onean dagoen enpresa bat burtsara irtetea amu erakargarria da, baina badu bere arriskua ere, erabaki ahalmena dibertsifikatu egiten delako. Dena den, ez dirudi kasu honetan hala izango denik: «Erabaki zentroa Euskal Herrian geratuko da. Akzioen %52,5 familian mantenduko ditugu», azaldu du Artetxek. Burtsara irten aurretik, jabetzaren %66 zuen Artetxe familiak, %24 Damaso Casado enpresariak, eta %7 Eusko Jaurlaritzak. Azken bi horiek ez dute beren parte hartzea saltzeko asmorik, ez behintzat hemendik gutxira.
Artechek, izan ere, hordagoa jo du handira. Argindarraren sektorearen «garai gozoa» baliatu eta %8 hazi nahi du urtero hurrengo hiru urteetan. Jauzi horrek, baina, gihar ekonomikoa eskatzen du. Artechek 170 herrialdetan saltzen ditu bere produktuak, baina fakturazioaren %35 AEBetan eta Mexikon lortzen du, eta merkatu horietan sendotu nahi du. Ikusi beharko da enpresa erosketak han egingo dituen, eta lanpostu berriak non sortzen dituen. Egun langile berezituen bila dabil, eta, Euskal Herriko plantei dagokienez, enplegu hazkundea gehiago nabarituko da Gasteizen Mungian baino.
Iberdrola da haren bezero handietako bat, eta haren eskutik zabaldu izan da. «Kanpoko bazkideak» erakartzeari ez dio atea itxi Artetxek, «aliantzak» bilatuz, baina ez da euskal talde elektriko handi baten aldekoa: «Aukera hori ez dugu aztertu, baina, aukera balego, ez dugu baztertzen». Era berean, oraindik goiz da BME Growthetik beste burtsa merkatu batzuetara jauzi egingo duen aurreratzeko. «Momentuz gure tamainara egokitzen dena da, baina etorkizunak edozein tokitara eraman gaitzake», azaldu du.
Begoña Elizalde, Victoria Bogino eta Irene Lapuerta NUPeko ikerlariek eta Magdalena Diaz Carlos III unibertsitateko irakasleak egin dute ikerketa. Atzoko aurkezpenean, Lapuertak azaldu zuen «garai egokia» dela langile horien egoera aztertzeko, hamar urte bete baitira Espainian haien lan baldintzak arautzen dituzten bi lege onartu zirenetik. Ikerketak, INE estatistika erakundearen eta Gizarte Segurantzaren datuez gain, 190 langileri egindako inkesta izan du oinarri.
Iazko iraileko datuen arabera, 6.811 langile zeuden izena emanda Etxeko Langileen Erregimen Berezian. Ondorioz, oraindik ere langileen laurdenak beltzean kobratzen dute. «Azken urteetan ezarritako lege aldaketek, kopuru hori murriztea lortu duten arren, ez dute praktika hori desagerrarazi», nabarmendu dute ikerketan.
Gainera, sektorean aritzen diren hamar langiletik lau etorkinak dira. Sektoreak jatorriaren arabera bereizi ditu langileak, aldeak ikusi baititu lan baldintzetan. Etorkinen artean, gehienak latinoamerikarrak dira: gazteagoak dira, prestakuntza handiagoa dute, eta haien artean ohikoagoa da legezko kontratua izatea. Bertakotzat jotako langileen artean, berriz, maiztasun handiagoarekin gertatzen da egoera irregularrean egotea —galdetutakoen %36 ez daude afiliatuta, eta etorkinen artean %26 dira—, eta, kasu horietan, familiako gizonezkoaren soldata nagusiaren «osagarri gisa» ikusten da ordainsaria.
Pobrezia arriskuan
Oro har, Nafarroako etxeko langileen %64k soilik dituzte oporraldiak, eta %57k kobratzen dituzte aparteko orduak. Inkesta egindakoen %42k onartu dute dagokiena baino ordu gehiagoz egiten dutela lan. «Zenbaki hauek agerian uzten dute etxeko enpleguak, bere berezitasunen ondorioz, ez duela langileen pobrezia arriskua eragozten», diote ikerlariek. Hala, galdetutako langileen %63k aitortu dute oso kezkatuta daudela ohiko gastuei ezin dielako aurre egin. Azterketak dio zenbaitetan langile askok zaintzan jarduten dutela etxeko lanekin batera eta egoera hori gehiagotan gertatzen dela langile etorkinen artean (zehazki, %57).
Errenta zergan sektoreko langileen kontratazioa sustatu asmoz, Nafarroako Gobernuak %25etik %100era igo zituen iaz Gizarte Segurantzako kotizazioen gaineko kenkariak. Isturizen arabera, amaitzear den errenta kanpainan islatuko dira neurriaren ondorioak. Dena den, 2019ko datuek agerian utzi dute kenkari hori 2.812 pertsonek eskatu zutela, eta ogasunak 1,63 milioi euro biltzeari utzi ziola.