Ekarpen lege berria indarrean nahi dute 2022ko aurrekontuetarako
Finantzen Euskal Kontseiluaren ezohiko bilera izan zuten atzo Gasteizen, eta gai bakarra zuten mahai gainean: ekarpen lege berriaren akordioa. Hiru aldundiek eta Jaurlaritzak berretsi egin zuten iragan astean iragarritako akordioa. Ordu erdiko tramite bilera nahikoa izan zuten ia hamar urteko eztabaidari amaiera emateko.
Pozik azaldu zen Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua, uste baitu lege berriak «sendotasuna eta ziurtasuna» emango diela kontu publikoei, «ekonomia suspertzera eta enplegua sortzera bideratuta dagoen agertoki ekonomikoaren une erabakigarri honetan». Ituna lortzeko erakundeek erakutsitako konpromisoa nabarmendu zuen, eta ziurtatu zuen testu berriak guztien aldarrikapenak jasotzen dituela.
Nolanahi ere, akordioa bera baino gehiago, adostasuna lortu izana goraipatu zuten diputatu nagusiek. «Gaurko eguna akordioaren eguna da», esan zuen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Pozik azaldu zen, eta ez da gutxiagorako, bai baitaki sistema berriak ez duela aldaketa handirik ekarriko diru banaketan, eta horri esker ez diola askorik eragingo Bizkaiaren orain arteko jardunari. Talaia horretatik hitz egin zuen: «Denok irabazi eta galdu dugu zerbait; horrela lortzen dira akordioak».
Olanok gogorarazi zuen, halere, ituna egitea ez dela erraza izan, baina ados jartzeko erakundeek izandako «malgutasuna» nabarmendu zuen: «Bazeuden arazo teknikoak eta arazo politikoak, baina ardura bat geneukan, eta iritsi gara helburu horretara». Era berean, ontzat jo zuen egokitzapenerako funtsa handitu izana. Hain zuzen ere, hori bera proposatu zuen 2019an, ekarpen legea berritu ezean hori zelakoan Jaurlaritzak eta Bizkaiak diru gehiago jartzeko bidea. Baina, horren ordez, ezohiko funtsa eratu zuten. Orain, berriz, zorroa %50 handitzea onartu dute, eta ontzat jo du hori. «Azken urteetan kaltetuenak izan direnek irabaziko dute, segurtasun handiagoa ematen duelako. Tresna egokia da guztiontzat», azpimarratu zuen.
Ramiro Gonzalezek ere kolpean uxatu zituen zalantza guztiak: «Araba pozik dago lortutako akordioarekin». Eta ahaldun nagusiak ere goraipatu egin zuen orain bi urteko aldaketa hari «lege izaera» eman izana, haren hitzetan, «mugarria» delako Arabarentzat. Adierazi zuen adostutako testuak egungo ereduari eusten badio ere «hobekuntzak» jasotzen dituela, eta uste du aldaketa horiek baliagarriak izango zaizkiela ekonomiaren susperraldiari aurre egiteko: «Akordioak egonkortasuna ematen du, eta agerian uzten du euskal erakundeek hitz egiteko eta elkar ulertzeko duten gaitasuna».
Gorka Urtaranek testu berria goraipatu zuen. Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak gogorarazi zuen aurrerantzean udalek partaidetza handiagoa izango dutela ogasunek itunduak dituzten zergetan. «Udal legearen ondoren, gaurko akordio hau euskal udalgintzaren mugarririk garrantzitsuenetako bat da», esan zuen.
EH Bildu, kritiko
Lege berriak ez du oposizioa asebete, ordea. EH Bildu kritiko azaldu zen proposamen berriarekin; izan ere, koalizioaren ustetan udalei ez die «modu nahiko eta egonkorrean» bermatzen beren eskumenak gauzatzeko behar duten finantzaketa. Eta salatu zuen Eudel testu berriaren negoziaziotik kanpo utzi dutela.
Iñigo Urkullu lehendakaria, berriz, pozik azaldu zen. «Mugarri bat da. Euskal erakunde guztioi utziko digu 2022ko urtarrilean ziurtasunean oinarritutako aurrekontuekin abiarazten». Jaurlaritzak aurreikusi du uztailaren 27ko gobernu kontseiluan onartzea legea. Handik Legebiltzarrera bidaliko dute, onartua izateko. Urrirako indarrean nahi dute.
Iaz %5 gehitu ziren lantoki barruko istripu larriak, Osalanen…
Osalanek eta sindikatuek ez dituzte modu berean sailkatzen lan istripuak; horregatik dira sindikatuek eman ohi dituzten datuak baino txikiagoak. Era berean, eta Jaurlaritzaren barneko erakundea den heinean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak biltzen ditu bakarrik. Elsa Perez Lan sailburuordeak eta Lourdes Iscar Osalaneko zuzendariak eman dute txostenaren berri. Azaldu dutenez, pandemiaren eraginez ekoizpenean egondako etena izan du murrizketaren arrazoi nagusia. 2019an 37.157 istripu zenbatu zituzten guztira, in itinere-koak barne, eta iaz 29.222 izan ziren. In itinere istripuen jaitsiera nabarmenagoa izan da, eta hor, besteak beste, telelanaren eragina sumatu dute.
Osalanek sexu aldagaia txertatu du iazko txostenean, gizonek eta emakumeek «lan istripu modu ezberdinak» izaten dituztelako. Gizonezkoek manufaktura postuetan izaten dituzte istripuak; emakumeek, berriz, zerbitzuetan eta in itinere. Azken horien batezbestekoetan alde handia aurkitu dute. Egia da gizonek istripu gehiago izaten dituztela bidean, baina 1.000 langileren araberako estrapolazioa eginez gero, gizonezkoen tasa 2,86 da, eta emakumezkoena, 4,03.
Tasa horrek istripuen genero joera orokorra hausten du. Zein da arrazoia? Perez oso grafikoa izan da arrazoietako bat ematean: «Umeak zaindu edo erosketak egiteko lanetik presaka irten behar izateak ere eragina du». Dena den, oro har gizonezkoek lanarekin zerikusia duten trafiko istripu gehiago dituzte; hori bai, txostenaren egileek zehaztu dute garraiolari postu gehienetan gizonezkoak daudelako dela.
Osalanek beste aldagai batzuen araberako entresakak egin ditu, eta sailburuak azaldu du «lan baldintza txarrek» eragin zuzena dutela istripuetan. Alde horretatik, eta eskarmentuari dagokionez, istripuak jasandako langileen %28k urtebete baino gutxiago zeramaten postuan.
«Neurririk ez da hartzen»
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo Getarian (Gipuzkoa), iragan ostiralean jazotako lan istripu larria salatzeko. Hildakoa LAB sindikatuko kide eta ordezkari ohia zen, eta, sindikatuen arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuan hildako 32. langilea da. LABek salatu zuen istripuak ez direla zoriaren ondorio, «prekarizazioaren, lan harreman ereduaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren ondorio baizik». Era berean, erakunde publikoei leporatu zieten istripuak eragozteko behar adinako ahaleginik ez egitea: «Zer aldaketa egiteko prest zaudete lan eredu hiltzaile hau geldiarazteko? Ez da neurririk hartzen».
Finantzen Euskal Kontseiluak Ekarpen Lege berria berretsi du

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren esanetan, Ekarpen Lege berriak “ziurtasuna” emango die kontu publikoei. Jaurlaritzak eta hiru aldundiek lege horren gaineko aurreakordioa zuten lotuta.
Guuk-ek 17.000 bezero lortu ditu lehen urtean, eta errentagarria…

Guuk-ek 17.000 bezero lortu ditu lehen urtean, eta errentagarria izan nahi du hiru urteko epean. Konpainiak nabarmendu duenez, bost urtean EAEko eta Nafarroako telekomunikazio merkatuaren % 5 eta % 10 artean bereganatzeko asmoa du, eta hiru urtetan “errentagarria” izan nahi du.
Xanty Elias sukaldariak irabazi du 2021eko Basque Culinary World…

Xanty Elias sukaldariak 2021eko Basque Culinary World Prize saria irabazi du. Kultura Gastronomiko Solidarioa irakasgaia lehen hezkuntzako eskoletan sartzeko lanean ari da, ziur baitago garrantzitsua dela sukaldaritzaren eta kontsumo kontzientearen inguruko kulturan heztea.
Berderanzko neurrien erronka
«Erregai fosilen ekonomiak bere mugak iritsi ditu», esan zuen Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. «Europa izan zen lehen kontinentea 2050erako klima neutraltasunaren helburua aldarrikatzen, eta orain lehenak gara bide orri zehatz bat jartzen mahai gainean».
Fit for 55 (Egoki 55erako) deitu diote neurri sortari, Batasunak oraintsu bere legedian sartu duen 2030erako %55eko deskarbonizazio helburuari erreferentzia eginez. Elkarri loturik doazen neurrien sorta zabal hori karbonoari prezioa jartzean eta deskarbonizazioa saritzean oinarritzen dela azaldu zuen Von der Leyenek, eta CO2 emisioen eskubideak salerosteko eskemaren arrakasta aipatu du; «badakigu nola egin».
Proposatutakoaren arabera, eskubideen eskema hori orain hegazkin bidaia guztietara eta itsas garraiora hedatuko da. Horrek esan nahi du sektore horiek ere mugatuta edukiko dituztela isuri ditzaketen karbono dioxido tonak, eta ordaindu egin beharko dutela ezarritakoa baino gehiago isurtzeagatik, gaur egun energiaren sektoreak, industriako instalazio handiek eta EB barneko hegaldiek egiten duten moduan.
Urtetik urtera, eskema horretako sektoreei murriztuz joaten zaie atmosferara isur dezaketen karbono tona kopurua, hots, eskubide kopurua. Eta, hala, energia sorkuntzaren alorraren eta energian intentsiboak diren industrien isuriak %42,8 murriztu dira hamasei urtean. Eskubide kopuruen urteroko murrizketa areagotu egin nahi du orain Batzordeak, egungo %2,2tik %4,2ra.
Karbonoaren muga zerga
Industria astunak emisio eskubideen zati bat doan jasotzen jarraituko du, hots, kutsatzeagatik ordaindu gabe. Eta horrek kritikak piztu zituen atzo bertan, helburu zorrotzagoen aldekoen artean. Baina industriak Bruselan presio handia egin du gaiarekin. Esaten dute beste herrialdeetako lehiakideek ez dutela karbono isuririk ordaindu behar, eta karbono dumping-a pairatzeko arriskua dutela.
Hori eragozteko helburua du Europako Batzordeak atzo proposatutako karbonoaren muga zergarako mekanismoak. Halako zerbait egiten den lehen aldia da, eta oraingoz inportazio gai gutxi batzuetara mugatuko da —altzairua, zementua eta aluminioa—, eta modu oso mailakatuan iritsiko da, Munduko Merkataritza Erakundearen arauekin bateragarria izatea inportantea izango delako, eta AEBk, Errusia eta Txinaren errezeloak gainditu beharko dituelako.
Autogintza eta berokuntza
Orain arte, emisio eskubideen eskematik kanpo gelditu dira bi alor handi, zeintzuek batasuneko emisioen erdiak hartzen dituzten ia: autoak eta berokuntza. Berokuntzak bakarrik energiaren eta emisioen ia %40 hartzen ditu. Autoek eta furgonetek egindako emisioekin, berriz, arazoa da murriztu beharrean handitu egin direla azken urteetan.
Deskarbonizazio helburuak beteko badira, derrigorrezkoa da bi alor horien isuriei heltzea, eta hor bai, zuzenean igarriko diote herritarrek karbonoa isurtzeari prezioa jarri zaiola, nahiz eta dagoeneko hasiak diren hori nabaritzen, argindarraren fakturan.
Bigarren emisio eskubideen eskema batean sartuko dira autogintza eta berokuntza, eta, horietarako, erregaien hornitzaileek ordaindu egin beharko dute karbonoa isurtzeko eskubideengatik.
Aldi berean, batzordearen asmoa da erregai fosilen gaineko zergak berrikustea, gasolinaren eta dieselaren gaineko zergako kenkari guztiak ezabatzeko. Eta, horrekin batera, automobilgileek gero eta muga txikiagoak izango dituzte beren autoen emisioetarako. 2035etik aurrera, salduko diren auto berri guztiek emisiorik gabekoak izan beharko dute.
Orain, negoziazioak
Ekonomiaren bazter guztietan eta herritarren bizimoduan aldaketa erradikalak ekarriko dituzten neurri horiek, orain, negoziatu egin beharko ditu Europako Batzordeak Batasuneko herrialdeekin eta Europako Parlamentuko alderdiekin.
Ildo horretan, %55eko murrizketa helburua Klimaren Legeak ezartzen duela gogoratu zuen Frans Timmermans Batzordeko presidenteorde eta Klima arduradunak. Eta batzordearen proposamenarekin ados ez dagoenak alternatiba aurkeztu beharko duela, legeak agintzen duena betetzeko.
Bereziki gordin aritu zen atzo Timmermans: «Zaila da egiteko, baina derrigorrezkoa ere bada. Betebehar horri uko egiten badiogu, huts egingo diogu geure buruari, eta huts egingo diegu gure seme-alabei eta gure bilobei. Hau konpontzen ez badugu, gure seme-alabak eta bilobak gerretan borrokatuko dira janariagatik eta uragatik».
Industria nahiko ados, ingurumen taldeak batere ez
Horregatik,Greenpeacen ustez, batzordearen neurriak ospatzea «langa gainditu ez duen gorako jauziko atleta saritzea bezala litzateke». Friends of Earth-en arabera, neurriak ez dira egokiak bidezko trantsizio baterako eta planetaren beharretarako. BirdLifebek, berriz, gaitzetsi egin du proposamenak oraindik ere biomasa energia berriztagarritzat jotzea.
Industriaren aldetik, oro har, abegi ona izan du neurri sortak. «Baina deabrua xehetasunetan dago», ohartarazi du Business Europe patronalak, iradokiz hemendik aurrera zabaltzen diren negoziazioak garrantzitsuak izango direla. «Norabidea ona da», dio patronalak, « baina xehetasunak oso inportanteak dira oreka bilatzeko klima helburuen eta erronka ekonomikoen artean».
Aburtok eta Garraio Ministerioak Feveren trena Zorrotzan lurperatzeko akordioa…

Proiektuak, guztira, 55,2 milioi euroko inbertsioa ekarriko du. Bilboko alkatearen esanetan, “zor historikoa” da, eta errealitate bilakatzen hasi da.