Zaharberritzeak nagusi eraikuntzan
Aurten, urteko bigarren hiruhilekoan, Hego Euskal Herrian 8.586.429 metro koadrori oniritzia eman diete obra berriak eta birgaitzeak egiteko, Espainiako Arkitektoen Elkargoaren arabera, 2019ko bigarren hiruhilekoan baino %1,66 gehiago.
Konfinatuta egoteak obra berriak egiteko eskaerak gutxitu zituen, baina behargin askok aldamioetan lanean jarraitu zuten, aurretik hasitako lanak egiten eta amaitzen. «Gu hamar egun egon ginen geldirik. Baina, gero, obra batzuk hasita genituen, eta, bezeroak oraindik ez zirenez hor bizi, ez zenez kontakturik egongo, horiekin jarraitu ahal izan genuen», azaldu du Axun Senperenak, Bianditz Etxegintzako administratzaileak.
Iñaki Urresti Bizkaiko eraikitzaileen eta sustatzaileen elkarteko (ASCOBI) idazkari nagusia ados dago Senperenarekin: «Eraikuntzari ez dio kalte handirik egin pandemiak. Hasieran ziurgabetasuna egon zen, bai, baina gero berriro egoera nahiko normalera itzuli ginen joan den udan». Hala ere, Urrestik azaldu du egoera horrek izapide administratibo batzuk atzeratzea eragin zuela, eta, beraz, hainbat enpresak proiektu batzuk atzeratu behar izan zituztela. Aurten lan horiek aurreratzea espero du Urrestik: «Gaur egun, lana normal doa, baina, atzeratuta dagoena egunean jarriz gero, lan berri gehiago hartzeko aukera emango lieke enpresei».
Iristen zaizkien proiektu berrien artean, azkenaldian zaharberritzeak izan dira gehienak. «Azken urtean gehiengoa izan dira, nire ustez jendeak denbora gehiago pasatu duelako etxean eta akats gehiago ikusi dituelako; horiek konpondu nahi dituzte askok», dio Senperenak. Gainera, Urrestik azaldu du etxe asko zaharrak direla, eta beraz horiek mantentzeko lanak garrantzitsuak direla.
Zaharberritzeez gain, birgaitzeak ere indar handia hartzen ari dira: eraikin asko ez daude adinekoentzat edo aulki gurpildunentzat moldatuta, eta horiek aldatzen ari dira. «Leku askotan igogailua jartzen duten kanpotik, eta beste leku batzuetan lurraren mailaraino jaisten dituzte, eskailerak kendu ahal izateko», kontatu du Urrestik. Gaineratu du batez ere etxebizitza blokeetan ari direla lan egiten, horietan baitago behar handiena. «60ko eta 70eko urteetako etxe asko daude berritzeko. Etxe berriak eraikitzeko promozioak, berriz, oso motel dabiltza azken urteetan», azaldu du Urrestik, eta Senperena ados dago horrekin.
Etxebizitzen eraikuntzaz gain, azpiegitura lanak ere pandemia baino lehenagoko egoeran daude, eta geldirik zeuden hainbat lan berriro hartu zituzten.«Ikusgarriagoak dira metroa edo zubi bat, baina udaletxeko lanak, kaleen zainketa eta obra txikiak ere azpiegitura dira, eta horiek programetan jarraitzen dute», esan du Urrestik.
Lana bai, arazoak ere bai
Lanen kopurua berriz igo bada ere, arazo batzuk berriz ere agertu direla kontatu dute eraikuntzaren sektoreko bi kideek. «Beti dago egoera aprobetxatzen duen jendea egindako lana ez ordaintzeko. Pandemiaren aitzakiarekin, ordaintzeko nahiko diru ez duela esan, eta obra bukatuta ez digute ordaintzen, edo merkatzeko eskatzen dute», azaldu du Senperenak.
Urrestik beste arazo bati buruz ere egin du oharra: «Oraintxe bertan pixkanaka lana igotzen ari da, baina, gero eta lanpostu gehiago sortzen badira ere, ez dago langile kualifikatu nahikoa postu horiek betetzeko».