«Aldi honetan amore eman dugu, baina ezinbestean»
Hegazti gripeak 2016an eragin zuen krisian ELB laborari sindikatuak borrokalari irudi azkarra irabazi zuen, hiru etxaldetan ahateak prebentzioz hiltzea oztopatuz mobilizazioei esker. Uda honetan, berriz, hilabeteetan negoziatzen aritu ondotik, Bidaxuneko ahate haztegiko 1.600 ahate hil zituzten agorrila hastapenean. Aitzineko krisian bezala ahate sanoak baziren ere, urtarrilean hegazti gripearen aztarnak atzeman ziren Bidaxuneko ahateetan, eta ahate haztegia «infekzio gune» gisa deklaratua izan zen. Panpi Sainte Marie (Landibarre, 1963) ELBko bozeramailearen ustez, desberdintasuna handia zen.
ELBren borrokak, hegazti gripearekin, garaipenak izan dira. Agorrilan, aldiz, ahateak hiltzea onartu duzue. Ez da ohikoa izan.
Kasuak ez dira berdinak. Ahateetan antigorputzak atzeman zituzten, eta, aldi honetan -aitzineko aldian bezala- ez ziren eri, baina positiboak baziren. Horrek dena aldatzen du legedian, infekzio gune izendatua baitzen Bidaxuneko ahate haztegia. Ondorioz, bortxaz hil behar zituzten; bestel,a Frantziak ez zuen esportatzen ahal. Aitzineko aldian ez zen ondorio hori, esportazioak ez ziren blokatuak. Infekzio gune deklaratuz gero ezin da hori kendu. Beraz, goiz ala berant hil behar dira; bestela, Frantziak ez zuen esportatzen ahalko. Aldi honetan ere posible genuen ELB garaile ateratzea, baina bazen estatuaren alimaleko presioa gibeletik.
Nolako presioa?
Uste genuen baimen berezi bat ukanen genuela, salbuespen bat edo kasu berezi bat zelakoan, baina ez dute onartu, Frantziak ez baitzuen esportatzen ahalko ahateak hil gabe. Momentu batez ministerioak laxatu gaitu; ordu arte harreman ona bagenuen [Kriaxera] arraza salbatu behar zelakoan, baina, arraza salbatua zela frogatu delarik -aski ahate tipi eta arrautza atera baikenuen Bidaxunetik-, administrazioak erran zuen hil behar zirela. Ez genuen onartzen sano zirelako, baina aldi honetan mehatxua zen blokatzen bagenituen ez zela kalteordainik izanen. Hala ere, gure asmoa zen azken momentua arte erresistentzia egitea, baina hori eginez ELBk borroka irabazten zuen, Bidaxuneko ahate haztegia sakrifikatuz. Presionatzeko, bazuten haztegiaren bezeroen zerrenda osoa. Nahi bazuen estatuak zinez izorratzen ahal zuen etxalde hori, eta Kriaxerekin ari ziren etxaldeak oro.
Nola geratu da ELB?
Kanpotik begiratzen duen batentzat, afera honen fineziak ezagutu gabe, ELBk aldi honetan galdu du. Nonbait, hala da, utzi baitugu ahate sanoak hiltzera, baina gibeleratze taktiko bat izan da, etxaldeak salbatuz bihar segitzeko. Halako munstro baten aitzinean zaila genuen: edo ELBk epe motzeko borroka hori irabazi, etxaldeak sakrifikatuz, edo galtzea epe laburrean, baina bihar etxaldeak bizituz, Kriaxerak izanez berriz heldu den udaberrian. Aldi honetan amore eman dugu, baina ezinbestean.
Gobernuak esportazioa zuen lehentasuna. Ahate esportatzea ez da hemengoen merkatua.
Bistan dena ez da Kriaxera esportatzen, ez. Gainera, ez da baitezpada ahatea, Frantziak anitz esportatzen duena oilaskoa baita; oilasko zikinkeria bat, arrunt merkea eta fite hazia dena. Oilaskoa eta genetika -ahate tipiak eta arrautzak- esportatzen ditu Frantziak, Afrikara eta. Oilasko industrialean ari diren talde handiek presio anitz ezarri dute. Aldi honetan ez dugu denborarik ukan, baina berriz gertatzen bada Bidaxunekoa bezalako afera bat, baimen berezi bat galdetu beharko da Europan. Ahate horiek ez ziren eri; momentu batez positibo izan dira, baina gero antigorputzak egin dituzte eta hiru hilabeteren buruan ez zen gehiago birusaren herexarik batere. Nahi genuen horren oharpen bat egitea eta baimen berezi bat ukaitea; justifikazioa bagenuen, argudioa bagenuen, baina lan hori ez genuen guk egin behar gure ahal urriekin, Estatuak egin behar zukeen. Izenpetu genuen protokoloan esperimentazio sailak hori zioen: zergatik Kriaxerak hala ihardokitzen duen ikertzea, beharbada hegazti gripearen aitzinean konponbidea hor da, Kriaxerak buru egiten baitio eritasunari. Analisiak Tolosan [Okzitania] ikertzen dituzte, baina oraino ez dute lana itzuli. Parean ez zuten gehiago igurikatu nahi esportatzeko; beraz, presioaren borroka hori galdu dugu.
Erakutsi duzue mobilizazioekin posible zela ahateen hiltzea saihestea. Baina kasu honetan lege aldaketa behar litzateke. Hori ere posible ikusten duzu?
Bai. Irudi bat lortu dugu aitzineko borrokei esker. Badakite jendea biltzen ahal dugula eta ez garela beldur gauza batzuk arriskatzeko; gainera, beti erraten digute komunikatzaile onak garela. Lotsa dira. Frantzian denetan hil dituzte ahateak batere erresistentziarik gabe, baina hemen laborariak CRSen partetik zanpatuak izatea, ahate sanoak hiltzea…; badakite jendearen onarpena ukan dugula. Kasu honetan ez dugu irabazi, legeak ez baitzion estatuari aterabide bat ematen. Horregatik aldi honetan prest ziren indarrez pasatzeko, nahiz eta irudi txarra eman; hori hala erran digute.
Hegazti gripearen azken borrokan ez duzue garaipen irudia kausitu, baina paraleloan bada Arbonako okupazioa, irabazi arte asmoz segitzen dena.
Okupazioak lehen planoan ezartzen du hor badela arazo bat. Ahateekin bezala hor ere badira bi helburu: bat, taktikoa -epe motzekoa-, eta, bestea, estrategikoa. Bat da etxalde horren lurrak salbatzea, eta ez dakigu kausituko dugunez, saltzailea eta eroslea ados jartzen ahal baitira eta ez dugu deus egiten ahal, baina esperantza dugu presioarekin gibel eginen dutela. Epe luzean, gure helburua da legedia aldatzea. Jean-Bernard Sempastous diputatuak Lurraren legea hobetu nahi du eta guk ekarpenak egiten dizkiogu haren emendakinari. Arbonako lurrek 100.000 euro balio lituzkete SAFERaren arabera, baina etxea gehituz hiru milioi euroz goiti saltzen dira… Lehenago lur hori salduko zen eta etxea bereiz; orain konprenitua dute elkarrekin salduz -nahiz eta geografikoki bat eta bestea ondoan ez izan-, kario saltzen ahal dutela.
Zer diozue zuek?
Guk galdetzen dugu laborantzarako diren lurrak eta etxea bereiztea salmentan. Bi xede horiekin abiatu genuen okupazioa, salatzea eta proposatzea: salatzea egiten dugu han egonez eta sostengua bilatuz. Proposamenak egiten ditugu legea aldatzeko, fintzeko. Ez ditugu etxalde guztiak okupatzen ahalko.