Europako Batasuna ere, Alemaniaren zain
Eta, Wolfgang Schaueble gogoan, Batasunarentzat aldea dagoelako ere, nor izan Alemaniako Finantza ministroa. Azken aldagai horregatik da inportantea, alderdi nagusien programa ekonomikoak begiratzeaz gain, jakitea FDPko liberalek —liberal, betiere, alemaniar erara— ikuspegi ekonomikotik zer lehentasun dituzten. Izan ere, bere lehentasun nagusia ez du ezkutatzen Christian Lindner FDPren hautagaiak: Finantza ministroa izan nahi du. ?
Berez, Lindnerrek Finantza ministro izateko arazo gaindiezinik ez luke izango Jamaika koalizio batean (CDU+Berdeak+FDP), batez ere kristau demokratekin, gai ekonomikoetan ez daudelako urrun: ez CDUk, ez FDPk ez dute igoerarik nahi zergatan, alderantziz, jaitsieren aldeko agertu dira; eta zor balaztaren itzulera nahi dute.
Antzera gertatzen da EBko eta euroguneko gaiekin ere; hurbil daude: Europako Suspertze Funtsa behin eta bakarra izan dadila nahi dute bai liberalek, baita kristau demokratek ere; eta Batasuneko herrialdeentzako arau fiskalak, moldatzekotan, haiek estutzeko izan dadila. Azken horretan, batez ere FDP da zorrotzena, baina Armin Laschet hautagaitza kristau demokratak ere nabari du alderdiaren eskuineko hegalaren presioa.
Zor balazta
Zor balazta deiturikoa, 2009. urtean ezarri zen Alemaniako Konstituzioan, herrialdearen bateratzeak aurrena, eta finantza krisiak gero, kontu publikoetan sortutako zulo handia murrizteko helburuaz. Landerrei defizitak eragozten dizkie, eta egiturazko defizit federalari BPGaren %0,35 muga ezartzen, eta zor publikoa %60tik azpira egotera behartu. Doinua ezaguna da EB osoan, neurri handi batean, Alemaniaren arau horretan oinarritzen baita zorraren krisiari erantzun nahian 2012. urtean sinatutako Europako Batasuneko Egonkortasun Ituna, eta haren ondotik dator estatukideen araudietan zizelkatua egotea austeritatea.
Egonkortasun Itunaren zorpetze baldintzak —%3ko defizitaren eta %60ko zor publikoaren muga— etenda daude gaur egun EBn, pandemiak eztabaidaezina egin zuelako gastua handitu beharra. Eta gauza bera gertatzen da Alemaniako zor balaztarekin ere; etenda dago ofizialki 2023. urte hasierara arte. Baina berriz ere eztabaida dago Alemanian gerrikoa estutu ala ez, eta estutzekotan nola eta noiz. Zalantzarik gabe, erabakiak eragin zuzena izango du eurogunean.
Inbertsio berdea
Berdeek zeresan handia izan dezakete kontu horretan guztian. Gobernuan egongo dira, dela kristau demokratekin Jamaika koalizio batean, edo sozialistekin semaforo koalizio batean (SPD+Berdeak+FDP). Beste koalizio posibleek askoz ere aukera gutxiago dituzte irteteko. Ekologisten aldarri nagusietako bat da datozen hamar urteetan Alemaniak 500.000 milioi euroko inbertsioa egin behar duela karbono neutraltasuna atxikitzeko bidean, herrialdeko BPGaren %1,5 inguru. Horregatik eta horretarako, berdeek beharrezko ikusten dute zor balaztaren araua moldatzea.
Baina Berdeena da moldaketa hori aldarrikatzen duen alderdi bakarra. Haien balizko aliatuak, SDPk eta bere hautagai Olaf Scholzek, argudiatu dute bide antzua dela, konstituzioa aldatzeko parlamentuaren bi heren behar direlako, eta gaur-gaurkoz gehiengo hori ezinezkoa delako.
Hori bai, Scholzen alderdiak ere deskarbonizaziorako eta digitalizaziorako inbertsio publikoa handitu nahi du, BPGaren %1 ingururaino. Horretara letozke errenta handienentzako zergak handitzeko eta aberastasunaren gaineko zerga ezartzeko asmoak —zeinak Berdeek ere proposatzen dituzten—.
Momentu batean, Armin Laschet CDUko hautagaia bera ere inbertsio berde handi baten aldeko agertu zen, hurbileko think tank batek eskaera hori egin zuenean; alderdiko eskuinetik Friedrich Merz kontserbadoreak errieta egin, eta Laschetek atzera egin zuen arte.
Hori bai, zor balaztaren inguruko eztabaida, neurri batean, Alemaniako Gobernutik bertatik piztu zen, Angela Merkelen oso hurbileko aholkulari batek, Helge Braunek, otsailean argitaratutako artikulu batean datozen urteetako suspertzea ziurtatzeko balazta kendu beharraz hitz egin zuenean. Askok artikulu horretan Merkelen beraren eskua ere ikusi zuten.
Dena den, zorraren belatzak kenduta, ia mundu guztiak ikusten du deskarbonizazio helburuak lortuko badira ezinbestekoa izango dela inbertsioa asko handitzea, bai inbertsio pribatua, baita inbertsio publikoa ere. Bruegel think tank-aren txosten baten arabera, EBko herrialdeetan urtero BPGaren %2ko adinako inbertsioa beharko da klima gaietarako, eta horren erdiak etorri beharko luke iturri publikoetatik.
Goldman Sachsek berak ere aurreikusten du zorra handitu egingo dela, berdin du zein koaliziok agindu Alemanian: sozialisten lidergoa izango lukeen semaforo koalizioarekin zorra 75.000 milioi euro handituko litzateke lau urtean; CDU buru lukeen Jamaika koalizioarekin, 50.000 milioi euro.
Eta nola egin dezake hori Alemaniak, ez bada konstituzioan aldaketarik egin behar? Beste kontu askotan bezala, gauza bat da esaten dena (zorra ez dela handitu behar) eta bestea egiten dena (zorra handitzea zirrikituak bilatuz). Konstituzioan gehigarri bat, funts berezi bat… Aukerak ari dira agertzen mahai gainean.
Eta Europan?
Hala ere, Alemaniaren ikuspegitik etxerako malgutasunak ez du zertan balio Europako Batasunarentzat edo eurogunearentzat. Eta hor diferentzia handia izan daiteke kantziler berria nor izan, gobernu koalizioa zein izan, eta Finantza ministroa nor izan. Batasunean ere, Egonkortasun Ituna behin-behinean etenda dago 2023. urtera arte, baina hasiak dira lehen ahotsak defizitentzako eta zorpetzeentzako mugen itzulera eskatzen, nahiz eta suspertzearen neurria oraindik neurtzen zaila izan.
CDU buru izango lukeen koalizio batekin, Alemaniak zorrotz jokatuko luke Bruselan. Laschetek berak esan du Merz kontserbadoreak toki esanguratsua izango lukeela bere gobernuan, hain zuzen, ekonomia eta finantza gaietan. Gainera, Europarentzat zurruntasun fiskalaren bultzatzaileetako bat da Marcus Soeder CSUko burua —Bavariako alderdi sozialkristaua, CDUren bazkidea—. Soeder itzal handia da Laschetentzat, mehatxuzko itzala. Eta CDUren lidergoa eskuratzen birritan, aurrena Merkelekin eta orain Laschetekin, porrot egin duen Merz ere hor dago oraindik.
Egonkortasun Itunaz gain, Europako Batasunean beste hainbat kontu ere baldintzatu ditzake Alemaniako gobernu berriak. SPD buru lukeen semaforo koalizio gobernu batean zenbateraino gailenduko litzateke FDPko liberalen ikuspegia, zeinak nahi duen Next Generation funtsa behin eta bakarra izatea? Edota zein indar izango luke Next Generation iraunkor baten alde agertu diren sozialisten eta berdeen ikuspegiak. Bitxia da, semaforo koalizio batean elkarrekin egongo lirateke erabat europazale agertu den Annalena Baerbock (Berdeen hautagia) eta Lindner euroeszeptikoa.
Galdera asko daude erantzuteko. Gaurko hauteskundeetako irabazlea laster ezagutuko du Europako Batasunak, baina oraindik itxaron egin beharko da erantzun batzuk edukitzeko.