LABek mobilizazio «zabalak» nahi lituzke lan erreforman eragiteko
«Greba orokorrak deitua behar zuen honezkero. Aukera bat galdu dugu», onartu du Aranburuk. Halere, ez du etsipenean murgildu nahi izan, eta mobilizazio handien asmoari eusten dio: «Murrizketa ziklo batean gaude. Lan eta pentsioen erreformak eragindako murrizketak. Egoerak eskatuko du greba orokorretara deitzea. Ez dakit datarik, baina fase honek eskatuko du».
Sinesmen horrekin, erantzun dinamika horri forma ematen hasteko garaia dela uste du, ELArekin batera besteak beste, harremanak bere onenean ez egon arren: «Harremana etengabekoa da, eta egoerak behartuko gaitu. Beharraren ustea eta borondatea norabide berean doaz». Hori bai, nabarmendu du Galizia eta Kataluniako sindikatuak bidelagun nahi dituela, eta horren aurretik ere LABek mobilizatzeko deia egina duela hilaren 27rako.
LABentzat ez zen ezustekoa izan Espainiako enpresarien elkarteak erreforma onartu izana, eta bere ustez patronala eta erreformak indargabetzea «itsatsi ezin daitezkeen» bi aldagai dira. Aranburuk hainbat kritika egin dizkio proposamenari: estatalizazioa bultzatzen duela, kaleratze merkeak… «Hainbeste goratu diren» behin-behinekotasunaren aurkako neurriak ere izan ditu hizpide: «Proposamenak aldi baterakotasuna murrizten duela esan da; arreta berezia jarri da hor. Baina, testua aztertuz gero, ikusten dugu idatzita dagoen modua oso orokorra dela, eta ateak irekita uzten dituela behin-behineko kontratazioen deskausalizazioari. Eragin mugatua izango du».
Deia alderdiei
Eragin bai, baina nola? Non? «Partida hau ez da Madrilen bakarrik jokatzen», zehaztu du. Eremu politikoan «gauzak nahiko irekiak» daudela uste du Aranburuk, eta euskal alderdiekin harremanetan daudela baieztatu. Alde horretatik, egun idatzita dagoen bezala ez babesteko eskatu die Madrilgo Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdiei. Halaber, nabarmendu du Euskal Herrian ere aurre egin dakiokeela erreformari, eta hein handi batean «borondate» kontua dela. Lan baldintzen inguruko akordio interprofesional bat sinatzea proposatu die Confebaski eta CENi.