Hegazti gripearen kontrako neurriak Lohitzüne-Oihergin
Hegazti gripeak, urtez urte, krisia gailurrak ekartzen ditu. Akitania Berrian hainbat leku azkarki hunki dituelako, Frantziako Estatuko zerbitzu administratiboek milaka ahate prebentzioz hiltzea deliberatu dute. Batzuk jadanik hil dituzte; besteak, hiltzekoak. Hunkiak diren eremu gehienak, Pirinio Atlantikoak departamenduan, Biarnoan dira. Baina Ipar Euskal Herrian ere positibo agertu diren ahateak izan dira, Lohitzüne-Oihergin. Ahateen hazkuntza has eta buka sistema autartzikoan daraman Beti Aitzina etxaldeko kabalak sanoak zirelarik ere hiltzeko agindua emana zuten administrazio zerbitzuek.
Estatuko hego-mendebaldeko eremua aipatu da ahateen azken krisian; jada bi milioi ahate hil dituzte han, prebentzioz, eta ondoko asteetan gehiago (2,5 milioi ahate) hiltzeko agindua emana du Frantziako Gobernuak. Hegazti gripeak presentzia handia duen herrien zerrenda argitaratu zuten joan den astean; gehienak Landetakoak dira, eta batzuk Biarnokoak.
Ipar Euskal Herrian ere izan dira kasu positiboak, baita hil dituzten ahateak ere. Abendu hondarrean Akamarreko bi hazleren ahateak positibo agertu eta prebentzioz hil zituzten. Hilabete hastapen honetan, berriz, Lixozeko etxaldeetan (Biarno) eta Lohitzüne-Oihergira sartu zen eritasuna, hurrenez hurren. “Herrian badira sei galkatzeko gela, bat hazkuntzan ari dena, eta gero bagara gu, hastetik bururaino dena egiten dugunak, autartzikoak. Joan den astean auzoaren ahateak positibo atera ziren, 400 metrotan dugu, eta geroztik estatuko zerbitzuek manu bat eman dute gure ahateak ere hiltzeko”, erran du Julen Perezek, Beti Aitzina etxaldeko hazleak.
Ahate hiltzeen kontra
ELBk, hegazti gripearen hastapenetik, eredu industriala eta etxalde tipien arteko bereizketa egitea galdetu du. Aste honetan, hartu diren neurriak salatuz, aldarri hori errepikatu du: “Gure eskualdeko etxaldeen berezitasuna kontuan hartua izan dadin galdegiten dugu: etxalde tipiak, dentsitate gutiagorekin eta geografikoki bata bestetik urrun”. Bi hazkuntza sistemek, Perezen ustez, ez dute ondorio bera eritasunarekiko: “Aspalditik galdegiten dugu etxaldeak sortzen duen arrisku mailaren araberako legedia plantan ezartzeko. Sail luzeko etxaldeek arrisku anitz sortzen dute, eta historiak erakusten digu urte guztiz horietarik abiatzen baita eritasuna”.
Joan den astean, Lohitzüneko auzoaren kabalak kutxatuak zirelako, osasun zerbitzuek aterpean atxikitzeko galdetu zioten laborariari. Baina ukatu zirelako, ondoko bisitan lege urraketaz ohartarazi eta “mehatxu administratibo eta isunak” aipatu zizkieten. “Laborari baten lana kabalen haztea da”, Perezen ustez; “kabalak ontsa joaten direnean, laborariak behar du aitzina segitu bururaino eramanez. Gure etxean horrek erran nahi du lau hilabetez haztea, bi astez galkatzea, etxean hiltzea, eta gero mozkina ateratzea. Ez ditugu gure ahateak hola hiltzera igortzen ahal, ez baitute makurrik erakusten”.
Halere, mehatxu administratiboak serioski hartzen dituzte eta ezin dute buru egin, bestela Lohitzüneko etxaldearentzat “kalte ekonomikoak alimalekoak” izanen liratekeelako. ELBk hartu du, beraz, lekukoa, eta sistema horretan ari diren ahate hazkuntzei sostengua adierazteko deialdia luzatu du biharko manifestazioan. Aitzineko urteetako irudiak errepikatuko dira, negoziaketek ez dutelako aterabiderik ekarri.
FDSEA, txertoaren alde
France Bleu irratian berriki egin adierazpenetan, FDSEA sindikatuak txertoaren aldeko parioa egin du. Esperimentala izanik ere, Franck Laborde sindikatuko departamendukoburuak uste du beste bideak mugatuak direla: “Laborariek aterabideak plantan ezarri dituzte: batetik, neurri sanitarioak hartuz hegaztietara doazenean, eta, bertzetik, inbertsioak eginez ahateak aterpetzeko hegazti migratzaileak gure eskualdean daudelarik. Agerikoa da neurri horiekin ez dela aski, eta txertoa da aurre ikusten dugun aterabidea”.
Prebentzioan hil diren milaka ahateak aipatzean ere, Laborden ustez, “neurri onak hartu ziren epidemia kontrolatu ahal izateko”, baina orain txertoa bultzatu beharra agerikoa zaio. Hilabete hastapenean Laborantza Ministroari legedia aldatzeko eskatu ziola erran du France Bleun, esperimentazioa egitearen kontra baita, oraingoz, Frantziako legea. “Gure informazioen arabera, laborategi batek baditu txerto esperimentalaren 80.000 dosi. Ministroari eskatu diot, gure departamendua hunkia baita, eskala handiko esperimentazio gune bilakatzea”.
COVID-19aren kontrako txertoarekin paraleloak egin ditu Laborde FDSEAkideak, alde esperimentalaz egin galderei ihardesteko, ez baita oraino jakina txertoak bazter kalteak badituenez ala efikaza denez. “Duela hiru urte jadanik aterabide horren aldekoak ginen, baina erraten ziguten ez zela txertorik. Gaur egun badakigu badela bat”. Erran du ministroa legedia aldatzearen alde agertu zela.
Txertoa aterabide gisa ikusten du Beti Aitzina etxaldeko Perezek: “Axuri, zerri, ardi, behiekin…, beste kabala guztiekin egiten da, eta emaitza onekin. Baina saila estrukturatua den bezala txertoa plantan ematen bada, nik uste dut ez dela deus aldatuko. Kabala sobera badira eremu tipi batzuetan, garraioen bitartez eritasuna pizten da, eta gero denetan hedatzen”.
ELBk manifestazioa antolatu du Donapaleun, gaurko (14:00). “Hazleak beren baloreen kontra diren neurrien hartzera behartu nahi baititu ministerioak”.