Solariseko langileek greba utzi dute, beren eskaeren zati handi…
Solarisek Bolechowo-Owinskaken (Polonia) duen plantako 2.700 langileak astelehenean itzuliko dira lanera. Urtarrilaren 24tik greban zeuden, eta ekoizpen kate osoa geldirik zegoen. Hilabeteak ziren langileak soldata igoera eskatzen ari zirela, eta urte hasieran aldarrikapen hori gogortu zuten KPIak Polonian izandako igoera handiaren eraginez (%8,6). Baina zenbat irabazten dute batez beste Solariseko langileek? ELA sindikatuaren arabera, hamabost urteko antzinatasuna duen langile batek 660 euroko soldata du hilabetean.
Negoziazioak greba deialdia baino hilabete batzuk lehenago hasi ziren. Sindikatuek jakinarazi dutenez, zuzendaritzarekin izandako lehen bilerak ez ziren errazak izan. Igoera txikiak eskaintzen zituen —45 euro inguru —, eta ezberdinak langileen mailaketaren arabera. Sindikatuek, baina, ez zuten onartu, argi zuten igoerak langile guztiei modu berean eragin behar ziela.
Sindikatuek langileen artean bozketa egin zuten grebara jo ala ez erabakitzeko. 2.600 langileetatik %51,07k eman zuten boza, 1.342k, eta horien %92k protesta babestu zuten. Grebaren hasieran sindikatuak enpresarekin biltzen saiatu ziren, eta, haien arabera, zuzendaritzak ez zituen solaskide gisa onartu. 39 egunotan langileek mobilizazioak egin dituzte, eta Poloniako ezkerreko alderdien babesa jaso dute, korapiloa atzo askatu zen arte.
Soldata igoerak bi urtean egingo dituzte. 84 euroko lehen igoera berehalakoa izango da, eta enpresak langileei hitzeman die beste igoera bat izango dutela uztailean. 2023an, berriz, 50 euroko beste igoera bat izango dute soldatetan. Horri KPI gehi %0,5eko soldata igoerak gehitu beharko zaizkie, betiere %7,5eko mugarekin. Helburuekin loturiko gainsariak ere adostu dituzte. Gainsari lorgarriak dirudite gainera, ekoizpena urtez urte handitzen ari baita Solarisen.
Solaris, urtero goraka
Poloniako sindikatuen arabera, Solarisek iaz 22 milioi euroren irabaziak izan zituen, eta haien zenbaki onek CAFek urteko balantzean emanikoekin bat egiten dute. Trengintza enpresak 2018an erosi duen Solaris, eta, orduz geroztik, fakturazioa %18 igo da. Lau urteetan 668 milioi eurotik 785 milioira igaro da. Iaz, baina, osagai gabeziaren erruz 721 milioiren salmentak egin zituzten bakarrik —1.492 autobus—. 64 milioiren eskariak gelditu ziren airean, eta aurten entregatuko dituzte.
CAFek autobusen aldeko apustu sendoa egin zuen, eta egun talde osoaren fakturazioaren %8,1 sortzen du Solarisek. CAFek urteroko txostenean eginiko iragarpenen arabera, CO2rik igortzen ez duten autobusen merkatuak —elektrikoak eta hidrogenozkoak— igoera handia izango du hurrengo urteetan. Europan ekoizten diren autobus elektrikoen %15,1 Solaris dira, eta hidrogenozkoen %15,7. Sektoreko liderra da.
Iaz, esaterako, hidrogenozko autobusak saldu zizkion Vienako udalari; hibridoak Namurrekoari (Belgika) eta Madrilgoari; eta elektrikoak, besteak beste, Odensekoari (Danimarka), Bartzelonakoari eta Bernakoari.
Eusko Jaurlaritzak 3.000 lanpostuko bi Lan Eskaintza Publiko deituko…
Eusko Jaurlaritzak 3.000 lanpostuko bi Lan Eskaintza Publiko deituko ditu aurten Administrazioan. Lehenengo deialdia 1.400 plaza ingurukoa izango da, bederatzi eskala desberdinetarako, eta bigarrena 1.700 ingurukoa.
Eusko Jaurlaritzak 2022rako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak berrikusiko ditu, Ukrainako…
Eusko Jaurlaritzak 2022rako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak berrikusiko ditu, Ukrainako gerra dela eta. Gatazka belikoak, covid-19aren kontrolak eta etorkizuneko aldaerek eta inflazio handiak zaildu egingo dute pandemiaren aurreko BPG berreskuratzea.
Euskadiko BPG % 5,6 hazi zen 2021ean, eta enplegua…
Euskadiko BPG % 5,6 hazi zen 2021ean, eta enplegua % 5,5, 49.120 enplegu garbi sortuta. Bestalde, urteko laugarren hiruhilekoa urte arteko % 4,7ko hazkundearekin itxi da, hau da, % 1,3ko hazkundea aurreko hiruhilekoaren aldean.
Euskal ekonomia zaurituko duen gerra
Enpresek galdu egingo dute truke horren zati handi bat, Errusiari jarritako enbargo gogorra dela medio. Ainhoa Ondarzabal SPRIko Nazioartekotze zuzendariak argi esan dio BERRIAri bazkide komertzialak ez direla aldatzen egun batetik bestera, «are gutxiago munduko merkatu askotan gertatuko den arazoa izanik». Argitu du Eusko Jaurlaritzak Moskuko bulegoa zabalik daukala oraindik, «eta han dauden euskal enpresa guztientzako laguntzari eutsiko zaio».
Osagaiak dira gakoa
Modu zuzenean asko galduko du euskal ekonomiak gerra honetan, baina gehiago izango da zeharka galduko duena; alegia, energiaren prezioaren etengabeko garestitzeek enpresa askoren jarduera baldintzatuko dute; are, jada baldintzatzen dute, eta irabazi tarteak estutuz doaz. Hori bakarrik ez. Ekoizpen kateak berriro eteteko arriskua gero eta handiagoa da, osagaien gabeziarengatik. «Laster hasiko gara ikusten osagairik ezaren ondorioa zenbaterainokoa izango den», dio Ondarzabalek; «gabezia hori bi norabidetan doa, enbargoarekin ez delako batere erraza Errusian saltzea, baina erostea ere prozesu oso zaila izango delako».
Dena den, goiz da zehaztasunez esateko zer-nolako krisia sor dezakeen horrek. Energiaren prezioak arazo izugarria izanda ere, Euskal Herriko enpresek hornidura bermaturik daukate. «Egia da Europako beste herrialde batzuen aldean gure mendekotasuna apalagoa dela gasari dagokionez, baina, prezioak oro har igoko direnez, benetako arazo bat daukagu», esplikatu du Nazioartekotzerako Euskal Agentziako buruak.
Gaur-gaurkoz, ordea, inbertsioa Errusian egin dutenena da larritasunik handiena. Enbargoak jokoz kanpo utzi ditu euskal enpresa batzuk han: kontratu berriak egitea ia ezinezkoa da, eta martxan zeuden asko izozturik geratu dira Errusiako banku gehienak SWIFT sistematik atera ondoren. «Oraingo argazkia da 29 ezarpen industrial ditugula han, eta horietatik hamabi ekoizpen zentroak direla; besteak banaketa zentroak dira. SPRIk Moskun duen bulegoaren bitartez, guztiekin hitz egin dugu berriki, baina ordutik egoerak okerrera egin du. Kezka handia daukate, noski, hornidura kateei dagokienez, ez baitago batere argi lehengaiak eta osagaiak iritsiko ote diren. Badakite traba ugari izango dituztela ekoizteko eta saltzeko, garraioa ere asko jaitsi delako, normala denez». Gaur-gaurkoz, ataka estuan daude Errusiako merkatura jauzi egindako euskal konpainiak.
Zer ekartzen duten euskal enpresek Errusiatik? Inportazio guztien %40 petrolioa eta gasa dira; baina ikatzak eta altzairuak ere badute garrantzia. Autogintzak, berriz, haren jardueran oinarrizkoak diren gai batzuk ekartzen ditu: paladioa eta aluminioa. Ukrainatik hona ekartzen diren produktuen artean, ekilore olioa da produktu izarra, baina baita haziak (garia, garagarra, artoa…) eta fruituak ere.
Eta zer esportatzen duten hara euskal enpresek? Bada, makina-erremintako produktuak lehen-lehenik, baina baita petrolioaren eta gasaren esparrukoak ere. Legazpiko (Gipuzkoa) Bellotak salmenten ehuneko handi bat Ukrainan, Bielorrusian eta Errusian egiten du, %40 inguru. Gerrak gogor joko du autogintzan ere. Gestampek lau fabrika dauzka Errusian, eta CIE Automotivek, beste bat. Mondragon Taldeko kooperatiba batzuek ere saldu osteko zerbitzuak dituzte, eta bulego komertzialak ere bai; baina apenas dituzten ekoizpen zentroak. Horietako bat Ulmarena da.
Errusia uzteko garaia al da?
Nazioartekotze prozesuetan buru-belarri sartu eta Errusian lan zentroak irekitako euskal enpresa batzuetan, krisi kabineteak zabaldu dituzte, eta mahai gainean dagoen galderarik zailena da mereziko ote duen Errusian jarraitzea. Merkatu handia da, baina negozioak egiteko ez da herrialde erraza. Krisia amaitzen denean zer egin, hori da galdera.
«Krisi honek duen bilakaera politikoaren arabera» egingo dira azterketak, Ondarzabalen ustez. «Argi dago potentzialtasun handia duela: ez da kasualitatea gure esportazioen 13. postuan egotea. Baina ezin da ahaztu negozioak egiteko zailtasun handiak daudela han, Errusiako egoera politikoaren berezko ezaugarriengatik. Sektore batzuek lortu dute merkatuan pauso batzuk aurrera ematea azken urteotan, autogintzak eta altzairugintzak, adibidez, baina ez da herrialde erraza. Oraingo krisia nola bukatzen den, horren arabera izango da aurrerantzean ere merkatu interesgarri bat euskal enpresentzat».
200 traktore baino gehiago atera dira Iruñean, landatar munduarentzat…
200 traktore baino gehiago atera dira Iruñean, landatar munduarentzat “errespetua” eskatzeko. Manifestazioak, gainera, lehen sektorean lan egiten duten pertsonen garrantzia azpimarratu nahi izan du, gizarteko “ezinbesteko” figura bezala.
Eusko Jaurlaritzak “banan-banan” aztertuko du gerrak kaltetutako enpresei diru-laguntzak…
Eusko Jaurlaritzak “banan-banan” aztertuko du gerrak kaltetutako enpresei diru-laguntzak ematea. Errusian Euskadiko 25 enpresa daude, 50 Txekiar Errepublikan eta beste 50 Polonian.
Bilboko Portua: “Datozen egunetan ez da gas ontzien geldialdietan…
Bilboko Portua: “Datozen egunetan ez da gas ontzien geldialdietan aldaketarik izango”. “Bilboko Portura heltzea edo bertatik abiatzea eragozteko agindurik eta protokoloan aldaketarik ez dago ontzien jatorria kontuan hartuta”, argitu du portuko agintaritzak.
Yatedunen Errusia, miran
Zein dira?
Zigortutako pertsona eta konpainien zerrendak desberdinak dira AEBetan, Erresuma Batuan eta Europako Batasunean. Eta zerrendak luzeak dira. Oligarkak daude haien artean, baina baita Kremlineko kideak eta armadako buruzagiak ere. 680 bat izen dira.
Bruselak zigortutakoen artean daude, esaterako, Alfa Bankeko eta LetterOne funtseko buruak Mikhail Fridman eta Petr Aven; Alixer Usmanov, Metalloinvest erraldoiaren jabea; Igor Setxin Rosneft petrolio konpainia publikoren burua.
Europako Batasunak zigortutakoen artean dagoen beste izen bat deigarria da: Sergei Roldugin. Txelo jotzailea 80ko urteetan Kirov Operan, Vladimir Putinen alabetako baten aita pontekoa da, eta, askoren ustez, Putinen lastozko gizona offshore eragiketetarako.
Nondik datoz?
Herrialde askotan denborak eta kontakizunak lausotu egin du tokiko aberatsen ondarearen jatorria, baina Errusiako magnate horien dirutza eta ondasunen pilaketa historian hurbilegi dago lausoak ezkutatzeko. 30 urte bakarrik egin behar da atzera, Sobietar Batasunaren desegitera. Errusian Boris Jeltsinek, Mendebaldeko ekonomista neoliberalenen aholkupean ezarri zituen erreforma zorrotzetara.
Shock terapiako neurriek, prezioen liberalizazioa, mugen zabalpena, eta batez ere pribatizazioak ekarri zituzten. Errusiako baliabide nagusiak —lehengaiak, petrolio eta gas konpainiak, eta bankuak— tokiko eta Moskuko gobernuaren ingurukoen esku zeuden konturatu orduko. Vladimir Putin Jeltsinen ondorengoetan azkena den moduan, orduko oligarka haien ondorengoak dira Kremlinen biltzen diren egungo negozio gizonak (gizon, bai, guztiak gizonak baitira). Putinek oligarka zahar haietako batzuk baditu oraindik ondoan; beste batzuez libratu zen —Mikhail Khodorkovski hamar urtez eduki zuen preso—; eta oraingo asko magnate dira bere ingurukoak, adiskide, konfiantzako direlako. Bigarren belaunaldiko errusiar oligarka ere deitu izan zaie.
Aberats guztiak ez dira berdinak?
Vladimir Putinen gertuko izateaz gain, zertan dira ezberdin dirudun hauek eta munduko beste edozein aberats talde? Batetik, Errusiaren aberastasunaren zati oso handia daukatelako.
Gabriel Zucman ekonomistak eta haren kideek egindako azterketen arabera, Forbesen datuak oinarri, 2005etik 2015era bitartean, errusiarrik aberatsenen ondasunek herrialdearen nazio errentaren %25-%40 artean hartu izan dute. Aldakortasun horretan aintzat hartu behar da 2008ko krisian kolpe handia hartu zutela oligarka errusiarrek. Beste herrialdeetan (AEB, Alemania, Frantzia) %5-15 artekoa izan da aberatsenen zati hori.
Errusiako dirudun horien beste ezaugarri berezi bat da herrialdetik kanpo daukatela aberastasunaren zati oso handi bat. Jakina, ez da erraza kopuru zehatzak eskuratzea, baina datu batzuk bilduak ditu Annette Alstadsaeter ekonomistak (tartean Zucmanekin egindako lanetan), zerga ihesari buruzko bere ikerketetan. Datu horien arabera, beste herrialdeetako aberatsek ondarearen zatirik handiena sorterrian daukate, baina Errusiako aberatsenen dirutzaren erdia baino gehiago atzerrian dago, offshore eta Errusiako familiaren aberastasun guztiaren %7 adina da.
Non dago aberastasun hori?
Suitza, Zipre, AEBak, Erresuma Batua eta bestelako paradisu fiskaletan dago diru horren zatirik handiena, behar bezala zuritua, eta offshore sozietateen nahaspilan babestuta. 800.000 milioi dolar inguru, NBERren arabera. Diru horiei buruzko informazio gehienak Panamako Paperen, Paradisuko Paperen eta halako kazetaritza lanen bidez ezagutu dira. Bitxia da, baina informazio horietan oinarritzen dira oligarkei ezarritako zigorren argudioetako asko.
Errusiako oligarken dirua bilatzeko beste toki bat izan daitezke, esaterako, hainbat herrialdetako agintari eta agintari ohien poltsikoak.
Sozietateak baino askoz agerikoagoak dira oligarken ondasunak, batez ere oparotasunaren erakustaldien zale direlako asko. Hasi Londongradetik, segi Frantziako Rivieratik, Monakotik, Kenyatik, Maldivetatik, Miarritzeraino eta Donostiaraino. Errusiako dirudunen jauregi, etxetzar eta megayateak eta futbol taldeak non dauden jakitea ez da horren zaila.
Zein zigor ezarri zaizkie?
AEBek, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak ezarritakoak dira gehienak. Kontuan izan behar da zigortutakoen zerrendak desberdinak direla kasu bakoitzean, baita zigorrak beraiek ere. Baina, nagusiki, hiru dira. Batetik, zerrendatutako pertsonei Europako Batasunean sartzea debekatu zaie, eta, hegaldi pribatu batean sartu eta harrapatuak izanez gero, kanporatuak izango dira.
Bigarren helburua oligarken diru kontuak dira: izoztu dituztenez, zerrendatuek ez dute sarbiderik beren kontuetan; ezin da ordainketarik egin haietatik, ezta dirurik jaso ere.
Eta, hirugarrenik, zerrendatuen ondasunak ere izoztu dituzte (etxe, yate, hegazkin, artelan eta beste). Horrek esan nahi du, ezin direla saldu, ezta alokairuan jarri ere. Horrek ez du eragozten etxe horiek erabiltzea, adibidez, zigortutakoaren sendiak.
Beteko dira zigorrak?
Offshore sozietateen eta lastozko bitartekarien sasiartean Putinen aldeko oligarken dirua eta ondasunak topatzea ez da erraza —botere finantzarioek lan eskerga egin dute horretarako—. Aldatuko da hori? Gauza asko irauli dira Mendebaldean egun gutxitan, baina… Dena den, hor dago Mario Draghi, hamar milioi eurotik gorako ondarea duten oligarken erregistroa proposatuz. Baita Etxe Zuriaren iragarpena ere: «Ozeanoz gaindiko indar berezi multilaterala sortu behar da, zigortutako konpainia eta oligarken aktiboak identifikatu, ehizatu eta izozteko —haien yateak, jauregiak, eta gaiztoki lortutako irabaziak—».
Eraginkorrak dira zigor horiek?
Jomuga bada Vladimir Putini, haren gertukoei eta haien konpainiei kalte egitea, 2014-2018ko urtetan ezarritako zigorrak baino efektiboagoak beharko dute izan. Izan ere, haietan zerrendatutako konpainiek goraldia izan zuten, Errusiako estatuaren kontratuak eta dirua jaso zutelako ordainetan, Dzhamilya Nigmatulina ekonomistaren azterketaren arabera. Eta diru hori beste konpainietatik eta herrialdeetatik atera zen. «Beste guztiek izan zituzten kalteak, konpainia zigortuek izan ezik», txiokatu du Nigmatulinak.
Bitartean, errubloaren amiltzeak inor baino gehiago herritar xeheei egiten die kalte, haien aurrezkiak lurrunduz, kontsumogaiak garestituz…
Haien erantzuna
Helburua bada oligarkak ahultzea edota haiek Putin babesteari uztea, oraingoz ezer gutxi zabaldu da horri buruz. Adierazpenik bakarrenetakoa Mikhail Fridman egin du: «Errusian onartezina den adierazpen politikoren bat egiten badut, horrek eragin argia izango du gure konpainientzat, bezeroentzat, hartzekodunentzat, interesdunentzat. Ez dut egoera hori bultzatzeko eskubiderik. Ehunka mila pertsona horiek guztiek ez lukete sufritu behar adierazpen ergel bat egin dudalako».