Besteen esku nahiago?
Ukrainako gerrak agerian utzi du energiaren, hornigaien eta lehengaien arloetan atzerriko herrialdeekiko mendekotasuna dagoela. Ukrainako eta Errusiako inportazioak dira oraingoan, baina izan dira bestelako adibide gehiago ere duela gutxi: esate baterako, mikrotxipen eskasiak hainbat industria sektoretan eragindako etenak, edo, iaz, Suezko kanala blokeatu zuen kargaontziak sortutako anabasa.
Energia eta lehengaiak bezala, herritarren bizitzetan funtsezko bihurtu dira beste zenbait produktu eta zerbitzu ere. Zer gertatuko litzateke, adibide baterako, egunen batean AEBetako teknologia multinazionalek Gipuzkoan ematen dituzten zerbitzuak etetea erabakiko balute? Edo eurotan ordaintzeko arazoak sortuko balira?
Bestelako mendekotasun batzuei, horiek eragiten dituzten arazoei eta burujabetza sustatzeko asmoz tokian-tokian sortzen ari diren alternatiba batzuei buruz hitz egin dute Jokin Castaños Goiener kooperatibako kideak, Alex Lopez Ekhilur kooperatibako kideak eta Joseba Makazaga EHUko irakasle eta UEUko kideak.
Joko arauak aldatuta, energia garesti
Herritar asko erabat harrituta geratu dira egunotan argindarraren edo gasaren faktura iritsi zaienean: aparteko kontsumorik egin ez arren, bikoiztu edo hirukoiztu egin zaie ordaindu beharrekoa -eta Ukrainako gerra hasi aurrekoak dira orain iristen ari diren fakturak-. “Merkatua erabat desitxuratuta dago”, esan du Jokin Castaños Goiener kooperatibako kideak. Bi arrazoi aipatu ditu: batetik, Ukrainako “aitzakia”, datozen hilabeteetan ere prezioetan egonkortasun falta eragin dezakeena. Bestetik, eta nagusiki, iazko ekainean Espainiako Estatuko argindarraren handizkako merkatuko joko arauak aldatu izana.
Hain zuzen ere, aldaketa horren ondorioz, megawatt-orduaren gehienezko prezioaren sabaia mugitu egin zuten: 180,6 eurotik 3.000 eurora. Merkatu marjinalista denez, azken ekoizleak jartzen du prezioa. Energia nuklearra beti martxan egoten da, baina eguzki, ur eta haize energia naturaren mende daude. Horrek eragina du ekoizpenean, iturri horien bidez lortutako argindarra nahikoa ez bada -merkeenak horiek dira-, gas natural bidezko ekoizpenera jo behar izaten delako. “Ez du zentzurik, baina eguneko prezioa azkenak jartzen du, eta normalean gasa izaten da azkena. Orduan, ekoizle handiek jartzen dute prezioa, eta 180 euroko sabaia kendu zutenez…”.
Askok eskatzen dute gasa argindarraren prezioaren kalkulutik bereizteko, berez, prezioa merkatzea ekarriko bailuke horrek. “Orain gasa erre duen ekoizle horrek zenbatean zeukan erosita? 50-100 euroan? Instalazioak, bidesariak, langileak… ordaindu behar dira, baina horrek ez du esan nahi 700era igotzeko eskubide morala duzunik, baina merkatuak uzten dizunez…”.
Energiaren kontrola berreskuratzeko eta haren garrantziaz jabetzeko sortu zuten Goiener, 2012an. Burujabetza energetikoa dute helburu, baina egun ez dute bazkide guztien beharrak asetzeko adina ekoizten. Horregatik, merkatu elektrikoan erosten dute energia berriztagarria.”Gurekin edo beste merkaturatzaile batekin egon, prezioa denontzat dago garesti, baina ikusten dugu gure eredua iritsi zaiola gizarteari”. Azken egunotan, esaterako, jende asko joan zaie bazkide egiteko interesarekin.
Energia burujabetzarako bidean, besteak beste, ekoizle txikiengana jo, eta horiekin zuzeneko erosketa adosteko ahaleginetan ari da kooperatiba. Horrez gain, udalerrietan energia berriztagarrien komunitateak ari da bultzatzen. “Kontsumoan, eraginkorrak izan behar dugu, eta, ahal dela, gure energia guk ekoitzi”.
Nabarmendu du energia eredua eraldatzeko sortu zirela, baina eraldaketa sozialean ere jarri nahi dutela “alea”. Energia komunitateen adibideari heldu dio, eta azaldu du energiaren gaineko kontrola izateko, komunitate horiek tresna bat izan behar dutela, “herritik eta herriarentzat”; horregatik, ezinbestekotzat jotzen dute komunitatearen partaidetza izatea, proiektua norbere sentitzeko. “Zerbitzu kooperatiba bat direnez, guretzat logikoena da kooperatiba izatea, behetik gorako ereduarekin. Hor ere, adibidez, ez du zentzurik Araban eguzki panelen parke bat sortu eta Bergaran kontsumitzeak”.
Energia berriztagarrietara mugatzen da Goiener. Bruselak energia berdetzat izendatu du energia nuklearra ere, eta, energia hornidurak arriskuan ikusita, azken asteotan indarra hartu dute mota horretako energiaren aldeko hotsek ere. “Egungo eskaerari erantzuteko ahalmenik ez dute energia berriztagarriek, hori egia da. Berandu gatoz, eta horretaz baliatzen dira esateko energia nuklearra dela irtenbidea”. Goienerren ez dira horren aldekoak: “Ez da garbia, eta oso- oso arriskutsua da”.
Dirua nori eman erabakitzeko aukera
Garraiolari errusiar batzuei gertatutakoa kontatu du Alex Lopez Ekhilur kooperatibako kideak. Ukrainako gerraren harira, Visa konpainiak erabaki du Errusiako kontuetara lotuta dauden txartel guztiak blokeatzea. Europan zebiltzan garraiolari horietako batzuk, dirua izan arren ordainketa sistema blokeatu zitzaienez, ordaindu beharrekoa ordaindu ezinda geratu ziren. “Edonoiz bestelako interesengatik Visa txartelak kenduz gero, tokiko ekonomian ere ez ditugu ordainketa alternatiba asko, eta daudenak ere enpresa pribatuen esku egoten dira normalean”.
Ordainketa sistema propioa sortu du Ekhilurrek, eta, Gipuzkoan, Hernanin dago martxan. “Guztiz legala da, eta planteatzen dugu sare hori gure kontrolpean jarri eta guk erabakitako arauen bidez funtzionatzea; beste era batera esanda, ordainketa sistema kontrolatuz, hor barruan ibiliko den dirua kontrolatzea”. Ekhiak esaten zaie Ekhilur sarean dabiltzan euroei, beste ordainketa sistemetatik bereizteko. “Arauak herritarren esku daude, eta noizbait ordainketa sistemak beste era batera funtzionatu behar duela erabakitzen bada, hala egingo da”.
Kontrol horri esker, adibidez, Lopezek azaldu du zein partaide onartu eta zein ez erabaki dezaketela. Herritarrei ez ezik, merkatari txikiei, autonomoei, eta enpresa ertain eta txikiei bakarrik utziko diete sartzen Ekhilurren. “Horrekin lortzen duguna da tokiko ekonomiaren zati bat babestea merkatari, autonomo eta herritarrentzat, zirkuitu ekonomiko propioa indartzea”.
Baditu beste helburu batzuk ere egitasmoak; besteak beste, herritarren eta merkatarien arteko harremanak estutzea eta komunitatea indartzea. “Errusian bertan ikusi da: dirua baldin baduzu, seguru zaudela uste duzu, baina diru hori blokeatzen badizute…”. Orain, Hego Euskal Herriko beste herri batzuetara zabaltzea dute helburu Ekhilurren. “Lehia eremu batetik, lankidetza eremu batera joan nahi dugu”.
Datuak emateak eragiten ez duelakoan
“Energia, kanpotik ekartzen dugu; industriako lehengaiak, kanpotik; elikagaiak bertan baditugu, baina horietako asko ere kanpotik datoz… Lepotik gorakoa bakarrik geratzen zaigu, eta txapela jartzeko bakarrik erabili behar badugu, gaizki goaz”, esan du Joseba Makazaga EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta UEU kideak. Uste du gaitasun teknologikoa, berez, badagoela hemen; baina nabarmendu du gaitasuna edukitzea ez dela aski. “Hori garatzeko jarri beharreko dirua jartzeko prest gaude?”. Argi du erantzuna: “Orain agintean daudenek teknologiaren burujabetzaren inguruan ez dute ezertxo ere egiten”.
“Arriskutsuak” iruditzen zaizkio azken aldian hartu dituzten erabaki asko. “Ikusten dugu zer ari den gertatzen energiarekin, eta hori ere aurretik hartutako erabaki batzuen ondorio da”. Hezkuntzaren arloan ikusten dituen hamaika adibide aipatu ditu; esate baterako, eskolek Windows erabiltzeagatik urtero dirutza ordaintzea, edo ikasle guztiei gmail kontuak egitea. “Jaurlaritzaren mendeko eskola publikoak ari dira umeen datuak ematen Googleri. Eta hori eztabaidan jartzen baduzu, paranoiko hutsa zarela esaten dizute”.
Badaki hasieran kostu eta lan handiagoa eska dezakeela teknologian inbertitzeak. “Baina luzera begira, lanpostuak sortzen dira, enpresek hemen ordaintzen dituzte zergak… Googlek ez du hemengo ezer finantzatzen”. Inguruan gertatu zitzaion beste kasu bat ere kontatu du Makazagak. “Asko haserretu ninduen, adibidez, Jaurlaritzak itzultzaile automatikoa egitea kanpoko enpresa bati agindu izanak. Donostian bertan ditugu Ixa taldekoak, EHUko informatika fakultatean, eta munduan erreferenteak dira arlo horretan. Eta kanpokoei esan behar diegu egiteko? Kontratu hori emanez gero, akaso lauzpabost ikertzaile gehiago izango zituzten”.
Uste du norberak ere hausnartu behar duela gaiaren inguruan. Telefonoan kokalekua aktibatua izatea izan daiteke adibide sinple bat: “‘Berdin zait, ez dit eragiten’ pentsatzen dugu. Baina denda batetik atera, eta mezua iristen zaigu galdetuz zer moduzko zerbitzua eman diguten. Eta guk erantzun. Mendeko ari gara bihurtzen, eta geuk erabakita”.
Makazagak gogoratu du software askearekin egin ezin diren gauza gutxi daudela gaur egun, eta atzerriko multinazionalen mendekoak ez diren zerbitzuak ere ugari direla. “PuntuEUS fundazioak badu ni.eus posta zerbitzua. Katalunian, hezkuntza arloan, software irekian oinarritutako aplikazioekin aritzen dira. Guk nahiago dugu ingelesez etorriko diren makina batzuk erostea?”.
Egunen batean enpresa handi horiek dirua behar badute zer gertatuko litzatekeen pentsatzea galdegin du Makazagak, edo haiei zergak ordaintzeko eskatuz gero zer gertatuko litzatekeen hausnartzea. “Guri buruz dena dakite, eta horrek egundoko boterea ematen die. Eta hori jakinda ere, tokian tokiko garapena bultzatu beharrean, haiei eman behar diegu boterea?”.