ArcelorMittal Sestaok hilaren 23an ekingo dio berriro ekoizpenari
ArcelorMittal Sestaok hilaren 23an ekingo dio berriro ekoizpenari. Bizkaiko lantegia geldirik dago martxoaren 9tik energia kostu altuak tarteko.
«Irten, eta harrapatu eta gero ezin badugu antxoa garraiatu, kuota alferrik galtzen uztea da. Ez da gustuko neurria, baina horrela ezin gara irten». Eugenio Goikoetxea Gipuzkoako Arrantza Kofradien presidenteak hitz horiekin azaldu zuen atzo erabakia. Kantauri osoko inguraketa arrantzaleek aho batez harturiko erabakia da gainera Gipuzkoan 45 ontzi dira— ; besteak beste, Asturiasen (Espainia) eta Galizian garraioaren grebak eragin handiagoa izan duelako. Horiek horrela, berdelaren kanpaina bete-betean dago egunotan, eta lehen antxoa preziatuak agertzen hasi dira, baina, hala ere, kostata iritsiko dira arrandegietara.
Garraio faltaren beldur dira arrantzaleak eta bezeroek ere beldur hori helarazi diete. «Ez gara gu bakarrik. Erosleak ere ez daki arraina lortu ahal izango duen, eta baldin badator atera ahalko duen. Gehiegi arriskatzea da», onartu du Goikoetxeak. Horri gehitu behar zaio arrantzaleentzat ere askoz garestiagoa dela itsasoratzea orain. Gasolio litroa 1,15 euroan dago, eta iaz batez besteko prezioa 0,50ekoa zen. Beraz, arraina ezingo balute atera galera handiagoa litzateke. Dena den, kofradietan nabarmendu dute ez irtetearen arrazoia garraio gabezia dela. «Arraina orain dago, eta orain joan beharko ginateke bila, erregaia garesti edo merke egon». Ingurumaria horretan, arrantzaleak gaur bilduko dira Eusko Jaurlaritzarekin arazoari nola aurre egin aztertzeko.
Pikete handiagoa
Arrantza portuak bare egon ziren; Bilboko portuan, berriz, ez zen giro izan. Herenegun 100 garraiolariko piketea bazen, atzo ordu batzuetan 200 inguru bildu ziren, eta tentsio uneak egon ziren. Greba Garraioaren defentsarako Espainiako Plataformak deitu du, garraiolari autonomoak eta enpresa txikiak elkartzen dituen elkarte bat. Eta halakoak dira hain zuzen Bilboko portuan diharduten garraiolarietako asko. 600 bat dira guztira, eta, piketean bildutako garraiolarien arabera, 420 daude greban. Bilboko Portuko Agintaritzak onartu zuen protestak eragina izan zuela, zama orokorraren eta edukiontzien irteeran bereziki, baina ez zuen eman erantzunaren daturik.
Hasiera batean Hiru sindikatua eta Tradisna izan ziren grebarekin bat egin zuten Hego Euskal Herriko elkarteak. Bada atzo TransportBilbaoko kide asko gehitu zitzaizkien. Bilboko portuko garraiolari autonomoen elkartea da, eta, haien bozeramaile baten arabera, atzo ez zen lanik egon: «Errepidez ez da merkantziarik atera portutik. Erabat geldirik dago». Goizean dozena bat kamioi bakarrik sartu ziren portuan, eta Ertzaintzaren babesarekin. Ohiko erritmoarekin alderatuta, oso gutxi dira.
Bilboko portua greba honetako puntu beroetako bat izango dela dirudi. TransportBilbaok bilera egin zuen goizean Aparkabisa gunean, eta bozeramaileak azaldu zuen baldintza horietan ez zutela inor lanera bidaliko: «Inor ez dabil lanean, ez Kantabrian, ez Bartzelona… eta ez ditugu garraiolariak lanera bidaliko kamioietan matxuraren bat izateko arriskua hartuta». Alde horretatik, Guitrans Gipuzkoako garraiolarien patronalak pikete batzuen jarrera eta kamioi batzuek jasandako erasoak gaitzetsi zituen.
Kamioi ilara ikusgarria
Protesta ekintza ikusgarriena Iruñean izan zen. Hiru eta Tradisnaren arabera, 300 bat kamioik ilara luzea egin zuten kaleetan barrena. Goizean, Galarreko (Nafarroa) zerbitzugunean elkartu ziren, eta Iruñera jo zuten. Traba handia eragin zuten trafikoan, hiriaren hegoaldean bereziki, eta bozina hots ozenak izan ziren eguneko soinu banda.
Hiruko ordezkariak Nafarroako Gobernura joan ziren konponbideak aztertzeko bilera eske. «Erakundeek ikusi behar dute sektoreak laguntza behar duela. Erregaia merkatzeko harturiko neurri batzuk adabakiak dira. Hainbeste igo da, garraiolari askok galerak dituzte. Kostuen azpitik lan egitea debekatu behar da», aldarrikatu zuen Alberto Nuñez Hiruko kideak. Gaur Gasteizen egingo dituzte protestak, eta etzi bilduko dira Jaurlaritzarekin.
Izan ere, Adegik azaldu du Ukrainako egoerak aurreikuspenak «aldarazi» dituela, eta «ondorio ekonomiko larriak» eragingo dizkiela enpresei. Egoera hori izanik, enpresen «interesak, jasangarritasuna eta bideragarritasuna» defendatuko ditu negoziazio kolektiboetan. Aurreko urteko inflazioa %6,5ekoa izan da urte arteko tasan, eta, soldata igoera gehienak KPIaren erreferentziarekin lotzen direnez, oztopo handia gertatzen ari da lan hitzarmen berriak egiteko. Hala ere, sektoreko negoziazio mahai asko daude zabalik, eta Adegiren abisuak gehiago gerturatzen ditu lan gatazka berriak, sindikatuek oso garbi utzi dutelako ez dutela erosteko ahalmena galtzeko negoziatuko. Alegia, KPIa behintzat eskatuko dutela.
Lan harremanetan talka handi bat gertatzeko arriskua gero eta handiagoa da, eta EAEko Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak energiaren kostua arintzeko premiazko neurriak eskatu ditu, horrek enpresen eta autonomoen egoera apur bat hobetuko lukeelako. Muturreko prezioek jarduera ekonomikoan eta enpleguan ahalik eta gutxien eragin dezaten nahi dute mahaiko kideek. Eragile guztiek etengabeko komunikazioa izango dute aurrerantzean, gerrak herritarrengan, enpresetan eta langileengan duen eragin sozioekonomikoa «minimizatzeko».
Hilabeteko atzerapenarekin elkartu zen, atzo, Eusko Jaurlaritza, Confebask patronala eta UGT eta CCOO sindikatuak biltzen dituen foroa. Azken horrek uko egin zion otsailean bileran parte hartzeari, lan erreformaren inguruko bozketan EAJk ezezkora jo zuelako. Baina gatazka alboratzea erabaki du sindikatuak, Gasteizko gobernuak mahaiari «berme gehiago» emango diola aitortu diolako.
Ukrainari begira egin zuten bilera, koiunturak hala eskatuta. Izan ere, energiaren, eta, bereziki, argindarraren neurri gabeko prezioak ataka estuan jarri ditu enpresa asko, eta, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak ohartarazi zuenez, neurriak hartu ezean, egoera egunetik egunera are gehiago larriagotuko da, eta jarduera ekonomikoan eta enpleguan ere eragingo du. «Egoera gainditu ezean, krisi baterantz goaz, eta larria izan daiteke».
Hori horrela, energiaren kostuak mugatzeko neurriak «ahalik eta azkarrena» har ditzala eskatu zion administrazioari. Zubiaurrek azpimarratu zuen, halaber, ezinbestekoa izango dela bestelako neurri sorta bat ere prest izatea: besteak beste, aldi baterako enplegu erregulazioak martxan jartzeko laguntzak, edota maileguak itzultzeko finantza bideak erraztea.
Zerga sistema zuzenean ukitu gabe, herrialde batzuk hasi dira deskontuak ezartzen gasolinaren prezioan: Frantziak litroko 15 zentimoko deskontua ezarri du, eta diru publikoz finantzatuko du. Belgikak, berriz, hidrokarburoen gaineko zerga berezia murriztuko du, ekainera arte.
Madrilek ere zerga hori jaisteko aukera izango luke. Erregai litroari aplikatzen zaio, eta publikoarentzako salmenta prezioaren %32 da. Orain, 473 euro zergapetzen ditu 1.000 gasolina litroko (0,47 euro litro bakoitzeko); Europako zuzentarauak 359 euroan jartzen du gutxieneko tasa. Gasolioan tarte txikiagoa dago: 379 euroan dago, eta Europako minimoa 307 eurokoa.
BEZa murriztea zailagoa litzateke, Madrilek Bruselaren baimena behar baitu horretarako. Izan ere, gasolina orain arte behintzat, gehienezko tasara zergapetu behar diren ondasunetan sartzera behartzen du Europak, eta Espainiako Estatuan %21ekoa da. Gogoratu behar da, gainera, BEZaren zergaren zati bat Europako Batasuna finantzatzeko erabiltzen dela.