Martxoan hamar kontratutik bi izan dira mugagabeak Hegoaldean
Normalean, martxoko datuak hala moduzkoak izaten dira langabeziaren bilakaera aztertzeko, Aste Santua martxoan edo apirilean izan. Aurten, oporraldia apirilean izanda, ez da lagungarria izan hil honetako langabezia arintzeko. Edonola ere, iazko hilabete berean baino 21.025 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian.
Goraldia mugagabeetan
Kontratuetan gertatu da, ziurrenez, albisterik deigarriena. Joan den hilabetean 100.844 lan kontratu lotu dira Hego Euskal Herrian, eta %20,22 izan dira mugagabeak. Otsailean jada hasia zen igartzen kontratu mugagabeak bultzatzen dituen lan erreformaren eragina, baina argi dago martxoko kontratazioetan arau berriek aldaketa ekarri dutela: azken urteetan, kontratu mugagabe berriek nekez gainditzen zuten kontratazioen %8. Baina orain, martxoan sinatutako hamar lan kontratutik bi mugagabeak izan dira Hego Euskal Herrian.
Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta erreforma sinatu duten sindikatuek azpimarra jarri diote kontratazio mugagabeen igoera horri. Baina ELAk eta LABek kezka agertu dute, mugagabeen sailkapenaren barruan sartzen direlako langile finko etendunak, eta uste dutelako kontratu horiek izugarri ugaldu direla. SEPEk ez du Hego Euskal Herriko daturik xehatu, baina kontratazio finko etendunak iaz baino %572 gehiago dira Espainian.
Gizarte Segurantzara afiliatutakoen kopuruak, berriz, gora egin du Hego Euskal Herrian, pandemia aurretik gertatzen zen antzera (+5.880). Baina, hori bai, afiliatu kopurua aspaldiko handiena da Hegoaldean; gutxienez, 2001. urteaz geroztik handiena: 1.276.435 afiliatu.
Martxoan beherantz egin du ABEE aldi baterako erregulazioan dauden langileen kopuruak. Espainiako Gizarte Segurantza Ministerioaren arabera, 4.731 langile zeuden egoera horretan Hego Euskal Herrian. Hilabete lehenago 5.802 ziren, eta urtebete lehenago, berriz, 34.996. Urrun geratzen dira, beraz, 2020ko apirileko kopuruak, bost langiletik bat baitzegoen egoera horretan, 230.000 lagun.