45 eta 36 urteko bi langile hil dira Garesen

Ezbeharra Señorío de Sarría upategian gertatu da, langileak hutsik zegoen ureztatze-putzu batean zeudela, hustubidean harrapatuta geratu direnean.
Zenbat igoko dituen, hori ikusteko dago. Christine Lagarde EBZko presidentearen eta beste usoen asmoa zen poliki egitea —uztailean %0,25, eta irailean beste %0,25—, merkatuak prestatzeko, eta hazkunde ekonomikoa ez itotzeko. Baina, beste behin ere, atezuan ditu belatzak, lehen kolpetik %0,50eko igoera bat eskatzen.
Banku zentralaren arazoa da ez dagoela batere garbi zer eragin izango duen interes tasen igoerak prezioen bilakaeran. Izan ere, inflazioaren motorra energia garestia da —%39,2 garestitu da azken urtean—, eta horren aurrean maileguak garestitzeak alferrikakoa dirudi. Horixe baita interes tasen igoeraren ondorioa, maileguak garestitzea eta, beraz, gutxitzea.
Dagoeneko gertatzen ari da, azken aste hauetan bankura diru bila joan direnek edo beren hipotekan ordaindu beharrekoa berritu behar izan dutenek egiazta dezaketen moduan. Mailegu horietan gehien erabiltzen den indizea, Euriborra, sei urtez negatiboan egon ondoren, zenbaki positiboetara itzuli zen apirilean, eta abiada bizian doa gora; ostiralean, %0,486ra iritsi zen, banku batzuek urte amaierarako iragarri zuten mailara.
Zorraren pisua handitzera doa
Baina egia da energia garestia dagoeneko hasi dela erosketa saskiaren beste osagaiak garestitzen: %7,5 elikagaiak, alkohola eta tabakoa, %4,2 industriaren ekoizpena, eta %3,5 zerbitzuak. Teoriak dio interes tasen igoerak haien kontsumoa apaldu beharko lukeela, eta horrekin batera inflazioa ere jaitsiko dela, baina EBZk tentu handiz ibili beharko du, ez dezan jarduera ekonomikoa nahi baino gehiago gutxitu eta mamurik handiena esnarazi: estagflazioa. Hau da, inflazio handia eta ekonomiaren atzeraldia, bere burua elikatzen duen gurpil zoroa.
Eta bada banku zentralak elikatu behar ez duen beste pizti bat: zor publikoaren merkatua. Interes apaleko garaian oso merke finantzatu dira estatuak, eta zor handiak pilatu dituzte, pandemian sektore pribatuaren salbamenduan aritu direlako. Interes tasa txikiekin, eramangarria da zorra ia guztientzat, baina interesen pisua handituz doan heinean handitzen da haien zama astuna.
Ez da urrun joan behar arazoak izan ditzaketenak aurkitzeko: Espainiak 1,42 bilioi euro zor zituen 2021aren amaieran, bere BPGaren %118,4; Frantziak, berriz, 2,81 bilioi (%112,9). Bien hamar urteko zorraren errendimendua asko igo da apirilaren hasieratik: %1,48tik %2,43ra Espainiarena, eta %1,02tik %1,79ra Frantziarena. Portzentaje horien igoeraren kostua milioi eurotan zenbatzen da, guztion patriketatik ateratzen diren milioi eurotan.
1 Ea, Deutsche Bank bai. Baina DWS… Zer da DWS? Deutsche Banken filial bat da (%80 du bankuak), eta aktiboen kudeaketarako enpresa bat da, zeinak konpainia pribatuen funts eta inbertsioak kudeatzen dituen.
2 Hor atzean kontuak faltsutzea edo iruzurren bat egongo da seguru, edo norbait dirua zuritzen jardun dela. Ez litzateke Deutsche Bank dirua zuritzen harrapatzen duten lehen aldia. Ia-ia! Zuriketa bai, baina zuriketa berdea (greenwashing) egiteaz akusatu dute.
3 Hara! Zuriketa berdea ez al da konpainiek iragarki guztietan berde hitza eta berde kolorea eta zuhaitz eta zelai berdeak agertzen dituztenean, jarduera beltzagoak makillatzeko? Hau serioagoa da. AEBetako eta Alemaniako agintariek susmatzen dute DWSk desitxuratu egin dituela bere inbertsio plataformako konpainiak analizatzeko ESG metrikak.
4 Galdera argi dago: zer da ESG hori? Eta ez da galdera txarra. ESG sigletan environmental, social eta gobernance hitzak batzen dira, hots, ingurumena, gizartea eta gobernantza. Hainbat aktibok hiru gai horietan eskatutako neurriak betetzen badituzte, ESG izendatzen dira, nolabait aktibo jasangarriak direla adierazteko. Izendapenak badu bere garrantzia, gero eta handiagoa baita jasangarritzat jotzen diren funts eta aktiboen eskaria.
5 Eta DWSren ESGak ez ziren egiaz ESG. Ez berdeak, ez jasangarriak.
Ikerketaren arabera, funts eta aktibo horien ezaugarri batzuk puztu egin zituen DWSk. Hori bera salatu zuen iazko martxoan, kaleratua izan aurretik, DWSeko jasangarritasun zuzendari Desiree Fixlerrek.
6 Polizia bulegoetan: ez da irudi xamurra taldearentzat. Asoka Woehrmann DWSko kontseilari ordezkariaren lepoa mozterainoko larria izan da. Woehrmannek ekainaren 10ean utziko du kargua.
7 Serioa kontua. Berdea, berde ustekoa eta dirua nahasten direnean, hala izan beharko luke, ezta?
Kargua hartu eta gutxira, Biurtekoa. Ardura handiagoa al da?
AFMko presidentea izatea ardura bat da, noski. Makina-erreminta eta ekoizpen aurreratuaren sektoreak garrantzi handiko enpresa eta aktibitateak ordezkatzen ditu, gure herrian bereziki. Ardura da, bai, baina gogotsu eta harrotasunez jaso dut, gure sektoreak eta gure jendeek maila izugarria erakusten dutelako. Biurtekoa horren segidan izateak badu bere zirrara: izugarrizko erakustaldia, elkarrizketa ugari, agintari asko bisitan… BECekin batera lan asko egin dugu dena oso ondo atera dadin. AFMren lantaldea ere beti alboan daukat, eta, bizitza erdia sektorean igaro ondoren, eginbeharrak aurrera ondo aterako ditugulakoan nago.
Lau urteko hutsunearen ondoren, zer esan nahi du Biurtekoak sektorearentzat?
BIEMH gure azoka da. Barne merkatuko eta aldameneko herrialdeetako bezeroekin daukagun hitzordu garrantzitsuena. Azken bi urteak ez dira errazak izan, eta, oraingo egoerak konplexutasun handia erakusten duenez, berriz ere gure aurpegirik onena erakustera gatoz Bilbora. Feria ikusgarri baten aurrean gaude, BECeko sei pabiloiak gure industriaren indarrarekin beteak. Bisitari asko espero ditugu, eta lan kontaktu ugari egingo ditugulakoan gaude. Kontaktu horiek lantzean, etorkizuneko lana bermatzeko bidea zabaltzen dugu.
Nola aldatu da makina-erreminta azken lau urteetan?
Alde batetik, oso barneratuta daramagu berrikuntza, eta horrek garamatza zehaztasun eta produktibitate gehiagoko produktuak sortzera. Bestalde, digitaliza- zioaren inguruan, makinen bitartez gure bezeroei hobekuntza, ahalmen eta zerbitzu berriak eskaintzeko bidea jorratzen ari gara. Makina-erremintak badu zeresana datuen munduan, datuaren ekonomiaren inguruan. Tailer batean, makina-erreminta da datuak erabiltzeko eta prozesatzeko ahalmen handiena duen elementua. Konektibitatea, monitorizazioa, datuen hartu emana eta analisia, simulazioa, bisio artifiziala, machine learning edota adimen artifizialaren inguruan gabiltza egunero lanean, aplikazio konkretuak eskaini ahal izateko.
Zer berrikuntza lantzen ari da sektorea?
Besteak beste, multifuntzioaren unibertsalizazioa; hau da, makina bakar batean lehen makina askotan egiten ziren operazioak egitea. Prozesu askoren automatizazioa ere bai, malgutasun irizpideak kontuan edukita, gizakiarekin elkarbizitza garrantzitsua den testuinguru batean. Gure sektoreak osagaiak, erremintak, ekoizpen aditiboa, eta beste zenbait alor ere biltzen dituenez, azpisektore bakoitzaren aberastasuna aipagarria da, eta berrikuntzak oso azkar doaz. Horregatik etorri behar duzue Biurtekora. Asko dago ikusteko.
Sektorearen eta industria osoaren arazo bat dirudi irabazi tarteena. Duela aste batzuetako prentsaurrekoan aipatu zenuten, eta mezu hori bera eman zigun zure aurrekoak, Cesar Garbalenak, 2018an: «Arte bat da marJinei eustea». Zer gertatzen da?
Industria, orokorrean, eta gure sektorea bereziki, jarduera konplexuetan eta teknifikatuetan oinarritzen da. Berrikuntzaren, nazioartekotzearen, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren bultzadari eusteko, inbertsio oparoak eta oso ondo trebatutako eta zaindutako lantaldeak behar dira. Hori dena errentagarritasunak sortutakoari esker lortzen da. Gurean errentagarritasun hori defendatzea ez da erraza, enpresa txiki eta ertainak garelako, eta askotan bezero handiak ditugulako; zailtasun handiko eskariak eta konpetentzia itzela. Horrez gain, ezegonkortasunak eta kostuen igoerak ez gaituzte laguntzen. Lan karga mardula jaso dugu azken boladan, eta horregatik diogu marjinak mantentzea aurtengo ariketa garrantzitsuenetakoa izango dela, aurrerago beharko ditugun inbertsio lan guztiak egin ahal izateko.
Nola eragiten dizuete hornidura arazoek? Atzerapen gehiago dituzue Txinako hirien konfinamenduen ondorioz?
Gainontzeko industria guztiei bezala: epeak luzatu dizkigu, kostuak igo, kudeaketa zaildu. Eta bai, Txinaren egoerak ere badauzka eragozpenak. Gure konpromisoak ondo betetzea da helburua. Ez gara edonola kikiltzen, baina badaukagu nahikoa lan.
Mikrotxipen eskasia nola jasaten duzue? Arazoa konpontzen ari da ala okerrera doa?
Proiektuak amaitzea atzeratzen digu, eta, ondorioz, produkzioan ere atzerapenak pilatzen ari gara. Nire enpresak, Fagor Automation-ek, zenbakizko kontrola ere ekoizten ditu, eta guretzat bereziki txipak lortzeko kudeaketa literalki eguneroko ardura bihurtu da. Hala ere, esfortzu izugarriz, lortzen dugu erostea.
Makina erreminta industriaren termometroa dela esaten duzue. Zer dio termometro horrek? Zein sektore daude hotz eta zeintzuk bero?
Egoera sinesgaitz batetik gatoz, eta beste egoera sinesgaitz batean sartu gara. Sektore askok geldiuneak eta arazoak izan dituzte, eta horrek gauzak zaildu ditu. Baina, testuinguru horretan, gai izan gara ondo moldatzeko eta azken urtean eskari zorro polit bat osatzeko. Automozioan eta aeronautikan, hainbat arrazoirengatik, inbertsio batzuk geratu egin dira, eta horrek ezinbestean ondorioak sortu ditu. Egoera ez da erraza, baina ez gara sektore negartia: automozioa ibilgailu elektrikoaren inguruan mugitzen hasi da, eta aukerak ikusten ditugu; aeronautikak bidaia asko berreskuratu ditu, eta horrek beharra dakar inbertsioak suspertzeko; energia berriztagarrien inguruan, berriz, bultzada nabarmena dator.
Zuen esportazio datuek diote Alemaniak pisua galdu duela —%13,7 zen 2019an; %9,9 2021ean—, eta Italia %6,7tik %10era igaro dela. Zergatik?
Azken urtean aurrekoan baino gehiago saldu dugu atzerrian, eta baita Alemanian ere; beraz, ez dago benetako beherakadarik. Alemania guretzat beti izango da merkatu garrantzitsuenetakoa. Italiaren kasua oso berezia izan da, eta herrialde honetan eduki dugun salmenten igoerak aldatu ditu besteen portzentajeak. Iaz gure lehen merkatua izan zen, eta historikoki laugarrena edo bosgarrena izan ohi da. Italiak ekipamendu industrialetan inbertsioa asko bultzatu du, programa oso interesgarri eta eskuzabalen bitartez. Batzuetan, inbertsioaren %50 bueltatzen zitzaion erosleari.
Badirudi brexit-a eragiten ari dela: Erresuma Batua esportazioen %2,8 baizik ez da. Noraino jaitsiko da?
Erresuma Batua ez da guretzat merkatu handia, eta ez da inoiz izan. Hortaz, brexit-aren ondorioak mugatuak dira. Bestalde, guk inbertsio produktuak egiten ditugu, eta haien egoera ez da seriean ekoizten direnen parekoa. Brexit-aren ondoren emaitza onak ere lortu ditugu Erresuma Batuan, baina ezin daiteke ukatu haiekin komertzioa zaildu egin dela.
Txinako %9,5 datu ona al da? Asiako herrialde batzuek makinen produkzioa handitzeak esan nahi du merkatu horiek zuentzat ez direla asko haziko datozen urteetan?
Txina urteetan gure lehen merkatua izan da. 2008aren osteko bolada zailean, hango eskariek ondo hornitu zuten gure eskari zorroa. Ordutik, gure lehen bi-hiru merkatuen artean dago, eta han gure izena ezaguna da herrialde gisa. Txinako administrazioek ez dituzte gauzak erraz jartzen, baina, produktu aproposa daukagunez, gorabeherekin eta zailtasunekin, etorkizunean ere han izango gara.
India, berriz, istorio desberdina da; merkatuak beti ditu aukerak, baina ez dago Txinaren tamainatik gertu. Horrez gain, gizarte korapilatsu horretan beti azaltzen dira garapena oztopatzen dituzten arazoak. Han gehiago egin daitekeen sentsazioa dute herrialde guztietako enpresek, eta aspaldidanik gainera.
Ez dirudi Errusiak makina asko eskatuko dizkizuenik hurrengo urteetan. Zer sektorek jasango du gehien galera hori?
2014tik aurrera kudeaketa konplexua izan du Errusiako merkatuak, isunak asko gogortu ondoren. Gure salmenten %1-3 inguru biltzen du merkatu horrek; beraz, orokorrean ez da kritikoa. Hala ere, gauza politak egiten ari ginen. Besteak beste, energia, aeronautika eta trenbideen sektoreen inguruan egin ditugu lanak; indarrak beste herrialde batzuetara bideratu beharko ditugu etorkizunean.
Barne merkatua nahiko laua da. Zergatik? Ez dago inbertsiorik?
Barne merkatua gorabeheratsua izan da azken urteetan, urte makal xamarrak eta hobexeagoak tartekatuz. Gure aldarria han eta hemen zabaldu dugu: herri industrial lehiakor batek makina eta ekipamendu berriak behar ditu, horrek ematen baitio balio erantsi handiko produktuak ekoizteko aukera, lehiakor izateko bidea. Estatu osoan zona desberdinen garapen industriala oso desberdina da. Hemen, esaterako, hobetu beharra beti egonda ere, enpresen, erakundeen eta gizartearen industriarekiko konpromisoa oso sendoa da. Hala ere, denok dauzkagu etxeko lanak, eta horretan gabiltza.
Next Generation funtsak iristen ari dira? Zer proiektuk jaso beharko lukete?
Gure sektoreak ez du laguntza zuzenik jasoko. Orokorrean, sektore industrial handiek eduki dute ESEPE programan arrakasta, haiek dauzkaten enpresa traktoreei esker. Guk, balio kate askoren partaide garen heinean, handik eta hemendik datorrena aprobetxatu behar dugu. Edonola ere, administrazio guztiek dauzkaten zeharkako programek diru laguntzak ugaritu dituzte, eta hor ere badauzkagu aukerak.
Trantsizio energetikoa gizartearen eta ekonomiaren erronka handiena izango da hurrengo urteotan. Nola heltzen dio gai horri makina-erremintak?
Hiru eratara. Lehenik eta behin, sektore elektrointentsiboa ez garen arren, gure etxeko lanak egiten: gutxiago eta garbiago ekoizten. Bestalde, gure produktuak eta makinak erabiltzean jasangarriagoak izan daitezen saiatuz; produktiboagoak, energia eta material unitate bakoitzeko gehiago ekoizten, eta hondakin gutxiago sortzen dituzten makinak egiten. Azkenik, gure produktuek garrantzi izugarria daukate beste hainbat produktu eta aktibitateren jasangarritasuna hobetzen, gure makinekin, haize errotak, motor elektrikoak eta abar ekoizten direlako.
Sektore batzuk kexu dira langileak falta zaizkiela. Zuek ere bai?
Bai. Pertsona trebatuak dira eta izan behar dira gure indargune garrantzitsuena. Ezagutza sektore bat gara, eta gure langile eta pertsonak erakarri, prestatu eta zaintzen ditugu. Baina ez dago bide errazik; gazte gutxi dauzkagu orokorrean, ikasketa teknikoetara erakartzeko zailtasunak ditugu, eta tailerretan emakumeak nahi eta behar baino gutxiago dira. Industriok eman behar ditugu lehen pausoak: gazteei industria zer den azaldu, talentua nola erakarri eta garatu asmatu, behar bezala ordaintzen jarraitu, eta emakumeentzako leku gehiago egin.
Euskal Herria astindu zuen 1936ko gerraren eta gerraostearen ondoren, 1950eko hamarkadan, ekonomia suspertzen hasia zegoela, aitzindaria izan zen proiektu bat sortu zuten Elorrion: Funcor kooperatiba. Enpresa munduari begira, galdategi eta nekazaritzarako makinak ekoizten zituen kooperatiba bat egin zuten. Euskal Herrian, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan lehenago beste inork egin ez zuena egin zuen: nazioartera teknologia esportatu zuen lehen enpresa izan zen.
Hizkuntza eta kultura ere ardatz izan zituen. Euskal Herriko lehenengo doako ikastola sortu zuen. Eta, Jorge Oteiza artistaren asmoei jarraituta, eskola esperimentala sortu, eta haurrentzako unibertsitatea abian jartzen saiatu zen. Ama Lur (1968) filmaren finantzaketan lagundu zuen, Elorrioko Arriola antzokia sortzeko ekarpena egin zuen, eta, Funcorri esker, Elorriok txirrindulari talde profesionala izan zuen. Euskadiko Kutxa sortzeko proiektuan ere parte hartu zuen. Horren guztiaren sustatzailea izan zen Andoni Esparza Gallastegi (Elorrio, 1932-Iruñea, 2012). Sortzailea bera eta haren proiektua izango dituzte aztergai gaur Esparzaren jaioterrian, Funcor: kooperatiben Elorrioko hazia jardunaldien barruan.
Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza elkarteak antolatu ditu jardunaldiok, Elorrioko Udalaren, Laumunarrieta 1937 memoria elkartearen eta Gerediaga elkartearen laguntzarekin. Julia Itoiz izango da hizlarietako bat, La otra experiencia: el libro que nadie quiso publicar a Jorge Oteiza liburuaren egilea. Liburu horretan jaso zuen, Esparzaren ahotik, Funcor kooperatibaren historia. Lagun handia zuen Esparza, eta “etorkizunera begirako sena zuen” gizon “bikain” gisa deskribatu du: “Andoni existitu izan ez balitz, Funcor ez zen inoiz egongo”, ondorioztatu du.
1950eko hamarkadaren erdialdera erein zuten Funcorren hazia. Itoizen ustez, “euskal herritarron idiosinkrasiatik ere” sortu zen, hain zuzen, “auzolanerako dugun kulturatik. Naturala zen Euskal Herrian industrializazioaren barruan kooperatibismoaren formulak garrantzia izatea”.
Esparzak egindako ibilbide ausarta goraipatu du, eta kritika egin dio jarri zizkioten oztopoei. “Funcor izan zuen arrakastarengatik bukatu zen. Herrialde arabiarrekin ere kontratu garrantzitsu bat sinatzekoa zen”. Itoizek esan du orduko Espainiako Gobernuak ez zuela horrelakorik onartu nahi. “Francoren gobernua eta botere ekonomikoak horrek zekarren arriskuaz jabetu ziren. ETA baino arriskutsuagoak ziren eurentzat. Benetako independentziaren giltza zuten: ekonomikoarena. Orduan erabaki zuten ezetz, bukatu zela. Andoni atxilotu egin zuten, eta ETAko kide izatea leporatu zioten”.
Mondragon kooperatiba sortzen ari zen Jose Maria Arizmendiarretak eta Funcorren kudeaketa bere gain hartu zuen Euskadiko Kutxak proiektua zapuzten utzi zutela ere salatu du Itoizek. Gaur gai horiek ere aztergai izango dituzte, Elorrioko kooperatibak landu zituen askotariko arloen historiarekin batera. Hasieran, jardunaldiak herriko kultur etxean egitekoak ziren, baina interes handia sortu dela eta, lekuz aldatu dute: Alkartu elkarte gastronomiakoan egingo dituzte.
23 urte zituela, Andoni Esparza zenbait mekaniko, galdaketa plaketako aditu eta moldatzailerekin harremanetan jarri zen. Kooperatiba erregimeneko enpresa bat sortzeko asmoaren berri azaldu zien, eta Elorrion sortu zuten.
Gerediaga elkarteak 2009an argitaratu zuen Astola aldizkarian Iñigo Agirre ikerlariak jaso zuenez -hura izango da gaurko hizlarietako bat-, 1956aren erdialdera hasi zen martxan galdategia. 1958an, ehun langile zebiltzan han; 1960an, 250, eta 1970eko hamarkadako bukaerarako, laurehun ziren.
Burdinurtuan trebatuak zirela ikusita, nekazaritza merkatua aztertzeari ekin zioten. Lan horretan ere ondo moldatu ziren seinale, Espainiako Estatuan siloen merkatuan nagusitu ziren hasieran; 1968tik aurrera, berriz, Filipinak, Mexiko, Kuba, Ekuador, Paraguai, Portugal, Kuwait eta Arabiar Emirerri Batuetara ere zabaldu zuten merkatua.
Itoizek adierazi du kooperatibaren sorrerak ordura arte Elorrion eta inguruetan ezezaguna zen lan eredu bat ekarri zuela. “Besteek ez zuten sentsibilitate soziala zuen Andonik. Langileekin elkartu zen, baldintza beretan, enpresa demokratiko bat sortzeko. Enpresa eta gizarte testuinguru osoa irauli zuen”.
Eredu kooperatiboak ezaugarri eta betebehar batzuk finkatzen zituen. Besteak beste, irabazien %15 gizarte ekintzara bideratu behar zituzten. Hezkuntzak eta kulturak kezka handia sortzen zuten Esparzarengan. Gainera, euskararen eta euskal kulturaren kontrako jazarpenagatik arduratuta zegoen. Egoera horretan, Funcor ikastetxea sortu zuen: neska-mutilentzako ikastetxea, doakoa eta euskara ardatz zuena.
1958an hasi zuen ibilbidea. 25 ikasle aritu ziren lehen ikasturte hartan. Bi urte geroago, eskari handia ikusita, Elorrion bertan, San Juan kalean, Funcor akademia ireki zuten. Huraxe izan zen Euskal Herriko lehenengo ikastola. 8 urtera arteko ikasleak hartu zituzten. Eskaria goraka zihoan, ordea, eta 1963an Funcor ikastetxeak lehen hezkuntzako eta oinarrizko batxilergorako beharrei erantzuteko baliabideak jarri zituen. Ikasleek emaitza onak izan zituzten, nahiz eta batxilergokoek Bilboko institutuan egin behar zituzten azterketak.
Funcor ikastolak 1969-1970eko ikasturtea izan zuen azkena. Iñigo Agirrek azaldu zuenaren arabera, Euskadiko Kutxaren esku hartzearen ondorioz itxi egin behar izan zuten, nahiz eta oinarrizko batxilergoaz gain goi mailakoa eskaintzea ere aztertzen ari ziren.
Agirrek Astola-n zekarren baliabide ekonomikorik ez zutenei unibertsitate ikasketak egiten laguntzeko bidea ere zabaldu ziela Funcorrek, ohorearen kreditua sortuta. Ikaslearekin zuzenean tramitatzen zuten, bermerik edota interesik ezarri gabe. Ikasleek baldintza bakarra bete behar zuten: ikasturte osoa gainditzea.
Itoizek proiektuaren garrantzia eta helburuak azpimarratu ditu: “Burujabetza zuen ardatz, kulturaren zaintza, kultura denei zabaltzen zien, eta, gainera, kultura berria zen, eraldatzailea”.
UNIBERTSITATE SAIAKERA
Andoni Esparza Gallastegik eta Funcorrek hezkuntza eta euskal kultura sustatzeko zuten kezka ezaguna bihurtu zen. Jorge Oteiza artistaren belarrietara ere iritsi zen, eta Elorrioko proiektuaren sustatzailearengana gerturatu zen. 1960ko hamarkadaren erdi aldera, diktadura frankista bete-betean eta euskal kulturaren pizkundearen garaian, ordura arte ezagutu gabeko proiektu pedagogiko bat definitu zuten Elorrion. Oteizak eta Esparzak, Jose Antonio Sistiaga eta Esther Ferrer artistekin batera, Celestin Freinet pedagogo frantsesaren lana abiapuntu hartu, eta Elorrioko Eskola Esperimentala jarri zuten martxan. Hori bakarrik ez: Haurrentzako Unibertsitatearen proiektua ere egin zuten. Sistiagak Parisen ezagutu zuen Academie Du Jeudi pintura tailerra. Umeen bat-bateko sormenean oinarritutako esperientzia hartan inspiratuta, adierazpen askerako tailerra (TEL) sortu zuen, Donostian.
Esperientzia horietatik abiatuta eta Oteizak gidatuta, Sistiagak Freineten irakaskuntza librearen metodologia ezarri zuen Elorrion. 11 hilabete iraun zuen esperientziak. Nahiz eta ez zen gauzatu, Oteizak Elorriotik Euskal Herrira hedatu nahi zuen Haurrentzako Unibertsitatearen saiakera ere bertan ondu zuten.
Itoizek azaldu du Oteizak Euskal Herriaren etorkizunarekin lotzen zuela proiektua: “Uste zuen haurren arima aldatuz gero herriaren arima eta herria bera alda zitezkeela”. Funcorrek unibertsitatea egiteko lurrak ere erosi zituela kontatu du: “Gaur egun Eroskiren biltegiak daude lur horietan. Azken laurogei urteetan gure herriarekin gertatu dena azaltzen duten metafetako bat da hori”. Gaurko jardunaldien garrantzia azpimarratu du: “Andonik historia berreskuratzea eta ezagutaraztea nahi zuen”.
Hamar urte dira ELAk ez duela erabakiguneetan parte hartzen, erakunde horietan ordezkaritza izan arren. Eta berdin jarraituko du. LABek, aldiz, ez du Lanbideren administrazio kontseiluan parte hartzen, baina hil honetan egingo duen Biltzar Nazionalean erakunde horretara eta esparru soziolaboraleko beste batzuetara itzultzea proposatuko die bere militanteei. Lakuntzak, berriz, azaldu du ELAk ez duela halakorik egingo eta duela hamarkada bete hartutako erabakiari eutsiko diola, haren ustez testuingurua ez delako aldatu. «Erakunde horien eginkizun bakarra gobernuaren erabakiei estaldura ematea zen, langile klasearen defentsarako benetako parte hartzerako espaziorik gabekoak, eta hala dira oraindik ere».
Komunikabideetara bidalitako ohar batean berretsi du bere jarrera. Lakuntzak adierazi duenez, langileek hauteskunde sindikalen bidez emandako ordezkaritza neurtua dute sindikatuek, eta bakoitzak erabaki dezake zer egiten duen parte hartze instituzionaleko espazioetan. «Urkulluri eta Mendiari gehiago edo gutxiago gustatuko zaie ELAk egiten duena. Baina erakunde horietan ordezkaritza sindikala modu tranpatian banatzen saiatzen badira, ELAko ordezkaritza CCOOri eta UGTri emanez, jokaera antidemokratikoa dutela ondorioztatu beharko da»
ELAko idazkari nagusiak gogoratu duenez, 2010ean Patxi Lopezen gobernuak (PSE) Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren eta LHKren araudia aldatu zuen, ELAk eta LABek bietan dituzten ordezkariak CCOO eta UGTren artean banatzeko aukera emanez. Orain, Iñigo Urkulluren gobernuak, Lanbiden araudiaren erreformaren bidez hori bera egin nahi duela salatu du Lakuntzak.