Atzeraldia urrun dago Nafarroan ere, baina hazkundea apaltzen ari…
Motelago, baina hazten ari da Euskal Herriko ekonomia. Azken datua Nastatek emandakoa da: urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera %0,7 handitu da Nafarroako BPG barne produktu gordina, 2021eko azkenekotik 2022ko lehenengora baino hiru hamarren gutxiago. Urte arteko tasan are nabarmenago ikusten ari da moteltzea: %6,5 haztetik %4,5 haztera igaro baita. Edonola ere, datu sendoak direla nabarmendu du Elma Saiz Ekonomia kontseilariak, eta ziurtatu du pandemia aurreko mailan dagoela dagoeneko Nafarroako ekonomia.
Nastatek irailaren 23an zabalduko ditu datu osoagoak, baina aurreratu du ekonomiaren adar guztiek datu positiboak eman dituztela. Eskariari dagokionez, kontsumoaren hazkundea apaldu egin da, eta enpresen inbertsioak ere moteltzen ari dira, baina esportazioek oso datu onak eman dituzte.
2022. urtean ekonomia %5 haziko dela diote Nafarroako Gobernuaren azken aurreikuspenek, baina Elma Saiz Ekonomia kontseilariak onartu du agian datu hori berrikusi egingo dutela. Zuhur azaldu da, «marko geopolitikoan muturreko ezjakintasuna eta desegonkortasuna» dagoelako, eta giro horretan zaila delako aurreikuspenak egitea.
Nafarroako datuen oso antzekoak aurreratu zituen joan den astean Eustatek Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako: BPGa %0,9 handitu da hiruhileko arteko tasan, eta %4,3 urte artekoan.
Ustekabe ona Frantzian
Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina Frantziaren datuak erreferentzia gisa balio badu, pentsatzekoa da hazkundea dagoela Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere. Izan ere, Inseek zabaldu du Frantziako BPGa %0,5 hazi dela urteko bigarren hiruhilekoan. Datua ustekabe ona da, Inseek berak %0,25 espero zuelako, eta Frantziako Bankuak, berriz, %0,2. Lehen hiruhilekoan %0,2 uzkurtu zen, eta alarmak piztu zituen.
Inseek azaldu duenez, esportazioek pisu handia izan dute datu positiboan, %0,8 handitu baitira. Horrek balio izan du kontsumoaren apaltzea konpentsatzeko (-%0,2). Urte osorako %2,5eko hazkundea espero dute estatistika erakundeak eta Frantziako Gobernuak, eta antzeko kopurua eman berri du Nazioarteko Diru Funtsak ere (+%2,3).
Eurogunean, bizkorrago
Oro har, euroguneko ekonomia ongi eusten ari da inflazio handiak, Ukrainako gerrak eta energia krisiak sortutako egoerari. Moteltzerik ez dago, berriz, eurogunean. Aitzitik, pixka bat bizkortu da hazkunde erritmoa, %0,5etik %0,7ra. Arrazoia? Frantzia ez ezik, Italia ere bizkorrago hazi dela (%0,1etik %1era), baita Espainia ere (%0,2tik, %1era). Frantziaren ekarpenarekin, konpentsatu egin dute Alemanian hazkundea seko geratu izana (%0,8tik %0ra). Urte arteko tasan, ordea, erritmo galera izan da eurogunean, %5,4tik %4ra.
Uda ona espero dute iragarleek, turismoari eta ostalaritzari lotutako gastua oso indartsu dabilelako, baina udazken-neguetarako aurreikuspenak askoz beltzagoak dira.