Bankuek 3.777 kutxazain automatiko ezabatu dituzte 2020tik, % 7,5eko…
Gaur egun, 46.473 kutxazain daude Espainiako Estatuan, kopururik txikiena 2000tik. Hala ere, eskudirua ateratzeko eragiketak eta mugimenduak ugaritu egin dira.
Lehengaiak, energia, produkzioa, garraioa eta beste hainbeste garestitu diren honetan, enpresek gero eta kostu handiagoei egin behar diete aurre. Prezioak igo eta erosleak uxatu baino lehen, beste estrategia bati heldu dio zenbaitek: inflazio kamuflatuari. Lehen begi bistan, supermerkatuetako apaletako zenbait etiketa ez da aldatu; berdin-berdin jarraitzen dute prezioek. Ordea, kasuan kasuko paketea eskuan hartu, eta pisuaren zenbakia aldatu da: oraintsu arte kilo erdikoa zen makarroi poltsak orain 450 gramo pisatzen du. Schroedingerren katuaren pare. Katua bizirik dago, baina hilik dago; prezioak ez dira igo, baina igo egin dira.
«Inflazio kamuflatua beti existitu da marketin estrategia gisa. Enpresa batzuek ongi darabilte, oso ondo ezkutatzen dute prezioen gorakada», dio Ander Cornejok, EKA Euskal Kontsumitzaileen Alkarteko komunikazio arduradunak. Era batera edo bestera, ekoizleek ez dute etekinik eta eroslerik galdu nahi, eta nola hala disimulatu behar dute produktuen garestitzea.
Ezkutuko praktika da inflazio kamuflatua. Zenbat eta jende gutxiago ohartu, hobe konpainiarentzat. Horregatik, Cornejok gomendatu du erne egoteko orgari tiraka ibili bitartean. Eroslearen eskuetan dago pisuaren aldaketa hautematea; enpresa «ez da fidela eta tranpetan dabil».
Gardentasun kontua
Azken horrek ez du esan nahi produktuari pisua kendu eta prezioak mantentzea legez kanpokoa denik. Inflazioa ezkutatzeko beste praktika batean datza. Cornejoren ustez, baina, ez da modurik aproposena: «Legezkoa da, baina ez da oso etikoa edo morala. Erregulatzeke dago, eta horretaz aprobetxatzen dira markak».
Ekoizleak behartuta daude aldaketa horiek bilgarrietan islatzera. Erraza da, zenbaki bat aldatu besterik ez dute. Hori da egin dezaketen gutxienekoa; hortik aurrera, ez dago ezer idatzirik. Hala, EKAko arduradunaren ustez, informazioa «argi» adierazi behar da, begi bistakoa izan behar da produktuari pisua edo kantitatea kendu zaiola. Aurpegia eman beharko lukeela konpainiak, alegia.
Izan ere, aldaketok disimulatu egiten dituzte ekoizleek; ematen duten informazioa opakua da. Alejandro Martinez Eroskiko osasun eta jasangarritasun saileko zuzendariak azaldu du enpresaren interesen «aurka» doala aldaketez ohartaraztea: «Legea bete behar dute, muga batzuk dituzte. Hortik aurrera, bakoitzak erabakitzen du salgaiaren aldaketekiko gardentasun maila».
Aukeran, baina, zer nahiago: gehiago ordaintzea, gosarian gaileta mokadurik falta ez dadin? Ala berdin ordaintzen jarraitzea, trukean gutxiago jasota ere? Halakoetan, eroslearen eta salgaiaren araberakoa izango da erabakia; halere, oro har, «hobe izango da» inflazio kamuflatua. Prezioak igotzea neurri «nabarmenagoa» da; erosleari atzerakada handiagoa eragin diezaioke, inflazio kamuflatuak baino.
Martinezen ustez, honako hau da galdera: «Zenbat aldiz kontsumitu ahal izango dut?». Ez da gauza bera jogurt poto bakoitzari bost gramo kentzea —bost potorekin amaituko duzulako—, edo dozena bateko arrautza kaxa hamarrekoan uztea. Lehen kasu horretan, zentzuzkoagoa litzateke kopuruz produktu gutxiago nahi izatea; bigarrengoan, berriz, kontsumitzailea «galtzen» irtengo da, arrautza kaxa gehiago erosi beharko baititu.
Erosketa ohiturak
Inflazio kamuflatua eta inflazioa agertu bezain laster, kontsumitzaileek «erreakzionatu» eta beren ohiturak aldatzeko joera dute. Kontzienteagoak izan, prezioak alderatu, pagotxen atzetik ibili, produktu garestiagoez ahaztu eta merkeagoen alde egiten…
Halakoetan, kontsumitzailearen erosketaren hierarkia irauli egiten da. Aldian aldiko gutiziak zein hain beharrezkoak ez diren salgaiak apaletan geratzen dira; oinarrizko produktuek baino gehiago «sufritzen dute». Martinezek salgai gutxi batzuen kasua ere azpimarratu du: «Egoera ekonomikoa zenbat eta okerragoa izan, gehiago saltzen dira. Esaterako, oilasko edo txerrikia, behikiaren kaltetan». Merkeagoak diren produktuak dira, oinarrizko beharrak prezio merkeagoan asetzen dituztenak. Kontsumo finkodun salgaien kasuan ere —komuneko papera, pixoihalak…— , erosketak aitzindu egiten dira promoziorik izatekotan. Denbora baterako nahikoa erosten da, aurrerago izan daitezkeen prezioen gorakadei aurre egiteko.
Aholku batzuk eman ditu EKAko Cornejok, inflazio kamuflatuaz ohartzeko eta hura saihesteko: ondo begiratzea produktuen etiketak eta letra txikiak, eta beste marka batzuk erosteko beldurrik ez izatea. Establezimendu handiagoetan ere prezioak lehiakorragoak izan ohi dira, «zentimoen aldea bada ere».
Aldaketa horiek, baina, aldi baterakoak izan ohi dira. Denbora igarota, prezioek behera egitekotan, ohitura zaharretara itzultzeko joera izaten dute kontsumitzaileek. «Ohiturazaleak gara», dio Cornejok. «Elikagaiekin zein oinarrizko produktuekin —eta merkatuak hori badaki—, betikora jotzen dugu. Ez dirudi hori aldatuko denik».
Urteak zeramatzan NATOk existitzeko arrazoi baten bila —«garun heriotzan», Emmanuel Macronen hitzetan—, eta, Ukraina inbadituta, arrazoi ezin hobea eman dio Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Madrilgo goi bileran berpiztu da hildakoa, eta han zegoen, gogotsu, Macron bera.
Ez da gauza berria NATOren aitabitxiak, AEBek, aliantzako beste kideei eskatzea beren gastu militarra handitzeko eta barne produktu gordinaren %2ra iristea. Purrustadekin Donald Trumpek lortu ez zuena Joe Biden aise lortzekotan da. Eta, bide batez, lurperatzen ari da Europako Batasunak bere defentsa sistema propioa garatzeko aukera. Putinen oldarkortasunaren aurrean, Pax Americana.
Industria militarra
Berrarmatze hori opari ederra da AEBetako armagintza industria handiarentzat, beren lobby lan nekaezinaren saria eskuratuko baitu. Baina ez da AEBetakoa enkargu sorta handia jaso dezakeen arma industria bakarra. Espainiako Gobernuak ere nahi du pastelaren bere zatia, eta jada hautatu du noren bitartez egin nahi duen: Indra.
Garraioetan, telekomunikazioetan eta energia sektorean aritzen da Indra, eta haren %26,5 dauka Espainiako Estatuak, SEPIren bitartez. Adar militar oso inportante bat ere badu, eta horri lehentasuna emateko mugimendutan ari da Madril. Haren ekinaldiz, aurreko asteko administrazio kontseiluan, kargutik kendu zituzten bost kontseilari independente, ez ziotelako babesik eman konpainiako buru Marc Murtrari eta hark gidatu nahi duen aldaketari. Protesta gisa, kargua utzi dute beste hiruk, Ignacio Martin Gamesako buru izandako donostiarra barne.
Kargugabetze horretan, SEPIk bi aliatu izan ditu: Joseph Oughourlianen Amber funtsa eta Aperribai familiaren armagintza enpresa, Andoaingo SAPA. Ondorioz, Indrako kontseiluan sartu du Jokin Aperribai SAPAko buru eta Realeko presidentea.
CNMV merkatuen arautzailea operazioa ikertzen ari da, SEPIk gobernu korporatiboaren arauak hautsi ote dituen ikertzeko; zehazki, ebatzi beharko du SEPIk eta beste akziodunek elkar hartuta jokatu ote zuten konpainiaren kontrola hartzeko, arauek baitiote hori egitekotan akzioak erosteko operazio bat abiatu beharko luketela.
CNMVk eta epaitegiek kontrakoa erabakitzen ez duten bitartean, eskuak libre izango ditu Murtrak. Akziodunen aurrean aste honetan egindako hitzaldian, ez zuen ezkutatu Indra Madrilgo gobernuaren zerbitzura egongo den enpresa bat izango dela, «Europako inbertsio proiektu handiak gobernuek hautatzen dituzte eta».
ITP, zintzilik
Euskal Herrian eragin zuzena izan dezake Indraren operazioak, enpresa hori baita Madrilek ITP Aeron muturra sartzeko baliatu nahi duen tresna. Rolls Royce ITP Aero Bain Capital funtsaren esku uzteko baimenaren zain dago, baina Madrilek muturra sartu du operazioan, ITP armagintzan ere aritzen dela argudiatuta. Bain Capitalek akzioen %30 gorde behar izan ditu Espainiako Gobernuaren gogoko akziodunentzat. Han dago jada SAPA (%5), eta ziur aski han izango du lekua Indrak; orain ez bada, aurki. Operazio hori ekainaren 30a baino lehenago konpontzeko konpromisoa zegoen, baina luzatzen ari da.
Eusko Jaurlaritzak ere adi ikusi ditu azken egunotako mugimenduak, berak ere esku hartu nahi duelako ITP Aeroren kapitalean, partaidetza txiki batekin, enpresa Euskal Herrian errotzen dela bermatzeko. Azken asteetako «zirimola» baretzeko zain dago Pedro Azpiazu Ogasun sailburua, bere aukerak zeintzuk diren ikusteko.
Beherakadak ez die motor guztiei modu berean eragiten. Asko ari dira jaisten diesel motorren salmentak (-%32,4), baita gasolinarenak ere (-%21,1). Horiek saldu dira gehien: 6.294 aurten. Lau puntu jaitsi da merkatu kuota urtebetean, %48,7tik %44,7ra.
Dieselaren gainbehera are nabarmenagoa da. Saldutako autoen %70 izatera iritsi ziren 2010eko hamarkadaren hasieran, baina ingurumenarekiko kezkak eta Volkswagen auziak —diesel motorren gas isuriak ezkutatzen aritu zen—, haien salmenta asko murritzarazi du azken urteetan. Aurtengo lehen sei hilabeteetan dieselaren kuota %13,9ra iritsi da: iazkoa baino ia lau puntu txikiagoa da.
Behetik gora doaz, berriz, motor alternatiboak deitutakoak, hau da, gasolina eta gasolioa erretzen ez dituztenak edo horiek soilik erabiltzen ez dituztenak. Urteko lehen sei hilabeteetan 5.811 saldu dira, iaz baino %5,7 gehiago. Haien merkatu kuota %33,6tik %41,3ra igo da, eta ez litzateke harrigarria izango urtea amaitzerako gasolinaren kuotaren gainetik geratzea.
Horietako gehien-gehienak hibridoak dira, hau da, errekuntza motor bat ez ezik, motor elektriko bat ere erabiltzen dutenak autoak motel doazenean. Baina, gutxika bada ere, ugaritzen ari dira motor elektrikoa besterik ez duten autoak. Urtea hasi denetik 1.618 ibilgailu elektriko saldu dira, iaz baino %33,8 gehiago —autobusak, furgonetak eta kamioiak barne—.
Mikrotxip gehiago
Auto salmentaren beherakadaren arrazoietako bat izan da autogileek ezin izan dituztela nahikoa ibilgailu egin, materiala falta zitzaielako, mikrotxip edo semieroaleak batez ere. Asteartean, Volkswagenek iragarri zuen mikrotxipen hornidura hobetzen ari zela eta horri esker urteko bigarren erdian ekoizpena handitzeko moduan izango zela. Eskasia hori arintzen ari dela ikusten da Euskal Herriko fabriketan ere, azken asteotan oso egun gutxi egon baitira geldi mikrotxipak falta zitzaizkielako.
Bi faktorek eragin dute hornidura hobea: ekoizleek produkzioa handitu dute eskari handia ikusita, eta Txinako hiri batzuetan oraintsu arte izan diren konfinamenduek eskaria txikitu dute.
Errumanian beste inon baino gehiago hazi da auto elektrikoen salmenta, iazkoa halako bost izan baita aurten, egia den arren oso maila apaletik hazi direla; orotara, 2.108 izan dira. Merkatu handien artean, Espainia nabarmendu da, %110 handitu baita iazko urte hasierarekin alderatuz gero. Frantzian, berriz, %42,7.
Kontinenteko auto merkatu nagusian, Alemanian, jada %13,4ko kuota dute auto elektrikoek, eta %16,4ra heldu da Herbehereetan. Frantzian, urteko lehen hiruhilekoan saldutako auto berrien %12 izan dira elektrikoak.
Kopuru horiek jaitsi egin ohi dira hegoaldera eta ekialdera eginez gero. Horrela, Italian %3,3ko kuota lortu zuten auto elektrikoek, eta Espainian, berriz, %4,4koa. Bi horietan oso nabarmena da hibridoen aldeko apustua. EBn, %25,1eko kuota izan dute hibridoek, baina kopuru hori %33,3ra iritsi da Italian, eta %28,4ra Espainian.
Europako Batasunetik kanpo badago ere, kasu berezi bat da Norvegiarena. Eskandinaviako herrialde horrek diru laguntza handiak ematen ditu auto elektrikoak erosteko, eta horiei esker aurten saldu diren autoen ia %83 izan dira elektrikoak, eta beste %7 hibrido entxufagarriak. Gasolina eta gasolioa darabiltenak %1 eskas bana dira.
Kopuru horietara iritsi gabe, auto elektrikoak aurten matrikulatutakoen %41,4 izan dira Islandian; %28,2 Suedian, eta %17,4 Danimarkan. Hau da, elektrifikazioa Eskandinavia aberatsean doa bizkorren, eta motelago hegoalde eta ekialde pobreagoan.
Diesela, %16,8 baizik ez
Auto mota horien hedapena erreketa motorra dutenen kaltetan gertatzen ari da. Oraindik orain gasolina erretzen duten autoak nagusi dira merkatuan —saldutako auto berrien %36 izan dira urtearen lehen hiruhilekoan—, baina haien kuota txikitzen ari da, beren salmentak %40 egin baitu behera.
Diesel motorren kuotak ere koska bat egin du behera, eta %16,8 baizik ez dira gaur egun. EBko merkatu nagusietan eroriko handiak izan ditu dieselak 2022aren hasieran: -%44,1 Frantzian, -%39,2 Italian, -%30,8 Espainian eta -%20,2 Alemanian.
Hain zuzen ere, aste honetan jarri diote heriotza data errekuntza motorrari: 2035etik aurrera, debekatuta egongo da Europako Batasunean gasolioa edo gasolina erretzen duen auto berririk erostea.
Eztabaida luze baten ondoren, asteazken goizaldeko lehen orduetan finkatu zuen data hori Europar Kontseiluak. Alemania izan zen eskatzailea, kontinente osoan auto industria boteretsuena duen herrialdea. Europa erdialdeko eta hegoaldeko beste gobernu batzuek 2040ra atzeratu nahi zuten erabakia, beren herrialdeetan autoen elektrifikazioa motelago doala argudiatuta, baina Alemaniaren iritziak pisu handia izan zuen, azken finean hangoak baitira autogile gehientsuenak (Volskwagen, Mercedes, BMW…).
Edonola ere, errekuntza autoak saltzeko azken urtea 2035a izateak ez du esan nahi urte horretara arte iraungo dutenik merkatuan. Izan ere, data hurbildu ahala, kontsumitzaileek interes txikiagoa izango dute halako auto bat erosteko, espero izatekoa baita beren balioa asko gutxituko dela bigarren eskuko merkatuan. Autogileek errekuntza auto gutxiago eskainiko dituzte hemendik urte gutxira, behin beren ekoizpen katea auto elektrikoak egiteko birmoldatzen dutenean. Hortaz, litekeena da errekuntza autoen amaiera 2030ko hamarkadaren lehen urteetan gertatzea.
FVEM patronalaren arabera, berriz, grebak %24ko erantzuna izan zuen, herenegun baino txikiagoa. Orduan %29koa izan zela esan zuen. Bizkaiko metalgintzako enpresen elkartearen arabera, enpresen %60k normaltasunez egin zuten lan. Sindikatuak, baina, ez dira iritzi berekoak, herenegun erritmo baxuagoan lan egin zuten enpresa batzuk atzo ez baitzuten ekoizpenik atera. Besteak beste, Artetxek eta ITP Aerok Zamudion duen plantak.
Greba egun lasaia izan zen oro har, eta ITPren lantegi hori dagoen industria parkean egon ziren eguneko istilu bakanak. 200 bat laguneko piketea enpresaz enpresa ibili zen, eta barrikadaren bat edo beste egin zuen. Liskarretako batean hiru ertzainek zuzi bat jaurti zuten, langile bat atxiki zuten eta grebalari talde handi bat oldartu zitzaien. Atxikitako langileak ihes egin zuen. FVEMek, bere aldetik, liskar horiek gaitzetsi zituen: «Greba eskubide bat da, baina lan egin nahi duenak presiorik gabe joateko eskubide bera du».
Eguerdian, grebalariek Bilboko erdialdera jo zuten, bertan baitzegoen deitua guneko manifestazioa. Ertzaintzak segurtasun operazio handia antolatu zuen, hainbat furgoneta eta istiluen aurkako agente ugarirekin. Horren aurrean, Polizia gutxiago, negoziazio gehiago! izan zen gehien errepikatutako oihua.
KPIari begira
Sindikatuek, izan ere, negoziatzeko borondate falta egozten diote FVEMi. Era berean, aurrez aurreko tratua eskatzen diote, orain arte eginiko bilerak telematikoak izan baitira. Bien jarrerak, gainera, urrun daude. Sindikatuek KPIaren araberako soldata eguneraketa eskatu dute, eta patronalaren eskaintza ez da %3ra iristen.
FVEMek, berriz, esan du ez duela negoziatzeko arazorik, baina lan itun berriak bi oinarri izan behar dituela: enpresen lehiakortasuna mantentzea eta enpleguari eustea, eta, haren iritziz, sindikatuak «aurkako norabidean doaz». Horiek hala, udazkena beroa izango dela dirudi. Hala aurreratu zuen behintzat Txema Rojo UGTko arduradunak: «FVEMek ez badu jarrera aldatzen, kalera irten beharko dugu. Borrokan jarraitzea beste biderik ez dago».