Erregaien prezioak behera egin du laugarren astez jarraian
Erregaien prezioak behera egin du laugarren astez jarraian
Horiek horrela, %15erainoko murrizketa derrigor ezartzeko gaitasuna edukitzea proposatu du Europako Batzordeak, Gasaren Eskariaren Murrizketa Planaren barruan, betiere hornidura larrialdia balego. Bruselak nahi du Europako Batasuneko kideek %15erainoko murrizketa hori beren borondatez egin dezaten datorren urteko udaberrira arte, ez bada alertarik.
Edonola ere, arautegia aldatzea mahairatu du Batzordeak, Brusela bera gai izan dadin murrizketa horiek inposatzeko, Errusiak gas jarioa eteteko dagoen arriskua dela medio. Dena den, estatu kideekin hitz egin ondoren ezarriko lituzke gas eskariaren murrizketa horiek, eta ez da erraza aho batez ados egotea erabaki horretan, baina zaila da orain aurreikustea horniduraren egoera zenbat okertuko den. Alerta egoera ezartzeko, desoreka handia egon beharko luke eskaintza eta eskariaren artean.
«Errusia xantaia egiten ari zaigu, eta energia arma gisa erabiltzen ari da», azaldu zuen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak atzo. «Etenak erabatekoak edo partzialak izanda ere, Europak prest egon behar du». Bruselak gasa aurrezteko planari jarri dion izena esanguratsua da: «Gasa aurreztu negu seguru baterako». Von der Leyenek leporatu zion Kremlini «presioa» abiarazi zuela Europarako hornidura murriztuta Ukrainako inbasioa gertatu baino hilabete batzuk lehenago. Batzordeko presidenteak esplikatu zuen egun ohikoa den kantitatearen herena baino gutxiago jasotzen ari dela Batasuna.
Bezero babestuak
Horiek horrela, abuztuaren 1etik datorren urteko martxoaren 31 arte, gasaren erabilera %15eraino apaldu beharko dute Batasuneko kideek, eta horrek esan nahi du administrazio publikoek, familiek, industriak eta gas hornitzaileek neurriak hartu beharko dituztela gasa aurrezteko. Irailerako, energiari buruzko larrialdi planak egokitu beharko dituzte herrialdeek, %15eko murrizketa hori betetzeko. Ordutik aurrera, bi hilabetean behin Bruselari plan horien berri eman beharko diete estatuek. Horrez gain, gas hornidura solidarioa eskatzen duten herrialdeek frogatu beharko dute aurretik hartu dituztela behar diren neurriak gasaren kontsumoa %15 apaltzeko.
Ez alferrik, «zaurgarrienak» babesteko «elkartasuna» mahairatu zuen Ursula von der Leyenek. «Denek» egin behar dute gasa aurrezteko ahalegina, haren hitzetan. Jakina da Alemanian eta inguruko beste herrialde batzuetan eragin handiagoa lukeela erabateko gas etenak, baina Bruselak nahi du kide guztiek egitea ahalegin bera. Ikusteko dago Espainian eta Portugalen nola hartzen diren asmo horiek, Errusiako gasaren mendekotasuna arinagoa baita han. Datorren asteartean, hilak 26, Batasuneko Energia ministroek aparteko kontseilu bat egingo dute Bruselaren proposamenak aztertzeko eta onartzeko ala ez.
Batzordeak garbi utzi du prest dagoela arautegia aldatu eta Europa mailako alerta ezartzeko gaitasuna eskuratzeko, modu horretan Batasuneko kide guztiak behartzeko, borondatezko murrizketak alde batera utzita. Betiere estatu kideekin adostu beharko luke alerta egoera hori. «Ez badago aurrerakuntzarik edo egoerak okerrera egiten badu, Batzordeak alerta aktibatu ahal izango du edonoiz, %15eko gas aurreztea ezartzeko», adierazi zuen Energia komisario Kadri Simsonek. «Ez diegu esaten kideei zer neurri hartu behar dituzten, baina hainbat aukera dituzte».
Batzordeak, izan ere, irizpide batzuk proposatu ditu gasaren erabilera modu koordinatuan murrizteko estatu guztietan. Gasa ordezkatzeko beste energia iturri batzuk erabili behar direla helarazi du, eta erregai fosilak sartu ditu proposamenean. Horrekin batera, sektore guztietan egin beharko diren aurrezpen neurriak jaso ditu bere planean.
Ikatza ere balekoa
Edonola ere, Europako Batzordearen proposamenak garbi dio familientzako gas hornidura bermatu behar dela, erietxeena eta ekonomiarentzat ezinbestekotzat jotzen diren industriena. Halaber, EBko lehiakortasunerako oinarrizkoa den eremuan ere gas hornidura bermatu dadin nahi du Bruselak; horregatik, gasa beste energia iturri batzuekin ordezka dadin nahi du, besteak beste ikatzarekin. Isuri kutsagarrien gaineko kontrola asko arinduko luke Batzordeak, eta begi onez ikusiko luke estatuek ikatzaren eta energia nuklearraren aldeko pizgarriak ematea. Brusela aditzera ematen ari da egungo egoeran trantsizio ekologikoak itxaron dezakeela. Negua iristerako estatu kideen gas erreserbak ahalik eta handienak izatea baitu helburu Bruselak.
Errusiak Nord Stream 1 gasbidea itxi zion Alemaniari orain hamar egun, eta hura berriro irekiko ez den beldur dira Europan, nahiz eta azken orduetan Putinek jakinarazi duen zabaltzeko asmoa duela. Brusela ez da fio haren hitzarekin, eta eten handi baterako prestatzen ari da. Aurreikusitako mantentze lanak egin behar dira Nord Stream 1 gasbidean, eta ikusteko dago asteon bertan berriro zabalduko den ala ez.
%25 gutxiago
«Etxe batean, gutxi gorabehera, 1.200 eta 1.300 euro artean gastatzen da urtean energian», azaldu du Garciak. Kalkulu orokor bat da, etxearen tamainaren eta, batez ere, bizi diren pertsonen arabera aldatu daitekeena. Eta zenbat aurreztu daiteke eraginkortasuna hobetuz? Bada, %20 inguru. «Oso zehatza bazara, %25-%30 ere izan daiteke. 240 bat euro dira urtean. Etxe baterako, agian, ez dirudi hainbeste, baina pentsa Euskal Herri osoko etxe guztiak kontuan hartuta». Garciak, dena den, nabarmendu du kopuruak kontu handiz hartu behar direla, etxe batzuetan dagoeneko aplikatzen direlako hainbat neurri eta haietan asko murriztea zailagoa delako.
«Eramangarria»
Europako Batzordeak bi tenperatura datu zehaztu ditu bere aholkuan: 25 gradu udan eta hemeretzi neguan. Areto eta egongelak epeldu edo freskatzeko erreferentziak dira. «Zuzena eta eramangarria da. Beti egongo dira salbuespenak: jende nagusia, gaixoak… Baina baldintza horietan jendearen gehiengoak ez du erosotasun faltarik sumatuko», nabarmendu du Garciak.
Azken egunetan bero sapa egin du Euskal Herrian, eta Garciak azaldu du EEEko bulegoetan 26-27 gradu artean izan dutela aire girotua, eta inork ez duela berorik sumatu. «Tenperatura parametro oso pertsonala da, eta baita psikologikoa ere. Probak egin izan dira: termostatoak trukatu benetakoa ez den tenperatura bat erakuts dezaten, eta jendearen pertzepzioa aldatu egiten da».
Burletak
Hozberoari lotuta, leihoak funtsezkoak dira etxearen errendimendu energetikoa hobetzeko, baina, era berean, inbertsio handia eskatzen dute. Teknikariak, alde horretatik, konponbide erraz bat gomendatu du: «Burletak jartzea oso eraginkorra da, edo isolatzeko gomak. Konponbide merkea dira, eta berehala nabaritzen da».
Gradu bat: %7
Galdarei dagokienez, EEEren lehen aholkua argia da: aldatzean kondentsazio galdara jartzea, energia gutxiago behar dutelako. «Ura 50-70 gradura berotzearekin aski dute berogailuaren eragina atzemateko; zaharragoek, berriz, 80-90 gradura igo behar izaten dute». Eta berogailua ondo doitzea gomendatzen du: «Berogailuko tenperatura gradu bat igotzeak gas kontsumoa %7 handitzen du. Beraz merezi du zehatzak izateak».
Ur beroari dagokionez, 38-39 gradutan izatea aski dela iritzi dio, «gorputzeko tenperatua baino pixka bat gehiago». Txorrota termostatikoak jartzea inbertsio ona da, halaber: «Tira, logikoa da hau. Gustuko tenperatura aurkitu eta finko mantentzen da. Ur hotza eta beroa tartekatzen ibili behar izanez gero, gas eta ur asko galtzen du alferrik».
Ur hotza garbigailuan
Sukaldeak kontsumitzen du etxeko energia gehien, eta argindar gehien xurgatzen duten etxetresnak bi dira: hozkailua (etxeko kontsumo osoaren %18) eta garbigailua (%8). Azken hori beti ur hotzarekin jartzea aholkatu du, ura berotzen kontsumitzen duelako argindar gehien: «Gure egunerokoan zikintzen dugun arropak ez du ur berorik behar garbitzeko, ez dugu koipe edo antzekorik erabiltzen. Era berean, kontuan hartu behar da xaboiak gero eta hobeak direla».
Dena den, hozkailuak behar du energia gehien, eta izozkailua handia bada, are gehiago. Aurrezteko modurik onena etxetresna eraginkorra erostea da, baina Garciak gomendatu du tenperatura erabilerara egokitzea: 4-5 gradu hozkailuan eta -17 edo -18 izozkailuan. Suari dagokionez, indukziozkoak dira eraginkorrenak, zartagin edo eltzea gainean jarri ezean ez dutelako lan egiten. Beste aholku bat ere badu: «Eltze azkarrak asko aurrezten du».
LEDak, zalantzarik gabe
Argia etxeko energia kontsumoaren %18 ere izan daiteke, baina batezbesteko hori asko jaisten ari da. «LED argiak askoz eraginkorragoak dira». Garciak oso argi du. Dioenez, argi gori batek 1.000 ordu irauten badu, LED batek 25.000 ordu iraun dezake. Argindarrarekin lotuta, gomendatu du tresnak stand by egoeran ez uztea eta, batez ere, zentzuz erabiltzea: «Ikusten ari ez garenean, ez da telebista alferrik piztuta izan behar».
«Guk ere ezusteko gozoa hartu genuen gure kide diren enpresei eginiko inkesten emaitza jaso genuenean», azaldu du Jose Angel Corres Ganberako presidenteak. Are gehiago, haren arabera, langabeziak behera egiten jarraituko du Bizkaian: «Urteko lehen hiruhilekoan %9,55ekoa zen, eta urte amaierarako %9aren inguruan egotea espero dugu».
Ikerketaren baikortasuna ez da hor amaitzen. Izan ere, enpresen %90ek uste dute enpleguan egonkortasuna egongo dela bigarren seihilekoan; %75ek, ekoizpenean; %65ek, salmentetan; eta %62k, esportazioetan. Era berean ia guztiek onartu dute ekoizpen gastuak handitu zaizkiela, eta %64k igoera hori haien produktuaren salneurrira eraman ahal izan dute.
Corresek, baina, argi utzi du enpresek «arazo handia» dutela inflazioarekin, eta euroa hain ahul egotea arazo handia dela ia lehengai guztiak kanpotik ekarri behar dituen ekonomia batentzat. «Enpresen %76rentzat lehengaien eta energiaren prezioa da buruhauste nagusia», zehaztu du. Era berean, baina, nabarmendu du desoreka hori aproposa dela esportazioak bultzatzeko.
Corresek ez du jarraituko
Jose Angel Corresek Ganberako presidente izateari utziko dio urrian. 2010az geroztik dago karguan, eta baieztatu du ez dela aurkeztuko hurrengo hautatze prozesura. 63 urte ditu, ekonomialaria da, aurretik Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea izan zen, eta Athleticen eta Euskaltelen zuzendaritza organoetan egondakoa da. Kargurako hauteskundeak urriaren 20an egingo dira.
Atzo goizean jakinarazi zituzten erreferendumaren emaitzak: bozkatzera deituta zeuden ia 5.000 langiletik 2.601 langilek egin zuten akordioaren alde; 1.939k, aldiz, aurka. Hamalau izan ziren boto zuriak. Lantegiko sailen arabera, ordea, ezberdina izan zen emaitza. Muntatzeaz eta pinturaz arduratzen diren beharginen artean ezezkoa nagusitu zen, eta baiezkoa, aldiz, bulegoetan eta bozketa telematikoan, alde handiz gainera.
Itunak Gasteizko plantan lan egiten duten ia 5.000 langileei eragingo die zuzenean, baina zeharka baita haren hornitzaile diren enpresetako beste 30.000 behargini ere. Mercedes, Euskal Herriko fabrikarik handiena izateaz gain —EAEko BPGaren %5 suposatzen du—, Arabako industriaren motorra ere badelako. Hori horrela, igandeko gaueko lan txanda onartu ez izanak, esaterako, lan erritmoetan eragingo die; eta, soldata igoerak KPIari lotu ez izanak ere beren enpresako negoziazioak baldintzatuko dizkie. Hori bera azpimarratu zuten, hain zuzen ere, akordioaren aldeko sindikatuek nahiz agintari politikoek eta erakundeetako ordezkariek, emaitzen berri izan zutenean.
Erabaki «historikoa»
Hain zuzen ere, UGTk azpimarratu zuen akordioak «egonkortasuna» bermatuko duela, bai Mercedesen, baita Gasteizko eta Arabako beste enpresetan ere. Iñaki Andresen hitzetan, «albiste ona» da langileek azken egunetako gertakarien inguruan «hausnartu» eta mahai gainean zuten proposamenaren garrantzia aitortu izana. «Akordioa ona da guztiontzat, eta hala ulertu dute langileek ere».
CCOOren ustez ere erabakia «historikoa» da. «Ezinbestekoa zen lantegiaren etorkizuna bermatu ahal izateko, bere historiako inbertsiorik handiena ekarriko baitio, eta, batez ere, langileen baldintzak hobetuko ditu», adierazi zuen sindikatuak, ohar bidez. Eta nabarmendu zuen hurrengo pausoa hitzarmena «gardentasunez» idaztea izango dela.
Zuzendaritzak ere nabarmendu zuen akordioari oniritzia emanda lantegiak «etorkizun itxaropentsua» izateko apustua berretsi duela. Emilio Titos zuzendariak langileei igorri zien ohar baten bidez adierazi zuen «etorkizuna egituratzea» dagokiola enpresari orain: «Gure indarguneetatik eta elkarrekin egingo dugu».
Pozik agertu ziren emaitzarekin Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia ere, eta azpimarratu zuten itunak hiriaren eta lurraldearen ehun ekonomikoari egonkortasuna emango diola. Bat egin zuten interpretazio horrekin SEA patronalak eta Eusko Jaurlaritzak ere. Bingen Zupiria gobernu bozeramaileak adierazi zuen, halere, «erronka» orain multinazionala «konbentzitzea» dela inbertsio plana baieztatzeko.
Gazi-gozo ELA, LAB eta ESK
Ezezko botoa eskatu zuten sindikatuek balorazio gazi-gozoa egin zuten. ELAk, LABek eta ESK-k kritikatu zuten«bermeak» falta izan zirela erreferendumean, eta enpresak presio egin ziela langileei beldurra sortuz. Edonola ere, «pozik eta harro» agertu ziren langileek borrokarako erakutsitako jarrerarekin, eta adierazi zuten «inflexio puntua» eragin duela lantegiaren mugimendu sindikalean. Hain zuzen ere, bulegoetan ez bezala, tailerretako langile gehienak akordioaren aurka azaldu izanak erakusten du, sindikatuen ustez, ez dela nahikoa izan seigarren txanda kentzea eta soldatak igotzea, langileek merezi dutelako «enpresak dituen irabazien parte proportzionala, beren ahaleginarekin sortzen dutena». Hau da, soldatak gutxienez KPIaren pare igotzea.
Datozen egunetan sinatuko dute hitzarmen berria, eta urte eta erdi iraun duen negoziazioari azken puntua jarriko dio hala. Tarte horretan, 38 bilera izan dituzte zuzendaritzak eta langile batzordeak, eta grebak bederatzi egunez eten du ekoizpena.
Urte arteko tasan, hazkundea handia izan da (%4,3), baina kontuan hartu behar da iazko bigarren hiruhilekoan oraindik nabariak zirela koronabirusaren hirugarren eta laugarren olatuen eraginak. Horiek horrela, aurten hazkunde handiagoa espero zitekeen. Gainera, ez da oso egokia aurreko urteko bigarren hiruhilekoko emaitzak aurtengoekin alderatzea: pandemiaren okerrena pasatuta, BPGa %18,6 hazi zen orduan. Gogoratu behar da urtebete lehenago, 2020ko bigarren hiruhilekoan, gertatu zela itxialdi handia, eta orduan %19,9 jaitsi zela BPGa.
Aurtengo bigarren hiruhilekoko emaitzak ez du inor ezustean harrapatu. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak martxoan aurreratu zuen bigarren hiruhilekoko bilakaera ekonomikoari buruz zuen informazioak ez zuela erakusten hazkunde erritmoa handituko zenik, baina ezta nabarmen eteten ari zenik ere. Urte amaierara begira, BPGa %4,5 handituko dela iragarri zuen Azpiazuk, munduko ekonomia zeharo baldintzatu duten azken gertakari geopolitikoen aurretik zioen baino 2,2 puntu gutxiago.
Industria eta esportazioak
Eustatek astearte honetan jakinarazitako datuak aurrerapen bat dira; datorren irailean emango du informazio zehatza, eta orduan ikusi ahal izango da sektore bakoitzaren pisua. Berriki jakinarazi diren esportazio eta industria datuei erreparatuz gero, pentsatzekoa da horiek eutsi diotela hazkundeari.
Esportazioetan, eta maiatzera arte behintzat, ikusgarria izan da bilakaera; %29,6ko hazkundea izan da, Eustatek herenegun emandako datuen arabera. Maiatzean, gainera, markak guztiak apurtu ziren: %50 handitu ziren fakturazioak. Bereziki olio finduen eta produktu siderurgikoen salmentek bultzatu dute gorakada.
Industriaren kasuan, oro har, %27,1 hazi dira fakturazioak urtarriletik maiatzera arte, eta maiatza urteko hilabeterik onena izan da, iaz baino %41,3 gehiago, INEk atzo jakinarazi zuenez. Zerbitzuen sektorean apalagoa izan da bilakaera: %19,4ko hazkundea lehen bost hilabeteetan.
Bolada on horrek enpleguan eragin nabaria izan du: %0,8 igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta seigarren hiruhilekoa da jarraian enpleguak gora egiten duena. Bestalde, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, %3,7 txikitu da langabezia.