Gasaren prezioa berriz ere marka guztiak hausten ari da…
Horren ondorio zuzenetako bat argindar merkatuetan antzematen da, eta Europako herrialdeetan inoiz ikusi gabeko salneurrietara iristen ari da megawatt-ordua: gaur Alemanian 624 euro balioko du; Frantzian, 645 euro; Italian, 637 euro… Herrialde nordikoetan ere megawatt-ordua 400 eurotara hurbiltzen ari da. Europako Batasunetik kanpo, Erresuma Batuan ere garesti dago argindarra handizkako merkatuan: 640 euro megawatt-ordua.
Prezio horien azpitik dago, oraingoz, Iberiar penintsulako argindar merkatua. Gaur, esaterako, batez beste 436,25 euro ordainduko da megawatt-ordua. Horrek esan nahi du bezperatik %20 garestitu dela argindarra, herenegun %34ko prezio igoera izan ostean.
Berez, 186,95 euro dira enkantean gaurko egunerako ezarritako prezioa Espainian eta Portugalen, baina horri gehitu behar zaio gasaren mugarengatik ziklo konbinatuko zentralei ordaindu beharreko konpentsazioa. Haren zenbatekoa aldatu egiten da, sistemak zentral horietatik behar duen argindar bolumenaren eta gasaren prezioaren arabera. Gaurko egunerako konpentsazioa 249,3 eurokoa da megawatt-ordua; handiena ekainean neurria indarrean ezarri zenetik.
Konpentsazio hori, doikuntza hori, kontsumitzaileek ordaintzen dute, tarifa arautua dutenek eta merkatu librean egonagatik ere tarifa handizkako preziora indexatuta dutenek.
Kontsumitzaile horiek dira Iberiar salbuespenetik onura dutenak, eta oraindik ere hobaria jasotzen dute, gas garestiak argindar merkatuan sortzen zuen distortsioa mugatzeko neurritik: OMIE ren arabera, gasaren mugarik gabe, argindarra 66 euro garestiago egongo litzateke gaur.
Espainian eta Portugalen gasaren prezioaren mugarekin argindarraren prezioak Europakoen azpitik jarraitu arren, jada itzuli dira Ukrainako gerra hasi zeneko prezioetara.
Europak gasarekin duen amesgaiztoa dago oinarrian. Gazpromek Nord Stream 1 hiru egunez itxiko duela iragarri izanak zalantzak areagotu ditu Alemania gai izango den erreserba helburuak betetzeko. Horri gehitu behar zaio lehortea mugatzen ari dela energia hidroelektrikoa, gasaren beharra areagotuz.
Bateko eta besteko, gero eta zantzu gehiago dago energia garestia hasia dela Europako ekoizpen ekonomikoa gelditzen. Galdategiak, ongarri lantegiak… Lantegien geldialdi iragarpenak ugaltzen ari dira, eta analistek gero eta ziurrago dute euroguneko ekonomia atzeraldian sartzear dagoela.