Arabako Mahastiak zigilua irailerako espero dute, eta epeak asko…
Hamabost bat upategi
Uztailaren hasieran, Arabako Mahastiak sor-marka erabiltzen hasteko eskaera jaso zuen Eusko Jaurlaritzak. Duela hiru hilabete, Espainiako Gobernuak —derrigorrezko postari lana eginda— jatorri izen berriaren espedientea entregatu zuen Bruselan, eta orduan Gasteizek baieztatu zuen oniritzia emango ziola behin-behineko eskaerari. Eskatzaileek Jaurlaritzari bidali dioten dokumentuan ez da zehazten zenbat upategik erabili nahi duten marka berria, baina BERRIAk jakin du hamabost bat upeltegi txiki daudela prest Logroñok gobernatzen duen jatorri izenaren kontseilutik ateratzeko. ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko batzuk dira sor-marka berrira aldatzeko prest daudenak, baina Bruselatik azken oniritzia iritsi arte ez da jakingo zehazki zenbatek egingo duten azken urratsa Errioxako zigiluaren aterkia eta, aldi berean, zama uzteko.
Errioxako upategi handiek beren neurrira gidatzen dute jatorri izenaren kontseilua, Logroñoko Gobernuarekin eskuz esku, eta «ahal den guztia» egiten ari da Arabako Mahastiak jatorri izena oztopatzeko. Espainiako Gobernuak berriki Bruselara igorri duen sor-marka berriaren eskaeran, haren aurka azaldu da sutsuki.