EBZk %2,5era igo ditu interes tasak, eta igoera gehiago…
Baina mailegu bat eskatu behar dutenek edo hipoteka berritu behar dutenek ez dute pozik egoteko arrazoirik, EBZk nabarmendu baitu hurrengo bileretan ere interes tasak igo egingo dituela, «nabarmen eta etengabe». Garbi geratu ez zaionarentzat, Christine Lagarde EBZko presidenteak behin eta berriro errepikatu du formula hori bere agerraldian, eta gehiago ere esan du: igoerak 0,50ekoak izatea da oraingoz banku zentralaren asmoa. «Baina datuek baldintzatuko dute», gaineratu du.
Onartu du ez dela aho batez hartutako erabakia izan, bankuko belatzek 0,75 puntuko igoerarekin jarraitzeko eskatzen zutelako. «Norabidean adostasuna orokorra da, baina denek ez dute bat egin taktikan».
Lagardek ziurtatu du «luzea» izango dela inflazioaren aurkako borroka, eta tasak igoko dituztela «maila murriztaile» batera iritsi arte. Orain tasak igota, eskaria apaldu nahi du banku zentralak, horrek atzeraldia ekar dezakeen arren, argudiatu duenez hori delako biderik onena etorkizunean berriro inflazio handia ez izateko.
Atzeraldi hori etorriko da, baina Lagardek azaldu du «laburra eta apala» izango dela. Berez, banku zentraleko ekonomistek uste dute eurogunea atzeraldian dagoela, 2022ko azken hiruhilekorako %0,2ko uzkurtzea iragarri dutelako beren aurreikuspen berrituetan. 2023ko lehen hiruhilekoan jarraitzekoa da atzeraldia (-%0,1), baina gero suspertze txiki bat izango dela uste dute, eta 2023ko urtea %0,5eko hazkundearekin amaituko duela. Datu hobeak iragarri dituzte hurrengo urteetarako:%1,9 2024an, eta %1,8, berriz, 2025ean.
%6,3ko inflazioa 2023an
Baina, aurreko urteetan ez bezala, EBZk argi utzi nahi izan du bere kezka nagusia inflazioa dela, eta horri buruzko iragarpen beltzak egin ditu, «eztabaidagarriak», Vitor Constancio hainbat urtez bankuko lehendakariorde izandakoak aipatu duenez.
EBZk aitortu du inflazio handiak hasieran uste zuten baino gehiago iraungo duela. Aurten, batez beste, %8,4ko inflazioa izango du euroguneak, eta %6,3ra jaistekoa da datorren urtean. Jaitsiera horrek jarraitu egin beharko luke 2024. urtean (%3,4), eta 2025ean hurbilduko da banku zentralak gogoko duen mailara (%2,3).
Interes tasak orain 0,5 puntu eta ez 0,75 puntu igotzearen arrazoien artean dago inflazioak eurogunean goia jo duen lehen zantzuak agertzen ari direla. Urrian, %10,6ra iritsi zen, baina Eurostaten datu aurreratuak dio azaroan %10era jaitsi zela. Abenduan ere pixka bat apaltzea espero du EBZk, baina gero gora egitea urtarrilean eta otsailean.
Euskal Herrian aurretik jo zuen goia, eta aurretik hasi zen beherakada. Hego Euskal Herrian, uztailean %10,7ra iritsi zen urte arteko prezio igoera, baina, orduz geroztik, apaldu egin da, eta azaroan %6,7koa zen urte arteko inflazioa. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina han ere ez da urrun ibiliko, Frantziak %6,2ko inflazioa izan baitu azken urtean, Inseek atzo azaldu zuenez.
Zor programa
Atzoko bileraren beste erabakia EBZk azken urteetan ekonomia sustatzeko pilatu duen zor publikoari eta pribatuari buruzkoa da. Bost bilioi euro ditu kutxetan banku zentralak, eta pisu hori arintzen hasi da. Inoiz halakorik ez duela egin onartuta, zuhur jokatu du: EBZk erabaki du APP zorra erosteko programaren bitartez erositako zor guztia berriro ez inbertitzea bonuak epemugara iristen direnean. 2023ko martxotik hasita, hilero 15.000 milioi euro kenduz hasiko du prozesua, eta hurrengo bileretan erabakiko du erritmo horri eusten ote dion.
Tentuz jokatu behar du EBZk gai horretan. Orain arte euroguneko kideek beren zorraren truke ordaindu beharreko kopuruak ez dira asko igo. Baina kezka badago, batez ere Italiari begirakoa, zor oso handiak baititu. Gaur-gaurkoz, Italiako zorra ia %4ko interesa ordaintzen ari da bigarren merkatuan; Espainiarena, berriz, %3tik gertu da, eta Frantziakoa, %2,5 inguruan.