Frantziako sindikatuek urtarrilaren 31n emango diote segida protestari
Sindikatuen aspaldi ikusi gabeko batasunak isla izan zuen atzoko protesta egunean. Manifestazio jendetsuak izan ziren Frantziako hiri gehienetan; bi milioitik gora lagun manifestatu zirela esan zuten sindikatuek, eta kopurua 1,12 milioira murriztu zuen Poliziak. Bata zein bestea izan, jende asko izan zela onartu zuen Olivier Dussopt Lan ministroak: «Bagenekien mobilizazioa garrantzitsua izango zela, erretreta gai berezia delako».
Manifestari gehien Parisen bildu zen, 400.000 lagun, CGTren arabera. Han izan ziren Frantziako sindikatu nagusietako buruak, pozik mobilizazioak izandako erantzun zabalarekin. «Inkestetan irakurtzen dugunaren isla izan da mobilizazioa; hau da, herri honetako herritar gehienak erreformaren aurka daude», aldarrikatu zuen Phillippe Martinez CGTko idazkari nagusiak.
«Erakunde guztiak hemen gaude. Horrek erakusten du jendea sumindua dela», esan zuen Gaelle Martinez Solidaires sindikatuko idazkariak. «Erretiro ona nahi dugu, ez dugu erretretara hautsita iritsi nahi, nekatuta», Laurent Escure UNSAko buruak.
Manifestazioa, oro har, baketsua izan zen, baina izan ziren istilu txiki batzuk ere. Poliziak 38 lagun atxilotu zituen, arma zuriak eramateagatik eta txikizioak egiteagatik.
Ezkerreko alderdietako ordezkariek ere parte hartu zuten mobilizazioetan. Ez, ordea, eskuin muturreko RN Batasun Nazionaleko buruak, haiek ere erreformaren aurka izan arren.
Macron, irmo
Egun bakarreko protestak ez du Emmanuel Macron Frantziako presidentea gibelaraziko. Bartzelonan zela, amore emateko asmorik ez zuen azaldu Frantziako Errepublikako presidenteak. «Gobernuak erreformarekin jarraituko du, errespetuz, elkarrizketarako asmoarekin, baina irmotasunez eta ardura erakutsiz».
Protesten «legitimotasuna» onartuta ere, erreformaren izaera «demokratikoa» aldarrikatu du presidenteak, erretretaren adina gibelatzeko asmoa zuela iragarri baitzuen presidentetza hauteskundeetako kanpainan. «Gauzak esan egin behar dira hautaketa demokratikoak egiten direnean. Eta presidentetza hauteskundeetan eta legebiltzarrerakoetan gauzak oso argi esan ziren». Gobernuak bere erreforma aurkeztu aurretik sindikatuekin eta patronalekin negoziatu duela gaineratu du, eta orain diputatuen eta senatarien txanda da «proiektua aberasteko».