«Oso gogorra izan da prozesua, baina harro gaude»
Han zeuden guztiak sindikatuaren areto txiki batean sartu ziren, Amaia Pintado ELAko ordezkariak langileei akordioaren xehetasunak emateko. Hitzaldiak eduki informatiboa izan zuen, baina baita emotiboa ere. Pintadok garbi utzi zien langileei hitzarmena haien lanari esker lortu dela, eta hala baieztatu zuen Mamen Irastorza langileak: «Oso gogorra izan da prozesua, baina harro gaude; itxaropen handia dugu orain. Nahiz eta topiko bat izan, bat eginda indartsuagoak gara, eta gure helburua lortu dugu».
Xanpaina edatera joan aurretik, ospakizun eta txantxa moduan, sari batzuk banatu zizkieten grebalari batzuei: urrezko danborra, bozgorailua eta beste pare bat sari. Izan ere, aitortza egin nahi izan zioten azken asteetako mobilizazioetan langileek erakutsitako «indarrari eta adoreari». Hain zuzen ere, borrokarako ahalmen hori goratu zuen Aintzane Vazquez jantzi denden sektoreko langileak. Haren ustez, atzo amaitu zen greba aurrekari garrantzitsua izan daiteke etorkizuneko lan gatazketarako. Izan ere, azken asteetan «une onak eta txarrak» izan dituzte, langile batzuek greba egiteari utzi baitiote tarteka. «Sinatzen badugu, bihar lan egingo dugu», oihukatu zuten grebalariek mobilizazioetan, eta gaur lanera itzuliko dira, lan baldintza hobeagoekin.