Kantabriako eta Asturiasko tuneletan sartzen ez diren trenak ekoiztea…
Kantabriako eta Asturiasko tuneletan sartzen ez diren trenak eraikitzea eskatu zion Renfek CAFi
Zerbitzuak eta emakumeak
Urte hasierak txarrak izan ohi dira enpleguarentzat, Eguberriei begira sortzen diren lanpostu asko, bereziki merkataritzakoak eta ostalaritzakoak, deuseztatu egiten direlako, eta hala gertatu da aurten ere. 2.883 lanpostu galdu dira sektore horretan; beste guztietan, aldiz, sortu dira, igoerak apalak izan diren arren: industrian 341 langabe gutxiago daude; eraikuntzan, 96; eta nekazaritzan, 20. Normalean, zerbitzuen sektorean galera handiagoa izaten da urtarrilean, baina gogoratu behar da abenduan beste urte batzuetan baino lanpostu gutxiago sortu zirela alor horretan, 109 baino ez. Enplegu galerarik handiena sektore horretan gertatu izanak emakumeei eragin die gehien. Langabe berrien %98,7 emakumeak dira.
Araba okerren
Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan handitu da langabezia, baina Araban bereziki: 863 pertsona gehiago daude. Bizkaian, 796k eman dute izena Lanbiden, eta Gipuzkoan, 448k. Nafarroako Lansarek 388 gehiago zenbatu ditu. Iazko urtarrileko datuekin alderatuta ere Arabak ditu emaitzarik okerrenak. Lurralde horretan soilik handitu da langabeen kopurua iaztik: 327 pertsona gehiago daude. Beste guztietan gutxitu egin da. Bizkaian, 2.388 lagunek aurkitu dute lana iazko urtarriletik, eta Gipuzkoan, 978k. Nafarroan, halaber, 3.858 gehiago daude lanean.
Azken hamar urteetako kopururik txikiena
Inflazio handiak eta horri aurre egiteko azken hilabeteetan banku zentralek interes tasak handitu izanak hoztu egin dute ekonomia, eta horren eragina egindako kontratu berrien kopuruan ere nabaritu da. 79.669 egin dira, iazko urtarrilean baino %22,4 gutxiago. Azken hamar urteetako urtarrilik okerrena izan da, gainera.
Kontratu motari dagokionez, baina, inoizko kontratu mugagabe gehien egin den urtarrila izan da. Aurreko urteko hil berean egindakoak halako bi dira. Hein handi batean hori gertatu da iaz indarrean sartu zen lan erreformaren eraginagatik, eta azken urtean errepikatu den joera bat da. Hala, gaur egun egindako lau kontratutatik bat (%26) da mota horretakoa.
Dena den, lan erreformaren aurka azaldu direnek zalantzan jartzen dute kontratu mugagabe horietako askoren benetako izaera. ELA sindikatuak aste honetan aurkeztutako azterketa baten arabera, kontratu finkoen erdiak baizik ez dira jardunaldi osokoak, eta horietako askotan langileak bota egiten dituzte sei hilabeteko probaldia amaitu ondoren.
Galera, baina eusten
Ekonomiaren geldotzeak Gizarte Segurantzako afiliazioetan ere izan du eragina. Abenduan baino 12.237 gutxiago daude Hego Euskal Herrian. Hala ere, langabeziaren datuekin gertatzen den moduan, aurreko urteko urtarrilean baino 15.035 gehiago daude, eta afiliatuen kopurua inoizko handienetakoa da oraindik ere: 1,28 milioi.
Gainera, beste urtarril batzuekin konparatuta, afiliatuen kopuruan egon den galera oso antzekoa izan da urte hasiera honetan. Ohikoa izaten da 10.000-13.000 afiliatu ingururen galera egotea urtarrilean eta hurrengo hilabeteetan berreskuratzea. Orain, ikusteko dago zer bilakaera izango duen datozen hilabeteetan, egoera ekonomikoaren susperraldia ez baita uda arte espero.
Bere proposamen nagusia estatu laguntzetarako araudia malgutzea da, diru publikoa «errazago eta bizkorrago» erabil ahal izateko klima aldaketaren aurkako borrokarekin bat egiten duten proiektuetan. AEBek han egingo diren makinak eta osagaiak lehenesteko iragarri dituzten diru laguntzek kezka handia sortu dute Bruselan, eta Batzordeak bere plan propioa egitera behartuta ikusi du bere burua. Atzo aurkeztu zituen gakoak, eta Batasuneko gobernuburuek hurrengo ostegunean eztabaidatuko dituzte. Asmoa da uda baino lehen martxan jartzea, baina akordioa ez da erraza izango.
AEBek bezala, estatu laguntzen bidetik jo du Bruselak. EBk, baina, araudi zorrotza du, laguntza horiek herrialdeen eta enpresen arteko lehia libreari kalte egiten diotelakoan. Hori momentu honetan oztopo bat dela uste du Batzordeak, eta prest agertu da salbuespen bat egiteko. «Europako lehiakortasuna ezin da estatuko laguntzetan oinarritu. Baina laguntzak beharrezkoak izan daitezke gure helburua lortzeko», adierazi zuen atzo Margrethe Vestager Lehiaren komisarioak.
Ez litzateke Bruselak estatu laguntzen araudia leuntzen duen lehenengo aldia izango. Hala egin zuen Ukrainako gerra hasi zenean. Energiaren prezioen igoerari aurre egiteko diru laguntza publiko handiak baimendu zituen, eta horretaz baliatu dira gihar ekonomikorik handiena duten estatuak beren enpresa energetikoak babesteko, Alemania eta Frantzia bereziki. Salbuespen hori urte amaieran amaituko da, eta Batzordearen asmoa litzateke epe hori gutxienez 2025era arte luzatzea, plan berriari bide emateko.
Finantzaketa, gakoa
Europako Batasunean eztabaida handien iturri izaten da estatu laguntzen gaia, gobernu guztiek ez dutelako gaitasun bera beren enpresak laguntzeko eta horrek desorekak sor ditzakeelako herrialdeen artean. Hori saihesteko, COVID-19aren pandemiarekin EBk Next Generation funtsa sortu zuen, eta orain antzera jokatu nahi du Batzordeak. «Europako merkatu bakarren zatiketa saihestu nahi dugu», adierazi zuen Ursula von der Leyen presidenteak.
Hala, proposatu du estatuek beren baliabide propioak erabili beharrean Europako Batasunak dagoeneko onartu dituen funtsetakoak egokitzea eta erabiltzea, horien bidez zerga salbuespenak eta «beste laguntza mota batzuk» finantzatu ditzaten. Bereziki RepowerEU trantsizio energetikoaren plan estrategikokoak erabili nahi ditu Batzordeak —guztira 225.000 milioi euro mailegutan— .
Diru kopuru hori, baina, motz geratuko litzateke AEBek eta Txinak iragarri dituzten laguntzen aldean. «Daukagunarekin lan egin behar dugu», nabarmendu zuen Von der Leyenek, baina ez zuen baztertu «epe ertainean» beste funts bat sortzea. Hala ere, Batzordearen proposamenak ez du argi zehazten funts hori nola finantzatuko litzatekeen, eta egitasmoan EBko aurrekontuen bitartez egitea iradokitzen den arren, Alemaniak eta beste herrialde batzuek dagoeneko ohartarazi dute ez dutela halakorik babestuko.
Lehengai kritikoak
Eta zertan erabiliko da diru hori? Komunikabideen aurrean egindako aurkezpenean, Von der Leyenek sei inbertsio eremu zehaztu zituen: bateriak, eguzki panelak, turbina eolikoak, bero ponpak, karbonoa biltegiratzeko teknologiak, eta ekipo horiek ekoizteko beharrezkoak diren lehengai kritikoen merkatua.
Planak, halaber, 2030era begirako produkzio helburuak finkatu nahi ditu, eta arauak sinplifikatu nahi ditu, gobernuek baimenak azkarrago emateko. Horrez gain, teknologia jakin batzuetarako Europako estandarrak garatu nahi ditu, bertan ekoitzitakoak babesteko, lehiakorragoak izateko eta kanpokoak baldintzatzeko. «Gure zero emisio industria sortzeko eta babesteko esparru egokia izan behar dugu, azkarragoa, sinpleagoa eta aurreikusteko modukoa», esan zuen Von der Leyenek.
Teknologia horiek ekoizteko lehengaietan ere arreta berezia jarri du Batzordeak. Hirugarren herrialdeekiko mendekotasuna gutxitu nahi du, batez ere Txinarekiko. Hornidura kateetan egon daitezkeen arazoak saihesteko, merkatu hori dibertsifikatu nahi du, merkataritza akordio berriak sinatuz edo dituenak berretsiz, besteak beste, Australiarekin, Zeelanda Berriarekin, Indiarekin, Indonesiarekin, Txilerekin eta Mexikorekin.
Amaitu da urtebetetik gorako negoziazio maratoia, eta, ondo bidean, hiru urterako bake soziala bermatu beharko luke Bizkaiko metalgintzan. Euskal Herrian langile kopuru handienari eragiten dion lan ituna da —56.000 ingururi—, eta lurraldeko enpresa handi askotako lan harremanen oinarria da. Akordioa 11 greba egunen eta hogeitik gora bileraren emaitza izan da, eta gehiengoa osatzen duten sindikatuak asebete ditu. Akordioak babes zabala izan du, hiru sindikatuek iragarri baitute eginiko «batzar guztietan» jaso duela baiezkoa.
Lau urterako akordioa da, iaztik hasita. Alegia, 2025eko abenduaren 31n amaituko da. %6,5eko soldata eguneraketa adostu dute iazko urterako; %4koa aurtengorako; %2koa 2024rako, eta %2,5ekoa 2025erako. Guztira, %15eko igoera da. Dena den, 2025a amaitzean KPIaren igoera handiagoa izan bada, haren araberako eguneraketa egingo da 2026ko urtarrilean. Soldata tauletan egingo den eguneraketa bat da. Azken puntu hori da ELAk egin duen kritiketako bat, haren iritziko ez baita islatuko lantoki askotako soldata errealetan.
Gutxieneko soldata bermeari dagokionez, aurreko ituneko baldintza berei eutsiko die, baina haren xehetasunak zehazteko eta idazteko denbora eskatu dute bi aldeek. Subrogazio eskubidea zabaldu egin da, eta, aurrerantzean, telefono eta telekomunikazio sareetako azpikontratek ere izango dute. Itunean ez da ageri inolako mugarik aldi baterako enpresen erabilerari dagokionez. Negoziazioko azken bileretan, sindikatuek eskatu zuten haien erabilera sei hilabetera mugatzeko, postu edo langile bakoitzeko. Azkenean ez dute lortu.
ELA, bestalde, kritikoa izan da lan hitzarmenarekin eta Jaurlaritzak izandako rolarekin. Eskaintza «eskasa» dela uste du, eta ez du ulertu beste sindikatuen jarrera: «Orain dela bi hilabete zeuden eduki ia berak daude oraingo eskaintzan. Orduan, CCOOk, LABek eta UGTk grebaren alde egin zuten, eta, orain, sinatzea defendatzen dute. Edukiak ez dira aldatu: antzezpena da aldatu den elementu bakarra, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza dela medio». ELAren ustez, Jaurlaritza ez da neutrala izan, negoziazio osoan patronalaren alde egin duelako, eta horren adibide da Ertzaintzak izan duen jarrera.
Sindikatuek ez ezik, FVEMek ere berretsi behar zuen akordioa bazkideen artean. Goizean egin zuen bilera, eta baiezkoa eman zuten. Enpresek eginiko «ahalegin handia» nabarmendu du patronalak, eta, hitzarmen berriarekin, bermatutzat jo du sektoreak behar duen «egonkortasuna».
Gipuzkoa falta da
Bizkaikoa sinatuta, lurraldeko hiru lan hitzarmen berrituta daude metalgintzan. Arabakoa eta Nafarroakoa iaz berritu ziren, lau eta hiru urterako; 2025era eta 2024ra arte, hurrenez hurren. Araban CCOOk, UGTk eta LABek babestu zuten. Nafarroan, baina, CCOOk eta UGTk bakarrik. Horrenbestez, egun Gipuzkoakoa da sinatzeke dagoen bakarra. Iragan abenduan iraungi zen aurrekoa, eta negoziazioak hasi baino ez dira egin. Gipuzkoako metalgintzan ELAk (%47,7) eta LABek (%35,7) dute ordezkaritzarik handiena.
Espainiako Gobernuak azaldu zuen azken igoerarekin SMIa batez besteko soldata gordinaren %60koa izango dela; ELAk, baina, gogoratu du Hego Euskal Herrian batez besteko soldata handiagoa dela, eta ondorioz SMIak ere handiagoa beharko lukeela. Horregatik, esan du lan harremanak arautzeko akordioak tokian tokiko errealitatearen arabera negoziatu beharko liratekeela. LABek ere bat egin du horrekin.
%8ko igoera KPIaren batez bestekoa (%5,6) baino handiagoa izan da, baina ELAk nabarmendu du gutxieneko soldata irabazten duten langileek erosahalmena galdu dutela, azken bi urteak kontuan hartuz gero: «SMIa %11,6 handitu da; KPIa, ordea, %12,2, beraz %0,6 pobretu dira», zehaztu du. Gai berean, gogoratu du Unidas Podemos oposizioan zegoenean %22ko igoera adostu zuela Espainiako Gobernuarekin, eta oraindik urrun dagoela datu horietatik.
LABek ere kalkuluak egin ditu, eta, haren datuen arabera, Hego Euskal Herriko gutxieneko soldatak 1.400 eurokoa izan beharko luke Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen ratiora (%60) iristeko. Hori lortzeko biderik azkarrena «akordio intersektoriala» litzakeela uste du, eta Jaurlaritzaren ardura dela patronala interpelatzea. Era berean, sindikatu abertzaleak nabarmendu du soldatei buruzko erabakiez gain erakundeek zerga politika berria bultzatu behar dutela. Alderatzen jarrita, SMIa Ipar Euskal Herriko SMICa baino apalagoa da: 1.709 euroko hamabi ordainketa dira —1.465 euroko hamalau—.
Gutxieneko soldataren igoerak Hego Euskal Herriko 74.500 langileri eragingo die. Espainiako Gobernuak CCOOrekin eta UGTrekin adostu zuen kopurua, eta, bi sindikatu horiek hasieran 1.100 euro eskatzen bazituzten ere, azkenean akordioa txalotu zuten. CEOE patronaleko ordezkariak, aldiz, kritiko mintzatu ziren, uste baitute haien iritzia ez dela kontuan hartu. Igoera otsailaren 14an onartuko da, eta atzerako eraginez aplikatuko da urtarrilean.