Erreserba Federalak aho batez erabaki du interes-tasak beste 0,25…
Erreserba Federalak aho batez erabaki du interes-tasak beste 0,25 puntu igotzea
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Senatuan eginiko agerraldi batean eman zuen datua, atzo: «Agerikoa da erosahalmena jaitsi egin dela eta erantzukizunaren parte bat politikarena da, baina bestea enpresa handiena. Ahobizarrik gabe esan behar da hori». Yolanda Diaz Lan ministroak bilera batera deitu zituen CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiak, eta haren ondoren eman zuten igoeraren berri.
CCOO sindikatuaren ikerketa baten arabera, SMIaren igoerak 74.500 langileri eragingo die Hego Euskal Herrian. Zehaztu behar da lanaldi osoan dauden langileei aplikatu beharreko gutxieneko ordaina dela, eta lanaldi partziala dutenei lanaldiaren iraupenaren arabera murrizten zaiela. ELAren arabera, iaz 52.000 ziren SMIa irabazten zuten Hego Euskal Herriko langileak. Eguneratzearen bitartez, onuradunak asko handitu dira (%43), hein handi batean urteetan izozturik egon diren hainbat lan itunetako soldata handituko baitu.
Espainiako Gobernuak sindikatu eta enpresarien oniritzia nahi zuen SMIa igotzeko, nahiz eta horretara derrigortuta ez egon. Hala ere, igoera gertuago dago sindikatuek eskatzen zutenetik (1.100 euro), patronalen nahietatik baino (1.040 euro). Iazko abenduan, gobernuak SMIaren igoerari buruzko txosten bat eskatu zion hainbat unibertsitate irakaslez eta abokatuz osaturiko aditu talde bati, eta haiek %4,6tik %8,2ra arteko igoera bat iradoki zioten.
Negoziazio luze baten eguna izan zen atzokoa Madrilen. Goizetik, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia eta UGTkoa Joaquin Perez Rey Enplegu idazkariarekin bildu ziren, baina ez zuten akordiorik lortu. Haren ondoren, Diaz bera jarri zen haiekin harremanetan, eta bazkalosterako deitu zituen. CEOE patronala, berriz, ez zen ez batera ez bestera joan. Antonio Garamendi presidentea oso kritiko mintzatu zen, haren ustez bileran ez zelako hitz egin behar arlo publikoko lizitazioen eta nekazaritza sektoreko kontratuen inguruan. «Hala izango bada, zifra zein den esan diezagutela, eta kito!», kexatu zen.
Hegoaldeko gutxieneko soldata %57 igo da 2017az geroztik. Garai hartan, 707 eurokoa zen. Soldata handitzea iradoki zuen aditu taldearen arabera, eguneratze berriarekin, SMIa Espainiako batez besteko soldata garbiaren %60 izatea lortuko da. Diazek datu hori nabarmendu zuen sare sozialetan. Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen batezbestekoa da.
Espainiako sindikatuek begi onez hartu zuten eguneraketa, eta CCOOko eta UGTko idazkari nagusiek nabarmendu zuten pauso «oso garrantzitsua» dela. Sordok familia askotan izango duen eragina izan zuen hizpide: «Jendearen bizitza hobetuko du erabaki honek. Soldata igoera kontsumora doa zuzenean, Espainiako familia zaurgarrienen oinarrizko gastuak estaltzera». Alvarez UGTkoak, berriz, azaldu zuen Espainian 2,5 milioi langileri eragingo diela igoera: «Diru hau gutxien irabazten duten langileen zainetara doa».
Enpresariei deia
SMI berriak, ondo bidean, urte osorako beharko luke; sindikatuek, baina, ez zioten atea itxi ekain amaieran berrikusteari. Horrek, ondo bidean, KPIak duen bilakaeraren araberakoa izan beharko luke. Era berean, CEOEri dei egin zioten negoziazio mahaira itzultzeko, eta ez zuten ezkutatu patronalarekiko harremanak «kaltetuak» daudela.
Langile autonomoen elkarteei dagokienez, Espainian nagusi diren biek balorazio ezberdina egin zuten: UPTArentzat mesedegarria izango da; ATArentzat, aldiz, kaltegarria.
«Lanera joan eta dirua galtzeko, hobe dugu etxean gelditu»
Mercabilbaoko sarreren kontrola kudeatzen duen ALSE enpresako langilea da Jose. Gutxieneko soldata irabazten du. Igoeraren inguruan galdetuta, esan du aldaketak ez diela «arazorik konponduko» ez berari, ezta bere lankideei ere. «SMIa handitu duten heinean, enpresak zenbait gainsari kendu dizkigu, hala nola gaueko lanaren, garraioaren, jantzien eta antzinakotasunaren plusa. Eta erdira murriztu dituzte Eguberrietan eta jaiegunetan lan egiteagatik ematen dizkigutenak», azaldu du. Are, salatu du lankide askok 80 kilometro inguru egiten dituztela lanerako joan-etorrian: «Lanera joan eta dirua galtzeko, hobe dugu etxean gelditu».
Horiek hala, haiek ere «erosteko ahalmen handia galdu» dute, bizitzaren garestitzearen ondorioz. Urte hasieran, Espainia mailako hitzarmen berri bat sinatu zuten ALSEk eta sindikatuek. Joseren arabera, «langileen kalterako» izan zen, eta gehitu du ez dela berdin «Cuencako edo Cadizko bizi maila eta hemengoa».
Bilboko Udalaren esku dago Mercabilbao, eta «etekin handiak» izaten ditu urtero. Josek salatu du etekin horiek «langileen kontura» irabazten dituztela, baita «pribatizazioa eta prekarizazioa» sustatzen dutela ere, «mileuristak diren azpikontratekin» egiten baitute lan.
«Bizimodu duina eta erosoa izateko, 1.000 edo 1.100 euro ez dira nahikoa»
Pello LAB sindikatuko ordezkaria da Gureak enpresan. Ez da bere soldatarekin kexu, baina lankide askoren «egoera prekarioa» salatu du. Enplegu zentro berezia da Gureak: elbarritasunen bat duten langile askok egiten dute lan hor. «Desgaitasunen bat duten langile askok osagarri bat jasotzen dute lanbide arteko gutxieneko soldatara iritsi ahal izateko, baina kopuru hori oso txikia da».
Enpresa barruko langileen arteko arrakala azpimarratu du. «Langile horien soldata 780 euro ingurukoa da, baina goi kargudunek 3.000 eta 4.000 euro artean irabazten dute». Are, gehitu du desgaitasunen bat duen langile bat bera ere ez dagoela goiko postuetan.
Igoerak igoera, Pelloren arabera, «bizimodu duin eta erosoa izateko, 1.000 edo 1.100 euro ez dira nahikoa» .
«Soldata handiagoa izango banu, lasaiago ordainduko nuke hipoteka»
Tamarak hamazazpi urte daramatza arropa denden sektorean lanean, Inditex konpainiaren denda batean. Bere lankideen alboan, «zorte oneko» sentitzen da, lanaldi osoa duten gutxi batzuetako bat delako. Hain justu, nabarmendu du sektorean «oso ohikoak» direla aldizkako lanaldiak. «Nire lankide gehienek gutxieneko soldataren bueltan irabazten dute. Nik zertxobait gehiago irabazten dut, baina miseria bat da berdin-berdin».
Goibela da haren abagune ekonomikoa. Inflazioaren gorakadaren eta bizitzaren garestitzearen ondorioz, lehen sarri egiten zituen zenbait gauzari uko egin behar izan die Tamarak: «Orain ez dut ia etxetik kanpo jaten, ez naiz asko irteten, eta bidaiatzeari eta zenbait gauza erosteari utzi behar izan diot. Soldata handiagoa izango banu, gauza horiek guztiak egingo nituzke; lasaiago ordainduko nuke hipoteka, eta familiari lagunduko nioke», azaldu du.
Are, azpimarratu du sektoreko langile gehienak emakumeak direla. Haren ustez, «esanguratsua» da emakumeak gehiengo diren sektoreetan «baldintzak eta soldatak bereziki eskasak izatea».
«Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko, lan osagarriak aurkitu behar izan ditut»
Zerbitzu osagarrietan egiten du lan Rafak, Eulen taldearen azpikontrata batean. Lanaldi osoan egiten du lan, eta gutxieneko soldata irabazten du. Azken bi urteotan, lan osagarriak bilatu behar izan ditu bizitzaren garestitzeari aurre egiteko. «Aldizkako txandak izaten ditut Eulenen, eta, horren arabera, osagarriak izan daitezkeen lanak bilatzen ditut; lau edo bost ordukoak. Hipoteka ordaindu behar dut, baita fakturak ere», esan du.
«Hilean 940 eta 950 euro artean irabazten ditut. Erosketak egin behar dira, eta abiadura handian ari dira igotzen prezio guztiak. Kostuei aurre egiteko, lan osagarriak aurkitu behar izan ditut». Rafaren ustez, igoera oro da «positiboa», baina, unean uneko abagune ekonomikoa kontuan hartuta, ez du uste Espainiako Gobernuak iragarritako igoerak aldaketa handirik ekarriko duenik bere egunerokoan, bizitza asko garestitu baita: «Erosketak egin behar dira, eta fakturak ordaindu. Soldata igo arren, prekarioak prekario izaten jarraituko du», azpimarratu du.
ELAren arabera, dagoeneko bost dira aurten lanean hildakoak; horietako bi, Gipuzkoan. Horiek hala, eraikuntza sektoreko langileek pairatzen dituzten lan baldintza «kaskarrak» salatu ditu sindikatuak. Azpimarratu du lan istripuak ez direla «fenomeno naturalak», enpresaren «etekin ekonomikoak» langilearen lan eta bizi baldintzen aurretik jartzearen ondorio baizik. Adierazi duenez, enpresen «betegabetzeak behar bezala» kontrolatzeko, Osalanen eta lan ikuskaritzen lantaldeak bikoiztu behar lituzkete, «kolapsatuta» baitaude.