Distiraren atzean, zalantza ugari
2020 amaieran, hurrengo belaunaldirako estrategia aurkeztu zuenean VW taldeak, ibilgailu elektrikoen eta autonomoen aldeko apustu irmoa egin zuen. Hiru bateria fabrika eraikitzea aurreikusi zuen hasieratik: lehenengoa, Alemanian; bigarrena, Suedian; eta, azkena, Espainian. Hirugarren hautu hori baldintzatua izan zen, Europako funtsen araberakoa, baina halaxe sartu zituen apustu horren barruan Iruñeko eta Martorellgo Seaten lantokia. Ezin da hiruki hori ahaztu Iruñeko inbertsio historikoa aztertzekoan. Izan ere, Saguntuko fabrika erraldoia egiteak 3.000 milioi euro eskatuko ditu, eta Martorellgoak, beste 3.000 milioi.
Hain zuzen ere, Bartzelonako fabrikak irakaspen latza utzi du. Auto elektriko bakoitza ekoizteko ordu bat gutxiago behar denez, fabrikak kalkulatua du 1.500 lanpostu sobera daudela. Nafarroan ez da halakorik espero, azken urteetan motorrak ez direlako bertan egiten, eta, ondorioz, espero da egungo konbustio autoak egiteko behar den denboraren antzekoa izango dela; alegia, teorian, antzeko lanpostu kopurua beharko da.
Dena den, hori dena ikusteko dago. Orain, zuzendaritzaren eta hautatu berri den langileen batzordearen artean industria proiektuari buruzko xehetasunak negoziatuko dituzte, eta orduan ikusiko da zeintzuk diren VW taldearen asmoak. Erabakitzeko autonomia aldarrikatu nahi du Landabenek: ahalik eta auto gehien ekoitzi, enpleguei eta fabrikatik kanpoko hornidura parkeari eusteko. Kezka dago, iaz ikusi baitzen VW taldeak produkzioaren zati bat Bartzelonara eramatearekin joka dezakeela, hango enplegu galera konpentsatzeko. Susmatzen da, halaber, auto elektrikoari buruzko negoziazio politikoetan PSOEk aldagai hori mahai gainean jarri duela.
Gainera, hiru urte inguru beharko dira fabrika auto elektrikora egokitzeko, eta UGTko Alfredo Moralesek ohartarazi du «basamortuko zeharkaldi luzea» izango dela trantsizio epe hori. Ohiko produkzioa murriztu egingo da, eta horrek ondorioak izango ditu lan arloan. 2026ra onik iristeak ez du derrigorrez esan nahi hortik aurrerako bidea erraza izango denik. Garrantzitsua da Landaben etorkizuneko apustu horretan egotea, baina ikusteko dago baita ere merkatuak nola erantzuten dion apustu horri. Azpiegitura elektrikoak nabarmen azkartu beharko dira, bederen Europa hegoalde honetan, erosleek auto elektrikoak eros ditzaten. Europa iparraldean (Herbehereak, Alemania edo Eskandinavia) egoera bestelakoa da, eta, hain zuzen ere, Iruñeak VW eta Skoda markako auto elektrikoak ekoiztea bada etorkizun ziurgabe horretarako segurtasuneko koltxoi bat —Seaten aldean—.
Azkenik, beste seinale on bat da auto elektrikoetarako bateriak Landabenen muntatzeko pabiloi bat eraikiko dela. Hau da, bateriak ez dira osorik Saguntotik iritsiko. Funtzio hori hartzeak lanpostu batzuk sortuko ditu, baina, gainera, autonomia bat ziurtatzen dio Iruñeari, aurrerago hidrogenoaren aldeko hautu batera egokitu behar izanez gero.