Maiatzerako espero du Jaurlaritzak Madrilekin itundutako tasen dirua
Finantzen Euskal Kontseiluak bilera egin zuen atzo, Gasteizen, joan den urteko zerga bilketaren likidazioa adosteko. Agur kutsua hartu zuen bilerak, legealdiko azkena izango delako udalei eta foru aldundiei dagokienez, eta, beraz, printzipioz, Markel Olanoren eta Unai Rementeriaren azkena. Printzipioz, gerta daitekeelako ezohiko beste bilera bat egin behar izatea Madrilekin itundutako zergen banaketa adostu eta diru horrekin zer egin erabakitzeko. Ez da halakorik espero, dena den.
Atzoko bileran adostu zuten zerga berezien banaketa ohiko koefizienteen arabera banatzea; hots, Jaurlaritzarentzat izango dira jasotako diruaren hamar eurotik ia zazpi, eta gainerakoa aldundien artean banatuko da, bilketan duten pisuaren arabera. EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak azaroan adostu zuten zerga horiek euskal erakundeen esku uztea, eta Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren azken bileran hitzartu zuten kopuru osoaren %6,4 izatea, zehazki.
Ordea, ez dago zehaztuta zertarako erabiliko duten diru hori zehazki. Azpiazuren arabera, erakunde bakoitzak egoki irizten dionerako proiektuak finantzatzeko erabiliko du, baldin eta Madrilek kontrakorik esaten ez badu —orduan egingo lukete ezohiko bilera, hain justu ere—.
Edonola ere, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak gogorarazi zuen etorkizuneko beharrak ez ezik, iraganeko zuloak estaltzeko ere balioko duela diru horrek. Izan ere, energiaren prezioaren garestitzeari eta inflazioari aurre egiteko neurri aringarriak hartu dituzte diputazioek azken urteetan, eta horiek estaltzeko baliagarri izango direla esan zuen.
Iazko kontuak itxita, mozkinak zergapetzeko unea iritsiko zaie orain energia konpainiei eta bankuei, nahiz eta zerga berezi horien aurkako helegitea jarria duten. Azpiazuk garrantzia kendu zion, halere, itzulketarik egin beharko balitz ere: «Ez dut uste gertatuko denik».
BEZa akuilu
Zerga berezien bitartez jasoko dena, dena den, amiñi bat baino ez da bilketa osoarekin alderatuta. Izan ere, emaitza ikusgarriak erdietsi dituzte ogasunek beste urte batez, eta txiki utzi ditu urtebete lehenago ez ezik urrian egindako aurreikuspenak ere. Iazko bilketarekin alderatuta, 1.167 milioi euro gehiago eskuratu dituzte aurten (+%7,3), eta urrian espero baino 21,4 milioi euro gehiago.
Ekonomiaren bolada onak eta prezioen garestitzeak bultzatuta egin du gora zerga bilketak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hori bereziki nabaritu da BEZ zergaren zenbatekoan: %10,6 handitu da. Gauzak horrela, Jaurlaritzak aurrekontuetan kalkulatu baino ia 600 milioi euro gehiago izango ditu eskura, Espainiari 932,3 milioi euroko kupoa ordaindu eta gero.
«Etxeko lanak eginda»
Urte zaila izan arren, «espero baino nabarmen hobeto» amaitu dela nabarmendu zuen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, eta erakundeen kudeaketa txalotu zuen: «Etxeko lanak egin ditugu, eta datuek erakusten dute hori». Araban handitu da bilketa gehien (+%9,7), hala ere, 12,3 milioi jasoko ditu egokitzapeneko funtsetik, kutxa orokorrean jarri beharrekoa baino gutxiago bildu duelako. Eta beste 85,9 miloi jasoko ditu Gipuzkoak ere.
Hain zuzen, «ondo egindako lanaren sentsazioarekin» utziko du Gipuzkoako ahaldun nagusi kargua Markel Olanok ere, eta «kontuak onbideratuta» direla. Karguan izandako urteetan ekonomiak eta zerga bilketak izan dituzten bilakaerak azpimarratu zituen, eta adierazi horrek «etorkizunera begiratzeko aukera» eman diola herrialdeari.
Ildo beretik egin zituen adierazpenak Bizkaiko ahaldun nagusiak ere, eta esan zuen «zenbaki ikusgarriek» erakusten dutela zerga sistemak funtzionatzen duela. Rementeriaren hitzetan, halere, horrek ez du esan nahi sistema «ukiezina» denik; are, nabarmendu zuen «errealitate berrietara» egokitu behar dela. «Eta hala egin dugu beti», esan zuen. Konpromiso hori berretsi zuen Azpiazu sailburuak ere.
Erregaien deskontua desagertzeak inflazioa handitu du Hegoaldean
Urte hasierarekin batera, Espainiako Gobernuak kendu egin zuen apirilaz geroztik gasolioari eta gasolinari ezarritako hogei zentimoko deskontua. Horri batu behar zaio erregaiaren beraren prezioa pixka bat handitu zela urtarrilean. Abenduan, batez beste, 1,629 euroan salerosi zen gasolina litroa Hego Euskal Herrian —eta horri hogei eta 25 zentimo artean kendu behar zaizkio, gasolindegiaren arabera—, eta 1,666 euroan, berriz, aurtengo urtarrilean. Gasolioaren kasuan, aldea pixka bat txikiagoa da: 1,707 eurotik 1,713ra.
Horrenbestez, jauzi handia egin du erregaiei dagokien inflazioak: abenduan urtebete lehenago baino %6,2 garestiago zeuden erregaiak, baina urtarrilean %12,5era igo da aldea.
Elikagaiek ere ez dute lagundu inflazioa jaisteko borrokan. Oinarrizko elikagai askori BEZa kendu die Espainiako Gobernuak sei hilabetez, eta beste batzuei %10etik %4era jaitsi die, baina jaitsiera hori ez da erabat islatu erosketa saskian. Ondorioz, elikagaien inflazioak hamarren bat egin du gora urtarrilean, %15,3raino, eta eten egin du aurreko bi hilabeteetan izandako moteltzea.
Urtarrilean ere azukrea izan da gehien garestitu den produktua, %68,4 igo da bere prezioa azken urtean. Gehien garestitu diren artean daude esnea (+%33,4), olioak eta koipeak (+%32,9), ogia (+%29,7), zerealak (+%23,1) eta esnekiak (+%21,4).
Haragien artean, txerrikia (+%14,2), ahatekia (+%13,7) eta behikia (+%12,7) garestitu dira gehien. Berritasuna da ardikiaren prezioa ere handitzen ari dela (+%10,5), aspaldiko partez.
Argindarra, merkeago
Argindarraren eta gasaren prezioak, ordea, beheranzko bidean jarraitu du. INEren arabera, energia horien prezioa neurtzen duen atalak (etxeetako berokuntza, argiztapena eta ura) beste koska bat egin du behera: abenduan %10,4 ari ziren merkatzen, eta urtarrilean jada %18,5 dira.
Behera egiteko itxura ez duena, ordea, azpiko inflazioa da, hau da, erregaiak eta elikagaiak aintzat hartzen ez dituena (aldakorrak izan ohi direlako). %6,7tik %7,3ra egin du jauzi, eta handiena da Euskal Herrian euroa erabiltzen denetik. Azpiko inflazioa hain handia izateak erakusten du energian hasitako eta elikagaietara igarotako inflazioa jarduera ekonomikoaren beste ataletara ere hedatu dela. Azpiko inflazioari begira ari da orain Europako Banku Zentrala, eta, jaisten ari ez denez, bere interes tasak handitzeko asmoa dauka hurrengo bileretan ere. Horrek jarraitu egingo du hipotekak eta herritarrek eta enpresek ordaindu behar dituzten maileguak garestitzen.
ELA: «Gero eta pobreagoa»
Azpiko inflazioari erreparatu dio ELAk: «Etengabeko igoerak erakusten du enpresak kostuen igoera produktuen eta zerbitzuen azken salneurrira eramaten ari direla. Enpresak egoera aprobetxatzen ari dira etekinak handitzeko». Sindikatuak gogoratu du soldatak ez direla inflazioa adina eguneratzen ari. «Langile klaseak, bere errentaren zati handiena oinarrizko produktuetara eta etxebizitzara bideratzen duenak, bere erosteko ahalmena murrizten du, eta gero eta pobreagoa da».
Nola eskatu dezaket inflazioari aurre egiteko 200 euroko laguntza?
200 euroko laguntza, diru sarrera txikia dutenentzat: non, nola eta noiz eskatu EAEn eta Nafarroan. Martxoaren 31ra arte dute horretarako epea. Iaz, gehienez, 27.000 euroko diru sarrera gordinak izan zituztenei zuzenduta dago Espainiako Gobernuak inflazioari aurre egiteko onartutako laguntza.
17.130,7 milioi euro bildu ziren 2022an EAEn zerga itunduen…
Estatuari 932,3 milioi euroko kupoa ordaindu zion Eusko Jaurlaritzak iaz. Hala, ekitaldiaren itxieran ekarpenen likidazioa 11.598,8 milioi eurokoa izan zen, aurrekontuan jasotako baino 594,9 milioi gehiago.
Erakundeek maiatzerako espero dute banku eta energia enpresen tasen…
El Gobierno Vasco confía en tener para mayo el primer pago de los más de 400 millones que Euskadi podría recibir del Estado en dos años por las nuevas tasas temporales a empresas energéticas y bancos.
VWek 1.024 milioi inbertituko ditu Iruñean auto elektrikora egokitzeko
Inbertsio hori, besteak beste, Landabenen pabiloi bat egiteko baliatuko da. VWek Sagunton (Valentzia, Herrialde Katalanak) bateria fabrika bat eraikiko du, eta hango bateriak bildu eta muntatuko dira pabiloi horretan. 10.800 metro koadro izango ditu, eta gainerako produkzio katearekin lotuko duen 187 metroko konexio gune bat izango du. Azken hilabeteotan, garrantzitsutzat jo dute baterien muntatzea Iruñeak hartzea, bai fabrikaren lanpostuei begira, bai eta hornidura parkeari begira ere.
Eraikin berri horrez gain, egun logistikarako erabiltzen den pabiloia txapa eta produkzio gunea handitzeko baliatuko da. Autoak margotzeko tailerra ere handitu egingo da, eta bi produkzio lerroei eutsiko zaie, bertan txertatuko baita elektrikorako lerroa. Autoak garraiatzeko trenbidea egokitu egin beharko da, eta 40 milioi euroko inbertsio hori bere gain hartuko du Nafarroako Gobernuak.
Enpresak dioenez, fabrikak urtean gehienez 400.000 auto ekoizteko ahalmenari eutsiko dio, eta asmoa da batez beste 300.000 auto egitea, betiere merkatuaren erantzunaren arabera. Iruñeko inbertsioa Martorellgo (Bartzelona, Herrialde Katalanak) eta Saguntoko proiektuei loturik dago. Bartzelonako Seaten fabrikan auto elektrikora egokitzeko 3.000 milioi euro inguru inbertituko ditu, eta Sagunton bateria fabrika egiteko, beste 3.000 milioi euro —beste hainbat bazkiderekin elkarlanean—.
Langileen batzordeko ordezkari batzuk «ustekabean» harrapatu ditu, komunikabideen bidez izan baitute horren berri, eta ez zuzendaritzaren ahotik. ELAko Igor Peñalverren ustez, «albiste ona da», baina ikusteko dago orain zuzendaritzaren proposamena baldintzatua den edo ez. Peñalverren arabera, auto produkzioaren zenbatekoa da gakoa, enpleguari eutsi ahalko zaion jakiteko.
LABeko Raul Portilloren arabera, «logikoa eta ona» da Iruñeak bere gain hartzea baterien muntatzea, Saguntoko fabrikaren atzean autogile gehiago daudelako —adibidez, Ford—, eta VWek etorkizunean erabakitzeko autonomiari eutsi nahi izan diolako. Portillo kexu da orain arte zuzendaritzak informaziorik ez duelako eman, eta ez du uste halabeharra denik albistea hauteskunde sindikalen bezperan etortzea.
Izan ere, bihar 5.000 langile inguruk langileen batzordeko 31 ordezkari hautatuko dituzte. Aspaldidanik UGT da nagusi Landabenen; egun hamabi ordezkari ditu. CCOOk zortzi kide ditu; ELAk eta LABek, hiruna; CGTk, bi, eta Confederacion de Cuadrosek, bat.
Langileen batzordea aukeratuta, auto elektrikoari lotutako industria proiektuaren nondik norakoak eta horrek lan baldintzetan izango dituen ondorioak negoziatzen hasi beharko du zuzendaritzak sindikatuetako ordezkariekin. Mahai gainean egongo den kontuetako bat izango da zer modelo elektriko ekoitziko dituen eta zenbat. Orain arte zabaldu denez, VW markako bat eta Skodako beste bat ekoitzi ditzake Iruñeko fabrikak, baina ez da baztertzen Skodako beste modelo bat ere egitea.
CCOOko Carlos Zalduendoren arabera, garrantzitsua izango da produkzio bolumena: «Guk nahi dugu autonomia izatea: Iruñea gai izatea zenbat auto elektriko ekoitziko diren zehazteko eta produkzio horri eusteko. Zenbat eta produkzio bolumen handiagoa, orduan eta enplegu sendoagoa, hemen fabrikan eta haren inguruko hornitzaileen parkean».
Mehatxuetako bat Martorellgo Seaten fabrika da. Iaz, lan itunaren negoziazioan zuzendaritzak adierazi zuen hango fabrikan 1.500 lanpostu sobera zeudela, konbustioko autoak ekoiztea baino ordubete bat gutxiago beharko lukeelako auto elektrikoak. Iruñean, aldiz, produkzio denbora antzekoa litzateke, eta teorian ez luke hainbeste eragin behar. Portillok uste du atzean beste interes batzuk egon daitezkeela. «Beldur gara fabrikaren inguruan den ehun produktiboa deslokalizatuko ote duten. Politikoki interesatzen zaie Martorell berpiztea».
Aldagai asko zehazteko
Produkzio kopuruaz gain, beste aldagai gehiago daude jokoan: noiz hasiko den auto elektrikoa ekoizten, zenbat denbora iraungo duen trantsizioak eta noiz arte uztartuko diren elektrikoaren eta konbustioko autoen ekoizpenak; epe horretan zenbat murriztuko den ohiko produkzioa, nolakoa izango den formakuntza eta langileen egokitzapena…
Mahai gainean egongo den beste gaietako bat langileriaren gaztetzea da. Aurten amaituko da Espainiako Gobernuak autogintzarentzat ezarritako errelebo kontratua. Fabrikan, egun, batez besteko adina 50 urtekoa da. Sindikatuek uste dute errelebo kontratua positiboa dela, eta Madrilek hori luzatuko ote duen jakin gabe, erretiroa aurreratzeko eta enpresa uzteko formulak negoziatu beharko direla uste dute.
Erreforma onartzeko denbora agortzen ari zaio Frantziako Asanbleari
Parlamentuko bi ganberen eztabaida erabat baldintzatu du gobernuaren erabaki batek: erretretaren erreforma ez du lege proiektu arrunt gisa tramitatu, Gizarte Segurantzaren aurrekontuaren zuzenketa gisa baizik. Frantziako Konstituzioaren 47.1 artikuluak ematen dio ahal hori gobernuari. Haren bidez, parlamentarien eztabaida gehienez 50 egunekoa izan daiteke.
Eztabaidarako epea laburra izateaz gain, bada erreformaren onarpena edo errefusatzea zailtzen duen beste faktore bat: Asanbleako taldeek 20.000 zuzenketa jarri dizkiote. Horietatik 18.000k Nupes ezkerreko koalizioaren sinadura daukate. Eztabaida trabatzeko taktika horri buruz kexu da gobernua, baina kalean erreformaren aurka protesta egiten ari diren sindikatuak ere ez daude gustura. Zuzenketak gutxitzeko galdegin diete, diputatuek, kalearen presiopean, erreformaren zazpigarren artikuluari buruz iritzia eman dezaten. Artikulu hori da erretretaren adina bi urtez gibeleratu nahi duena eta erreformaren aurkako manifestazioak oso jendetsuak izatearen arrazoi nagusia.
Nupesen barruan ere ez da iritzi bateraturik; bozketa egitearen alde daude sozialistak, berdeak eta komunistak, baina zalantza gehiago ditu LFI Frantzia Intsumisoak. Bozketaren arriskuez ohartarazi dute batzuek, uste baitute baiezkoa aterako balitz nolabaiteko legitimotasuna lortuko lukeela gobernuak. Beste batzuek, Jean Luc Melenchon LFIko burua barne, debatea nahaspilatzearen alde daude.
Hala ere, eskaerari hein batean erantzun dio Nupesek: astelehen gauean bigarren artikuluari jarritako 1.300 zuzenketa kendu zituzten. Ikusteko dago, ordea, ostiralean iritsiko al diren zazpigarren artikulura, atzo arratsaldean bigarren artikuluaren eztabaidarekin jarraitzen zuten eta.
Gobernuak ere ez daki zehatz-mehatz zer gertatuko den bozketa horretan. Azken egunotan badirudi lortu duela gehiengoan zeuden ahots kritikoak isilaraztea, baina ikusteko dago nahiko babesa lortuko ote duen LR Errepublikanoen 61 diputatuen aldetik. Eskuindarren zuzendaritza bildu egin zen atzo goizean, eta Eric Ciotti burua saiatu zen aldeko boto baterako konpromisoa lortzen. Eskuratu zuen, baina kontrako botoa eman zuten diputatu batzuek. Elisabeth Borne lehen ministroak beste kontzesio bat egin die eskuindarrei, aldeko botoa lortzeko: 16 eta 18 urte artean lanean hasi eta gutxienez 43 urtez lan egin dutenei jubilazioa aurreratzea.
Zigorrak eta barkamenak
Asanbleako debateak gordinak izaten ari dira. Diputatu batek, LFI Frantzia Intsumisoko Thomas Portesek, hamabost egunez Asanbleatik ez agertzeko zigorra jaso du, Olivier Dussopt Lan ministroa aurpegia marraztua zuen puxika bat zapaltzen ari zen txio bat argitaratzeagatik. LFIko Aurelien Saintoulek barkamena eskatu behar izan zion Dussopti berari, «hiltzaile» deitu ziolako.
Chivite: “Landabengo lantegiaren etorkizuna bermatuta dago”
Chivite: “Landabengo lantegiaren etorkizuna bermatuta dago”. “Ganbara” saioan egindako elkarrizketa batean, Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi du Volkswagenek egingo duen 1.024 milioi euroko inbertsioak “enplegua” bermatuko duela.
1800 epaiketa baino gehiago bertan behera, Justizia Administrazioko letraduen…
1800 epaiketa baino gehiago bertan behera, Justizia Administrazioko letraduen grebaren ondorioz. Urtarrilaren 24an hasi zen, eta mugarik gabe jarraituko du soldata lege-erreforma berrietara egokitzea lortu arte. Ondorioak Euskadiko epaitegietara iritsi dira; 23 milioi euro izoztu dira kontuetan.