Petrolioa beti irabazle
Bost petrolio konpainia handienek 2021eko irabaziak bikoiztu dituztela jakinarazi dute aste honetan: guztira, 168.000 milioi euroren mozkinak. AEBetako Exxon Mobilek 52.000 milioi, eta Chevronek 33.000 milioi; Herbehereetako Shellek 37.000 milioi; Britainia Handiko BPk 26.000 milioi, eta Frantziako Totalek 19.000 milioi. Konpainia guztiek azpimarratu dute gauza bera: aurreko urteetan galerarik handienak izan ondoren lortu dituztela emaitza on horiek, eta ezohikoak direla.
Baina nola iritsi dira halako irabaziak izatera? Petrolio eskaria osasun krisiaren aurreko mailetan kokatu zen iaz, baina ez zen gauza bera gertatu ekoizpenarekin. Eta hori prezioan nabaritu zen. Brent upela urteko lehen erdian igo zen, eta ekainean ia 130 dolarrera iritsi zen; gero, jaitsiz joan zen, gerra aurreko antzeko balioetan kokatzeraino, 80 dolar inguruan.
Horri beste arrazoi bat gaineratu behar zaio. Erregaien prezioa igotzen denean, aurreneko erreakzioa petrolioaren prezioaren bilakaerari begiratzea izaten da. Logikoa da: hori da haren lehengai nagusia. Hala ere, gaur egungoa bezalako testuinguruetan, produkzio prozesuaren beste alor bati ere begiratu behar zaio: fintzeari —petrolioa erregai bihurtzeko prozesuari—. Hain justu, hori izan da sektoreko enpresei irabazi izugarriak eman dizkien faktore nagusia.
Jarduera horrek indarra galdu du azken urteetan; instalazio asko itxi dituzte, batez ere Europan, eta, COVID-19a dela eta, indartu egin zen joera hori, erregaien kontsumoa hondoratu zelako. Era berean, errekuntza ibilgailuen iraungitze data hurbildu ahala, findegi berrietan inbertsioak egitea baztertu zuten konpainia handiek. Emaitza: findegi gutxiago, prezio garestiagoak, etekin handiagoak.
Adibide bat jartzearren, Espainiako Repsolek 14,4 euroko irabazi marjina lortu du prozesatutako upel bakoitzeko; 2021ean 2,83 eurokoa izan zen, eta 2019an, 5,59 eurokoa. Repsolek hilaren 16an jakinaraziko ditu bere emaitzak, baina aurreratua du «ikusgarriak» izango direla. Lehen bederatzi hilabeteetan 3.222 milioiren irabaziak izan zituen, aurreko urte osoan baino % 66,2 gehiago.
Hurbilago, Repsolen filiala den Petronorrek 2022ko lehen bederatzi hilabeteetan boskoiztu egin zituen aurreko urteko emaitzak. 2020an 140 milioi euroren galerak izan zituen, baina 2021ean irabazietara itzuli zen (61 milioi), eta 2022ko lehen bederatzi hilabeteetan 305 milioiraino iritsi zen. Petronorrek Muskizen (Bizkaia) dituen instalazioetan fintze lanak egiten dituzte bereziki.
Erregaietara itzuli
Petrolio konpainiek urte askotako unerik gozoenetako bat dute gaur egun. Eta gidoian ustekabeko biraketa izan dena epe labur eta ertainean mantentzea espero dute. Aurreikuspen hori indartu egin da, gainera, Europako Batasunak Errusiatik inportatzen dituen petrolio eratorriei jarritako betoarekin, zeina aste honetan sartu baita indarrean —Errusia da munduko findegi handienetako bat; hura da diesel hornitzailerik handiena —.
Agerikoa denez, halako instalazioak dituzten konpainiak egoera aprobetxatzen ari dira, eta ahalik eta gehien luzatu nahi dute. Bernard Looney BPko zuzendari exekutiboak argi utzi du hori aste honetan: BP petrolioaren negoziora itzuliko da. 2030erako petrolio eta gas ekoizpena %40 murriztea aurreikusia zuen, baina norabidea aldatuko duela iragarri du: murrizketa %25ekoa izango da orain.
Etekinak banatu?
Ezohiko datu horiek irabazien banaketari eta erabilerari buruzko eztabaida piztu dute. Iaz, Joe Biden AEBetako presidenteak petrolio konpainiak jarri zituen jomugan, gasolinaren prezioak gora egin zuenean eta horrek inflazioaren igoera handia eragin zuenean. Egoera aprobetxatzea leporatu zien, eta eskatu zien lehenbailehen gasolindegietara eramateko beherapenak, eta mozkinak findegi berriak egiteko eta trantsizio energetikora bideratzeko, ez dibidenduak banatzeko. Inflazioak arnasa hartu zuen urte amaieran, eta Bidenek bere kritikak lausotu zituen.
Erresuma Batuko Gobernuak, berriz, enpresa horien irabazien gaineko zerga bat sartu zuen indarrean iaz, gasaren eta elektrizitatearen fakturak murrizteko plana finantzatzeko. Shell konpainiak esan zuen ez zuela espero aurten zergarik ordaintzea, Ipar Itsasoko plataformen desegitearen kostuengatik eta herrialdean egindako inbertsioengatik, baina joan den astean aitortu zuen 125 milioi ordaindu beharko dituela, eta 2023an 466 milioi baino gehiago izan daitezkeela.
Frantzian, horrelako neurri bat abian jartzearen aurka agertu da gobernua. Dena den, Emmanuel Macron presidenteak ez du baztertzen hori egitea EBk onartzen badu. Irailean, hala adostu zuten estatu kideek, argindarraren fakturak merkatzeko neurriak hitzartu zituztenean; horien artean, petrolio enpresei zerga berezi bat ezartzeko egitasmoa onartu zuten. Horrek %33 zergapetuko lituzke 2022ko eta 2023ko irabaziak. Baina gobernuek oraindik ez dute neurria indarrean sartu, eta abenduaren amaieran Exxonek Luxenburgoko auzitegira eraman zuen egitasmoa. Espainiako Gobernuak, berriz, neurri horrekin zer gertatu zain jarraitzen du. Dena den, urte honen hasieratik %1,2ko zerga berria du. Horrek fakturazioei eragiten die, ez etekinei.
Konpainiak neurri horien aurka agertu dira, argudiatuz datozen urteetan inbertsio handiak egin behar dituztela trantsizio energetikora egokitzeko. Hala ere, ez dute zalantzarik izan mozkin horiek akziodunen artean banatzeko.
Gutxienez, hamarkada honen bigarren erdialdera arte itxaron beharko da ikusteko nola eragingo duen garraioaren elektrifikazioak erregai eskarian. Bitartean, urre beltza izaten jarraituko du petrolioak.