Europako burtsek arnasa hartu dute, baina bankuetan izuak jarraitzen…
Oro har, Europako burtsek positiboan amaitu zuten eguna: adibidez, Frantziako CAC indizeak %2,1ko hazkundea izan zuen, Espainiako Ibex-ek %1,6koa eta Alemaniako Dax-ek %1,7koa. Eurostoxx Europako enpresa handien indizeak %2,1eko igoera erregistratu zuen. Aurreko egunean batez beste %4 inguruko galerekin itxi zuten.
Dena den, banku guztiek ez zuten berdin erantzun. Eguna indartsu hasi zuten guztiek, baina EBZren iragarpenarekin batera zalantzak agertu zituzten, bereziki herenegun ahulen agertu zirenek. Adibidez, Frantziako Societe Generalek %0,2ko galerekin amaitu zuen eguna —asteazkenean %12,2 galdu zuen—, eta BNP Paribasek %1,4ko irabaziekin —%10,1 galdu zuen herenegun—. Espainian, okerren aritu ziren Sabadell —%0,5 galdu zuen atzo eta%10,5 asteazkenean— eta Caixabank —%1,3 galdu zuen atzo eta %6,7 aurreko egunean—. Bestalde, zenbaki positiboetara itzuli ziren BBVA —%3,4ko igoera, asteazkenean %9,6 galdu ostean—) eta Santander —%2,6 hazkundea, asteazkenean %6,9 galdu ondoren—.
Suitzara begira
Bereziki asteazken gauean Suitzako Banku Nazionalak iragarritako laguntzak baretu du egoera. Credit Suissek jakinarazi du gehienez 50.000 milioi franko suitzar eskatuko dituela —50.000 milioi euro inguru—, eta mailegatutako diru horrekin estaliko duela bere bezeroek erretiratutako diruaren eta zorraren zati handi bat. Credit Suissek ziurtatu du kapital betebehar guztiak betetzen dituela, eta arazoak izan arren aurrera egiteko nahiko baliabide dituela.