LPEEk petrolio ekoizpena txikitu du, eta inflazioari buruzko kezka…
Ondorengo egun eta asteetan ikusiko da murrizketa horrek estutu egiten duen petrolioaren merkatua eta, ondorioz, erregaiak berriro garestitzen ote dituen. Gasolinaren prezioa oso egonkor egon da urte hasieran, eta gasolioarena pixka bat apaldu da, baina biak ala biak iaz baino merkeago daude.
Lehen kolpe batean horrela izango dela ematen du: Brent upelaren prezioa 4,5 dolar (+%5,8) egiten ari zen gora atzo arratsaldean, eta 85 dolarren atarian salerosten ari zen, duela bi aste baino hamar dolar garestiago. Urrun ditu oraindik iazko udaberrian eta udan izandako prezioak: 123 dolarrera iritsi zen, ekainaren hasieran.
Oraingoz, adituek baztertu egiten dute etorkizun labur batean maila horretara hurbilduko dela, baina badira ehun dolarreko prezioak aste gutxi barrurako iragarri dituztenak.
IEA Nazioarteko Energia Agentziaren azken txostenak dio abenduan 103,5 milioi upel beharko direla munduan, gaur egun baino 2,2 milioi gehiago. Oraingo murrizketak, beraz, baliteke eskasia zabaltzea, are gehiago AEBek berriro bere erreserbak bete nahi dituela iragarri duen honetan.
Eskari apalagora egokitzen
Batzuen ustez, etorriko den eskari apalagora egokitzeko mugimendu bat izan da oraingo murrizketa. Hau da, ez direla beteko kontsumoari buruzko espektatibak; hots, kontsumoa pandemiaren mailara gerturatuko dela Mendebaldean, eta aise gaindituko dela Txinan, koronabirusari lotutako itxierak atzean geratu ondoren. Baina Mendebaldean goia jotzen ari da kontsumoa, eta horretarako bidean dago Txinan ere, bi arrazoi direla medio: autoen elektrifikazioa eta errekuntza autoen eraginkortasun handiagoa. Bloomberg-ek iaz kalkulatu zuen ibilgailu elektrikoek 1,7 milioi upelen kontsumoa aurreztu zutela, eta kopuru hori handitu besterik ez da egingo hurrengo urteetan. Txinan, aurten saldutako lau autotik bat erabat elektrikoa da, eta EBn, berriz, zortzitik bat.
Ondorioz, aditu horien arabera, orain ekoizpena murriztea eta prezioak handitzea kutxak betetzeko mugimendu bat izango litzateke, etorkizunean eskaria ez delako hain handia izango. Hori arrazoitzeko, David Flicking analistak Bloomberg-en nabarmendu du LPEEko herrialdeak ez direla ari petrolioaren dirua etorkizuneko ekoizpena bermatzeko inbertitzen, beste proiektu batzuetan baino.
Saudi Arabia, esaterako, azpiegitura turistiko erraldoiak eraikitzeko eta energia berriztagarriak hedatzeko baliatzen ari da petrolioaren irabazia. Dirua behar du, eta horregatik ez zaio gehiegi inporta bidean AEBak haserretzen baditu. Washington ekoizpena handitzeko eta prezioei eusteko presio egiten ari zaio, baina Riadek entzungor egiten dio.
Iragarpena eta errealitatea
Ikusteko dago zenbatekoa izango den murrizketa. Teorian, 1,6 milioitik gora kenduko dituzte merkatutik, baina LPEEko kide askoren benetako ekoizpena beren kuotaren azpitik dago, arazo teknikoen ondorioz. Asteburuan, Saudi Arabiak iragarri zuen milioi erdi upel gutxiago ekoitziko zituela maiatzetik urtea bukatu arte, eta kopuru esanguratsuak iragarri zituzten beste batzuek ere: 211.000 gutxiago Irakek, 144.000 gutxiago Arabiar Emirerri Batuek, 128.000 gutxiago Kuwaitek… Eta horiei guztiei batu behar zaie Errusiak otsailean iragarritako milioi erdi upelen murrizketa. «Petrolioaren prezioei maila egoki batean eusteko erabaki bat», defendatu zuen Dmitri Peskov Errusiako Gobernuko bozeramaileak.
«Erabaki honen ondoren, benetan da premiazkoa energia fosilen menpe egoteari uztea», argudiatu zuen, berriz, Thierry Breton Europako Batzordeko Barne Merkatuko komisarioak.
Enpresa-batzordeak eta EMB Bizkaibusen emakidadun handienak hitzarmenari buruzko aurreakordioa…

Enpresa batzordeak eta EMB Bizkaibusen emakidadunak hitzarmenari buruzko aurreakordioa lortu dute
Asteartean berrekingo diete Vilaboa arrantza-ontzia hondoratu ondoren desagertutako pertsonaren…

Asteartean berrekingo diete Vilaboa arrantza-ontzia hondoratu ondoren desagertutako pertsonaren bilaketa lanei. Goizaldean Santanderreko kostaldetik sei miliatara hondoratutako arraste-ontziko armadoreak ziurtatu duenez, “ontzia egoera ezin hobean zegoen” bart gauean arrantzara abiatu zenean.
Europako Batzordeak Orange eta MasMovil enpresen arteko bat-egiteari buruzko…

Europako Batzordeak Orange eta MasMovil enpresen arteko bat-egiteari buruzko ikerketa “sakona” abiatu du
EHNEk elikagai sintetikoen ekoizpena Euskadin debekatzeko eskatu du

EHNEk elikagai sintetikoen ekoizpena Euskadin debekatzeko eskatu du. Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintzako sindikatuak nabarmendu du “ezinezkoa” dela bi ekoizpen eredu kontrajarri defendatzen jarraitzea.
ELAk atzeratu egin du Bizkaiko merkataritzaren greba, eta patronalaren…

ELAk atzeratu egin du Bizkaiko merkataritzaren greba, eta patronalaren proposamen berri bat aztertzen ari da. Patronalak soldatak eguneratzea proposatu du, baina sindikatuaren ustez, “ez da nahikoa”. Proposamen horrek “eskatutako bermeak kontuan hartuko ez balitu”, mobilizazioak suspertuko ditu.
2022ko errenta aitorpenaren kanpaina abiatuko dute astelehen honetan Araban…

2022ko errenta aitorpenaren kanpaina abiatuko dute astelehen honetan Araban eta Gipuzkoan. Araban ekainaren 26ra arte luzatuko da kanpaina, eta ekainaren 30era bitartean Gipuzkoan. Bizkaian aitorpena aurkezteko epea apirilaren 17an hasiko da, eta apirilaren 12an Nafarroan.
Hamar urtean 1.500 baserritar berri beharko ditu Bizkaiak
EHNE Bizkaiak XII. Kongresua egingo du gaur, Derion. «Sektorearen egoera iluna da; saiatuko gara argitasun apur bat ematen, eta landuko dugu zer bide jarraitu beharko genukeen», iragarri du Unzalu Salterain sindikatuko kideak. Europako Itun Berdeak daborduko markatu du norabidea. Baina badute kezka handi bat: lekukoa hartuko duen jendea falta zaie. Horri konponbidea eman eta ekoizpen eredu iraunkorragoen aldeko apustua egin ezean, etorkizuna arriskuan ikusten dute. Badute proposamen bat, eta gaur finduko dute.
Sektorea zaharkituta dago Bizkaian. Sindikatuak egindako kalkuluen arabera, nekazari eta abeltzain askok lana utziko dute datorren hamarkadan: %60 eta %65 artean daude erretiro adinetik gertu. Ondorioz, urtero laurogei langile berri beharko dira baserrietan eta ustiategietan. Bi urtean behin sartutakoen kopurua %25 hazi beharko dela esan du EHNE Bizkaiak: datozen bost urteetan, 550 pertsona berri; hamar urtean, 1.500. Aldi berean, Europak agindutako trantsizio ekosozialak eragin zuzena izango du ekonomiaren sektore guztietan. Salterainen esanetan, industrian edo turismoan, adibidez, desazkundea bultzatu beharko den arren, lehen sektorean gehiago ekoiztu beharko da. «Argi dago elikadura sistemak aldatu behar ditugula: ez da iraunkorra elikagaiak munduaren punta batetik bestera eramaten aritzea. Europako Batasunaren nekazaritza politikaren ardatz berria da tokian ekoizten dena tokian kontsumitzea. Horretarako, ezinbestean, pertsona gehiago erakarri beharko dira baserrira».
Diru sarrerak bermatuta
Dena den, ohartarazi du ezin dela edozelan egin. «Ezingo da eskema prekarizatu bat erabili». Baserrira egokitzeko bost urteko epea behar dela uste dute EHNE Bizkaikoek, ikusi ahal izateko bultzatu den proiektua bideragarria den edo ez. Ekoizle berriek inbertsio handia egin behar izaten dute ustiategia martxan jartzeko, eta kostatu egiten da inbertitutakoa amortizatu eta irabaziak lortzea. Horregatik, sindikatukoek proposatu dute bost urte horietan hileko 1.400 euroko gutxieneko soldata bermatzea ekoizle berriei. «Lehen urteetan gehiago lagundu beharko zaie, baina suposatzen da hirugarren edo laugarren urtetik aurrera jarduera martxa hartuta daukatela, eta diru sarrera handiagoak dituztela». Ekoizle berri asko ekonomikoki ito egiten dira lehen urte horietan. «Jendeak izugarrizko ilusioarekin hasten du proiektua, baina egunean hamabi orduz lan egin behar badu eta soldata oso prekarioa badu, azkenean utzi egingo du».
Baserrira gerturatuko diren horiei orientazioa ematea ere ezinbestekoa deritzo. Ikusi dute eredu agroekologikoan hasi direnek lortzen dutela irautea, batez ere. Ostera, ustiategi handiak bultzatu dituztenek errazago egin dute porrot. «Jendeari esan egin behar zaio inbertsio ekonomiko txikiagoa eskatzen duten proiektuekin hasi behar dutela: barazkigintzan, frutagintzan, arrautzetarako oiloekin, oilaskoak loditzen… Handitik hasiz gero, ito egingo zara». Horrez gainera, formulazio berriak behar direla uste dute: «Ikuspegi kolektibotik abiatu behar da; ez da erakargarria pertsona bat bera bakarrik baserri jardueran hastea».
Horri lotuta, zaintzaren auzia ere erdigunean ipini nahi dute, eta kongresuan landuko dute. Ez bakarrik nagusien zaintza, baita umeena ere. «Zaintza politiketan dekretuei eta arauei egokitu behar izaten da, baina uste dugu alderantziz izan behar dela. Landa eremuan zaintza zelan landu kontuan hartu behar da».
Egungo egoera erakunde publikoek azken 30 urteetan bultzatu duten ereduaren ondorio dela uste du Salterainek. «Ikusmolde hau bultzatu da: ekoitzi behar dugu asko eta merke. Norentzat? Elikadura industriarentzat eta multinazionalentzat. Zertarako? Elikagaiak munduan leku batetik bestera ibiltzeko». EHNE Bizkaikoek esan dute elikadura burujabetza posible dela. Nafarroari erreparatu dio Salterainek: herrialde hartan ekoizten denaren %95 esportatu egiten da. «Herri mailan ekoizteko gaitasun itzela dugu. Zergatik esportatzen da? Multinazionalen menpe gaudelako».
Menpekotasun hori arlo askotan nabaritzen da, gainera. Kontua ez da bakarrik nori saltzen zaion, baita nori erosten zaion ere: esaterako, pentsuen, lehengaien eta energiaren garestitzeak izugarri eragin die nekazaritzari eta abeltzaintzari. «Ekoizpen ereduak aldatu behar ditugu. Ezin dugu jarraitu okelatarako behiak bakarrik pentsuarekin eta lastoarekin loditzen. Ezin ditugu berrehun buruko esnetarako behien ustiategiak izan, eta kanpotik ekarritakoarekin elikatu. Lur gehiago behar dugu bazkarako». Horri lotuta egin dute beste eskaera bat: %30etik beherako malda duten Bizkaiko basogintza arloko lursailak nekazaritzara eta abeltzaintzara bideratzea, basogintzak berak bakarrik nekazaritzak eta abeltzaintzak halako hiru okupatzen duelako.
Erakundeen lana
Pandemiak eragindako krisialdiaren testuinguruan, Bizkaiko Foru Aldundiak gogoeta mahai bat abiatu zuen iaz sektoreko eragileekin. Salterainek esan du han dagoeneko aurreratu dituztela proposamen horiek, eta uste dute erakundeek harrera ona egin dietela. Ohartarazi du erakundeek, oro har, baliabideak jarri behar dituztela. Esaterako, Bizkaiko abeltzainen arazorik larrienetakoa hiltegi falta da. Karrantzako udal hiltegia baino ez dago zabalik, herrikoentzat; txikia da, eta egokitze lanak behar ditu. Laster Urduñakoa berriro zabalduko dela iragarri du Salterainek, beste zerbitzu batzuk ere badituela, baina txikia da. Bilbokoak eta Durangokoak utzitako hutsunea betetzea ezinbestekoa deritzo.
Aldi berean, asteroko azokek bultzada behar dutela esan du EHNEko kideak. Durangoko merkatua datorren urterako guztiz berrituta egongo da, martxa berriari ekiteko prest. Iruditzen zaio Gernika-Lumokoak, Ondarroakoak eta beste herri batzuetakoek ere antzeko egokitze prozesua behar dutela, erakargarri egiteko. «Neurri horiek ekosistema berri bat sortuko dute, sistema lokalagoak garatuz joateko». Izan ere, tokiko erakundeek-udalek eta eskualdeetako landa garapen elkarteek- zer esan handia dutela iritzi diote EHNE Bizkaian. Hainbat herritako eskoletako jangeletan tokiko produktuak kontsumitzen dituen eredua bultzatzeko egin diren proiektuak ipini ditu Salterainek adibidetzat: «Lagundu dute lehendik zebilen jendea egonkortzen, baita etorri berri direnei bultzada ematen ere, eta berriak erakartzen». Era berean, eskualde bakoitzak bere errealitatera egokitutako estrategia garatu beharko lukeela uste dute. Errealitate horiek zein diren aztertuko dituzte gaur, besteak beste.
Aldaketa luze gabe egin daitekeela iruditzen zaie. «30 urtean egindakoa desegiteko, ez da beste horrenbeste beharko». Batetik, badira gaur egun dagoeneko eredu berrian lanean dabiltzan ekoizleak. Bestetik, sartuko liratekeen berriak eredu agroekologikora bideratuz gero, soilik hamar urtean sektorearen %60 eta %65 artean eraldatzea lortuko litzatekeela azaldu du Salterainek.