Gasteizko tranbian datorren astean egitekoak ziren lanuzteak bertan behera…
Gasteizko tranbian datorren astean egitekoak ziren lanuzteak bertan behera utzi dituzte
Hegazti gripe kasuen beherakada ikusirik, Frantziako agintariek lurraldeko egoera «arrisku handitik arrisku moderatura» pasatu zuten apirilean. «Hegazti migratzaileen pasaia bukatutzat eman zuten, besteak beste», azaldu du Patrick Dagorret ahate hazle eta ELBko kideak, «baina ustekabean berriz piztu da eritasuna». ELBk argi du arrisku egoera batetik bestera pasatzean «alorrak bere ohitura zaharrak» berreskuratu dituela, hala nola dentsitate handiak, abereen eta langileen garraio etengabeak, material trukeak… «Sorpresarik gabe, kausa berberek ondorio berberak ekarri dituzte, enegarren krisi honen erantzukizuna ez da frogatzekoa».
Maiatzaren hasieratik 26ra arte, 81 birus abiagune identifikatu dituzte Aturri ibarrean: 54 Gersen, 24 Landetan eta hiru Biarnon. Ipar Euskal Herrian oraino ez da abiagunerik identifikatu, eta ezein herritan ere ez da neurririk behar izan.
Izan ere, hegazti gripearen hedapena galarazteko neurriak jarri ditu Frantziak. Patrick Dagorretek azaltzen duenez, «guneak zehaztu» egiten dituzte. Hau da, birusaren abiaguneak identifikatzen dituzte, eta, hamar kilometroko biran hegazti guztiak hiltzen dituzte. 20 kilometroko biran, berriz, hegaztiak mugitzea debekatzen dute salbuespen baimenik ezean. Horrez gain, abere tropetan hegazti berriak sartzea debekatzen da, eta erregularki jarraipen birologikoa egitea eskatzen da. Horrela, maiatzaren 30ean, Biarnoko 269 herri jarri zituen Pirinio Atlantikoetako prefeturak neurriak ezarriak dituzten guneetan.
«Hazkuntza eredu industrialarentzat eginak dira neurri horiek», deitoratu du Dagorretek. Hain zuzen, azaldu du ezin daitezkeela erkatu «etxalde industrialak eta etxalde txikiak». Industrialak 30.000 hegaztiko etxaldeak izan daitezke. Horrek beste kudeaketa bat eskatzen du. Hau da, etxalde handietako laborariek ezin izaten dute dena haiek berek egin. Beraz, hegaztiak alde batetik bestera mugiarazten ditu horrek. «Adibidez, etxalde batean jaiotzak kudeatzen dituzte; ondoren, hegaztiak beste etxalde batera eramaten dituzte egun bat dutenetik hiru hilabete egin arte; ondoren, galkatzera eramaten dituzte, oraino beste etxalde bat arduratuko da hortaz; eta, azkenik, hiltzeko mugituko dituzte», azaldu du hegaztizainak.
Hegaztien etengabeko mugimenduaz gain, laborariek kanpoko enpresak deitzen dituzte hegaztiei zaintza batzuk ekartzeko, hala nola hegaztiak alde baterik bestera mugitzeko. Enpresa horiek hainbat etxalderekin batera ibiltzen dira lanean, eta Dagorretek uste du horrek ere birusa barreia dezakeela.
«Etxalde txikietan berriz, modu autarkikoan ari garela diogu». Alegia, autosufizientzia da hazle horien helburua. Gehienez ere 900 hegazti dituzten «tropa txikiak» ez ezik, etxean sortu eta hiltzen diren hegaztiak ere izaten dituzte. «Ez dira mugitzen, eta, ahate anitz ez direnez, laborari bakar batek egin dezake lan guztia».
Horrela, hazleak azpimarratu du gaur-gaurkoz Frantziako Estatuak jartzen dituen neurriak zentzugabeak direla etxalde txikiei dagokienez: «Gure etxaldeek ez dute arras arriskurik, eta, gure abereek hegazti gripea ukaiten ahal badute ere, ez dugu zabaltzerik egiten». Hegazti gripeak «gogor jotzen» duela azaldu du Dagorretek, eta hunkitua den etxaldeko hegaztiak hil egin behar izaten dituztela, baina hamar kilometroko birakoentzat «ELB jada agertu da ahate hiltzeen aurka. Laborantza Ministerioarekin mintzatzen ari gara neurriak etxaldeen arabera egokituak izan daitezen; momentuko ez dute sobera ulertu nahi». Frantziak hegaztiak hiltzean hazleei kalte ordainak ematen badizkie ere, Dagorretek nabarmendu du «aski izaten ez» dela; are gehiago, denbora aurrera doan heinean «gero eta eskasagoa» dela ordaina.
Bide beretik, ELBko kideak uste du azken hilabeteetan zehazten ari diren hegazti gripearen aurkako txertaketa estrategia hazkuntza eredu industrialari egokitua zaiola. Hegaztiak gaixotu ez daitezen biosegurtasun neurri batzuk eskatzen ditu Frantziak; besteak beste, materiala esterilizatzea, langileek higiene neurri zorrotzak betetzea, eta hegaztiak barnealdean atxikitzea. «Argi dago ez dela martxan, eta orain txertoa dute azken xantza». Dagorretek uste du eritasunei ihardukitzeko azkarragoak egiten dituela hegaztiei bizi baldintza onak emateak, adibidez, tropa txikitan eta kanpoan haziz.
«Hazkuntza eredu industrialak bere mugak erakusten» ditu, haren aburuz, eta txertoa eredu hori «mantendu» ahal izateko garatzen ari dela. «Frantziako Estatuak erantzukizuna bere gain hartu beharko luke, eta eredu hau eraldatu beharko luke». Hain zuzen, ekoizpen eredua jotzen baitu gaitzaren garapenaren erantzuletzat.
Izan ere, maiatzean iazko esperimentuen emaitzak argitaratu ditu Frantziak. Ahateen gainean egin ditu esperientziak. Nekazaritza Ministerioaren arabera, «emaitza on hauek nahikoa berme ekartzen dute txertaketa kanpaina 2023ko udazkenean hasteko». Beste lau herritan ere egin dituzte esperimentuak: Herbehereetan oilaskoentzako txertoa frogatu dute; Txekian eta Hungarian, antzarentzakoa; Italian, berriz, indioiloentzakoa.
Patrick Dagorret ELBko hegaztizainaren ustez, gaur Frantziak berriz ere txertoari garrantzia ematea esportatu ahal izatetik dator. Hain zuzen, otsailera arte Europako Batasunean hegazti gripearen aurkako txertaketa debekatua zen. «Txertatutakoek hegazti griperik gabeko estatusa galtzen zuten». Ahatea ez da asko esportatzen; oilaskoa, aldiz, bai. Hazlearen arabera, «gerla» dago ahate industria eta oilo industriaren artean. Oiloenak ez zuen txertorik nahi, esportatu ahal izateko. Otsailean argitaratu du Europako Batasunak (UE) 2023/361 erregelamendu delegatua. Bertan hegazti gripearen txertoa baimendu eta erabilerarako baldintzak zehazten ditu: AOME Animalien Osasunerako Mundu Erakundearekin bat egiten duten arauak jarri eta behaketa lan zorrotzera behartzen ditu hazleak.
Txertoa biosegurtasun neurriei gehitzea da helburua. Behaketa berezia jarriko da plantan ere bai. Birusaren abiagune bat pizten bada, ordea, txertatutako hegaztiak ere hiltzen ahalko lituzkete. Prebentziozko txertaketa lehenetsiko du Frantziako estrategiak, eta derrigorrezkoa izango da. Nekazaritza Ministerioaren arabera, txertoa «denbora mugatu baterako neurria da gaixotasuna ezdeusteko programaren barruan».
Hazle txikien kezka
Hegazti zaintzako interprofesionalak txertoa udararako prest egotea eskatzen du, hala nola ahate hazkuntzako sailekoek, neguko bestetarako produktuak prestatu ahal izateko. Hazle txikiak dudakorrago daude. Txertoa iristea ez dute begi txarrez ikusten, baina txertoaren prezioak eta plantan jartzeko baldintzek kezkatzen dituzte. Oraindik gauza gutxi jakin badaitezke ere, «hegaztiak 6 euroko prezioa ukango lukeela» entzuten ari dela azaldu du Patrick Dagorretek. «Hazle txikiontzat sobera kario da». Ez da jakina hazleek edo Frantziako Gobernuak hartuko duen kostu hori bere gain. Horrez gain, ahate guztiak nola txertatuko diren, eta are gehiago, proba birologiko bidezko eguneroko «behaketa zorrotza» nola egingo den ere ez da jakina oraindik. Hala ere, Dagorreten kezka nagusia ekoizpen eredu industriala da, eta eredu hori «mantentzeko» erabiliko litzatekeen azaleko konponbidea da txertaketa.
Hala ohartarazi zuen Clusterpapel Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako paperaren klusterrak atzo, urteroko batzar nagusian. 25 urte dira elkartea sortu zutela, baina hura osatzen duten enpresek ez dute ospakizunerako betarik, garai «zailean» baitago sektorea. Kezkatuta begiratzen diote etorkizunari: «Ez dugu ikusten luze gabe egoera aldaraziko duen aldaketarik etorriko denik, gehiegizko stocka arintzeko eskariak handitu eta jarduera indarrez berrabiaraziko duenik».
Salmentak handitu ditu
Pastaren eta paperaren alorrak ez zuen horren gaizki hasi 2022. urtea, baina ez zuen horren ondo amaitu. Izan ere, lehen seihilekoan ikaragarri handitu ziren eskariak, kostuen garestitzearen ondorioz hornidura eskasiaren beldur izan baitziren enpresa asko. Baina sukar hori kolpean jaitsi zen urtearen bigarren erdian, eta geldialdia eragin zuen; horren ondorioz, gehiegizko stocka metatu zen. Gaur egun oraindik, enpresek zailtasunak dituzte stock hori saltzeko.
Horrez gainera, Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruan Espainiako Gobernuak jarrera aldatu izanak ere izan zuen albo kalterik paperaren industriarentzat, Madril Marokoren alde lerratu izanak Aljeriaren haserrea eragin baitzuen. Aljerrek Espainiarekin zituen merkataritza harremanak etetea erabaki zuen, eta, ondorioz, euskal enpresek bezero handi bat galdu zuten: gutxienez 34.000 tona paper saltzeari utzi zioten, eta, beraz, 33 milioi eurotik gorako galerak izan zituzten.
Izan ere, azken hamarkadaz geroztik, urtero, salmenten erdiak inguru Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egiten dituzte klusterreko kideek. Iaz 861,6 milioi euro izan ziren (%48). Ez da nolanahiko kopurua, ekoizpena zertxobait apaldu bada ere (-%4) enpresek lortu baitute fakturazioa handitzea: 1.795 milioi euroraino iritsi ziren salmentak iaz (+%32,7).
Dibertsifikazioa helburu
Egoera konplikatu arren, klusterreko bazkideek enpleguari eustea lortu zuten: 3.115 langile ari ziren iaz sektoreko enpresetan lanean. Aurreikuspenak, ordea, ez dira onak, eta jarduera apaldu izanak neurriak hartzera behartu ditu enpresa ugari, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak aurkeztuz, edota lanorduak gutxituz.
Klusterraren arabera, ordea, arazoa ez da euskal enpresena bakarrik; mundu osoan nagusitzen ari da joera hori. Horregatik, uste du garrantzitsua dela inbertsio ahalmenari eustea. Iaz 111 milioi euro jarri zituzten enpresek ekoizpena dibertsifikatzeko, lehiakortasuna hobetzeko eta ingurumenean duen inpaktua arintzeko. Aurrera begira jasangarritasuna izango baita sektorearen erronka nagusietako bat.