Ehun petrolio eta gas ustiategi eraikiko ditu Erresuma Batuak
Sunakek azaldu duenez, petrolio eta gas ustiategi berriak eraikitzeko baimenen bidez, Erresuma Batuak beste herrialde batzuekiko duen energia mendekotasuna apaldu nahi du. Gobernuaren kalkuluen arabera, «nahiz eta 2050erako zero igorpenera iritsi», Erresuma Batuak petrolioa eta gasa beharko ditu bere energia beharren %25 betetzeko. Gobernuaren asmoa da lehen lizentziak udazkenean ematea.
Talde ekologista batzuek, tartean Greenpeace, gogor kritikatu dute neurria, eta azpimarratu dute klima larrialdiari aurre egiteko egindako akordioen eta hartutako konpromisoen aurkako neurria dela.
Gas eta petrolio ustiategi berriekin batera, karbonoa harrapatzeko bi azpiegitura handi iragarri ditu Londresek, eta 23.000 milioi euro bideratuko ditu horretarako. Planta horietako bat St. Fergusen egongo da, Eskoziako ipar-ekialdean. Isuri kutsatzaileak itsaso azpian biltegiratuko dituzte. Antzeko beste azpiegitura bat egingo dute Humberren, Ingalaterrako ipar-ekialdean. Greenpeaceren arabera, «erregai fosilen industria mantentzeko helburua» dute bi egitasmoek.