AEBko Erreserba Federalak interes-tasak puntu laurden igo ditu
AEBko Erreserba Federalak interes-tasak puntu laurden igo ditu
«Ez dizut gezurrik esango: langileak atsekabetuta daude, urduri. Justiziatzat jo dezakegun edozein erabaki oso berandu iristen ari da eta». Aitortza Alfonso Riosena da, Euskadiko CCOOko osasun arloko arduradunarena. Kaltetu guztiak sindikatuko kideak dira, eta hark lagundu die epaibidean. Riosen kritika, baina, harago doa. «Tamalez, oso ohikoa da lan osasunarekin zer ikusia duten auziak hainbeste luzatzea. Enpresek badakite nola luzatu. Amiantoarekin esperientzia handia dugu. Kasu askotan, langilea epaiketa iritsi aurretik hiltzen da».
Novograniten, auzian, baina, epaiak hanka gehiago ditu. Marmoldegiko arduradunez gain —porrot egin eta itxi egin zuten—, Cosentino eta Levantina harrobietako arduradunak eta enpresako prebentzio medikua ere salatu ditu fiskaltzak. Baina zergatik bi harrobiak? Ustez beren materialen arriskuen berri garaiz eman ez zutelako.
Cosentino 2021ean 1.400 milioi euro fakturatu zituen multinazional bat da, Silestone markaren sortzailea. Levantina, berriz, Ceasarstonerena. Sukaldeetako estalkiak egiteko erabiltzen diren harrien ordezkoak dira, eta oso zabalduak daude merkatuan. Novograniteko langileek urte luzez moztu eta leundu zituzten. «Ez dira harri naturalak, kuartzoz eginiko aglomeratuak baizik», azaldu du Riosek: «Marmolak edo granitoak bezalako harri naturalen silize kopurua %20 ingurukoa izaten da. Material horietan, berriz, %95 ingurukoa da».
Silize kantitatea xehetasun garrantzitsua da, hura baita silikosia eragiten duen substantzia. «Hamahiru edo hamalau urtez landu genuen, eta marmola izan balitz bezala beti; Bermeoko kasuak agertzen hasi zirenean hasi ziren prebentzio neurri zorrotzagoak ezartzen gure artean, baina ordurako berandu zen», onartu zuen gaixoetako batek 2016an BERRIA-ri emaniko elkarrizketan. Bermeoko kasua Cid marmoldegikoa izan zen, eta aglomeratuen arriskuen zantzuak azaleratu ziren bertan. Sei langilek salatu zuten kasu hura, 2016an izan zen ebazpena, eta bi harrobiak errugabetzat jo zituzten. Epailearen ustez, emana zuten haien produktuen manipulazioak zuen arriskuaren berri.
Adosturiko kalte-ordainak
Ebazpen horri heldu diote enpresek gaiaren inguruan hitz egitean, eta azaldu dute Novograniten kasuan kalte ordain indibidualak adostu dituztela zortzi langileekin. Cosentinok akordio pribatuak lortu zituen haiekin, 25.000 eta 102.000 euro artekoak, eta akusazio partikularrak kendu zituzten. Diruak, baina, ez du bermatzen osasuna, eta Riosek azaldu du zortziek ezintasun osoa edo absolutua jaso dutela. «Eta gazteak dira, 40-50 urte ingurukoak denak. Absolutua jaso duenak 40 urte inguru izango ditu; izugarria da. Kirolzalea-edo bazara, akabo, kostata egin ahal izango duzu ahalegin handirik».
CCOOk salatu zuen urte luzez Novograniten ez zela babes neurri egokirik egon, eta horrek kalte handia egin ziela langileei. Rios: «Halakoetan beti babes neurri indibidualak lehenesten dituzte enpresek, kolektiboak baino merkeagoak direlako, baina eraginkortasun txikiagoa dute. Merkeagoa da maskara batzuk erostea harria mozteko zerran nebulizazio sistema bat edo hautsa xurgatzeko gailu bat jartzea baino. Baina horiek lehenetsi beharko lirateke, legez».
Aurrekari baten pisua
Aurrekariak ikusita, zaila dirudi arduradunak zigortzea, baina bada ekuazioa aldatu duen zerbait. Otsailean, Francisco Fernandez Cosentinok, Cosentino enpresaren jabeak, sei hilabeteko espetxe zigorra onartu zuen Vigoko (Galizia) enpresa baten aurkako epaiketa batean. Han, bost langilek hartu zuten silikosia Silestoneren hautsaren eraginez. Sei hilabeterekin ez litzateke kartzelan sartuko, baina aurrekariak pilatu ditu. Enpresaren ustez, dena den, Vigoko kasua «ezin da estrapolatu iraganeko edo etorkizuneko beste kasu batzuetara».
CCOOn ez dira iritzi berekoak. «Abokatuek ez dakite zer pisu izan dezakeen, baina berriz zigortzen badute badago espetxe zigorra bete behar izateko aukera. Negoziaturiko zigorra izan ala ez, aurrekari penalak dira».
Bilboko ebazpena aste batzuetako kontua izango da, baina ez da izango azken epaiketa. Espainian, Cosentinok aurre egin beharko die silikosiak jotako beste ehun langileren salaketei —hogei bat epaiketa—. Espainiako hainbat ekonomia hedabide berezituren arabera, enpresak atzeratu egin du burtsarako irteera, epaiketen ondorioz.
Eurogunea atzeraldian sartu zen teknikoki urtearen hasieran, aurtengo lehen hiruhilekoan eta iazko azkenekoan %0,1eko uzkurtze bat izan zuelako. Egia da, ordea, atzeraldia ez dela orokorra, eta batez ere Alemaniari (-%0,3) eta Irlandari (-%4,6) dagokiela. Gainera, jakina da barne produktu gordina ez dela Irlandaren jarduera ekonomikoa neurtzeko erakuslerik egokiena, AEBetako multinazional handiek puztutakoa baita. Hain zuzen ere, enpresa horiek jabetza intelektualen etekinak Irlandatik AEBetara eraman izanak eragin zuen urte hasierako hondoratzea.
Baina Eurostaten asteleheneko datuak ematen duen azken kopurua gorabehera, argi dago pattal dabilela euroaren eremuko ekonomia, inflazio handiak dakarren zamaren ondorioz.
Zerbitzuko enpresen PMIak erakusten du indarra galtzen ari dela sektore hori —52tik 51,1era jaitsi da—, baina kezka nagusia industriari buruzkoa dela: 43,4tik 42,7ra jaitsi da. Hain apal egon zen azken aldian, Europa konfinatuta zegoen, COVID-19ari aurre egiteko. Datu horrek adierazten du industria ekoizpena gutxitzen ari dela, eskaririk ez dagoelako.
Ekonomia motelari gauza on bat bilatzeko, hori da inflazioaren presioa gutxitzen duela. Ekainean beste koska bat egin zuen behera, %6,1etik %5,5era, eta gero eta urrutiago du urriko datua (%10,6).
Horrek, ordea, nekez mugituko du bere bidetik Europako Banku Zentrala. Etzi du bere azken bilera udako oporren aurretik, eta ia analista guztiek espero dute tasak beste puntu laurden bat igoko dituela, %4,25eraino. Horretarako argudioa da inflazioa oraindik maila horretatik gora dagoela, eta goian jarraitzen duela azpiko inflazioak —elikagai freskoak eta energia aintzat hartzen ez dituena—. PMIk berak dio prezioek gora egin dutela zerbitzuetan eta dendetako apaletan, nahiz eta industriak kobratzen dituenak jaisten hasi diren.
Irailera begira
Uztaileko bileraren emaitza baino gehiago, iraileko bilerarena baldintza dezake PMI indizearen datuak. Azken agerraldietan, Christine Lagarde EBZko presidenteak egintzat jo du uztaileko igoera, baina argitu gabe utzi du irailean zer egingo duten.
Azken hilabeteetan langileek lorturiko soldata igoerengatik eta enpresa askoren irabazi mardulengatik kezka azaldu du banku zentralak, inflazioaren gurpil zoroa elikatzen dutelakoan. Horri erreparatzeko eta interes tasak igotzen jarraitzeko eskatu dute EBZko belatzek, baina jarduera ekonomiko motelak argudioak ematen dizkie usoei interes tasen igoeran etena eskatzeko.
AEBetan ere bilera astea da Fed Erreserba Federalarentzat. Interesak igotzea espero da, baina baita oraingoz azken igoera izango dela iragartzea edo iradokitzea ere.
Ekhilurren ordainketa sistemak guztira milioi bat euroko eragiketa bolumena lortu du bere proba pilotuan. Bilbon egoitza duen egitasmoa 11 hilabetez egon da Bizkaiko hiriburuan eta Hernanin (Gipuzkoa) proiektua martxan jartzen. Alex Lopez Ekhilurreko teknikariak dio espero zuten baino “lehenago” heldu direla kopuru horretara. Proiektuaren helburua argi dute Ekhilurren: alde batetik bestera doan diruaren gaineko kontrola, herritarrek izatea. Izan ere, ordainketa sistemaren funtzionamendua “komunitateak erabakitakoarekin” arautzen da, Lopezen esanetan.
Ekhilur irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da,eta erregulatuta dagoen ordainketa sistema bat du. Baina zer da ordainketa sistema bat? “Visa, Bizum eta Paypal dira ordainketa sistemetan esanguratsuenetakoak”, dio Lopezek, adibide batzuk jartzearren. Ekhilurrek, baina, ezberdintasun nabarmena du hain hedatutako sistema horiekin alderatuz gero: herritarrei ordainketen gaineko kontrola itzultzea. “Gaur egun, erosketak ordaintzen ditugunean, ez dugu inolako kontrolik sistemaren gainean. Bertako arauak eta hortik lor daitezkeen etekinak gure kontrolpetik kanpo daude”, esan du Lopez teknikariak.
Erabilera “nahiko handia” lortu dutela uste dute Ekhilurren. Batez ere, kontuan hartuta “ordainketa sistema berria” dela eta bestelako sistemen erabilera “erroturik” dagoela, Lopezek gaineratu duenez: “Ikusi dugu ez geundela hain desbideratuta gure aurreikuspenekin. Argi gelditu da Visaren alternatiba izan daitekeen sare bat sor daitekeela”. Bilbon berrogei saltokik dute sistema erabilgarri; denak, Zazpikaleetakoak. Negozio horien artean daude, besteak beste, Gorostiaga kapelak, Pikara Magazine, Posta kaleko 4. zenbakiko farmazia, Rosi okindegia eta Almodobar taberna.
Merkataritza gune berriak
“Kapitalismoaren tresnak erabiliz kapitalismoa aldatzea”: hori da, Lopezen iritziz, Ekhilurren egitekoa: “Kapitalismoaren tresnak erabiltzen ditugu, baina bestelako helburu batzuk lortzeko. Guretzat, oso garrantzitsua da sarearen bitartez merkatarien artean kidetasun eta kooperazio sentipena sustatzea”. Hori lortzeko, oso baliagarria iruditzen zaie kooperatibatik “sare eta tresna amankomun baten parte izatea”.
Are, dendarien artean elkartasuna lortzeak “berebiziko” garrantzia du proiektua garatzeko. Izan ere, helburua da tokiko merkataritzaren eredua ulertzeko modua aldatzea, dendak era independente batean ulertzetik, “merkataritza gune” baten modura ulertzera: “Sare baten modura irudikatzen dugu guk, gainazal handi baten antzera. Zenbait abantaila jasotzen dituzte erabiltzaileek erosketak egiteagatik [ordaindutakoaren %10 itzultzen zaie]. Baina lortutako diru hori soilik herri horretan gastatu dezakete; fideltasuna ezartzeko modu bat da”. Hau da, Ekhilurrek merkataritza gune handiei “hain errentagarriak” zaizkien estrategia berak aprobetxatu nahi ditu.
Horrelako abantailak, ostera, ez daude Bilbon oraindik. Alex Lopezek argitu duenez, bi lan ildo prestatu zituzten proiektua nola garatu behar zuten ikusteko. Alde batetik, deskontuena, Hernanin ezarri dutena; eta, bestetik, ikuspuntu etiko-sozialari garrantzia ematea hitzaldien bitartez, Bilbon egin duten legez. Lopezek dio Hernanin erabilitakoa “askoz eraginkorragoa” izan dela. Hori dela eta, sistema datorren irailetik aurrera Bilbon ezarri nahiko lukete.
Pausoak aurrera
Bizkaiko ekhi txanpona eta Goiner kooperatiba elkartuta eratu zen Ekhilur kooperatiba. Lopezek dio ekhi txanponaren esperientziaren ostean konturatu zirela txanpona bera baino garrantzitsuagoa dela ordaintzeko modua kontrolatzea: “Ordainketa sistemaren arauak kontrolatuz gero, txanponaren gaineko kontrola duzu, nolabait”. Horregatik, ildo hori jorratzen jarraitzea erabaki dute. Dena den, Ekhilurreko teknikaria jakitun dago Bilbok errealitate asko dauzkala; hori dela eta, merkataritza zonatan banatuko dute hiria, “estrategia ezberdinak ezarri” eta eredua “pixkanaka” zabaldu ahal izateko.
Ekhilurren hedatzeko nahiak ez dira Bilbon geratzen. Izan ere, Lopezek baieztatu duenez, Hernanin “bideragarritasuna bilatu” eta Bilbon estrategia berria aplikatzeaz gain, Euskal Herriko beste gune batzuetara zabaltzeko pausoak emango dituzte. Luze gabe Irunera zabaldu nahi dute (Gipuzkoa). “Mugaz gaindiko txanponak” ezartzea gustatuko litzaioke teknikariari; horregatik, Ipar Euskal Herriko euskoarekin daude hizketan Irunen, euroaz gain erabili ahal izateko.
Iaz bezala, Ezterenzubi eta Orbaizeta artean (Nafarroa), Irupileko lepoan antolatu du Bortuaren Eguna Buru Beltza elkarteak. Igande honetan eginen dute. Aezkoa eta Garazi ibarren arteko harremanen indartzeko eguna izanen da, berriz ere. Manex ardi buru-beltzaren aldeko elkarteak lan berezia bidean du, bestalde, ardi mota hori begiratzeko eta berriz garatzeko. Hiru urte hauetan, buru-beltz saldoetako esnearekin egin gasnak ekoitzi ditu, Buru Beltza markarekin saltzeko eta balioa emateko buru-beltz tropei.
Duela zenbait urte -baizik eta manex buru-beltzak ez zuela buru-gorriak bezainbat esne ekoizten-, Urdiñarbeko ardi zentroarekin hasiak ziren ardi hautatzen; genetikaren bidez, esnedun jorienen bereizteko. Bidenabar, ardi ikarari buru egiteko ere bai. Lea Pitzini Buru Beltza elkarteko eramaileak aitortu du selekzioaren bide hori aski motz gelditu zela: “Hazleen artean ez zen baitezpada helburu bat manex buru-gorriaren esne heinetarat heltzea; gehiago zen ardi azkar bat atxikitzea. Artzain anitz eskema ofizialetik atera dira, eta beren hautaketa egiten dute”. Bilatzen dituzten ezaugarrien arabera, marroak etxalde batetik bestera ibilarazten dituzte, beren ardien jokatzeko.
Buru Beltza elkartean ohartuak ziren hautaketaren gaiak “jendea zatitzen” zuela biltzeko partez, eta “denen arazoa hazkuntza horretatik bizitzea” zela, oroz gainetik, Pitzinik jarraitu duenez. Horregatik deliberatu zuten manex buru-beltzaren marka sortzea, ardi mota horren berezitasunak eta “bortura igortzea” balioztatzeko.
Buru Beltza marka
Marka akuilatzeko, manex buru-beltzen esnearekin egin gasna batzuk egin dituzte, espresuki, diru bilketa deialdi bat egin ondoan. “Ohartu ginen ardi motaz aldatzen ziren hazle gehienek buru-beltza kentzen zutela esnea saltzen baitzuten kanpoan eta ez zutelako balio gehigarririk beren esnearentzat”, esplikatu du Pitzinik. Buru-beltzen esnearekin, aparte gasna eginez, xedea da esne horren prezioa goratzea, artzainek buru-beltzekin segitzeko gogoa atxiki dezaten. Etxe gasna egileez harago, esnea esnetegietara saltzen dutenei zuzendua zaie. “Buru-beltz esne gordinez egin aparteko gasna da helburua, beste esneekin ez nahasia, sail guzia garatzeko”. Markak balio luke axurki, bildoski edo atzarkiarentzat, baita artilearentzat ere.
Arautegi bat finkatu dute marka horren erabiltzeko zuzena izateko. Esne gordinezko gasna egiteaz gain, ardi saldoak bortura joan behar du, urtero, hiru hilabetez, segurik. “Horrela, kohesio handiagoa izan dezakegu buru beltz artzainentzat”.
Buru Beltza izena eman dio izen bereko elkarteak markari, baita logoa ere. Markaren biziarazteko egitura juridiko bat plantan eman nahi dute: “Elkarte gisa ez baitezakegu halako aktibitate komertzialik eraman”. Ekoizpenen salmenta, komunikazioa eta arautegia betearazteko zaintza lana eginen luke egiturak. Haatik, markaren jabetza Buru Beltza elkarteak atxikiko du, “ez dadin desitxuratua izan”.
Gaur egun, solasak hasiak dituzte zenbait esnetegirekin, ikusteko zein prest liratekeen bakarrik manex buru-beltz ardi esnearekin egin esne gordineko gasnen ekoizteko. Jakinik esnetegi bakoitzak badituela berekin hitzartu artzainak buru-beltzekin direnak, baina ez baitezpada esne kantitate aski handiak esnetegi batzuek dituzten bertzatara handientzat. Pitzinik aipaturik, solasak bidean dituzte Andros taldeko Onetik (Makea) eta CLPBrena zen Etxaldiarekin (Aldude), Azkorria kooperatibarekin (Muskildi) eta Agour taldearekin (Heleta).
Lehen gasna entseguak CLPBko ekoizleekin egin zituzten, iaz, eta aurten, Savencia taldeko -lehengo Bongrain- Chaumes esnetegikoekin (Maule). “Chaumes esnetegiko artzain batzuen esneak erosi ditugu urtarrila eta apiril artean, eta Azkorria esnetegian gasnatu”. Bi esnetegiekin adosturik, kanpaina horretarik jalgi gasnak Buru Beltza markarekin saltzen ahalko dira. Saldu gasna bakoitz, buru-beltz ekoizleari 50 zentimoko prima emanen diote saldu duen esne pintako, gainbalio bat ukan dezan. “Nahi izan dugu erakutsi posible zela egitea”, argitu du Pitzinik. Momentuko kontent dira atera diren gasnek ematen dutenarekin.
Bortuaren Eguna
Azken urteetan, bi urtetarik antolatzen du Buru Beltza elkarteak Bortuaren Eguna, Garaziko eta Azkarateko Munhoa ikastolekin. Urte bakoitietan egitea erabaki zuen. Ondokoa 2025ean izanen da. Aldudeko feriarekin aldizkatzen dituzte urteak.
Aezkoaren eta Garaziren arteko harremanek markatuko dute aurtengo Bortuaren Eguna. Gunea ere araberakoa da: bi ibarrak juntatzen dituen Irupileko lepoa. Eguna Organbideko harrespiletan abiatuko da, 09:00etan, Aezkoako eta Garaziko bortu sindikatuen arteko urteroko itunaren izenpetzearekin, bi ibarrek alde bateko eta besteko alhapideen baliatzea adosten baitute, mendeetako ohiturari jarraituz.
Ondotik, goizeko askaria eginen dute, eta gasna lehiaketa. Eguneko animazio orotarik apailatu dute: Azpegiko harrespilen aurkezpena, Orbaizetako (Aezkoa, Nafarroa) Kultur Olarako bisita, zaldi lehiaketa, Aezkoako eta Garaziko ekoizleen merkatua, ardi mozte eta gasna egite erakustaldiak, bizikleta ateraldia, argazki eta ikastoletako haurren marrazki erakusketa. Bazkari denboran, bortuko itunaren historia markatu duten eragile ohiak omenduko dituzte.
Une oro mundu osoko milioika eta milioika erabiltzaile daude sare sozial nagusietan, eta elkarreragin handia izaten da horietan. Industria horrek eragin nabarmena du, eta, halaber, nabarmena da hartan mugitzen den diru kopurua ere, baina nola kudeatzen da, eta nondik dator diru hori guztia? Nola irabazten da dirua sare sozialetan?
Plataforma digital ugari daude, sortzaile ugari, eta dirua lortzeko modu ugari ere bai, baina arreta handiena pizten duena ikusle eta harpidetza kopuruarengatik eskuratzen den dirua da. Puntako sare gehienak doakoak dira, hau da, erabiltzaileek ez dute ordaindu beharrik edukiak ikusteko. Beraz, nola da posible horrenbeste diru mugitzea? Publizitatea sartzen da orduan.
Publizitatea era masiboan aurkitu daiteke sare sozialetan, erraza baita digitalki iragarkiak bata bestearen atzetik ipintzea. Publizitatetik dator plataformen eta influencer-en diru sarrerarik konstanteena. Hilabeteko ikustaldi kopuruak aintzat hartuz, publizitatearekin jasotako dirua banatu egiten da eduki sortzailearen eta sare sozialaren artean, baina, diru hori eskuratzeko, aurretik kontratu bat sinatu beharra dago.
Erabiltzaile guztiek ezin dute dirua jaso sare sozialetatik. Hainbat baldintza eta arau bete behar dira: adinez nagusia izatea eta plataformako komunitate politikak, arau orokorrak eta pribatutasun irizpideak betetzea, besteak beste. Plataforma askotan gutxieneko ikusle eta harpidetza kopuru batzuk ere eskatzen dituzte lana monetizatzeko. Adibidez, Tiktok sare sozialeko monetizazio baldintzetako bat da 10.000 jarraitzaile baino gehiago izatea, baita azken 30 egunetan 100.000 ikustalditik gora izatea ere.
Plataformaz plataforma
Youtube eta Twitch plataformak erabiltzen dira gehien gaur-gaurkoz bideo luzeak igo eta zuzenekoak egiteko. Youtube plataformatik dirua jasotzeko, beharrezkoa da 1.000 harpidetzatik gora izatea eta azken urtean 4.000 ordutik gorako ikustaldiak izatea. Twitch plataforman, monetizazioari dagokionez, sortzaileek aukeratu dezakete zenbat iragarki tartekatu bideoetan. Gehienez hiru minutuz jar daiteke publizitatea orduko; baina, gehienetan, sortzailerik handienek orduko minutu bat jartzen dute, ikusleen atseginerako. Iragarkiak ikusten dituzten erabiltzaileen kopuruaren araberakoa da jasotzen den dirua Twitchen.
Bestalde, eduki laburrak eta bertikalak dira gehien ikusten direnak. Tiktok izan zen hori eskaintzen aitzindaria, eta horri jarraitu diote Instagram Reelsek eta Youtube Shorts-ek. Tiktok plataformak ez du banatzen publizitatetik jasotzen duen dirua. Horren ordez, sortzaileentzako funts gisa izendatutako diru zaku bat dute; horrekin, 1.000 milioi euro banatzen dituzte Amerikako Estatu Batuetan, eta 2.000 milioi euro munduko gainerako tokietan. Diru banaketa hori ikustaldi kopuruaren, bideoaren elkarreraginaren, eta edukiak ikusten diren herrialdeen araberakoa da.
Instagram plataforma da gaur egun moldakorrena, eta bideo motzak, luzeak, argazkiak eta zuzenekoak egiteko aukera ematen du. Monetizazioari dagokionez, orain arte ez dute asmatu metodo egokiena zein den, eta aldaketa prozesu betean daude. Aurretik, bideoetako erreprodukzioengatik hilabetean diru kopuru bat ordaintzen zuten, eta aldaketa horrekin Youtube eta beste plataformek dituzten modeloak ezarri nahi dituztela uste dute adituek. «Sortzaileek diru sarrera konstanteagoak jaso ditzaten ari gara lanean», adierazi du Andy Stone-ek, Meta enpresako bozeramaileak.
Euskara, sareetan trabatuta
Gero eta sortzaile euskaldun gehiago daude sarean, baita euskarazko edukiak bultzatzen dituztenak ere. Baina, euskaraz egiten duen influencer-ik ba al da? Oraingoz, oso-oso zaila da euskara hutsean sortu eta sare sozialetatik bizitzea, eta euskaldun gehienek erdaraz sortzera jotzen dute, hala nola hainbat sortzaile ezagunek: Twin Melody, Iban Garcia…
Sare sozialetan ibiltzen diren marka handiek ahal bezainbat jenderengana iritsi nahi dute, eta ez dituzte euskarazko sortzaileak kontratatzen. Eta sortzaileek pentsatzen dute jarraitzaile gutxiago izango dituztela, eta horrela ez dituztela kolaborazioak lortuko. Euskal enpresek beren publizitatea sare sozialetara mugitzen hasteak beharbada lagunduko luke euskarazko influencer gehiago ikusteko; jakinda euskara oraingoz ezin dela gazteleraren, frantsesaren eta ingelesaren maila berean jarri.