Arlo publikoko grebaren eskaerak, «Jaurlaritzaren eskumenetatik kanpo»
Urriaren 25erako eta abenduaren 19rako deitutako greba egun horiei buruz galdetu zioten atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunari, astearteroko gobernu bileraren ostean. Gobernuaren iritzia ematearekin batera, Zupiriak, nolabait, interpelazioa gizartera ere zabaldu nahi izan zuen.
Haren arabera, gobernuari gustatuko litzaioke jakitea zer iritzi duen gizarteak greba egunei buruz;«ea [gizarteak] ulertzen dituen eta haiekin bat egiten duen, deialdiek eragin zuzena izango baitute gobernuaren, aldundien eta udalen zerbitzuetan, eta baita osasungintza eta hezkuntza bezalako oinarrizko zerbitzuetan ere».
Edonola ere, gobernuak uste du greba egiteko arrazoiak Jaurlaritzaren eskumenetatik kanpo dauden eremuei dagozkiela. Sindikatuek, besteak beste, %10eko soldata igoera eskatzen dute langile publikoentzat, erosteko ahalmena berreskuratzeko. Eta horri buruz, Zupiriak esan zien guztiek dakitela estatuko aurrekontu orokorren legean jasotako soldata mugek administrazio publiko guztiak behartzen dituztela eta, beraz, baldintzatzen dituztela estatuko langile publiko guztientzako soldata igoerak.
Aurrekontu Orokorren Legean jasotako hiru urterako soldata igoera horiek Espainiako Gobernuarekin CCOOk eta UGTk adostu zituztela gogoratu zuen Zupiriak. «Eta derrigorrez bete beharrekoak dira Espainiako Estatuko administrazio publiko guztientzat, baita Eusko Jaurlaritzarentzat eta bere erakundeentzat, aldundientzat eta udalentzat ere».
Akordioaren bidea
Grebetara deitu duten sindikatuen beste aldarri nagusietako bat %8ko behin-behinekotasunarena da, eta, horri buruz, Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi zuen administrazio publiko guztiek dutela —alegia, Jaurlaritzak, aldundiek, udalek— «ezegonkortasun» hori murrizteko konpromisoa; «horretarako hainbat lan eskaintza publiko egin dira».
Eskaintza horien helburua, Zupiriaren arabera, hutsik geratu diren lanpostuak betetzea izan da; beste kasu batzuetan, Osakidetzaren moduan, langile taldeak handitu dira; eta, bestalde, lanpostuak kontsolidatzeko prozesu oso bat ere zabaldu da. «Hori da sindikatuen aldarriei eman diegun erantzuna. Edonola ere, gobernuak konpromisoa du euskal zerbitzu publikoak hobetzeko, eta uste dugu elkarrizketa eta akordioak direla bidea, eta ez konfrontazioa».