Txinak dio EBren jokaerak autogintzaren hornidura katea trabatu dezakeela
Erantzun ofiziala atzo iritsi zen. Europako Batasunarena «ageriko protekzionismoa» da, Txinako Merkataritza Ministerioaren ustez: «Serioski trabatu eta distortsionatu dezake automobilgintzaren hornidura kate globala, baita EB barruan ere, eta inpaktu negatiboa izan dezake Txinaren eta Europako Batasunaren merkataritza harremanetan eta harreman ekonomikoetan».
Ildo horretan, ez da ahaztu behar Europan bertako ekoizleek fabrikatzen dituzten autoentzako zenbat osagai datozen Txinatik; besteak beste, ezinbesteko bateriak. Menpekotasun hori arintzeko, Europako Batasuna presaz dabil kontinentean bateria fabrikan ezartzen, baina oraindik beharko du denbora hornidura kateetan arriskua gutxitzeko.
Osagaiak soilik ez: Europako eta AEBetako ekoizleen autoak ere etortzen dira Txinatik Europara, eta muga zergak ordaindu beharko lituzke, esaterako, BMWk, iX3ak handik ekartzen baititu, edota Teslak berak ere.
Txinako Merkataritza Ministerioaren agiriak gogoratu du Europako Batasuneko autogileek urte asko daramatzatela Txinan jardunean, eta Txinakoa kanpo merkatu garrantzitsua bilakatu dela Europako auto konpainientzat eurentzat ere. Muga zergei erantzuteko Txinak hartuko lituzkeen neurriak igarri egingo lituzkete, adibidez, Volkswagenek eta BMWk, zabaltzen ari baitira Asiako herrialdeetan.
Elkarrizketarako deia ere egin du Pekinek, «bidezko eta diskriminaziorik gabeko merkatu ingurumen bat sortzeko, Txinaren eta EBren bien garapen komunerako». Lehen elkarrizketa datorren astean izango da, Valdis Drombovoskis Europako Batzordeko merkataritza komisarioa Pekinera joatekoa baita.
Edonola ere, Txina «oso adi» egongo da EBren joera protekzionistekin eta jokaerekin. «Irmo babestuko ditu Txinako enpresen eskubide eta interes legitimoak».
Kontrako ahotsak Europan
Bitartean, ikerketaren kontrako ahotsak ere entzun dira Europan bertan. Batetik, Frantzia izan delako autogile europarrak babesteko eskatu duena, eta ez, esaterako, Alemania, zeinak Txinara esportatzen dituen autoak, Frantziak ez bezala.
Bestetik, Txinari zigorrak edo muga zergak jartzeak Europan kontsumitzaileek auto elektriko «merkeak» izateko modua oztopatu dezakeela ere uste dute askok, eta horrekin garraioaren deskarbonizazioa garestitu eta geldotu daitekeela. Finean, protekzionismoa gorabehera, bada zerbait agerikoa gaur egun: Europako autogintza industria ahulezia erakusten ari dela elektrifikazioaren erronkari aurre egiteko.