Eusko Jaurlaritzak onartu berri du V. Gazte Plana
VWek lan itunaren aurreakordioa ixtear du CCOOrekin eta UGTrekin
Akordioa azkenean gauzatzen bada, hiru urteko iraupena izango du, 2024tik 2026ra. Auto elektrikorako produkziora eraldatzeko obren garaian egongo da indarrean. ELAko Igor Peñalverri iruditzen zaio lan itun hori aurrekoaren «luzapen bat» dela. «Ez dugu hitz egin hitzarmenetan ohikoak diren gaiez: lanorduez, malgutasun neurriez. Asmo batzuk jarri ditu zuzendaritzak, eta horri buruz zehatzago hitz egingo dugu beharra etortzen denean». Horregatik, uste du «dena airean» geratu dela.
«Antzezpen bat izan da»
LABeko Raul Portilloren arabera, berriz, «antzezpen bat» izan da, elkarrizketa hasi aurretik «egina» zutelako enpresak zein batzordean nagusi diren bi sindikatuek. «Dena orokorkeriak dira: ez da gauza handirik zehaztu. Akordioaren mamia ondorengorako utziko da».
Atzokoa zortzigarren bilera izan zen, eta zuzendaritzak mahai gainean jarri zien langileen gaixo agiriak kudeatzen dituen mutualitateari urte batez ardura hori kentzea. Akordioaren arabera, 2025etik aurrera erabakiko dute zer egin. Jesus Galindo Industria Harremanetako zuzendariaren ustez, absentismoa murrizteak izan behar du enpresaren eta langileen lehentasuna. Hala eginez gero, VW prest dago mutualitaterik gabe jarraitzeko, eta bestela oraingo egoerara itzuliko dira.
Oraintxe, absentismoa %9-10ekoa da Landabengo fabrikan. Portillok gogorarazi zuen mutualitatea sartu denetik ez duela ezer konpondu, eta, alderantziz, «arazo ugari» eragin dituela.
Peñalverrek gaineratu zuen absentismoa apaldu beharrean handitu egin dela azken urteetan. Haren esanetan, mutualitatearen joera da langileen gaixo agiriak ez lotzea lanarekin, baizik eta gaitz arruntekin. «Negozio bat da, bideratzen da dirua zerbitzu publikoetatik pribatuetara». ELAko kidearen ustez, absentismoaren gaia produkzio ereduarekin dago lotuta, baina horretan ez du sartu nahi izan VWek.
Negoziazioari ekin aurretik, enpresak ohartarazi zuen urte eta erdiz 400 lanpostu sobran izango zirela. Enpresak lanpostu gutxitze hori neurri hauek ezarriz bete nahi du: errelebo kontratuak eginez, eta 60 urtetik gorako langileek lana borondatez utz dezatela bultzatuz. Alta, autogintzako errelebo kontratuekin jarraitzea Espainiako Gobernuaren erabakia izango denez, enpresa uzteko lanpostu horien irizpideak VWek ezarri nahi ditu.
Testuak ez du zehazten zer irizpide ezarriko diren horretarako, baina sindikatuek susmoa dute behin-behineko langileekin lotu daitekeela. LABeko Raul Portillo kritiko azaldu da horregatik, borondatezkoa izateari utz diezaiokeelako: «Gaixo agiriak dituzten horiek kendu nahi dituzte gainetik, eta absentismoa apaldu nahi dute horrela, beste ezer egin gabe».
Soldatari dagokionez, VWek proposatu du urtero KPIa adina igotzea. Gainera, errendimenduaren araberako sari bat proposatu du. Hiru urtean 900 euro ordainduko ditu: 200 euro 2024an, 300 euro 2025ean, eta 400 euro 2026an. Azken 400 euro horien ordainketa loturik egongo da auto elektrikoaren helburuekin.
Argindar merkatuaren erreforma adostea lortu dute Europar Batasuneko herrialdeek

Besteak beste, epe luzerako kontratuak sustatu eta hornidura bermatzearen aldeko neurriak indartzen ditu erreformak. Orain, Europako Parlamentuan eztabaidatu beharko dute azken testua. Urtea amaitu aurretik onartu nahi da.
Sindikatuek diote itunpeko eskoletan % 70ek egin dutela greba;…

Lehen greba eguna EAEko itunpeko ikastetxeetan. ELA, Steilas, CC OO, LAB eta UGT sindikatuek ostegunera arte lanuztea egiteko deia egin dute. Gainera, manifestazioa egingo dute Bilbon, patronalei hitzarmen berria negozia dezaten eskatzeko.
Iberdrolako bi zuzendarik ukatu egin dute argindarraren prezioa igotzeko…

Iberdrolaren kontrako epaiketa hasi da, 2013an argindarraren prezioa manipulatzea egotzita. Iberdrolako 4 arduradun eseri dira akusatuen aulkian eta Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak bina urteko kartzela zigorra eskatzen du beraientzat. Gainera, ia 84,9 milioi euroko isuna eskatu du konpainiarentzat.
Behin-behineko ERABAKI-PROPOSAMENA, emakume langabeen gaitasun digitalak hobetzeko prestakuntza-programazioa finantzatzeko…
Amiantoagatik itxitako CAFeko hiru pabiloiak zabaldu dituzte, abuztutik itxita…

Joan den astean egindako neurketen emaitzak onartutako mugetatik beherakoak izan ziren. Lanera buelta apurka-apurka egingo dute beharginek. Langile Batzordetik adierazi dutenez, ostegunean langileen batzarra egingo dute 09:00etan eta 10:00etan, berriz, manifestazioa Beasaingo kaleetatik zehar.
EAEko BGPa eta enplegua % 1,6 hazi dira EAEn,…

EAEko BGPa eta enplegua % 1,6 hazi dira EAEn urteko hirugarren hiruhilekoan, iazko hiruhileko beraren aldean. Bigarren hiruhilekotik hirugarrengora, BPGaren hazkundea % 0,2koa izan da eta enpleguarena, berriz, % 0,4koa.
Emakumeak, lurrari lotuta
Eguzkiaren azken printzek argitzen dituzte soroak Lezoko Urreleku baserrian. Urria den arren, eguraldiak modua ematen du baratzean egun osoan aritzeko. Eguna bukatzearekin batera, baratzeko lanak ere amaitu ditu Nekane Tomasenak (Errenteria, 1968). Lurraren Orena proiektuaren sortzaileetako bat da; egitasmo horren bidez, Urrelekuko lurretan nekazaritza ekologikoan oinarrituta ekoitzitako produktuak saltzen dituzte. Miriam Arrietarekin (Itziar, Deba, 1983) batu da baserrian; Arrietak Itziarren dauka baserria, baina hara eta hona dabil azken egunotan, bere lurretan hazitako sagarrekin zukua egiten. Hirian jaio zen Tomasena, eta hirian bizi da, baina landa eremuan egiten du lan. Baserrian jaiotakoa da Arrieta, eta bertan ari da lanean oraindik, ahizparekin. Biek daukate lotura landa eremuarekin, eta ez dira bakarrak. Hain zuzen,Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da igandean, urriaren 15ean, eta, Eustatek emandako datuen arabera, gaur egun Gipuzkoan 42.319 emakume bizi dira eremu horretan.
Kalabaza itxurako barazki lehorrak atera ditu Tomasenak autoaren atzealdetik. “Badirudi aurten izango ditugula batzuk, behintzat”, dio. “Guri ez zaizkigu ondo lehortu”, erantzun dio Arrietak. “Luffa izena du landareak, eta lehortzen direnean, belakiak egiteko erabiltzen dira”, azaldu du geroago. Baserriko tresnak gordetzen dituzten etxe baten alboan eseri dira, baratzera begira. “Biolur elkartean ezagutu genuen elkar, baratzezainen taldean, eta arazoak ditugunean elkarri laguntzen saiatzen gara. Elkarte horren barruan hainbat talde daude, eta esango nuke baratzean aritzen direnen eta okinen taldean biltzen dela emakume gehien. Bakoitzak bere proiektua dauka, baina badaude emakume guztion artean saretuta sortu ditugun egitasmoak ere”, esan du Arrietak.
Milorri da egitasmo horietako bat. Infusioak edo saldak egiteko belarrak nola ekoitzi azaltzen diote elkarri, “esperimentatu” egiten dute, eta ekoizpena guztien artean saldu. “Proiektu horretan gauden guztiak emakume baserritarrak gara, eta loturaren bat daukagu lurrarekin, modu batera edo bestera. Batzuk ekoizleak dira, profesionalak, eta beste batzuk baserrian bizi dira, ez dute profesionalki ekoizten, baina bai beste modu batean”, azaldu du Tomasenak. Izan ere, uste du landa eremuko emakumeen kontzeptua malgutu egin dela azken urteetan: “Gaur egun, gauzak aldatzen ari dira. Ni hiriko emakume bat naiz, baina lurra lantzen dut. Eta badaude baserrietan bizi baina inoiz aitzurrik hartu ez duten emakumeak ere”. Arrietak gehitu du landa inguruneko bizitza izatea dela komunean daukaten beste puntuetako bat: “Hor dauzkagun zerbitzuak, zailtasunak eta erraztasunak berdinak dira guztiontzat”.
Landa eremua, gizonena?
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, landa eremuan bizi eta lanean ari diren emakumeen %86k baino gehiagok egiten dute lan zerbitzuen sektorean, %12k industrian, eta %1ek eraikuntzan. Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza edo arrantza lanbide gisa daukaten emakumeen ehunekoa ere txikia da: %1ekoa. Gizonen kasuan, %4ra igotzen da kopurua. Bide horretatik, landa eremua gizonezko baserritarraren irudiarekin lotu izan da beti. “Gizonek beti izan dute ikusgaitasun handiagoa baserri munduan, baina emakumeak ere hor egon dira beti, esparru guztietan: baratzeko zaintza lanetan, animaliekin zein etxe barruan. Gizonak, berriz, beti egon dira erabakiguneetan, eta hala daude oraindik ere”, dio Tomasenak. Arrieta bat dator harekin, eta erantsi du baserritarren elkarteetan zein kooperatibetan ikusi izan dela hori: “Duela gutxira arte emakumea ez da egon leku horietan; emaztea etxean geratzen zen, eta gizona joaten zen bileretara”. Gaur egun ere joera horiek askotan errepikatzen direla azaldu du Tomasenak: “Ezagutzen ditut kasuak non emakumeak baserrian lan egiten duen eta gizonak kanpoan. Bileretara, ordea, gizona joaten da”.
Era berean, baserriko makina handiak erabiltzeko orduan igartzen dute desberdintasuna. “Makinak iritsi zirenean, gizonak gidatzen zituen beti”, esan du Arrietak. “Beti izan dute joera makina handiak hartzeko, aurrean egoteko. Uste dut boteretsuago sentitzen direlako egiten dutela, eta uste dutelako zuk ez duzula ondo egingo. Oso joera kulturala da; txertatuta dago gure gizartean”, dio Tomasenak.
Horren adibidetzat pasarte ugari dauzkate biek. “Garai batean, traktorea hartzen nuen lehengusua edo makina erabiltzen zuen beste gizonik ez zegoenean. Azken aukera nintzen ni. Momentuan ez nintzen ohartzen, baina orain pentsarazi egiten dit kontu horrek”, aipatu du Arrietak. Tomasena, berriz, traktore bat erostekotan zela saltzailearekin aritu zen telefonoz hizketan, eta saltzaileak ziurtzat jo zuen emakumeak ez zekiela makinei buruzko kontu teknikorik. “Alabak eta biok hitz egin genuen saltzailearekin, eta motorrari zein zaldiei buruz galdera teknikoak egiten hasi nintzen. Saltzaileak, orduan, esan zidan ez arduratzeko, kontu horien inguruan nire gizonarekin edo aitarekin hitz egingo zuela”.
Makinei dagokienez, aldaketa handiak izan dira duela hamarkada batzuetatik nekazaritzan eta abeltzaintzan, eta bi baserritarrek uste dute ekoizpen eremu bakoitzean ezarri den ereduak zerikusia izan duela baserriaren buruaren generoarekin. “Gizona buru zen baserrietan joera handiagoa egon da inbertsio handiak egiteko eta azpiegitura handiak eraikitzeko. Emakumeak buru ziren baserrietan, ordea, esango nuke ez dela horrenbeste ezarri nekazaritza industriala, eta lurrari lotuta jarraitu dutela, mekanizazio txikiekin, eta lehengo jakintza aurrera eramaten”, azaldu du Arrietak. Eredu aldaketarekin, indibidualizaziorako joera bat ere antzeman dute biek: “Sektorean, bakoitzak bere bidea egiten du”, ondorioztatu dute. Dena den, Arrietak nabarmendu du hori ez dela beti horrela izan: “Garai batean, ez zegoen makinarik, lana etxez etxe egiten zen, eta auzokide guztiak joaten ziren etxe bakoitzeko lanak egitera. Baina momenturen batean gertatu zen banaketa hori”. Horren harira, modu kolektiboan lan egitearen garrantzia nabarmendu du hark ere, eta beste lan eredu batzuk eraikitzeko garrantziaz ere aritu da. “Haziak gordetzeko lanetarako, adibidez, beti emakumeengana jotzen da, emakumeek egiten dituztelako baratzeko eskulan txiki horiek, eta lan hori, gainera, ez zaie aitortu oraindik. Nekazaritzako industria handiek, ordea, ez dituzte haziak inoiz eman izan”.
Ereduen arteko talka
“Makroproiektuen eredua oso maskulinoa da; hori beti esaten dute etxaldeetako emakumeek”, esan du Tomasenak. “Emakumeen eredua plurala da, txikitik abiatutakoa, askoz ere logikoagoa. Eta uste dut klima larrialdiak arrazoia emango digula. Ez dago energiarik makroproiektuak egiteko, eta, beraz, uste dut denborarekin gurea izango dela eredu berria”.
Baina txikitik abiatutako ereduari aitortza falta zaiola uste du Arrietak: “Administrazioarentzat ematen du ez zarela profesionala”. Baserri mundua irudikatzen denean, ordea, uste dute hori dela saltzen den irudia: eskulan asko dagoen eta animaliak asko zaintzen diren eremu bat. “Gauza bat saltzen ari bagara, gero hori praktikara eraman behar da, baina administraziotik beste eredu bat sustatzen ari dira”, txarretsi du Arrietak. Jakina da baserriko lana ez dela erraza, eta etxalde txikietan lan egiten dutenen egoera prekarioa izaten da askotan, lan baldintza gogorrekin. “Gaur egun, inor ez da ari aberasten lehen sektorean, ez bada laguntza mordoa hartuta…”, aitortu du Arrietak. Aldiz, salatu du abeltzaintzaren sektorea “publikoki askoz gehiago lagunduta” dagoela. Dena dela, lehen sektore osoko baldintzak “gogorrak” direla azaldu du Tomasenak: “Lehen sektorean lan egitea ez da batere erakargarria: lan gehiegi delako, lan astuna delako, oso fisikoa…”.
Soldata “ez proportzionala”
Lezoko Urreleku baserriko soroei begiratu die Arrietak, eta esan du “kostatuta” bete direla eremu horretan alokatzeko baliagarri dauden bederatzi hektareak. Jasotzen duten ordainsaria azpimarratu du, besteak beste: “Jendea harritu egiten da askotan daukagun soldatarekin. Eduki behar duzun jakintza, lanean eman beharreko orduak eta egindako inbertsioak kontuan hartuta, ez da proportzionala. Lehen, baserrian geratzea beste aukerarik ez zuenak egiten zuen hautu bat zen, eta ematen du edonork egin dezakeela, baina nik esango nuke hori ez dela horrela”.
“Ekoizpen txikiaren irudia saltzen da, baina laguntzarik ez dugu jasotzen gero”, salatu du Tomasenak. Gainera, azaldu du ez dutela “eliteentzako” ekoiztu nahi: “Produktuen prezioa igotzen badugu, dirudunek soilik erosiko digute, eta herriarentzako ekoiztu nahi dugu guk, guztiok izateko janari osasuntsua jateko eskubidea eta geuk baldintza duinak edukitzeko”. Arazo hori beste faktore batzuek ere baldintzatzen dutela esan du Arrietak: “Lehen, etxe bakoitzeko aurrekontuaren %30 erabiltzen zen jateko; orain, %17ra ere ez da iristen, gaur egun etxebizitzarako edo garraiorako askoz diru gehiago erabili behar delako”.
Paisaiari begiratu diote biek. “Lanbideak badauzka alde onak ere, eta harrapatu egiten zaitu: urtaro guztietan kanpoan lan egiten duzu, lurrarekin bateratuta zaude, paisaiarekin desegiten zara…”, nabarmendu du Tomasenak. Arrietak ere alde onak ikusten dizkio hartutako bideari: denboraren antolaketa norberaren esku izatea, eta zer norentzat ekoiztu nahi dugun erabakitzea, adibidez.
Freskatzen hasi du. Bakoitza bere autoan sartu da, eta katu bat atera da zuhaixka batzuen artetik. Biek agur esan diote lurrari; bihar egunsentiarekin batera ikusiko dute berriro.