Hartzidurako karbono dioxidoa dela eta jende gehiago ez hiltzea…
Hala, Gasteizko parlamentuak Lakuari eskatu dio neurriak har ditzala hartziduraren karbono dioxidoa arnastearen ondoriozko heriotzak ez gertatzeko. Zehazki, Euskadipreben Estrategian eskatu dituzte aldaketak, Osalanekin lankidetzan, baita alderdi politikoen eta sindikatuen partaidetzarekin ere.
Testua onartuta, upategiei prebentzioan laguntza teknikoa emateko aholkuak eta irizpideak ematea nahi dute aurrerantzean. Hala, neurri horiek aplikatu nahi dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardotegi, garagardotegi eta upategietan.
Arrisku sumagaitza
Kontu handia izan behar da edari alkoholikoak hartziduraz egiten diren plantetan karbono dioxidoarekin, ekoizpen prozesu hain automatizatuak ez dituzten lekuetan bereziki. Izan ere, karbono dioxidoa atzematea oso zaila da, eta ez du usainik; beraz, ohartzerako beranduegi izan daiteke.
Halako lekuetan ohikoa da gas neurgailuekin sartzea, baina bada beste metodorik, kandela batekin sartzea esaterako; oxigeno gutxi dagoenean, itzali egingo da: lekua utzi behar den seinale. Hala ere, hori ez da nahikoa, posible delako kandela bat piztuta izateko aski oxigeno egotea, baina ez arnasa normal hartzeko. Osalanen gomendioak dira upeletan bakarrik ez sartzea, eta, ahal bada, lotuta eta arnasa errazteko gailuekin joatea.