Arabarrek beste urrats bat egin dute mailari eusteko bidean
Espainiako Ligako denboraldiaren herena besterik ez da jokatu, baina Alaves pausoz pauso ari da egiten bidea sasoiko helburu nagusia betetzeko: beste urtebetez Lehen Mailan jokatzea. Gaur gauean Mendizorrotzan Granadari irabazita egin du azken urratsa. Konfiantza handia ematen duten garaipen horietako bat izan da. Batetik, alde handiz irabazi du: 3-0. Bestetik, joko ona eginez eta hasi eta buka nagusi izanez gailendu da. Denboraldiko partidarik onena jokatu dute Luis Garcia Plazak entrenatutako jokalariek. Etxeko zaleek gozatu ederra hartu dute. Gaur irabazita, arabarrek alde polita dute jaitsiera postuekiko. Hamalaugarren jardunaldiko beste emaitzen zain, zortzi punturen aldea dute hemezortzigarren sailkatuarekiko. Hamabost puntu dituzte. Mendizorrotzan batu dituzte ia guztiak: hamahiru. Talde igo berriek sendo aritu behar dute etxean mailari eutsi nahi badiote. Bada, helburua betetzen ari da Alaves. Maila nagusian eusteko, aurkari zuzenei irabazi behar zaie ere bai. Granada aurkari zuzena da: Alavesekin batera igo zen Lehen Mailara. Gaur, ordea, ez da aurkari izan. Etxeko taldeak ez dio aukerarik eman. 40. minutua bete orduko, arabarrek garaipena bideratuta zuten: bi golen aldea zuten. Raul Torrentek sartu du aurreneko gola, bere atean, hasi eta gutxira: 11. minutuan. Samu Omorodionek egindako jaurtiketa ukitu du. 38. minutuan, ordea, inork ez du ukitu Abde Rebbachek egindako jaurtiketa neurtua. Zuzenean joan da ate barrura. Etenak ez du ezer eten, eta Alavesek nagusi izaten jarraitu du. Hirugarren gola sartuta indartu du nagusitasun hori. Samuk egin du, buruz, 55. minutuan. Hortxe amaitu da lehia. Mirto Uzunik aldea murriztu du 86. minutuan, baina ez da gol gehiago egon. Azkenean, etxean geratuko dira puntuak. Festa izan da zelaian eta harmailetan. Helburua pixka bat gertuago dago.