Maitatzen ikastea eta desikastea
Hileta bat toki egokia izan liteke atzera begiratu eta gogoeta egiteko. Eta hildakoa maitale izandakoa bada, baita maitasunari buruz pentsatzeko ere. Abagune horretan girotu du Karmele Jaiok bere azken nobelako protagonista. Nola maitatu nuen? Nola maitatu ninduen? Zein maitatzeko modu irakatsi zidaten? Erantzunak eman baino gehiago, ildo bereko galderak plazaratuko dizkio Maitasun kapitala eleberriak irakurleari ere. Emakumezko protagonistaren bizipenei jarraituz, maitasunari buruzko gogoetak harilkatu baititu idazleak liburuan, «hitz potolo horren azpian zer ezkutatzen den» jakin nahian. Elkar argitaletxearekin plazaratu du lana. Artelanetan, musikan, literaturan eta beste diziplina askotan «maitasunaren gaia etengabe» jorratu izanak adierazten du gizartean zer-nolako garrantzia duen, Jaioren ustez. Halere, iruditzen zaio ez dela erraza zehazki zer den esatea. «Maitasuna deitzen diogu, adibidez, sexu erakarpenari edo desioari; maitasuna deitu ahal diogu bakarrik egoteko beldurrari ere; maitasuna hitzaren azpian askotan ezkutatzen da norberaren autoestimurako bitamina baten beharra, nolabait maitasun batean ispilu bat bilatzea zu ederrago ikusteko… Nik esango nuke nobela gonbidapen bat ere badela, irakurleak bere buruari zera galdetzeko: ‘Zure maitasunean, zuk maitatzeko duzun modu horretan, zer ezkutatzen da? Edo zer dago zure maitasun horren azpian?’». Olga da kontakizuneko protagonista, eta Martinen hiletan dagoela abiatzen da nobela. Maitale izan zuen Martin, eta, urtebete atzera, gizonak eten egin zuen bien arteko harremana. Aldi berean, unibertsitatean Literatura irakaslea izanik, Olga tesi bat zuzentzen ari da, eta, hartan, aztertzen da emakumeei nola irakatsi zaien maitasuna beren bizitzaren erdigunean jartzen. «Horrek ere lagunduko dio argi gehiagorekin ikusten Martinekin izan zuen harremana nolakoa izan zen». «Esango nuke nobela gonbidapen bat ere badela, irakurleak bere buruari zera galdetzeko: zure maitasunean, zuk maitatzeko duzun modu horretan, zer ezkutatzen da? Zer dago zure maitasun horren azpian?». KARMELE JAIO Idazlea Hain zuzen, eszena horretan, maitatzeko era baten amaieran eta beste era baten hasieran kokatu du protagonista idazleak. Bestela esanda, pauso bat atzera egin, pentsatu, eta maitatzeko modu berri baten bila abiatuko da. Pixkanaka, Martin nolakoa izan zen eta Olga nola maite izan zuen ere jakingo du irakurleak, baita trama nagusiarekin batera garatuko diren beste pertsonaia eta istorio batzuk deskubritu ere. Jaiok aurreratu duenez, protagonistaren eta beste bi emakumeren arteko harremanak pisu handia hartzen du nobela osoan; izan ere, «bikotearen maitasunak duen zentralitatea pixka bat deszentralizatu», eta maitasuna zentzu zabalago batean hartu nahi izan du, eta adiskidetasunari ere garrantzia eman. Zailtasunak eta lagunak Liburua maitasunari buruzkoa dela zehaztu du idazleak, baina bereziki emakumeen maitasunean zentratzen dela. Izan ere, «hor, kasu askotan, badago gainditu gabeko azterketa bat», haren ustez. «Emakumeok espazio askotan aurrerapauso handiak eman ditugu, eremu publikoan, aktibismoan, rol eta estereotipoen kontra egin dugu, botere harremanen aurrean matxinatu gara, baina nik uste dut hor badagoela alde ilun bat, Pandoraren kutxa moduko bat, ez duguna askotan ireki nahi, eta maitasunarekin eduki dezakegun kontraesana da». Botere harremanekin lotu du hori, besteak beste. «Bizitzan botere harreman asko daude, ezberdinak, baina maitasunarenak badauka berezitasun bat: maitasunean, suposatzen da dominatzaileak eta dominatuak elkar maite dutela; horrek asko zailtzen du horri aurre egiteko aukera». Baina protagonistak izango du heldulekurik. Batetik, zuzentzen ari den tesiari lotuta, maitasunari buruzko teoria feministek lagunduko diote sentitzen dituen gauza askori izena jartzen. Jaio: «Lagunduko dio konturatzeak, batetik, bere maitasuna ez dela berea bakarrik, sozialki eraikitako zerbait dela; maitatzeko modu bat erakutsi diotela, ez berari bakarrik. Asko interesatzen zait intimoaren eta sozialaren arteko intersekzio hori; maitasunak zerikusia du bizi garen gizarte honekin, politikarekin, ekonomiarekin… denarekin dauka harremana». Horregatik eraman du idazleak kapitala hitza liburuaren izenburura: garrantzitsua denari erreferentzia egiten diolako, batetik; eta egungo gizartean «merkatuaren legeak agintzen» duelako, bestetik. Horri lotuta, gogoeta eta galdera gehiago dakartza liburuak. «Tinderren garai honetan, maitasuna konpartitzen baino gehiago, kontsumitzen ari gara? Gailuekin gertatzen den bezala, zaharkitze programatua pertsonekin ere gertatzen ari da? Gero eta indibidualistagoa den gizarte batean, gure maitasunak ez al dira gero eta berekoiagoak, gero eta nartzisistagoak? Galdera horiek ere egiten ditu nobelak». «Iruditzen zait fikzioak ere laguntzen digula normaltasunak estaltzen dituen gauza asko ikusten edo azaleratzen». Karmele Jaio Idazlea Sexuak eta desioak ere badute pisurik narrazioan, eta horren arrazoiak ere aipatu ditu idazleak. «Batetik, oso eremu intimoan gertatzen den zerbait delako, eta beste gauza asko gertatzen direlako; askotan, emakume baten gorputza gudu zelai bihurtu daiteke». Eta bestetik, azaldu duenez, emakumea maiz irudikatu izan da desio objektu gisa, eta, beraz, emakumeen desioa agertu nahi izan du. Jaioren ustez, literaturak balio dezake norberak barneratuta dituen eta modu inkontzientean agertzen dituen zenbait jarrera argiago ikusteko. «Hemen ere, protagonistak badu kontraesan bat teoriaren eta praktikaren artean, eta uste dut fikzioaren bitartez batzuetan egoera batzuk hobeto errekonozitzen ditugula teoria liburu bat irakurrita baino. Iruditzen zait fikzioak ere laguntzen digula normaltasunak estaltzen dituen gauza asko ikusten edo azaleratzen».