ATERKI PUBLIKOTIK ALDENTZEN
Hastapenetara itzuliko litzateke erakundea hala. Izan ere, zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa jarri zen martxan zerbitzua 2010ean, Confebasken eta UGT eta CCOO sindikatuen oniritziarekin. Patxi Lopez lehendakari zela jaso zuen Eusko Jaurlaritzak enplegu politika aktiboen eskumena, EAJk Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestu ondotik, eta haren bitartez sortu zen Lanbide erakunde gisa.
Erabaki hark hasieratik sortu zuen desadostasuna, ordea, eta handik urtebetera Lanbideren izaera aldatzea onartu zuen Eusko Legebiltzarraren gehiengoak, PPren ekimenez. Nolanahi ere, eztabaida hura ez zen guztiz amaitu, hamabi urteren ondoren, orduko hartan mahaiaren gainean jarri ziren argudioak alderdien ahotan segitzen baitute oraindik.
Sozialisten hitzetan antzeman daiteke hori. Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua bere garaian Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Politikako sailburuak erabilitako argudio berberekin aritu baita Lanbideren eraldaketa justifikatzen. Mendiaren hitzetan, figura berriari esker, «arinagoa eta malguagoa» izango da Lanbide enplegu zerbitzuak ematen, eta dinamismo eta espezializazio profesional handiagoa izango du. Iritzi dio modu horrek barne kudeaketa antolatuagoa izaten lagunduko duela, baita dagokion eginkizunak hobeto betetzen.
Alderdien zalantzak
Zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren figura ezaguna da administrazioari lotutako beste erakunde batzuetan: besteak beste, EITBk, Osakidetzak eta Energiaren Euskal Erakundeak dute izaera juridiko bera. Figura horrek ez die kontrol publiko eta parlamentarioari izkin egitea eragozten erakundeei, baina askatasun handiagoa ematen die aurrekontuak zehaztu eta langileak kontratatzeko orduan. Hala nabarmendu zuten alderdiek 2011n, Lanbide erakunde autonomiaduna izatea onetsi zutenean.
Horien artean zen orduan oposizioan zegoen EAJ. Ordea, aldaketaren alde azaldu dira jeltzaleak orain. Jon Aiartza legebiltzarkideak arrazoitu du garaiak aldatu egin direla, eta testuinguruak berak ekarri duela izaera aldatzeko beharra: «Lanbidek merkatuaren beharretara egokitzeko gaitasun handiagoa eskatzen du, euskal gizarteari bere zerbitzua emateko. Funtsezkoa da erantzun arin eta malguak emateko gaitasuna izatea».
Aiartzak gogorarazi du aldaketa hori zertan oinarritzen den: Lanbide Hobetzen planean, 2030erako enpleguaren euskal estrategian, eta aurreko legealdian Lanbide modu integralean modernizatzeko eta eraberritzeko egindako lanetan. «Horiek guztiek Lanbideren izaera juridikoa aldatzearen alde egiten dute», azpimarratu du. Eta berretsi du Lanbideren publikotasuna eta kontrola bermatuta daudela, besteak beste legean bertan ere jasota daudelako baldintza horiek, hala zioen azalpenetan, nola zenbait artikulutan.
EH Bilduren iritziz, ordea, aldaketa «atzerapauso bat» da, eta ez dago behar bezala justifikatuta. «Ez dugu ulertzen zergatik garai hartan izaera juridikorik hoberena zenak orain ez duen balio», gaitzetsi du Pazis Garcia legebiltzarkideak. Eta ohartarazi du ez dagoela enplegu erakundearen izaera aldaketa babesten duen txostenik.
«Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arabera, zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtzeak ez du hobetuko giza baliabideen kudeaketa, Jaurlaritzak argudiatu bezala; are gehiago, konplikatu egin dakioke, bi araubide juridikotako langileak izango baititu», adierazi du Garciak.
Halaber, nabarmendu du Ekonomia eta Ogasun Saila ere izaera aldatzearen aurka dagoela, Kontrol Ekonomiko Bulegoak ez baitu «behar bezala oinarritutako arrazoirik» ikusten horretarako. «Duela urtebete onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Enplegu Publikoaren Legea. Orduan esan ziguten XXI. mendeko legea zela hura, baina orain lege horretatik aldendu nahi dute, behar den eraginkortasunarekin lan egitea oztopatzen duelako. Harrigarria da, eta nahiko inkoherentea», salatu du Garciak.
Elkarrekin Podemos-IU ere ez dago konforme Lanbide izaera pribatuko erakunde publiko bihurtzearekin. Jon Hernandez legebiltzarkideak adierazi du ulertzen duela Jaurlaritzak egiten duen diagnostikoa, baina ez dator bat hari aurre egiteko moduarekin: «Lanbideri ez zaizkio behar adina baliabide eman, eta horrek arazoak sortu ditu. Eta uste dugu irtenbide hau adabaki bat baino ez dela: gauzak lehenago egin behar ziren».
Hernandezek azpimarratu du izaera aldatu baino lehen badagoela «Lanbide hobetzeko marjina». Are, legea «bide onean» doala nabarmendu du, baina iritzi dio erakunde autonomo gisa ere ezarritako helburuak lortzeko modua badagoela. «Enplegu zerbitzu publiko duin eta indartsu bat izatea da helburua, bere eginkizunak betetzeko gai dena». Hala ere, negoziatzeko tarte txikiegia izan dutela salatu du Hernandezek, Jaurlaritzak legea onartzeko «presa» duelako.
Sindikatuak ere kontra
LAB eta ELA sindikatuek ere gogor kritikatu dituzte Jaurlaritzaren asmoak. Haien iritziz, izaera aldatzeak alde batera utziko lituzke funtzio publikoko «ia kontrol eta berme guztiak», langileen kontratazioari dagokionez. Eta gardentasun eta kontrolik ezak enplegu programei eta prestakuntzaren azpikontratazioari eragingo diela, «pribatizazioari atea are gehiago irekiz». Bada, Lanbide arautzen duen testu zatia legetik kentzeko eskatu dute, eta izaera ez aldatzeko.